plisti-plasta
Itsasgora eta itsasbehera
Irakasle-batza izan genuen lehengoan. Bertan, ohikoa den moduan, aurreko urteko memoria eta aurrera begirako egitasmoak izan genituen aztergai. Hamaika gai interesgarri, hamaika ideia eztabaidagarri. Apurka-apurka zuenganatuko ditut han botatako batzuk (mezu bat baino gehiago igorri beharko dizuet, ziur aski). Lehenengo eta behin, matrikulazio datuak aztertu genituen. Grafikoak ikusi, eta han genituen begi-bistan estatistiketako olatuak: marea gora, marea behera. Itsasbehera leuna hasia denaren susmoa hartu genion gehienok. Eta orduan norbaitek “ekonomistak ote gara?” bota zuen. Ez zen ez galdera inozoa, hura. Gure euskaltegiko matrikulazioa hein handi batean lan-presioaren araberakoa da. Esan nahi da, proportzio handi batean, ikasleak lanean tituluren bat eskatzen dietelako matrikulatzen direla. Lana ekonomia eta euskara lotuta... “ekonomistak ote gara?” ez zen galdera inozoa ez. Kontua da olatuen gainean edo azpian ibiltze horrek ontzia norabait eraman edo azkenean hondoratu egingo duen. Beste modu batean adierazita lan-presioak ala euskararen “prestigioak” izan behar duen matrikulazioaren akuilu. “Euskarak gero eta prestigio handiagoa dauka” bota zuen, braust, Politikokizuzen irakasleak “Gero eta ume gehiago matrikulatzen dira D ereduan eta hori pozgarria da” Eta arrazoi zuen (baina arrazoi erdia bakarrik aitortuko diogu). Egia da euskarak ikaskuntza-objektu gisa prestigioa irabazi duela ( honek ñabardura asko izan litzakeen arren) baina erabilera-objektu gisa apenas irabazi duen deus gure inguruan: hor daude kale-neurketak... eta honen froga argi bat: gure ikasleen portzentaia handi batek titulua lortzeko ikasten du (motibazio instrumentala du, motibazio emozional negatiboa sarritan; eta gainera behin titulua aterata, lanean ez du euskara erabiltzen). Berea al da errua? Har dezagun kasu topiko bat, Osakidetza, langileari 2. hizkuntz eskakizuna ateratzeko eskatzen dio (lan-presioa) + ( euskara irakaskuntza-objektu ) baina titulua ateratakoan, kitto!, hor bukatzen da zikloa. Nekez bihurtuko da euskara erabilera-objektu ospitale barruan. Ikusten... arrazoi erdia bakarrik zuen Politikozuzen irakasleak. Zeren zain daude erakundeak lan-presioan oinarritutako politika eraldatu eta ikaskuntza/erabilera-objektu bihurtuz euskararen prestigio soziala sustatzeko? “Esan erraz egiten da” “Hiztun kopuru handiagoa, masa kritikoa deritzona behar da” diote berehala Politikozuzen eta Soziolinguisto irakasleek. Arrazoi izango dute, akaso (arrazoi laurden bakarrik aitortuko diegu, halere). .”Masa kritikoa behar da”... Euskara ikasten hasi berriak diren batzuek pentsatzen dute dakiten apurrarekin ez duela merezi hitz egiten hastea, gehiago ikasten dutenean (ezagutza-masa kritikoa) hasiko direla hitz egiten (erabilera) baina irakasleok badakigu hasiera hasieratik dakitena erabiltzen ez badute jai dutela, ez dutela sekulan hitz egingo. Eskualde batzuetan ezin gara “masa kritikoa” izatearen zain egon, daukagunarekin hasi behar dugu maila apalean bada ere. “Esan erraz egiten da” zioen besteak, baina ez da esate kontua, egite kontua baizik. Har dezagun Bizkaiko eskualde klabe bat: ezkerraldea edo Bilbo adibidez, zenbat diru bideratzen da euskararen irakaskuntzara? Eta erabilerara? Zenbat irakasle daude? Eta zenbat hizkuntza teknikari? (nabaria desoreka) Baina hau guztia esan ostean estatistikak eta estatistikak aterako dizkigute eta gu han itsasoari begira, uzkur, estatistikaren marea gora, marea behera, gure ontzitxoa hondoratzearen beldur, gure hizkuntzak eskolan zein kalean goranzko bide jarraitua behar duelakoan. / A! Eta filmetan esaten den bezala, hemen kontatutakoa benetako gertaeretan oinarritua egonagatik, pertsonaia guztiak fikziozkoak dira, zorionez/ (jarraituko du) 2006/11/12 - 23:36:05
Dinosauroa (II)
Demagun lau irakasle ditugula ariketa “berdina” egiten: Mikelek agintera irakastea du helburu. Agintera nola erabiltzen den adierazi ondoren, adibide gisa, Art Attack jarri die ikasleei: bertan dinosauroa nola egiten den erakusten da. Ondoren, aginterari buruzko ariketak egin dituzte eginkizuna burutze aldera. Mariak instrukziozko baliabideak aztertzea du helburu. Art Attack jarri die ikasleei eta instrukzioak nola ematen diren inferitzen saiatu dira guztien artean. Ondoren, praktikara jo eta aginduak eman dizkiete ikasleek elkarri. Josuk instrukziozko baliabideak aztertzea du helburu. Art Attack jarri die ikasleei eta instrukzioei jarraiki dinosauroa egin dute. Ondoren, instrukzioak nola ematen diren aztertu dute. Yolandak ikasleekin bigarren hizkuntza erabiliz, dinosauroa egitea du helburu. Art Attack saioari jarraiki dinosauroa egin dute. Bitxiena zera da: Mikelek, Mariak, Josuk eta Yolandak " Art attack: dinosauroa 45 minutu" jarrita zutela beren klaserako koadernoan. Ariketa “berdina” egin ote dute? 2006/11/05 - 21:11:03
Dinosauroa
Behinola, Atazetan Oinarritutako Irakaskuntzari buruzko ikastaro batean izan nintzen. Akademia batean umeei irakasten zieten bi ingeles irakaslek eman zuten ikastaroa. AOIren adibide gisa, monitorean ume asturiar batzuk ageri ziren ingelesez ziharduen “Art Atacck” telesaioari jarraiki dinosauro bana egiten.. Eta honexek eragin zuen eztabaida... Zertan ari ziren umeak? a) Instruzioak emateko baliabideak ikasten eta, bide batez, ingelesez dinosauroa egiten. b) Ingelesez dinosauroa egiten eta, bide batez, instrukzioak emateko baliabideak ikasten. Badakit askok pentsatuko duzuela biak ala biak zilegi direla. Baina erdibideko erantzunak baztertuz, geure burua ñabardura bata ala bestea aukeratzera bortxatzen badugu, irakaskuntzan gramatikak betetzen duen funtzioaz erantzuten ari garela konturatuko gara. 2006/10/28 - 22:01:05
Xabier Imaz
Ez zaitut ez mindu nahi irakasle-irakurle, baina galdetuko banizu ea nolako ikaslea den Xabier Imaz (jarri zure ikasle baten izena) zenbat lerro idazteko gai izango zinateke?... Sinestuiazu galdera hau egin izan dudanean, ez beti baina bai gehiegitan topikoz betetako erantzuna jaso izan dudala: “saiatua, baina asko kostatzen zaio, ulermenean tira baina mintzamenean du ajea, akats asko egiten ditu, taldean ondo moldatzen da eta ez dizu arazorik emango”.Informazioa ez da askoz sakonagoa izaten. Zerk egiten digu huts? Formazioak (ez dakigu ikusten)? Expresioak (ez dakigu adierazten)? Fokalizazioak ( beti ari gara gauza berberei begira, zuzenketa berberak egiten)? Jarraipen didaktikoak (“ez dugu inolako jarraipen fitxarik egiten”)? Honek guztiak? Edo honelako ezerk ere ez? “Zer dio txotxolo honek, nik Xabier Imaz nola dabilen edertotxo dakit, barren?” Barkadazue, gaur ez daukat erantzuteko gogorik. Haserre naiz, neuk ere ezer gutxi baitakit Xabier Imazi buruz. 2006/10/22 - 05:31:08
Wikirakaslea
Aurreko batean irakasleon artean edo irakasle eta ikasleen arteko harremanean sor litekeen arraildura digitalaz aritu nintzaizuen. Oraingoan, berriz, beste balizko eten bati buruz natorkizue hausnarrean: arraildura didaktikoaz, alegia. Didaktikak edozein zientziak lez bere bidea egiten du (eztabaidagarrria oso, beti aurrerabidea denetz), irakaslearen lana da didaktika zertan den ezagutzea eta beronen inplementazioa egitea. Didaktika ikasgelaratze hau, ostera, tentuz egin beharreko gauza da. Tentuz, batetik, argi izan behar dugulako ildo garbiak ez direla beti eraginkorrenak izaten eta tentuz, bestetik, ezein planteamendu didaktikok ikaslea, norbanakoa, izan behar duelako gune: ikaslea eta bere iguripen didaktikoa. Baina iguripen honek, berak ezaguna duen didaktika du oinarri (duela urte batzuk eskolan edo unibertsitatean erabilitakoa, hain zuzen) Didaktika hemen eta espektatiba han; orduantxe sor liteke arrailduraren arriskua. Beharrezko du irakasleak pare bat pausu aurretik joatea baina tartea luzeegia bada, ez da ezinbestekoa den ikasle-irakasle komunikaziorik izango. Beraz, planteamendu didaktikoa bera ere negoziatu beharrekoa da; kontsentsua behar da ikaslearen eta irakaslearen artean. Batzuetan irakasleak uko egin behar dio gogoak eskatzen dion Wikirakasle Williszale amorratua izateari eta bere ikasleak ulertuko duen hautu didaktiko narras eta nahasiago baten aldeko apostua egin. 2006/10/15 - 22:09:11
Sisifo
Maiz ikusten dut neure burua Sisifo bezain itsu, harritzarra etengabe mendi pikoaren gailurrerantz bultzatzen, jakinaren gainean laster dela hura berriro ere gurpil zoroan ibarrerantz, jira-bira eternalean. Zer egin ote diegu jainkoei irakasleok punizio hau jasotzeko! Goizero ikusten ditut ikasleak atetik sartzen euskararen ezagutzaren tenplu oparora, eguerdiro ikusten ditut atetik irteten erabileraren eremu idorrera. Ezagutzak erabileraren ogi izan behar du eta erabilerak ezagutzaren ardo; bi idiak uztartzen ez baditugu, gurdia irauli eta harritzarra berriro amilduko da per secula seculorum. Idatzi ostekoa Irakasle gelara begiradatxo bat eman eta bertan ere Sisifo: irakasle guztiak behin eta berriro antzeko gauzak programatzen, itsu samar, “bakoitzak berea, jainkoaren legea” delakoan. 2006/10/08 - 19:16:12
Ikasle klasistak
"No a las clases" vs "aprende euskera con mucha clase" "Klaserik ez" vs "euskara dotorea, dotore ikasi" Iazkoaren errepikapena izanagatik, aurrez-aurre polita Ulibarri eta bai & by -rena. Metro-zulora jaisten naizen bakoitzean, han ikusten ditut Joxepo (Che Guevara bihurtuta) eta Ulibarri euskaltegiaren iragarkiko gizon eta emakume dotoreak ahari-topeka. Inor ez galtzaile, biak ala biak irabazle publizitateraen probaleku limurtzailean. Sestao: 06 iragartzen du gaur nasako erlojuak. Auto-ikaskuntzan ere 06. urteari hasiera emango diogula pentsatzen hasi naiz, eta metroko hormak keinuka sumatu ditut: Guevarak: “klaserik ez” eta Ulibarrikoek: “con mucha clase” eta nasako (Nasako?) erlojuak: 05. Ikasleak etorri zaizkit burura, egunotan informazio eske etortzen direnak batik bat. Eta sines iezadazue ikasle klasistak ditugu oraindik ere, klaserik gabeko sistema halabeharrez aukeratzen dutenak. Auto-ikaskuntzara datozen ia ikasle guztiek ordutegi malgutasuna bilatzen dute, baina bakanak dira auto-ikaskuntzaren hautu metodologikoa egiten dutenak. Ez dut uste bi sistemak kontrajarriak direnik eta badakit lehian hasita hainbat gauza aipa genitzakeela: gure sistema berria dela oraindik, heldutasun punttu bat falta zaiola, berau saltzen ere ikasi behar dugula... Ahalik eta dotoreen egiten saiatuko gara, nire ezagun batek zioen moduan komunistok ere dotoreak izan behar baitugu. Sestao: 00 2006/09/30 - 20:41:10
Bat, bi bi, hiru hiru hiru, lau lau lau lau
Duela gutxi zereko zerean (hau burua!) ikas-atazek sudokuek duten erakargarritasuna izatea lortu behar dugula irakurri nuen. Hau da, sarritan proposatzen ditugun ariketek ez dutela inolako gatzik; gogaikarriak direla, alegia. Ados eta konforme, nola ez! Baina honetan ere tentuz jokatu behar dugu. Batzuetan orijinaltasunaren izenean, ikaskuntzak berezko duen errepikapena saihestu egiten baitugu. Errepikapena beharrezko da automatismoa lortzeko eta beronek eragin handia dauka jarioan, monitorizazioan... Pentsatzen jarriz gero, konturatuko gara gauzak zail direla ikasten errepikapenik ez badago. Programazio batzuk linealegiak direla uste dut, ez dutela ezein programaziotan beharrezko den jira-birarik (marra batez irudikatuko genituzke, espiral batez irudikatu beharrean). Dena beti berria izan behar honek sarritan ikasleari gehiegizko ahalegina eskatzen dio eta ez dio ezagutza tinkatzen uzten. Gainera, errepikapenak ez du derrigorrez aspergarri izan behar. Ez ote dira sudokuak errepikakorrak, bada? 2006/09/25 - 00:24:42
Ura, hitza eta jarioa
“Gehiegizko hitz jarioa, urbitsetan dijoa” Horrela dio esaera zaharrak: gehiegi hitz egiten duenak oker asko egiten dituela adierazteko. Ura eta hitza nahastea dugu gogokoen plisti-plasta txoko honetan baina oraingoan, halere, jarioaz arituko gara.Urak eta hitzak beti egiten dute bide, ea guk ere asmatzen dugun urratsez urrats Ezer ez da berdin (III) : jarioa eta abiadura Ahozko erregistroari dagokionez, sarritan abiadura jarioaren sinonimotzat jotzen dugu, murrizkeriaz. Baina abiadura sintoma da eta ez funtsa. Labur esanda, jarioak zenbait osagarri ditu: 1- munduaren ezagutza /etorria 2- baliabide linguistikoak 3- estrategiak 4- automatismoak 5- monitorizazioa 6- abiadura 7- jardun jarraitua 8- etenak betetzeko baliabideak. Elementu hauek guztiek elkarreraginean osatzen dute jariotasun egokia. Hona: Ikasleak lehenengo eta behin komunikaziorako lehengaia behar du, komunikatu nahi dituen ideiak ganbaran, etorria deituko diogu honi (honetan munduaren ezagutzak eta memorian gordetako informazio piloak izango du zerikusia). Une horretan erabakitzen du hiztunak ZER esan. Bigarrenik, esan behar duena esateko besteko baliabide linguistikoak behar ditu, ondoren, komunikazio tresnak aukeratu eta zer komunikatu ahal duen eta zer ez erabaki behar du , estrategien garaia da. NOLA eta ZEREZen garaia, alegia. Hirugarrenik, automatismoak erabili behar ditu; zenbat eta gehiago izan, orduan eta akats gutxiago egingo ditu eta gainera, monitorizazio laburragoa beharko du. Ondorioz, bere abiadura hobea izango da eta jarduna jarraituagoa . Gainera, etenak (informazio igorketarik gabeko uneak) sortzen direnean, berauek betetzeko baliabideak baditu, kate-mintzatuan sortutako matxurak arintzeko moduan egongo da. EKOIZPENAren garaia da, orduan. Honela,bada, elkarreraginean "continuum"a osatuz uler daiteke jarioa bezalako kontzeptu konplexua. Sarritan esan ohi dugu huts egiten duen ikasleak ez duela gauza bakarrean kale egiten; hauxe da arrazoia, neurtzeko zenbait deskriptore isolatu beharra dugun arren, egia esan komunikazio unean etengabeko elkarreraginean dihardute. Jarioa, beraz, abiadura baino zertxobait gehiago delakoan nago, eite konplexuko kontzeptua, tamalez maiz urbitsetan dihoakiguna. 2006/09/18 - 08:03:03
Dedioo!
Dedioo! Ekarpen honen izenburuak “diskurtsoaren autozuzenketa eta monitorizazioa” izan beharko luke; baina zintzo jokatuz gero, nork irakurri? -Argitaratu ala ez-zalantza izan dut. Bat-batean Karrajua etorri zait burura : Dedioo! Dedioo! zioen gaiari begira, eta orduantxe hartu dut zuenganatzeko erabakia: – Munduan diren landare eta lore guztiak izanda, morroi honek kardaberei ateratzen badizkie argazkiak, gai izango da ipuin goxoei jaramon egin beharrean, gai latz honi ekiteko- pentsatu dut. - Eta izango al da beste inor horrelakoa irakurtzeko besteko barrenarekin?- galdetu diot ondoren neure buruari. Berehala erabaki dut ezetz. Berdin dio. Ezer ez da berdin (II): monitorizazioa eta autozuzenketa Sarritan monitorizazio gaitasuna ez dugu kontuan hartzen edo ez diogu behar besteko garrantzirik ematen edo autozuzenketa eta monitorizazioa sinonimotzat jotzen ditugu (badira aldeak, ordea). Autozuzenketa gaitasuna, ostera, ebaluatzerakoan gehienetan kontuan hartzen dugun faktorea da, eta honela izan behar du halabeharrez. Zalantzarik gabe, gaitasuna da ikaslea berez konturatzea ezagutzatik erabilerarako (gramatikatik zuzentasunerakoa) transferentzian akatsa egin duela. Baina izan dezagun kontuan gaitasun horrek baduela beste gaitasun/estrategia orokorragoa eta garrantzitsuagoa atzetik: monitorizazioarena, hain zuzen. Bere ekoizpena monitorizatzen dakien ikasleak soilik, izan dezake autozuzenketa gaitasuna. Baina monitorizazioa ez da bakarrik zuzenketarako erabiltzen, diskurtsoaren ekoizpenerako ere erabiltzen da. Zenbat eta monitorizazio hobea izan, hobeto egituratuko du diskurtsoa, eraginkorragoa izango da komunikazioa, eta zuzentasunari dagokionez akats gutxiago egingo ditu. Jarduerazko akats gutxiago izango dira (“despiste” deitzen ditugun horietan, finean automatismo ezak eta monitorizazio akatsak daude; “despiste” soila baino larriagoak izan daitezkeen arazoak, beraz). Zenbaitetan, konpetentzia arazoak (ezagutza ezak eragindakoak) eta interlingua arazoak (ama hizkuntza/ xede-hizkuntzaren arteko interferentziek eragindakoak) ere ekidin ditzake monitorizazioak, horretarako estrategia egokia aukeratuz (birformulazioa, itzurpena...); eta finean, paradoxa bada ere, monitorizazio gaitasun egokia duen ikasleak autozuzenketaren behar gutxiago izango du. Bukatzeko esan, nire ustetan monitorizazioaren kontzeptuan sakontzea merezi duela, autozuzenketa gaitasun soiletik bereiziz eta berez duen garrantzia aitortuz. 2006/09/10 - 09:37:02
