Ipar haizea

Ipar Euskal Herriko politika, gizartea, ekonomia eta kultuari buruzko iritziak

Parisetik hiru ordura

Hautetsiek manifestaziora dei egin dute. Larunbatean AHTaren bide berriaren kontrako mobilizazio handia izanen da Baionan. Pentsatzen dut handia izanen dela, hautetsiek seriostasun handiz hartu dutelako hitzordua eta baliabideak hartu dituztelako ahal bezainbat jende bil dadin. Ez dute nahi Abiadura Handiko Trena Lapurdi barnealdetik pasa dadin, ez dute bide berririk nahi Baina AHT pasatzea nahi dute, Parisetik hiru ordura, Madrildik bi ordura eta Bordeletik ordu batera izan nahi dute. Baina oraingo bideak erabiliz. Horrek erran nahi du, beren baratze aitzinean nahi ez duten bidea nahi dutela beste eremuetan. Baina nik dudak ditut Baiona Parisetik hiru orenera edo Bordeletik oren batera izateak ez ote digun onura baino kalte gehiago ekarriko. Hots, orain baino aiseago izanen da Bordelen lan egin eta Lapurdin bizitzea, edo Parisen lan egin eta asteburuetarako Lapurdira etortzea. Horrek ez al ditu areagotuko oraingo arazoak: lurren eta etxebizitzen prezioen igotzea, lo-egiteko eskualde izatea, aktibitate ekonomikoa mugatzea eta gauzak Bordelen eta Parisen zentralizatzea?  2009/10/15 - 18:43:04

Asteburu "luzea"

Ostiral arratsaldean lagun gipuzkoar batek galdetu zidan: - Asteburu luzea, ezta? Eta nik esplikatu behar izan nion (urtero baten bati esplikatu behar izaten diodan bezala), ezetz, gaur, urriaren 12an, Ipar Euskal Herrian lan eguna dugula hau, hori eta hura Ez gara bada hispanitatearen eguna ospatzen hasiko gu ere, nahiz eta guardia zibil andana bat dabilen Ipar Euskal Herriko lurretan!  2009/10/12 - 19:35:01

Erregio hauteskundeak

Europako hauteskundeak bukatu orduko hasi dira batzuk 2010eko martxoko erregio hauteskundeak aipatzen. Batetik, Berdeak. Bestetik, ezker abertzalea. Orain arte segurik, Erregio hauteskundeak ez dira abertzaleak gehien berotu dituztenak. Bereziki hauteskunde sistema aldatu zutenetik. Eta horregatik, deigarria egiten zait hain goizik hastea zenbait eragile hauteskunde horiez gogoetatzen. Berdeek Europe Ecologie formula errepikatzea amesten dute, Europako hauteskundeetan alderdi sozialistaren heinera heldurik, erregio hauteskundeetan gauza bera egin dezaketelako itxaropenez. Baina orain arte, Berdeek Alderdi Sozialistarekin gobernatzen dute Akitaniako kontseiluan, eta logikoena da hurrengo hauteskundeetan ere alderdi sozialistarekin egitea akordioa, bigarren itzulian. Horrek zailtzen du EA edo AB Europe Ecologie bezalako plataforma batean joateko aukera, gero, abertzaleen etsai historikoetariko batekin tratua egiteko bada, nahiz eta bide horrek Akitaniako kontseiluan lehen aldikotz hautetsi bat lortzeko aukera eman abertzaleei. Batasuna biziki goizik hasi da hauteskunde horietarako Euskal Herria Bai formularen aldarrikatzen, Europako hauteskundeak bukatu orduko eta prentsaren bidez gogo horretaz komunikatuz. Hain segur, Europe Ecologie zerrendaren emaitza onek eta Berdeek abertzaleei egin dizkieten begi keinuek bultzaturik egin zituen Batasunak adierazpen horiek hain goizik: ABri eta EAri Europe Ecologierekin ez joateko zeharkako deia zen, eta abertzaleen arteko batasuna errepikatzeko gonbidapena. Baina erregio hauteskundeak ez dira kantonamenduetakoak, legebiltzarrerakoak edota europakoak bezalako baldintzetan egiten. Zerrendak Akitania osoan aurkeztu behar dira, departamendu bakoitzean bat (orotara bost). Beraz, ezin da zerrenda bat aurkeztu Pirinio Atlantikoetarako bakarrik (lehen posible zen, eta abertzaleak horrela aurkezten ziren; orain ez, eta azken hauteskundeetan abertzaleak ez ziren aurkeztu, eta horren ordez bozka-ontzietan presoen hurbiltzearen aldeko papertxoa ezartzeko deia egin zuten ABk eta Batasunak).  2009/08/21 - 11:33:02

Chronobus

Uda honetan aldaketa handia gertatu da, Baionatik Miarritzera doan RN10 errepide nagusian. Errepidea lau lerrokoa da, orain, baina bi norabideetan, lerro bana autobusentzat eta txirrindularientzat bakarrik da. Ondorioz, sekulako trafiko arazoak sortu dira. Neurri hori indarrean jarri aitzin ere kexatu ziren batzuk, sortuko zituen arazoak zirela-eta. Orain, saltzaile batzuk kexu dira, eta jendeari hautetsiei idazteko eskatu diote. Angeluko udalak jadanik iragarri ditu antolaketa batzuk, kexu horiek direla-eta. Baina ez dituzte trafiko arazoak gehiegi konpondu nahi, jendea autobusa erabiltzera animatzea baita neurri horien helburua. Gainera, hamar minuturo pasatzen da Chronobus autobusa, bide horretatik, orain. Larunbatetan doan da autobus hori. Ipar Euskal Herriak ikaragarriko beranta du garraio publikoan. Ia denak autoz ibiltzen dira, bakoitza bere autoan. Baiona, Angelu eta Miarritzeren artean 120.000 bat biztanle izanik, ez zait zentzugabekeria iruditzen autoei trabak ezartzea eta autobusa erabiltzea erosoago bihurtzea. Denbora pixka bat behar izanen da jendearen ohiturak aldatzeko; lehenbiziko erreakzio horiek, autoarenganako menpekotasunetik ateratzeko borondate falta edo kontserbatismoa erakusten dutela iruditzen zait. Segur naiz, ordea, autobus sistema horrek funtzionatzen badu eta, bereziki, garatzen badute, jendeak autoa gutxiago erabiliko duela.  2009/08/20 - 11:52:02

Zerrendak legez kanpo ezartzea eztabaidagai Frantzian

 2009/05/05 - 20:43:01

"Le gateaux basques aux cerises d'amatxi"

Berriki, postaz liburu bat heldu zaigu Baionako ordezkaritzara: A table chez les Basques . Errezeta liburu bat da, paisaien argazki anitzekin. Liburua ez da gaizki, eta errezeta interesgarri franko aurki daiteke Baina badu halako kutsu nostalgiko triste bat, "iragankeria" dei nezakeen zerbait. "Zein ona zen amatxiren errezeta" estiloko zerbait Frantsesek hainbeste erabiltzen duten "terroir" hitzaren kutsu negatibo bat Liburua ikustean gogora jin zitzaidan duela zenbait aste telebistan ikusi nuen eztabaida bat. "Terroir et fromages" edo holako zerbait zen gaia. Batzuk gasnen mundu aberatsaren eta mendi aldeko teknika zaharren goraipatzen ari ziren eta besteak gehiago gasna industrialaren alde. Gasna sinbolo bat zen, eztabaida zabalagoa zen: kultura aniztasunaren aldekoak eta zentralismoaren edo kultura uniformeago baten aldekoak. Eztabaida hartan, zentralista deituko ditudanek beren burua modernoen lerroan kokatzen zuten, eta kultura aniztasunaren edo gasna bakoitzaren gustu propioaren aldekoak zaharkinen lerroan sartzen zituzten. Eztabaida ez da oraingoa, baina beti hori egiten dute: beren kultura propioaren defentsan ari direnak (euskaldunak, adibidez) itxitzat, atzerakoitzat eta antimodernotzat jotzen dituzte. Baina, aldi berean, ohartzen naiz Euskal Herritik kanpora euskal berezitasuna (gehienetan gastronomiara, indar jokoetara eta holakoetara mugatzen dutena) zabaltzen duten turismo bulego edo hainbat enpresek ez dutela gure kulturaren itxura erakargarri eta modernoa saltzen. Hain zuzen, liburu honetan bezala, "terroir" kontzeptua saltzen dute, kontzeptu horrek publiko bat baitauka: iraganari atxikia, amatxiren garaiari, museo izaerari eta nahi den guztia Postal itxura atzerakoia saltzen duten horiek eta gure kulturak defendatzeagatik itxitzat eta atzerakoitzat jotzen gaituzten horiek txanpon beraren bi aldeak direla erran nezake. Biak guztiz lotuak dira, gure kultura topiko museografikoetatik aurkezten eta goraipatzen dutenek saltzen duten irudi horrengatik (besteak beste), arkaismo horiek maite ez dituztenek edo beren burua modernotzat daukatenek gure kulturak mespretxatzen dituztelako. Baina lagun batek erran didan bezala, beren burua modernotzat daukaten horiek ere ederki baliatzen dira itxura museografiko hori goraipatzen dutenez. Alabaina, beren burua modernotzat jotzeko, komeni zaie batzuk ez "hain modernoak" izatea  2009/04/17 - 18:48:01

Euskal Herriko itzulia

Euskal Herriko itzulia iragan berri da, eta ohartzen naiz txirrindulariak ez direla Ipar Euskal Herritik pasatu, ez aurten, ez azken urteetan ere (eta ez dut gogoan beste urteetan ere Ipar Euskal Herritik pasatzen diren). Halaber, Nafarroan batzuetan sarraldi bat egiten dute, baina ibilbidearen mapa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zentratua da, batzuetan hiru eremu horien muga gainditzen badu ere. Konpara itzazue Korrikako mapa eta Euskal Herriko itzuliko mapa, eta begi bistakoa da. Ez dut, ordea, hainbesteko zalapartarik entzun, duela zenbait hilabete futbolean izan zen bezala. Alta, izenaren eztabaida baino garrantzitsuagoa da izaera bera. "Euskal Herriko" itzulia deitzen bada ere, mapa horretatik ia Nafarroa osoa kentzen bada eta Ipar Euskal Herria ez bada sartzen ere barkatu, baina Euskal Herria ez da hori. "Euskadi" izena Euskal Autonomi Erkidegoak hartzen duen eremura mugatu zen bezala (garai batez "Ipar Euskadi" eta "Hego Euskadi" hitzak erabiltzen ziren, eta beraz Euskadi zazpi herrialdeek osatu eremua bide zen), gauza bera gerta daiteke "Euskal Herria" izenarekin, izen hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa herrialdeek hartzen duten eremura mugatzen bada.  2009/04/15 - 12:30:09

EHLGren kontrako helegitearen irakurketa

Prokuradoreak Euskal Herriko Laborantza Ganberaren auziko erabakiari helegitea aurkezteak garrantzi handia du. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren kontrako salaketa, elkartea bera sortu zen urtekoa zen. Orduko salaketa testuinguru hartan kokatu behar zen, beroan bero eta eztabaida minbera zen garaian. Lau urte geroago, testuingurua desberdina da. Laborantza Ganberaren inguruko eztabaidak lasaitua zela zirudien, elkarteak urte horietan guztietan egindako lanari esker ezagupena lortua zuen, auzian Paueko prefetaren salaketaren ahulezia guztiak agerian gelditu ziren. Nahiz eta auzian argi gelditu zen ez zegoela salaketa jartzeko arrazoirik, Frantziako Estatuak hala ere eusten dio auzia egiteari. Lau urte geroagoko giro lasaitu horretan, oinarririk gabeko auzi hori bertan behera utz zezakeen. Alderantziz, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurka tematzen da. Testuninguru horretan, helegite hori hasierako salaketa baino larriagoa da. Urtarrileko auzian pentsa zitekeen prefetaren hasierako salaketa ezin zela bertan behera gelditu, prefetak aurkeztua zenaz geroz. Eta beraz, akusazioko puntu gehienak kendurik ere, auzia egitea beste erremediorik ez zuten, nahiz eta prefeta irrigarri gelditu. Berantegi zen damutzeko eta gibelera egiteko. Orain desberdina da. Frantziako Estatuak oraindik ere jo nahi du Euskal Herriko Laborantza Ganberaren kontra, eta ez zaio inporta argudio juridikorik ez ukaitea. Ganbera makurrarazi nahi du, kosta ahala kosta. Paueko auzitegiaren erabakia aiseago kontrolatuko duen itxaropenarekin aurkeztu al du helegitea?  2009/04/07 - 17:26:04

Diru laguntzen kezka

 2009/03/31 - 10:50:01

Ikurrinaren erabilera maltzurra

Ez dakit aitzineko hauteskundeetan hainbesteko tokia ematen zioten PSE-EEko hautagaiek eta PPkoek, baina aldi honetan harriturik ikusten dut ikurrina PSE-EEkoen eta PPkoen afixetan. Eta bistan denez, badakigu ez direla abertzaleak, beraz ikurrina erabiltzearen motibazioa beste nonbait bilatu behar dugu: PSE-EEren aldetik, ez bakarrik abertzaleak lasaitzeko asmoan eta beharbada EAJren alde bozkatzeko ohitura dutenen botoak biltzeko asmoan. Ene ustez, beste arrazoi bat badago, maltzurragoa: ikurrina EAEko bandera gisa mugatzea, ikurrinaren eremua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatzea. Nafarroako Gobernuak ikurrinaren kontra hasi zuen gurutzadaren bigarren zatia da hori. Txanpon beraren bi aldeak dira. "Euskadi" izena hiru herrialde horietara mugatu zuten bezala (duela ez hain aspaldi, oraino, Ipar Euskadi erraten zen), ikurrina ere hiru herrialde horietara mugatu nahi dute. Hots, Euskal Herriaren lurraldetasuna bera mugatu nahi dutela erran nezake. Funtsean, azken urteetan zenbat aldiz ez dugu ikusi, Frantziako hedabideetan, "Pays Basque" izendapena eta baita "Pays Basque sud" ere, bakarrik EAE izendatzeko?  2009/02/24 - 15:28:11

Nabigatu euskaraz