Azalpenak

Aurki zer den

Aurki direktorio bat da, link edo lotura euskaldunen bilduma konpleto bat, bilatzaile hierarkiko bat, gutxi gora-behera, Dmoz bilatzailearen baliabide teknikoak erabiliz eraikia. Gaztelaniaz Olé edo ingelesez Yahoo izan daitezkeenaren kidekoa.

Guneei buruzko azalpenak euskaraz daude direktorio honetan. Markatutako web orri gehienak euskaraz daude, euskara hutsez, edo elebidun edo eleanitzak izanik, tartean euskara ere badela. Euskaldunentzat interes berezia duten erdarazko euskal web batzuk ere ageri dira direktorioan, baina saiatzen gara gutxi izan daitezen. Bakarrik esanguratsuak iruditzen zaizkigun web erdaldunak jarri ditugu, eta saiatu gara horietan (erd.) izeneko marka ezartzen. Horrek (erd.) esan nahi du orria erdaraz dagoela, baina ez euskaraz. Ez bakarrik gaztelaniaz: gogoratu frantsesa eta ingelesa ere erdara direla.

Direktorioak baditu, bestalde ingelesezko, frantsesezko eta espainolezko atal batzuk Euskal Herriari dagozkionak. Hizkuntza horietan idatzitako web orriek atal horietan dute toki naturala. Zuk zeuk edozein eduki gehitu nahi baduzu, aurki ezazu egokia den atala, eta Lotura bat gehitu dioen tokian klikatu eta, egin zure proposamena..

Gune eleanitzek tokia dute ODPko kategoria desberdinetan, hizkuntza bakoitzaren arabera. Hala ere, normala izaten da euskarazko bertsioa ere baduten guneen kasuan, sarrera orria erdaraz izatea, eta beste klik bat egin behar izatea euskarazko menura joateko. Gu saiatzen gara hori konpontzen, zuzenean euskarazko orri nagusirako lotura eskaintzen. Esate baterako, bilatzaile arruntek Irungo Udalarentzat helbide hau emango dizuete: <http://www.irun.org>. Bilatzaile hau erabilita, ordea, <http://www.irun.org/bin/einicio.asp> euskarazko orri nagusira eramango zaitugu.

Beste erraztasun bat ere eskaintzen dio erabiltzaile euskaldunari Aurki-k. Deklinabidea kontuan hartzen du hemen inplementatu dugun konponbide teknikoak. 'Bizkaia' bilatzen baduzu, 'Bizkaiko mendiak' aipatzen dituen gunea ere aurkituko duzu. 'Hondartzak' bilatu, eta 'Hondartzetako egoera' ere aurkituko duzu.


Nazioarteko proiektu eleanitza

Euskarazko bilatzaile-direktorio bat da hau, baina nazioarteko edukiak edo beste hizkuntza batekoak aurkitzeko ere oso aukera ona da Aurki. ODP osoa dago integratuta tresna honetan, ez bakarrik euskarazko atala. Horregatik, bilatzailearen edozein puntutan Beste hizkuntzetan bilatzeko aukera ematen badiozu, halaxe bilatuko dizu makinak. Direktorioan zehar beste hizkuntzetan nabigatzeko aukera ere izango duzu, finlandieraz adibidez: /World/Suomi/ edo Java lengoaiari buruzko atalean: Computers/Programming/Languages/Java/, edo zuk nahiago duzun informazio multzoan...

Era berean, hemen mundu guztiko lotura horien berri aurkituko duzun bezala, beste gune askotan ere agertzen dira, berdin-berdin, euskarazko edukiak. Aurki-ko edukiak mundu guztiko hainbat zerbitzutan aurkitzen ahal dira, hala nola Euroseek edo Google bezalako proiektu garrantzitsuetan, edo izaera xelebreagoa izan dezaketen beste batzuetan...

Aurki-ko edukiak Google-n agertzea bereziki garrantzitsua da. Direktorioaren agerpenaz gain, Aurki agertzen den guneko edukiak goitik-behera arakatzen ditu Googlek, eta, hortaz, euskarazko edukiak Interneten ikustarazteko modurik errazena da Aurki-n gehitzea, horren bidez lortzen duzulako, besteak beste, posizio on bat une honetan munduko onena den bilatzaile horretan, Google-n.


 

Norena da Aurki?
Eibar.ORG delako taldeak bultzatzen omen du gune hau, ezta?

Eibarko internauten elkartearen gunea <http://www.eibar.org> egitea erabaki genuenean, bilatzaile euskaldun bat bertan jartzea ideia ona litzatekeela pentsatu genuen. Euskara hutsezko bilatzailerik ez zuen inork egin hori baino lehen, eta, nola egin zitekeen aztertu ondoren, hartu eta egin egin genuen... Eibar.ORG-en gainean (Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkartea) hemen duzu informazio gehiago. Ekimen honek, bestalde, Eibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak jaso ditu. Nolanahi ere, oinarri teknikoa eta azpiegitura nazioarteko bilatzaile batena da, Open Directory Project edo Dmoz.org delakoarena.

Zer da Dmoz edo ODP delako saltsa hori?

ODP Open Directory Project delakoa da. Dmoz proiektuaren goitizena da, edo ODP-aren alderdi ez komertziala. ODP barruan World izeneko atal bat zegoen, eta han hizkuntza desberdinetan atalak sortzeko aukera zegoen. World/Euskara sortzeko bidea ikusi genuen, eta aurrera, ekin genion. Proiektu horren ispilua da Aurki..

Detaile gehiago ODP-ren inguruan, mesedez...

ODP da bilatzaile edo direktorio bat jendearen ahaleginaren bidez eraikitzen doana. Edozeinek aurkez dezake bere burua kategoria jakin bat kudeatzeko eta editore bihurtzeko. Hortik aurrera, azpi-kategoriak sor ditzakezu, helbideak gehitu, beste kategoria batzuk editatzen hasi... Staff edo super-editore profesional batzuk badaude, konpainiakoak, baina gehienak, milaka lagun, boluntarioak dira. Hala ere, hau ez da proiektu altruista bat. Jabea Netscape konpainia da, eta haren bilaketa zerbitzurako erabiltzen du ODP. Hala ere, ez du batere kalterik egiten euskarazko atal bat bilatzaile honetan kokatzeak. Alderantziz, Netscaperen bilaketetan euskarazko emaitzak irteteak abantailak besterik ez dakartza: besteak beste, Google bilatzailean ere eduki guztiak agertu eta katalogatuko direlako segurtasuna, Google-k ere, Aurki-k, bezala edukiak doan hartzen baititu ODP-tik. Bestalde, euskarazko atala editatzeko euskal editoreok dauzkagun askatasun eta abantailak ere handiak dira. Gure esku dago, benetan, hau osatzen joatea, eta Netscapek edo beste inork ez du muturrik sartuko. Netscapek, bestetik, erabiltzaileen komunitatearentzat eduki hauek libre gordetzeko konpromezua hartu du gizarte-kontratu baten bidez: http://dmoz.org/socialcontract.html.



Sareko direktorio handiena sortzen parte har ezazu
Open Directory Project
zOpen Directory software programarekin egina. Ingenieritza eta diseinua: CodeSyntax.
Eibar.ORG elkarteak
Eibarko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren
laguntzaz.