Dantzan.com blog komunitatea

Dantzan.com

Bosniako bidaia - aurrerapena

Abuztuan Bosnia aldean izan gara dantzan, Bijeljina herriko " "Rhythm of Europe" jaialdian, hain zuzen . Ez genuen nahi bezainbat dantzatu, emanaldi gutxiko jaialdia izan baita, baina bidaiak izan ditu bere alde aberasgarriak. Mezu honetan, jaialdiko ardurardunek haien webgunean eskegitako zenbait argazki. Laster helduko dira gureak! Antolatzaileek igotako argazki guztiak, hemen .  2010/08/31 - 10:40:01

Xabier gogoan

 2010/08/13 - 00:23:02

Tuterako festetan

Santiago egunez ezin izan ginen Elizondora joan, Tuteran baikenuen dantzarako zita. Aurten, laugarrenez, bertako Beterrik peñak gonbidatuta erriberako hiriburuko festetan izan ginen dantzan eta musika jotzen, arratsaldez. Zenbait ingurutxo, jota, porrusalda eta jauzi dantzatu genituen hainbat plazatan eta tuterarrak ere animatu ziren gurekin dantzan egitera. Ordu t'erdiz ibili ginen karrikaz-karrika eta azkenerako motz egin zitzaigun egun horretako jarduna. Tuterarren harrera, beti bezala, bikaina izan zen eta ia heldu den urtean ere bueltatzeko aukera dugun! - Tuterako emanaldiko argazki sorta hemen .  2010/08/02 - 11:15:02

Profesionalak eta amateurrak

 2010/07/30 - 15:42:06

2010eko San Ferminen kronika

Badira egun batzuk iruindarron urtean bitan zatitzen duten festak amaitu zirela eta indarrak berreskuratu ditugun heinean, horien berri emanen dugu hurrengo lerrootan. Uztailak 6. Iruñerriko dantza talde guztion emanaldia Foruen plazan Urtero bezala, Foruen plazako emanaldiarekin eman genion hasiera festei. Talde guztiek Agintariena egin ostean, neskek Ziekoko dantzak egin zituzten, mutilek Gipuzkoako uztai-txikiena eta brokel-makilena eta denok elkarrekin Zangozako jota. Ondotik, Larrain-dantza irekia jo zuten gaiteroek nahi zuen guztiak dantza zezan. - Uztailaren 6ko argazki sorta hemen . Uztailak 7, San Fermin Jaiak gogoz hartzen ditugu eta gogorra izaten da 6tik 7rako transizioa. Goizean-goiz, entzierroaren orduan-edo, geratzen gara arropaz aldatzeko eta normalean, dantzariak fresko samar agertzen dira. Uztailaren 7an Aritz Ibañez izan zen buruzagia eta Iñaki Sagardoi bandedaria. Prozesioa goizeko 10:30etan hasi eta 14:30ak inguruan bukatu genuen. Ibili ostean, dantzatzeko garaia ere heldu zitzaigun. Aurten Argia dantzari taldeko maisuekin errepasoa eman genion Iribasko ingurutxoari eta zenbait aldaketa egin genituen eta horixe plazaratu genuen uztailaren 7ko eguerdian, udal plazan. - Uztailaren 7ko argazki sorta hemen . Uztailak 10, Iruñeko erraldoiak gurean dantzan Benetako ohorea da guretako urtero-urtero Iruñeko erraldoi eta kilikien konpartsaren bisita jasotzea. Aurten, uztailaren 10ean egin ziguten bisita, hain zuzen ere konpartsaren egunean eta gure egoitzako atean egin zuten dantzan. Trukean meloi eta edari freskoak atera genizkien, egarria baretzeko. Erraldoien eta buruhandien konpartsak 150. urteurrena egiten du aurten eta hemendik zorionik beroena opa nahi dizkiogu! - Uztailaren 10eko argazki sorta, hemen Eta ia konturatu gabe, eta kasik gogo apur batekin ere bai, heldu zen uztailaren 14a, San Ferminen zortziurrenaren eguna. Berriz ere prozesioan parte hartu genuen (eskerrak 7koa baino azkoz motzagoa den). Hasier Moreno izan zen buruzagia honako honetan eta Iñigo Gartzia banderaria. Prozesioaren ostean 6 dantzarik kilikiekin dantzatu zuten "La Dominguera": Leire Leza, Amaia Irigoien, Ainara Ranera, Izaskun Arriaran, Rakel Gartzia eta Itziar Perez-ek. Ondotik, ohi dugunez, Larrain-dantza egin genuen Iruñeko gaiteroen doinuek lagunduta. - Uztailaren 14ko argazki sorta, hemen Taldeari dagozkion lan hauetaz gain, erraldoiak dantzatzen, erraldoiek dantza dezaten musika jartzen (gaitak, txistuak eta danborrak), uztailaren 7an bertan behera geratutako txistu eta gaita dantzaldi inprobisatuan jotzen, txistulari alardean dantzan eta jotzen... aritu dira taldeko zenbait dantzari eta musikari. Txirrin-txanketan min dugu hanketan. Sendatuko zaigu heldu den urteko San Ferminetan!  2010/07/30 - 13:47:02

XXI. menderako tradizio bat

Gure dantza taldearen behar bati erantzunez sortu ditugu Arrateko Amaren dantzak. Eibarko Udalari, komunikabideei, Arrateko jaietako antolatzaileei, parrokoari eta hurbildu zitzaizkigun guztiei beste pelikula bat kontatu genien. Arratek dantza errepertorio propioa merezi zuela esan genien. Horrelako erromeria eder batek, Arrateko Ama Birjinak Debabarrenan duen predikamentuak eta historian zehar Arratek herri musika eta dantzarekin izan duen lotura estuak merezi zutela dantza tradizio eder bat. Eta gu prest geundela ahalegin hori egiteko, gure indar eta tresna guztiak lanean jarriko genituela Arratek merezi duen tamainako dantza errepertorio bat eskaintzeko. Baina ez, ez zen hori izan bidaia honetara bultzatu gintuen arrazoi nagusia. Gure dantza taldeari, Kezka dantza taldeari komeni zitzaiola pentsatu genuelako ekin genion dantza sorta berria prestatzeari. Ia mende erdiz Euskal Herriko bazter guztietako dantzak ikasten eta eskaintzen jardun ondoren, gure dantza tradizio propioa izateko garaia genuela erabaki genuen. Konspiratzen hasi eta halako batean konturatu ginen Arrate zela gure hegazkinarentzat aireportu aproposena. Konspirazioaren lainoetatik Arrateko zelaian aterrizatu arte egin dugun bide horren narrazio pertsonala da honako testu hau. Horrelaxe hasten da 2006an Arrateko dantzak aurkezteko idatzitako testua. Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailak antolatuta Festa Berriak izeneko jardunaldiak burutu ziren Donostian eta jardunaldi horretan aurkeztu nuen komunikazioa. Arrateko dantzak abiatu berri ziren, eta oraindik zer nolako harrera izango zuten jakin gabe, martxan jarritakoaren nondik norakoak azaltzen saiatu nintzen testu horretan. Jentilbaratz aldizkariaren 11. zenbakian argitaratu da artikulua, eta horrekin batera sarean jarri dut, nahi duenak bertan irakur dezan osorik: - Arrateko Amaren dantzak: XXI. menderako tradizio bat  2010/07/27 - 12:23:02

Pastorets artean dantzan Torredembarran

Torredembarrako Ball de Pastorets-arren 10. urteurrena ospatzeko festan izan gara Tarragona aldean. Uztailaren 10-11 astebururako antolatu zituzten urteurren ekitaldiak, tartean larunbatean, 10ean, Ball de Pastorets-en trovada edo biltzarra. Harrera beroa egin zigun Torredembarrak zentzu guztietan. Bertakoak abegikor, oporreterako toki ederra, dantzarako zein festarako antolaketa dotorea, eta eguraldia ere bero-beroa. Agrupació de Balls Populars de Torredembarra elkarteak antolatu zuen jaialdia. Elkarte horretan baitan bastonersak, pastorets, zaldikoak, erraldoiak, eta abar biltzen dira, eta pastorets-en urteurrena antolatzeko laguntzen aritu ziren gainontzeko kideak. Ostiral gauean iritsi ginen Torredembarrara, eta larunbat goizean hondartzan eta herria ezagutzen pasa ondoren, larunbat arratsaldean izan genuen emanaldi nagusia. Kataluniako pastorets talde esanguratsu batzuk bildu ziren ekitaldian: - Ball de Pastorets (Vendrell) - Ball de Pastorets (Tarragona) - Ball de Pastorets (Vilafranca del Penedès) - Ball de Pastorets (Vilanova i la Geltrú) Horiekin batera herrikoak eta kanpoko ordezkari moduan Eibarko kezka dantza taldea: - Ball de pastorets (Torredembarra) - Kezka Dantza Taldea (Eibar) Kalejiran ibili ginen talde guztiak, Torredembarrako kale nagusian barrena, dantza laburrak eginez geldialdietan. Gaztelu plazara (plaça del Castell) iritsi ginenean talde bakoitzak emanaldi bat eskaini genuen. Ball de Pastorets eta ezpata-dantzen arteko loturak ikusteko aukera izan genuen bertan. Artzain-en dantzak dira hitz-hitz Ball de pastorets-ak, eta makila luze batzuk darabiltzate dantzarako. Makila horiek elkar jotzen dituzte une batzuetan, baina ondoren elkarri eman, eta arrosa edo parrillak osatzen dituzte eta haien gainean igotze da dantzarietako bat. Goian dagoena "biba" batzuk bota ohi ditu. Ondoren, behera jaitsita ganbarako arkua egiten da, Gipuzkoako ezpata-dantzan egiten diren ohorezko arkuak bezala. Talde guztiek bere emanaldia egin ondoren, talde guztiak batera atera ginen plazara eta denok arrosa egin eta dantzari bat igo genuen gainera. Ondoren zubiak egin genituen eta elkarren zubietatik pasa ginen. Gaztelu plaza ederrean izan zen emanaldia. Ondoren afaria eta festak jarraitu zuen, eta biharamunean ardi-zakur lehiaketa ikusteko parada izan genuen. Kataluinako telebista lokalen sare batean erreportaje zabala eskaini zioten Torredembarrako Ball de Pastorets-en jaialdiari. Hona hemen Iñaki Zugastik egindako argazki sorta: - X. Trobada Ball de Pastorets de Torredembarra [argazkiak]  2010/07/20 - 16:11:05

XXIV.ean, India eta Dagestan

 2010/07/15 - 14:28:02

AURTEN BAITA SANJOAN ARBOLARI ERE

 2010/07/08 - 12:30:02

Gorputzaren gaitasun eremuak zabaltzen

Dantzara begira gorputzaren prestakuntza fisikoa eta teknikoa lantzeko bide desberdinak proposatu zituen Josu Mujikak Dantzagunean 2010eko ekainaren 19an eta 26an eskainitako ikastaroan. Dantza tradizionalean ibili zen gaztetxoa zela Mujika, eta ondoren Bartzelonan IT Dansan eta Beljikan, Maurice Bejart-en Mudra eskolan osatu zuen bere formazioa. Dantzari profesional bezala Beljikan eta Italian aritu ondoren, dantza irakasle aritzen da Euskal Herrian. Dantza tradizionalaren alorrean hain ohikoak ez diren ariketa eta mugimendu sorta zabal bat landu zituen bi egunetan zehar Josu Mujikak. Askotan mugimendu bat edo pauso bat egiten blokeatu egiten gara, eta horregatik mugimendu eta urrats sorta zabalago batekin lan egitera gonbidatu gintuen Mujikak, gero ohikora itzultzen garenean askoz samurrago gertatuko zaigulako. Lurreko ariketak, zutikakoak, barrakoak eta diagonalak egin genituen, eta espazio bakoitzean landu daitezkeen aukera desberdinetako batzuk probatzeko aukera izan genuen. Musika, urrats konbinazio eta mugimendu desberdinak probatu eta lantzera animatu gintuen Josu Mujikak, gorputza fisikoki eta koordinazioari dagokionez ere, malgutu eta indartu dezagun. Ezagutzaz gain, dantza klase bat aurrera eramateko irakaslearen bizipoza eta energia transmitatzeko gaitasunak zein garrantzi duen ere antzeman genuen bera lanean ikusita. - Josu Mujika: Gorputzaren prestakuntza fisikoa [argazkiak]  2010/07/07 - 17:11:01