Azpeitia, Urola-kostako hitza
Hitzako albiste zerrenda azpeitia
Iraurgi ahoko osasuntsuaren alde
2010/11/04 - 00:17:01
Udalak hainbat langabetu kontratatu ditu zenbait udal azpiegitura eraberritzeko
Azpeitiko Udalak, bergizarteratzeko egitasmo baten bidez, langabezian zeuden zortzi langile kontratatu ditu. Udal azpiegiturak berritu behar dituzte, igeltserotza eta margotze lanak eginez. Enparan Dorretxean udal liburutegia handitzeko lanak egiten ari dira egun hauetan. Udalak kontratatutako zortzi langile horietatik sei ari dira bertan lanean. Besteak beste, Enparan Dorretxeko leihoak eta balkoiak lixatzen eta margotzen ari dira. Horretaz gain, azken solairua goitik behera ari dira berritzen. Gero liburutegia izango den lehen solairuko aretoa egokitzen ari dira: hormak txukunduz eta margotuz, elbarrituentzako sarrera-irteerak egokituz, eta bainu berriak eginez. ... 2010/11/04 - 00:17:01
Datorren astean adinekoetzat hainbat ospakizun izango da
Datorren astean Azpeitiko adineko pertsonek non gozatu eta zer ospatu izango dute. San Martin eguna gainean dela, Egoitzako Astea ospatuko dute San Martinen astelehenean hasi eta larunbata bitartean. Baigera Erretiratuen Elkarteak antolatuta, berriz, Jubilatuen Aste Nagusia izango da astelehenetik igandera. San Martin egoitzan ospakizunak ekitaldi berezi batekin hasiko dituzte astelehen goizean, hamaiketan. Iraurgi ikastetxeko haurrek ere parte hartuko dute han. Gero, aste guztian zehar, mahai-joko txapelketak, musika eta bideo emanaldiak eta bingo berezia izango dituzte, besteak beste. Baina jai egun nagusia San Martin egunez, azaroaren 11n, ospatuko dute, txokolate-jan eta guzti. ... 2010/11/04 - 00:17:01
Larunbatean ardo upategi erraldoi bihurtuko da plaza
Larunbat honetan ospatuko dute bosgarren urtez Ardo Eguna, eta herriko plaza upategi erraldoi bihurtuko da beste behin ere. Azpeitiko Udalak eta Odriozola ardo etxeak antolatu dute ekimena, eta Errioxako, Arabako Errioxako eta Nafarroako 25 upategi baino gehiagok hartuko dute parte, baita Somontano eta Rueda jatorri izendapeneko bi upategik ere. Postuak 11:30ean irekiko dituzte eta 14:30ak arte egongo da ardoak dastatzeko aukera. Berrikuntza moduan, ardo-dastaketa bera sustatzeko asmoa dute, eta horretarako 4 euroren truke 8 ardo txiki edateko aukera ematen duen txartela erosi ahalko da. ... 2010/11/03 - 01:06:01
«Ederra da usoak bueltan direla ikustea»
Hegaztizalea da Justo Isart (Azpeitia, 1967), baina batik bat usozalea edo kolonbofiloa. Txiki-txikitatik gustatu izan zaizkio usoak, eta umea zenetik ditu, «beti uso mezulariak», dio. Txabolan eduki izan ditu usoak beti; gaur egun Madalena auzoko txabolan ditu usategia eta oilotegia. «Oiloak libre ibiltzen dira baina, usoak, orain ehiza garaian usategi barruan edukitzen ditut. Behin ehiza garaia bukatzen denean hasiko naiz libre uzten, entrenatzen eta lehiaketako denboraldirako prestatzen», dio. Txabolan bertan hartu du UROLA KOSTAKO HITZA, hegaztiei jana eman ondoren. Hegaztiena afizio baitu; ofizioa, berriz, Urtzi tabernan zerbitzari aritzea. Usategi berria eginda du, eta hantxe ditu 54 usoak; denak mezulariak. «Lehen beste usategi bat nuen, baina usoak erraz gaixotzen zitzaizkidan. Orduan, berri bat egitea erabaki nuen, eta berrian jarri ditudanetik ez zait bakar bat gaixotu. Nonbait, eguzkiak gehiago jotzen du oraingoan», dio. Azpeitian Isartez gainera beste hiru usozale ere ibiltzen dira uso mezularien lehiaketetan, eta Zumaian ere beste dozena erdi bat badela dio. ... 2010/11/03 - 01:06:01
Herriari itzuliak mugarik muga emateko ekimena antolatu dute
Historia, kirola eta inguruak ezagutzeko aukera uztartu dituzte Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean. Horretarako, Azpeitiari itzulia mugarik muga izeneko ekimena antolatu dute, Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurrenaren inguruko ekitaldien baitan. Lau etapatan, herriko mugak egingo dituzte oinez, batzutan herriko mugetatik kanpo irtenda eta beste batzutan mugetatik barrura eginda, «bide guztiak mugetan ez dihoaztelako», Lagun Onak-eko kide Josu Izagirrek azaldu duenez. Prestatutako lau mendi ibilaldiak honakoak dira: Azpeitia-Matxinbenta (azaroak 6), Matxinbenta-Ibarbia (azaroak 13), Ibarbia-Lasao (azaroak 27) eta Lasao-Azpeitia (abenduak 4). Denak, larunbatetan izango dira eta 08:00etan herriko plazatik irtenda; lehenengo etapa hasieratik oinez egingo dute, eta gainontzekoetan autobusez joango dira etapa hasten den tokira. Etapa bukatzen den tokitik herriko plazara, berriz, autobusez itzuliko dira beti. Horregatik, antolakuntza lanak errazteko, etapa bakoitzerako izena aurrez eman beharko da. ... 2010/11/02 - 00:13:15
Ahoko osasuna aztertuko dute plazan
Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak gaur eta bihar enparantza nagusian unitate mugikorrak jarriko ditu, herritarrei ahoko eta hortzetako ikusketak egiteko asmoz. Azterketak doakoak izango dira; Ahoa, osasunaren sarrera lelopean, «hortzak ongi garbitzeak bakterio patogenoen zatirik handiena ezabatzeko duen balioari» buruzko informazioa emango dute dentistek. Ahoko Osasunaren Gipuzkoako Astearen baitan egingo dute ekimena, eta 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara egingo dituzte ahoko azterketa horiek. Gaitzetarako arriskuak Hortzen inguruko gaixotasunak helduen %97ari eta nerabeen %70ari eragiten diela adierazi dute antolatzaileek. Era berean, gaixotasun horiek «kronikoak» izan daitezkela nabarmendu du Gipuzkoako elkarteak. ... 2010/11/02 - 00:13:15
Kruzelegik eraman du txapela
Jon Kruzelegik irabazi zuen joan zen larunbatean hirugarren aldiz Zarautzen jokatu zuten Azpeitiarren Surf Txapelketa. Lagun arteko lehiaketan parte hartu zuten berrogei herritarrek goizean goizetik ekin zioten lehiari; sailkapenen bidez eraman zuten surf txapelketa aurrera Kanala inguruan. Hasieran, bost lagunez osatutako taldeek zortzi saio egin zituzten. Hamasei lehiakide geratu zirenean, berriz, lau txandatan sartu ziren olatuak hartzera. Arratsaldean, finala jokatu zuten lau lagunek, eta azkenean Kruzelegik eraman zuen lehenengo aldiz txapela, aurreko bi urteetan Ugutz Karrerak irabazi baitu txapelketa. ... 2010/11/02 - 00:13:15
Iazko partaidetza handitu du krosak
Iaz baino parte-hartzaile gehiago izan zituen atzo bigarrengo aldiz egin zuten Azpeitiko Ikasberri II. Kros Mistoak. 175 bikotek hartu zuten parte Azpeitiko kaleetan egin zuten 6,7 kilometroko lasterketan, aurreko urtean baino 64 gehiagok, hain zuzen. Maider Gaztañagak eta Mitxel Cuadradok osaturiko bikote ordiziarrak irabazi zuen lasterketa, eta marka berria jarri zuten gainera, iazko bikote azkarrenari minutu eta zortzi segundoko aldea atera ondoren. Bigarrengo postuan, berriz, Maite Maiora eta Aritz Ruiz de la Torre geratu ziren, eta Marisol Ramosek eta Mikel Ugartek egin zuten hirugarren. Nerea Etxeberria eta Ruben Almendro, berriz, herriko eta eskualdeko lehenak izan ziren, laugarren postuarekin. ... 2010/10/30 - 23:38:01
Aste berezia Bistaeder zentroan
2010/10/30 - 23:38:01
