Edizio jarraia, Urola-kostako hitza
Urola-kostako hitzako azken ordua.
Gaurko afari solidarioa, Marokori buruz
Kristau Biltokian sarri — sarri egiten dituzten afari solidarioek gaur izango dute saio berria. Oraingo honetan Maroko izango da protagonista, eta hitzordua Azken Portuko Kristau Biltokian jarri dute, 20:30erako. Arantxa Arakuak eta Arantxa Arrutik hitz egingo dute Afrikako herrialdeari buruz. 2010/11/05 - 16:21:04
Astelehenean hasiko dituzte sanandresetako danborradarako entseguak
Hilaren amaieran ospatuko diren jaien baitan egingo dute urteroko helduen danborrada; horregatik, taldeak Gurea pilotalekuan hasiko dira entseatzen datorren astetik aurrera. Azaroaren 27an izango da danborrada; entseguak, berriz, astelehenetik aurrera, astean hirutan: astelehenenetan eta asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara bitartean bilduko dira, eta larunbatetan 11:00etatik 12:00etara bitartean izango dira entseguak. Azaroaren 30ean ospatuko dute herrian San Andres Eguna. 2010/11/05 - 16:21:04
70 urtetik gorako herritar guztien etxebizitzetan suteak detektatzeko gailuak jarriko
dituzte
Getariako Udalak 70 urtetik gora dituzten herritar guztien etxebizitzetan suteak detektatzeko gailuak jarriko ditu. Getariako alkate Andoni Aristik azaldu duenez, gailua 150 etxebizitzetan jartzea aurrikusi dute eta bi aste barru hasiko dira horiek muntatzen. Udalak ordainduko du detektagailua, horren instalazioa eta urtero egin behar den mantenua, azaldu du. 2010/11/05 - 16:21:04
Mintzalagunek ikasturtea abiatuko dute gaur
Mintzalagun ekimenaren ikasturte hasierako ekitaldia ospatuko dute egitasmoan parte hartzen ari diren mintzalagunek gaur iluntzean Euskadiko Kutxak Zarauzko Zigordia kalean duen aretoan. 19:00etan hasiko da ekitaldia eta bertara hurbiltzen direnek mokadutxo bat jateko aukera izateaz gain, umore, akrobazia eta sorpresaz beteriko antzezlanaz gozatuko dute. Oraindik ekimena ezagutzen ez dutenentzat proiektua ezagutzeko aukera bikaina izango da. 2010/11/05 - 16:21:04
Lope de Olanori buruzko liburua kaleratuko dute gaur
Edward Rosset idazleak, Miguel de la Quadra hitzaurrearen egileak eta Asier Aranbarri Azkoitiko alkateak 'El Capitán Olano' liburuaren aurkezpena egingo dute gaur. Elkargunean izango da ekitaldia, 19:00etan. Eleberri historikoak marinel eta kolono azkoitiarraren bizitza du oinrarri. Lope de Olanok (1474 — 1516) Amerikan dagoen San Andres artxipelagoa 'aurkitu' zuen, duela 500 urte. «AEBetatik bidalitako mezu baten bitartez izan genuen Olanoren berri. Marinel hori oso ezezaguna da inguruan, baina bizitza bitxia izan zuen; garai hartan, artxipelagoaren aurkikuntza egin eta gero, Espainiako monarkiak traidoretzat jo eta hiltzea erabaki zuten, baina gero libratu egin zen. Azkenean, ordea, bertan bizi ziren indioek hil zuten», adierazi du Aranbarrik. 2010/11/05 - 16:21:04
Gazteria sailak Koadrila Egunaren balorazio positiboa egin du
Gazteria sailak aurtengo Koadrila Egunaren balorazio positiboa egin du. " Antolakuntza arloan lan aparta egin da eta parte — hartzea handia izan da " adierazi du Gazteria zinegotzi Andoni Ibargurenek. 2010/11/05 - 16:21:04
Motxo arrantzontzia apur bat mugitu da, baina oraingoz atzoko tokian jarraitzen du
Deba eta Zumaia arteko kostaldean ez atzera ez aurrera harrapatuta dagoen Motxo itsasontzia apur bat mugitu da, baina oraindik bere horretan jarraitzen du, eta 15:00ak aldera saiatuko dira berriz hura handik ateratzen. Motxo arrantzontziaren goizeko irudiak ikusgai daude Baleike.com helbidean . 2010/11/05 - 16:21:04
Ordu gutxi barru prest izango dira Urola Kostako HITZA-ren webgune berriak
Ordu gutxi batzuk igarota, prest izango dira HITZA — ren webgune berriak. Urola Kostakoa (www.urolakosta.hitza.info) ez ezik, hainbat herrik bere propioak izango dituzte hemendik aurrera: Azkoitian www.azkoitia.hitza.info; Zarautzen www.zarautz.hitza.info; Getarian www.getaria.hitza.info; eta Zestoan www.zestoa.hitza.info. Azpeitian eta Zumaian, berriz, bertako herri aldizkarien webgunetara eramango gaituzte www.azpeitia.hitza.info — k (www.uztarria.com helbidera) eta www.zumaia.hitza.info — k (www.baleike.com). Bestetik, Berria.info berria prest dago, baita Berriketan.info sare soziala ere, nahi duenarentzat erabilgarri. 2010/11/04 - 22:32:01
Mikel Aierbe zarauztarra gailendu da Munduko Banakako Pala Txapelketako kanporaketako
lehenengo jardunaldian
Mikel Aierbe zarauztarra gailendu da Munduko Banakako Pala Txapelketako kanporaketako lehenengo jardunaldian. Erlantz Zulaika getxoztarrarekin lehiatu da, eta 47 — 35 irabazi du zarauztarrak. Abenduaren 6an jokatuko dute mundu mailako txapelketa. 2010/11/04 - 22:32:01
Saharari babesa eskaintzeko elkarretaratzea egin dute
'Sahararen heriotza, munduko lotsa!' lelopean, atzo iluntzean elkarretaratze isila egin zuten Saharautz Elkartasun Taldeak deituta. Sahararrei elkartasuna adierazi eta azken asteetan Marokoko poliziarengandik jasaten ari diren " oldarraldi bidegabea salatu eta nazioartearen isiltasuna deitoratu " nahi izan zuten ekintza horren bitartez. 2010/11/04 - 22:32:01
