Faroa
Joxe Aranzabalen bloga
Miguel Delibes
Berau da, Miguel Delibes, gaztelaniaz gehien irakurri dudan idazlea. Hil egin da, baina bere lanak hemen segituko du, edonoiz eta edonon irakurtzeko moduan. Horregatik, ez dut hainbesteko pena hartu. Haren prosak liluratu nau beti, zein ondo, zein sinple eta zein argi idatzi duen. Bere begiekin ikusi dut Gaztela, eta bere iritzien bidez ikasi dut izadiaren gainean. Gizon aparta iruditu zait, zentzuz betea literaturaz kanpo ere hitz egiten zuenean. Neure-neurea dut Miguel Delibes, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia edo Stefan Zweig ditudan bezainbeste. 2010/03/13 - 15:06:08
Zenbateraino aldatu zaitu Internetek?
Edge aldizkariak galdera egin die munduko zientzialari, pentsalari, kazetari eta teknologo zenbaiti, denak goi mailakoak, Internet zelan ari den aldatzen euren pentsatzeko modua, eta jaso ditu erantzun interesgarri askoak. Erantzun dute Internetek egin dituela zuhurragoak, azalekoagoak, azkarragoak, ez hain sakonak, aztoratuagoak, ez hain sortzaileak, ukiberagoak, ez hain ikusgarriak, altruistagoak, ez hain harroak. Esan dute Internetek izugarri hedatu duela gure memoria, baina aldi berean egin gaituela orainaldiaren gatibu. Alderatzen dute web globala ekosistema batekin, garun kolektibo batekin, memoria unibertsalarekin, kontzientzia globalarekin, geografia eta historiaren mapa erabateko batekin. Gauza bat da segurua: zaleak izan edo kritikoak izan, denek erabiltzen dute Internet eta denek aitortzen dute sareak inor ez duela uzten hotzepel. Inor ezin da bizi Wikipedia edo Google ez baleude bezala, eta denek bizi dute bat-bateko komunikazio eta jakintza globalaren lilura. Interesgarria iruditu zait artikulua, patxadaz irakurtzekoa. 2010/03/10 - 10:02:02
Jai flamenkoa Begoņarentzat
Larunbata egun berezia izan zen gurean, ospatu egin genuen-eta Begoņa arrebak erretiroa hartu izana. Hori zela-eta, festa flamenkoa antolatu genuen Esteņibar baserrian, Elorrion, bagenekien-eta Begoņari beti gustatu izan zaiola dantza mota hori. Norbaitek ikusi nahi baditu argazkiak, Flickr-en daude, Begoņaren erretiroa izeneko sortan. Egindako dantzaren bideoa ere bertan ikus daiteke, Dantza Begoņaren omenez bideoan. Egun gogoangarria benetan. 2010/03/08 - 10:36:03
Konponbit
2010/03/06 - 17:06:04
Putiferio
Gaztetan sarri erabiltzen nuen hitz hori, putiferio, adierazteko egoera ustela edo txarra. Aspaldi, ordea, ez dut berau ahotan hartu. Horregatik, gaur, irakurri dudanean Crķnica de 10 aņos de putiferio y desparrame, nire begiak giltzatu egin dira Jose A. Perezen artikuluan. EITBez ari da. 2010/03/05 - 11:27:04
Wi-fi barik etxean
Joan den larunbatean haizeteak argi barik utzi gintuen etxean ordubetez-edo. Argia itzuli zen, baina ez wi-fia, itzalaldiaren ondorioz, berorren kablea erre egin zen-eta. Arraro egiten zait sarbiderik ez izatea Internetera, niretzat eguneroko ogia bihurtu da-eta sarea, hortxe baitaukat informazio eta dokumentu pila, egutegi elektronikoa, etab. Ea gaur kable berria erosi eta konpontzen dugun sarbidea. 2010/03/01 - 12:34:03
Argazkizale baten lezioa
Joan den asteazkenean Joxe Felix Diaz de Tuesta izan genuen Eskoriatzan, Flickr esplikatzen gure ikasleei, Komunikazioko 1. mailakoei. Joxefek azaldu zigun berak zelan lantzen dituen argazkiak Flickr-era igo aurretik eta zelan darabilen Flickr besteengandik ikasteko. Bukaeran esan zigun bost urtean ia milioi laurden bisita izan dituela bere Flickr kontuan. Horrelako audientziarik bizitza osoan ez luke lortuko argazkiak kanal konbentzionaletan erakutsiz gero, aretoetan-eta. Asti apur bat hartzerik baldin baduzue, sartu Joseferen kontuan, Flickr-en, eta saltseatu apur bat. Ikusiko duzue zelako argazki ederrak ditun. Ikusgarriak. 2010/02/26 - 13:28:03
Aholkuak zure liburua promozionatzeko
Atzean Promozio Departamendurik ez duten idazleek ondo hartuko dituzte zenbait aholku, beren liburuak promozionatzeko, horretarako sare sozialak erabilita. Hona hemen bost aholku, Jesse Stanchack kazetariak doan emanak: - Egin konexioak behar baino lehen. Alperrik da Twitter kontu bat irekitzea zure liburua plazaratzeko bezperan. Denbora beharko duzu audientzia bat sortzeko. Idazle gaztea baldin bazara, zuk izango duzu irabazteko gehien sare sozialak erabilita. - Sartu elkarrizketan, nahiz eta ez izan zuri buruz. Beti zutaz hitz egiten baduzu, nekez eraikiko dituzu konexio iraunkorrak. Beraz, hitz egin honetaz eta hartaz, zure inguruan mintzagai diren kontuez. - Erabili sare sozialak zure lana elikatzeko. Twitter ez da soilik erreminta bat zure lanaren promoziorako; erabil ezazu ideiak garatzeko, zuretzat lagungarri izango diren ideiak. - Erabili sarea burrundara sortzeko. Ezaguna baldin bazara sare sozialetan, errazago lortuko duzu elkarrizketatua izatea irratian edo telebistan. Erabili Twitter, Facebook eta Youtube zure marka sortzeko. Horrek lagundu egingo dizu. - Eutsi sare sozialei. Idazle askori zaila egiten zaie hasieran sare sozialak erabiltzea beren lana promozionatzeko, eta zenbaitek amore ematen dute oso goiz. Ez etsi, eutsi, gorago esan dugun moduan, denbora behar izaten da-eta audientzia leiala sortzeko. 2010/02/24 - 08:08:04
kd lang
Vancouverko Olinpiar Jokoen irekitze ekitaldian ikusi nuen lehen aldiz, aurrez ez bainuen ezagutzen. Zuriz jantzita zegoen, eta Hallelujah hasi zen kantatzen, Leonard Cohenen abestia. Sekulako zirrara eragin zidan, abestiaren bertsio zoragarria iruditu zitzaidan-eta. Wikipedian begiratuta, jakin dut kd lang kanadarra dela, Albertako herri txiki batekoa. Roy Orbisonekin hasi zela kantatzen, koru lanetan, eta harekin egindako abesti batek eman ziola sona munduan: Crying. Gay eta barazkijalea dela, militantea, eta sari mordoa irabazi dituela bere ibilbidean. Vancouverko bideoa erakutsi nahi nizuen, baina Neguko Olinpiar Jokoak amaitu arte ez omen dute sareratuko. Horren faltan, goiko hau hautatu dut, 2006an grabatutakoa, Leonard Cohen Kanadako Musikagileen Ohorezko Aretoan sartu zutenean. 2010/02/18 - 09:54:02
Heldugabea vs heldua
Irakurtzen ari nintzela J.D. Salinger idazle hil berriaren Zekale artean harrapaka, ustekabean esaldi hau aurkitu nuen, eta bueltaka dabilkit oraindik ere: - Gizon heldugabearen ezaugarria kausa baten alde nobleki hil nahi izatea da; gizon helduarena, aldiz, kausa baten alde umilki bizi nahi izatea. (235. or.) 2010/02/17 - 10:11:01
