Zinema
No estoy hecho para ser amado
Zuzendaria : Stéphané Brizé Aktoreak :Patrick Chesnais, Anne Consigny Puntuazioa : ***-- Stéphane Brizék No estoy hecho para ser amado n kontatzen digun istorioa komedia dramatikoa edo sentimenduzko komedia da. Protagonista nagusiak 50 urte pasatxo ditu, egiten duen lana ez da oso atsegina, eta bere semerekin eta bere aitarekin dituen harremanak ez dira onegiak; bere bizitza nahiko grisa eta tristea da. Tango dantza ikasketek monotoniatik ihes egiteko balio diote, eta horietan, emakume gazte batekin sortzen diren harremanen bitartez bere bizitza aldatzeko aukera izango du. Filma txikia, goxoa eta hunkigarria da.Bertan kontatzen zaigun istorioa nahiko xumea bada, pertsonaien deskribapenean eta eszenaz eszena bikotearen artean gertatzen den maitemintze prozesuaren deskribapenean datza filmaren erakargarritasuna. Tangoa ez da zuzendariak erabiltzen duen osagai apaingarri bat, dantza eta musika mota horrek duen sentsualitatearen bitartez ondo susmastzen eta ulertzen dugu sortzen den amodio istorioa. Bikoteak hitz gutxi erabiltzen ditu, baina haien begiradek, keinuek, arnasteko moduek edo bata bestearengana hurbiltzeko eta ukitzeko ere ederki adierazten dituzte maitemintze prozesu horren pauso guztiak. Filmeko pertsonaiak gertuak eta maitekorrak egiten zaizkigu, erraz uler ditzakegu haiek dituzten sentimenduak, dudak eta beldurrak. Ikusleok eurekin bat egiten dugu, gauzak okertzen zaizkienean kezkatu egiten gara, gauzek hobera egiten dutenean poztu egiten gara, eta hor lortzea ez da gauza erraza. 2008/01/18 - 07:30:15
Superman Returns
Zuzendaria : Bryan Singer Aktoreak : Brandon Routh, Kate Bosworth, Kevin Spacey. Puntuazioa : ** Azkeneko urteetan Supermanen film berriari buruz hainbat proiektu izan eta gero, Superman Returns iritsi da, eta lortutako emaitza itxurosoa bada ere, gatz pixka bate ere falta zaio hain laua eta mugatua ez izateko. Osagai guztiak euren tokian daude, istorioa nahiko ondo kontatua dago, efektu bereziak eta irudiak ikusgarriak dira, baina ez du ustekaberik sortzen. Ia denean, lehenengo Superman filmaren eskema jarraitzen du; hala, hasierako sarrerarekin lehenengo filmarekin argumentuzko lotura sortu nahi du: umetako oroimenak, lurrean izandako ama, aitaren agerraldia, Nex Yorkera eta egunkarira bueltatzeko. Eta hortik aurrera, gutxi gorabehera, dena ezaguna egingo zaigu: Lex Luthor, Superman jenda salbatzen, Clark Kent/Superman dualtasuna, Supermanek Lois Lanerekin dituen hegaldiak, eta abar. Inoiz heroi estatubatuarren buruzko filmik ikusi ez dutenentzat Superman Retruns ikuskizun erakargarria izan daiteke: ekintza, abentura, irudi ikusgarriak, amodio istorio bat Ia denetik du. Eta Supermanen jarraitzaile amorratuak, agian, ezagunak egiten zaizkien pertsonaiak eta egoerak ikusten pozik izango dira. Dena den, filmari umore eta giro pixka bat falta zaio: gaizkileen lagunek ez dute grazia handirik, egunkariko erredakzio giroak eta pertsonaiek ez dute xarmarik, eta horrela, Superman Returns ek lan ona izateko, pipermina falta du eta ez du ezer berririk ekartzen. 2008/01/18 - 07:30:15
La condesa rusa
Zuzendaria : James Ivory. Aktoreak : Ralph Fiennes, Natsha Richardson, Vanesa Redgrave. Puntuazioa : ** La condesa rusa denboratik kanpo eginiko film bat da. Garai erromantikotik ateratako pertsonaia tormentatuak ditu, eta deskribatzen duen lurralde eta garai gatazkatsuagatik -1936, Shanghai-, protagonisten ezaugarriengatik, Casablanca antzeko filmak dakarzkigu burura. Ivoryren filmak hiru deskribapen desberdin ditu: istorio kolektibo bat dago, honetan hiri handi baten eta munduaren egoera azaltzen zaigu, hori da bikote protagonista bizi den ingurunea; beste aldetik, iraganak bikotearengan duen pisua deskribatzen da; eta hirugarrenean, bien arteko harremanak. Shanghaitik ateratako irudikapenak ez du indar handirik, irudien ekoizpen handien kalitate txukuna dute, baina istorio nagusiari behar den bezala osatzeko edo aberasteko indar falta duten. Agertzen diren flash-back irudi gutxikoak dira eta ez diote filmari kutsu tragikorik ematen. Dena den, La condesa rusa k Ralph Fiennes eta Natasha Richardsonen arteko eszena gehienetan lortzen du kutsu tragiko eta erromantiko hori. Biak oso aktore onak dira eta euren artean sortzen den kimika ikusleak antzeman egiten du; ezkutuko istorio bat da, pertsonaiek ez dute euren sentimenduak kanporatu nahi, baina ikusleak ederki nabari ditzake jazotzen diren sentimenduak, La condesa rusa k zati eta eszena ederrak ditu, baina erabilitako osagai eta bigarren mailako istorio guztiak batzeko momentuan ez du Hollywoodeko melodramek zuten ahalmena erakusten. 2008/01/18 - 07:30:14
Una historia de Brooklyn
Zuzendaria : Noah Baumbach. Aktoreak : Jeff Daniels, Laura Linney. Putuazioa : *** Jatorrizko izenburuaren itzulpena Txibia eta balea bada ere, gaztelaniaz jarritako izenburua Una historia de Brooklyn izan da. Ez zegoen horrelako itzulpenik egin beharrik, baina, eginez gero, hobe izango zen Brooklyngo istorio txiki bat jartzea. Txiki adjetiboak ederki islatzen du film honen izaera. Kontatzen zaigun istorioa askotan ikusitakoa da: bikote bat urte dezente ezkonduta egon eta gero, bandandu egiten da. Bikoteak bi seme ditu, eta gurasoen jarrerek eta euren arteko arazoek semeengan dituzten ondorioak ikusiko ditugu. Baumbach ez da sakontasun gehiegitan sartzen, kontatzen duen istorio arrunt bat besterik ez da, eta hori egiteko, 80 minutu bakarrik erabiltzen ditu. Filmaketa 23 egunetan egin zen, zuzendariak ez du zaintzen gehiegi irudien apaindura, kamara asko mugitzen du, eta 1986ko garaian murgildu nahi gaitu. Gidoian eta aktoreen lanean daude Una historia de Brooklyn go osagai nagusiak. Istorioa ez da oso aberatsa; kasu konkretu bat eta pertsonaia batzuk nahiko modu egokian deskribatzen ditu. Jeff Daniel seta Laura Linney aktore bikainak dira eta Jesse Eisenberg eta Owen Kline aktore gazteekin batera euren pertsonaiei sinesgarritasuna eta epeltasuna ematen diete (filma Bilboko zinema baten jatorrizko hizkuntzan azpitituluekin estreinatu da, eta horrela aktoreen lana askoz hobeto balora daiteke). Osagai horiekin, oso originala ez den eta monotonoa izan zitekeen istorioak interesgarria izatea lortzen du. 2008/01/18 - 07:30:14
Camino a Guantánamo
Zuzendariak : Michael Winterbottom, Mat Whitecross. Aktoreak : Ruhel Ahmed, Asif Iqbal, Shafiq Rasul. Puntuazioa : *** Camino a Guantámo rekin Micahel Winterbottom eta Mat Whitecrossek fikzioaren bidez errealitatea islatu nahi dute. Zinema erabiltzen dute gertatutako istorio bat ezagutarazteko, eta irudiek duten indarrarekin, honek behar duen sinesgarritasuna eta indarra lortzen du. Zuzendariek filmari dokumentalen itxura eman diote: kamerak filmatzeko momentuan mugimendua du, muntaia egiteko modua, apaindura gutxiko irudiak erabiltzen dituzte. Osagai horiekin, irudiei zuzenean hartutako irudien itxura eman nahi zaie. Aktoreen bitartez, pertsonaiak jasandako odisea birsortzen dute eta, irudiei lotura emateko, istorioaren benetako protagonisten testigantzak erabiltzen dituzte. Camino a Guantánamo oso film ausarta da, fikzioa eta errealitatea, artxiboko eta fikziozko irudiak elkartzen ditu, momentu egokian, denbora pasatzen utzi gabe eta gaia oraindik pil-pilean dagoenean, munduko potentzia handien portaera lotsagarria salatzeko. Zuzendariek ez dute sentimentaltasunean erori nahi, pertsonaiak pertsona arruntak dira, euren bitartez edozeini gerta dakiokeen istorio bat kontatu nahi dute. Ingalaterratik Pakistanera doazen mutil gazte batzuen bidaiaren bitartez, gaur egungo egoeraren orokortasuna, lurralde desberdinetako (Pakistan, Afganistan) giroa eta Guantanamon jasandako tratu lotsagarriak erakusten dituzte. Irudiek duten itxura errealistan datza filmaren indar nagusia. 2008/01/18 - 07:30:13
Hacia el sur
Zuzendaria : Lauren Canter Aktoreak : Charlotte Rampling, Karen Young, Louise Portai Puntuazioa : **** Hacia el sur ek irla xarmangarrietara hoteletako erotasunaz eta mutil gazteen adeitasunez gozatzera doazen 50 urte baino gehiagoko emakumeak ditu protagonista nagusi. Filma, batez ere, pertsonaien erretratu sakona eta zehatza egiten arduratzen da. Istorioa baino pisu handiagoa du pertsonaien sentipen kontraesankor eta konplexuen islapenak. Hasiera baten eguneroko edo garrantzi txikiko diruditen eszenen bitartez emakume bakoitzaren erreakzionatzeko moduak ezagutuko ditugu: bere inguruan gertatzen ari dena begiratzeko era eta ikusten ari direnarenganako duten jokaerak. Emakume bakoitzak badu ikuslearen aurrean bihotza zabaltzen duen eszena. Horrela hobeto jakin ditzakegu euren pentsaerak, baina batez ere euren begirada, keinu, isilune eta gauzak esateko tonu adierazgarrien bitartez ohartzen gara nola itxuran bizitzeko modu eder eta lasai horren atzetik sentipen kontrajarriak azaltzen diren: edukitze irrika, norgehiagokak, sortzen diren segurtasun ezak pertsonaien egoera korapilatuko du. Hacia el sur ek emakume horiek erretratatzeaz gain, mutil gazte baten erretratua ere egiten du, eta honen bitartez 70ko bukaeran Haitin jasaten zen giro zapaltzailea ikusiko dugu. Mandatarien ustelkeriaren eraginez, hango biztanle askok mundu kapitalistari jendeari saltzen diote euren burua. Hacia el sur ek gure munduan paradisurik ez dagoela esaten du eta gizakion bakartasun modu desberdinak erakusten dizkigu 2008/01/18 - 07:30:13
Misión Imposible 3
Zuzendaria : J.J Abrams Aktoreak : Tom Cruise, Philip Seymour Hoffman Puntuazioa : ** Misión Imposible duela urte dezente eginiko telesail famatua izan zen, eta orain JJ.Abramsek, Perdidos eta Aliasen telesailen egileak, zinemarako eginiko sagako hirugarren filmean telebistari lotutako keinu dibertigarri bat egiten dio. Sarritan, telesailak hasi baino lehenago, horietan gertatu behar diren eszena batzuen irudi deigarriak eskaintzen dira. Bada, gauza bera egiten du JJ. Abramsek Misión Imposible 3 n: filmari hasiera emateko, askoz geroago agertuko den eszena aipagarri baten zati bat erakusten digu, horren momentu gorenean mozteko eta gero, ezer gertatu izango ez balitz bezala, istorioa benetan hasteko. Honela, nahiko modu xelebrean, zuzendariak telebista eta zinemaren munduak nahastu egiten ditu. Misión Imposible 3 en hasiera dibertigarria da eta, orokorrean, film guztia nahiko dibertigarria da. Hori bai, oso argumentu mugatua du. Zehaztasun osoz kontatutako eszena luze eta oso ikusgarriak ditu, eta horiek lotzeko erabiltzen den argumentuaren haria oso garrantzi txikikoa da. Korrikaldi, eztanda, kolpe, zarata eta efektu ugari daude, eta egoera arriskutsu bakoitzak sinesgarritasunaren mugaraino eramaten dira. Eszena batzuetan, irudiak, planoen aldaketa hain azkarrengatik, ez dira oso ondo bereizten, baina orokorrean ondo eginiko eszenak dira. Eta osagai horiei gaizkile erakargarri bat gehitzen badiogu (Philip Seymour Hoffman), nahiko film entretenigarria lortzen da. 2008/01/18 - 07:30:12
El código Da Vinci
Zuzendaria : Ron Howard Aktoreak : Tom Hanks, Audrey Tautou El código Da Vinci pertsonaia, asmakizun, jazarpen eta burugabeko teoria ugari duen liburu entretenigarria da. Dan Brown idazleak erabiltzen duen egitura telefilmetara eta foiletoietara hurbiltzen da: egoerak gehiegi garatu gabe, pertsonaia eta leku batzuetatik beste batzuetara pasatzen da, gero berriz lehengoetara bueltatzeko. Horrela, nahiko sentsazio telegrafikoa lortzen da: hariari arintasuna eta aldaera ematen zaio, baina honek pisu eta sakontasun dramatikoa galarazten du. Filmak liburuari nahiko fidela izan nahi du. Ron Howardek istorioaren haria, asmakizun, sekretu eta ustekabe guztiak erakutsi nahi ditu, eta hau ez da posible asetasunean erori gabe: ez da gauza bera istorio bat etenaldiekin irakurtzea edo bi ordu eta erdian joko, jazarpen eta teori guztiak ezagutaraztea. Filmak eta liburuak pertsonaien gainetik, hari misteriotsuari garrantzi handiagoa ematen diote, baina liburuko pertsonaiak (Aringarosa, Silas, eta abar) sakonegiak ez baziren ere, filmean baino hobeto trazatuak zeuden. Liburua irakurri duenak errazago jarraituko du irudietan gertatzen dena, baina ustekabearen efektua galduko du eta azaleko argumentuetan oinarritutako lanek, artifizioaren azpian ezer gutxi dagoenean, gertatu behar dena jakinez gero, ia interes guztia galtzen dute. Dena den, filma ez da hain txarra; ekoizpen handi gehienek duten ezaugarriak (baliabide asko, itxura ona)ditu, eta nahiko produktu komertzial arrunta da. 2008/01/18 - 07:30:12
Hard Candy
Zuzendaria : David Slade Aktoreak : Patrick Wilson, Ellen Page Aitortzen dut gaur egun egiten diren beldurrezko filmak ez direla nire gustukoak. Hor dela eta, oso gutxitan hurbiltzen naiz zinema geletara genero horretako lanak ikustera. Dena den, sari eta kritika on ugari jaso duenez, Hard Candy ikustera joan naiz; eta egia esateko, nahiz eta mota horretako filmetatik desberdintzen dituen osagai interesgarriak eduki, gauzak gehiegi luzatzea eta ematen duen mezu ideologikoa nahiko zalantzagarriak iruditu zaizkit 2008/01/18 - 07:30:11
De latir, mi corazón se ha parado
Zuzendaria : Jacques Audiard Aktoreak : Romani Duris, Niels Arestrup Puntuazioa : ***-- De latir, mi corazón se ha parado k kutsu existentzialista du. Istorioaren protagonista nagusia hogeita piku urteko mutil bat da, eta filmean zehar hark zer-nolako bizimodua daraman eta haren izaera ezagutzeko aukera izango dugu. Mutilak, bere aitak egiten duen bezala, higiezinen sektorean lan egiten du. Negozioan dirua lortzeko edozer gauza egiteko kapaz diren bi bazkiderekin lan egiten du. Hilda dagoen amak, berriz, pianoa jotzea gustuko zuen, eta semeak, nahiz eguneroko gauzetatik baztertua egon, amaren zaletasun hori jaso du. Filmean, gure protagonistak aitaren eta amaren munduen eragina nabaritzen du; eta biekin duen norgehiagoka horretan datza istorioaren mamia. Musika munduari dagokionez, oso politak dira mutilak irakasle txinarrarekin dituen eszenak Jacques Audiardek mutilaren nahiko erretratu zehatza egiten du; kamera nabarmenki mugitzen du, zabu asko emanez, pertsonaiaren urduritasuna eta egonezin existentziala adierazteko. Pertsonaiaren aurpegira asko hurbiltzen da; horrela, gertakizunek pertsonaiarengan duten eragina ondo sumatzen dugu, eta jasaten ari den gatazka barnerakoiaren lekuko bihurtzen gara. De latir, mi corazón se ha parado n gauzak ez dira guztiz argitzen, mutilaren iraganari buruz datu solte batzuk dauzkagu, ez dira oso zehatzak, eta horiei ikusleok gure interpretazioa eman beharko diegu eta dauden hutsuneak bete. Hori dela eta, filmak kutsu sekretu bat ere uzten du. 2008/01/18 - 07:30:10
