Mahai jokoan

Euskal Herriko politikari buruzko bloga

Pedalak eta frenoa

 2012/02/05 - 07:26:05

Lau segundo

 2012/01/29 - 03:57:06

Fraga, Fraga, Fraga

Ikasle garaian unibertsitateko milizian ibili zenean urteroko sailkapenean lehena izateko merituak egin omen zituen Manuel Fraga gazteak, aldearekin, baina bigarren postua baino ez zioten eman. Arduradunaren azalpena: Espiritu militar handiegia . Anekdota gaiztoa The New York Times -ek argitaratu zuen, ez joan den astelehenean hilberrien atalean argitaratutako soslaian, 1969ko urtarrilaren 25ean ateratakoan baizik. 1962tik zen Francoren ministro, 1966an zentsura bertan behera utziko omen zuen legea jarri zuen indarrean, baina, hiru urte geroago, hara egunkari amerikarreko izenburua: Espainiako zentsore berriro . Legea indarrean zenetik, Fragak edizioak konfiskatu, hedabideei isuna jarri eta egunkari bat lau hilabetez itxiarazi zuela zioen kazetariak. Soslaia zazpi hilabete geroago argitaratu izan balu, euskal aldizkari bat ere itxiarazi zuela azaldu ahal izango zuen, Yakin-i abuztuan iritsi baitzitzaion txanda. Fragak iragan falangistarik ez zuela zioen, baina batzuetan falangisten alkondara urdina janzten zuela: Ziurrenik akatsa izan zen Fraga liberaltzat hartzea . Zukua du soslaiak: Esaten dute Franco jenerala ordezkatu nahi dutenen artean dagoela . Horretarako leku egokia topatu ezinik omen zebilen, ordea, frankismo barruko sektore nagusi bateko edo besteko kide ez zenez: Batera eta bestera dabil . Kasinoan amaitzen da soslaia: Fragak bere apustuak etengabe aldatzen dituen erruleta jokalari urduria ematen baldin badu, honegatik da: Franco jenerala hiltzean, gurpila gelditzen denean, bolatxoa gorri liberalean edo beltz totalitarioan egokituko den inork ez dakielako . Informazio ministroaren hatzaparrak ez ziren New Yorkeraino iristen. Lehenagotik ere aipatu zuten Fraga New Yorkeko egunkarian. 1963an , Julian Grimau komunistaren exekuzioari buruzko azalpenak ematen ageri da, zigorra nekez kenduko ziotela jakinarazteko; hurrengo egunean afusilatu zuten. 1966an Palomaresen bainua hartzen ere ageri da: kazetariak dio ez dakiela Fragaren txantxa izan zen edo nahi gabe esan ote zuen, baina urpekariak artean itsasoan bonba nuklear galduaren bila zebiltzan bitartean, kostalde hartako atrakzio onenetakoa ur azpiko arrantza zela adierazi zuen ministroak. 1968ko ekainean , Pardinesen, Etxeberrietaren eta Manzanasen hilketen ondorengo giroan, Madrildik Donostiara telefonoz deika ageri da Fraga, dagokienei presaz jakinarazteko Inaki Sarasketaren exekuzioa bertan behera uzteko. 1976an ere hor da, jakina: Fraga Alemanian zela, Poliziak bi langile eta ikasle bat hil zituenean, martxoaren 4ko albistean ; Gasteizen hildakoak lau zirela, gainera Basaurin beste bat hil zutela, Fraga Gasteiza helikopteroz iritsi berria zela, eta anarkiarik ez zuela onartuko esan zuela, martxoaren 8koan . ETAk Berazadi enpresaburua hil zuela azaltzen zuen albistean ere ageri da ministroa, apirilaren 9an , terroristek gerra nahi badute , gerra izango dutela ohartarazteko, ondorio guztiekin . Edota, 1977ko apirilean , ordurako ministro ez zela, Alderdi Komunistaren legeztatzearen aurka hizketan, akats politikoa larria zela esanez. Bada artikulu menturaz esanguratsua, 1976ko martxoaren 3an bertan datatua, artean Gasteizko hilketen berririk zabaldu ez zenekoa. Espainia irakiten zegoela azaltzen zuen erreportaian, berriemaileak anekdota bat kontatu zuen, Fraga nor zen azaltze aldera: Lehengo egunean hoteleko harrera gelan sartu zenean, jendeak Fraga, Fraga, Fraga oihukatu zuen, oraintsu arte Franco, Franco, Franco oihukatzen zuen erraztasun berarekin .  2012/01/22 - 02:49:06

Mr. Monopoly

 2012/01/22 - 00:55:04

Bilboko kolosoa

 2012/01/08 - 05:16:08

Galdetu Ahmadinejadi

 2011/12/29 - 22:18:03

Raxoiren eskuburdinak

 2011/12/14 - 21:48:06

Handitzen zarenean

 2011/12/04 - 06:01:20

Torturaren hautagaiak

 2011/12/04 - 06:01:20

D'Hondt adiskidea

 2011/12/04 - 06:01:20

Nabigatu euskaraz