EU | ES | CA | EN

AGUR 2015, ESKERRIK ASKO DENOI!!

Agur 2015, eskerrik asko denoi!!

Joan da urtea, Berri Txarrak-en ibilbidean berezia izan dena zinez. 2014 sormen lanerako baliatu genuen gehienbat, ‘Denbora da poligrafo bakarra’ lan hirukoitza autoekoitzi, ondu eta grabatzen. Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson, hirutasun santua. 20. urteurrena sorkuntzari eskaini ostean, argi geneukan 2015 hau kantuak zuekin partekatzen eman nahi genuela, eta halaxe izan da: zuzeneko urtea.

365 egun hauen errepasoa egiten hasita, zer ez ote dugun egin:

Donostiako 4 kontzertuekin abiatu zen bira, nekez ahaztuko dugun erantzuna disko berriari ongietorria emateko. Hortik aurrera? Sarrerak agortuta Euskal Herriko kontzertu guzti-guztietan, orobat Madril (Joy Eslava), Bartzelona ( Sala Apolo) eta Valentzia (La Rambleta) bezalako hirietan. Radio 3​ eta Naiz​ Kontzertuak ere grabatu genituen. Europako bira iritsiko zen udaberriarekin batera: hortxe Berlingo kontzertu gogoangarria, Clash Berlin​ aretoa lepo, hortxe Parisen aurten emandako 4 kontzertuak, Fresneseko espetxekoa tarteko. Ameriketan ere aurkeztu dugu ‘DDPB’ lana, Mexikon (Comeback Kid​ kanadiarren alboan) eta baita Estatu Batuetako SXSW​ sonatuan ere. Udako jaialdiak etorri ziren eguzkiarekin batera, RESURRECTION FEST​-en eszenatoki nagusia dastatu ahal izan genuen (Motörhead edo Korn​-en toki berean), EHZ Festibala​-ren xarma eta ereduaren parte izan, Sonorama Ribera​ bezalako jaialdietan tartea dugula berretsi, Frantziako FESTIVAL EPIPAPU​-rekin Hellfest Open Air Festival​ edo Xtreme FEST​-en irekitako ildoari jarraitu… eta zer esan Donostiako Aste Nagusikoaz. ‘Lemak, aingurak’-en zuzeneko bideoklipak (https://youtu.be/AK-u3lj0G4s) betikotuko du momentu zirraragarri hura, munduko zalerik leialenak ditugula zalantzan jartzera ausartzen dena isilarazteko. Euri-jasak ere ez zintuzteten kikildu, emanaldi itzela zuena, ez dadila haria eten!

Udazkenak Refused​ eta Rise Against​-en kontzertu ahaztezinak ekarri zituen: Euskal Herriko Bilbao Exhibition Centre (BEC)​, Madrilgo Barclaycard Center​-Palacio de los Deportes eta gure areto kuttunetako bat: Bartzelonako Apolo, aurten bigarrenez. Historiarako Tim McIlrath-en kolaborazioak ‘Denak ez du balio’ abestuaz. Bidenabar, kantuari ikus-entzunezko taxuzko bat egiteko lyric video eder bat ere prestatu genuen gure youtube kanalerako (https://youtu.be/AK-u3lj0G4s). Leitzako Torrean eta beranduxeago eraitsi zuten Kortxoenea gaztetxea​n gerrilla saio sekretuak egin genituen. Urtea biribiltzeko, gure habitat naturala den errepidera itzuli ginen: 10 gau, 10 kontzertu jarraian, Katalunia eta Frantzia inguruan, aspaldiko partez Xiberun agurtzeko #DDPBtour hau.

Oraindik ez daukagu oso argi sarien zeregina musikaren munduan, baina aitortzatik zerbait duten aldetik, nabarmentzekoa da ‘Denbora da poligrafo bakarra’ lanarekin jasotako uzta: Estatuko Zuzenekorik Onenari saria Premios Fest​-en (Vetusta Morla eta La Pegatina ziren beste bi izendatuak), Euskarazko Diskorik Onena Premios de la Música Independiente​ sariketan, eta baita Bideoklip Onenari Saria Caostica​ zine jaialdian, Joseba Elorzak ‘Zerbait asmatuko dugu’ kantarekin egidako bideoarengatik.

‘DDPB’ ez da baina aurtengo ekoizpen bakarra izan. ‘Jaio.Musika.Hil’ mugarri bilakatu den diskoak 10 urte betetzen zituela eta, biniloan eman ditugu kantuok estrainekoz. Edizio txukun honekin arantzatxoa kendu dugu eta behar bezala entzun dezazuen aukera jarri dugu mahai gainean.

Horretaz gain, berria​rekin batera banatu den ‘Iragana Aurretik’ dokumental xumea eskuragarri jarri dugu, ‘Badok’ euskal musikaren atariari (Badok Ataria​) sostengua eman eta ‘DDPB’ lanaren erraiak zein 20 urteen lagin xalo bat erakusteko asmoz.

Gure garagardo propioa ekoizteko beta ere izan dugu aurten, salmenten etekinen zati handi bat Hardcore Hits Cancer elkarteari eman asmoz. Osasuna!!

Horrexegatik eskerrak eman beharrean gaude. Hasteko gure zuzeneko lantalde itzelari: Estatuko zein EH-ko komunikazio arduradun, argi zein soinu teknikari, backliner, txofer, mertx arduradun, diseinatzaile, manager, tour manager, laguntzaile, hedabide… zuek gabe hau ezinezkoa litzateke eta beti egongo gara zorretan. Horrez gain, gutaz oroitu diren antolatzaile, elkarte eta jaialdiak eskertu nahi ditugu, zuenean jotzeko aukera emateagatik. Kontzertuotan irudi ederrak atera dituzuen rock argazkilariei orobat.

Eta ororen gainetik, nola ez, kontzertuetara hurbildu zareten zale guztioi, kantuok beste maila emozional batean jartzeagatik, zirkuloa itxi eta honi guztiari zentzua ematearren. Zale zahar zein berriei, eskerrik asko eta estutu bat. Zuek ere Berri Txarrak zaretelako, ez dadila haria eten!!

JAIO.BTX.HIL

© 1994-2018 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net