Altza, Irutxuloko hitza

hitzako albiste zerrenda altza

Mikrobusa Molinaoko goialderaino iritsiko da

Dbusen 38 lineak Azkuene kalea eta Molinao lotzen ditu. IRUTXULOKO HITZAk aurreratu zuenez, Molinaoko auzo elkarteak Dbusi eskatu zion linearen ibilbidea aldatzeko, Molinaoko goiko aldera iritsi zedin. Dbusek auzo elkarteari azaldu zion eskaera egingarria zen edo ez aztertu behar zuela, bai denborari zegokionez, eta baita kostuari zegokionez ere. Azkenean, Dbusek baiezkoa eman dio auzo elkarteak eskatutakoari. Artxipi poligonoaren atzealdetik errepidea egin berri dute eta bide horretan gora joango da, hain zuzen, mikrobusa. Behin goraino iritsita, Molinao bidean behera jaitsiko da. Mikrobusa ordu jakin batzuetan igoko da auzunearen goialderaino. Dbuseko iturriek azaldu dutenez, oraindik ez dago guztiz zehaztuta noiz iritsiko den mikrobusa goraino, izan ere, obretan ari dira inguru horretan. Behin lanak guztiz bukatuta eta mikrobusarentzako bihurguneak egokituta, moldatuko dute ibilbidea. ...  2009/09/16 - 23:04:01

Mikrobusa Molinaoko goialderaino hel liteke, berritze lanak bukatuta

Trintxerpe-Molinao mikrobusaren ibilbidea alda lezake Dbusek. Une honetan Molinao aldean azken geltokia beheko plazatxoan du, eta baliteke luze jo gabe goiko aldera ere iristea. Hain zuzen ere, auzo elkarteak egin du eskaera mikrobusa goiko aldera iritsi dadin, inguru horretako bizilagun asko adinduak direlako, eta aldaketa gauza dezaten Dbusen ordezkariekin elkartu dira. Dbusek gaia aztertuko zuela agindu zien, baina hasiera batean zaila ikusten zuten eskaerari baiezkoa ematea, bai denboragatik bai kostuagatik. Gasa, aste gutxi barru Molinaon beste lan batzuk egiten ari dira. Artxipiko poligonotik gora zihoan bidea zabaldu eta errepide bihurtu dute. Aldaparen hasieran bi norabidekoa da, baina lehen bihurgunetik aurrera, norabide bakarrekoa da, gorantz. Lan hauei esker, Molinao bideak norabide bakarra izango du bi izan beharrean; beherantz, hain zuzen. Hori horrela, autobusaK Artxipi poligonoko aldapan gora egin dezake eta Molinao bidean behera joan. ...  2009/09/09 - 23:31:02

Buenavista eta Herrera arteko bidegorria egiteko proiektua eman du Aldundiak

Herrera eta Buenavista artean bidegorria egiteko azterketa egingo du Sestra enpresak. Ingeniaritza eta arkitektura enpresa horrek 29.000 euro jasoko du proiektua egiteagatik. Hasieran, beste enpresa bati eman zioten eginbeharra, baina arazo bat tarteko, lehiaketan bigarren postuan geratu zenak hartuko du bere gainproiektua bidegorri zati bat, Pasai Antxo eta Buenavista parean, Donostiako norabidean eta horri jarraipena emateko proiektua landuko dute datozen hilabeteotan. Kalapiek bizikleta martxa bat baino gehiago egin izan ditu azken urteetan, bidegorri zati hori egin dezaten, izan ere, arriskutsua da ibilgailuak azkar igarotzen direlako. Herreran, Topo geltokiaren parean, bizikleta zuri bat jarri zuten iazko azaroan bertan auto batek harrapatuta txirrindulari bat hil zela gogorarazteko. ...  2009/07/23 - 23:06:02

Buenavistako igogailuak martxan jartzea eskatu du PPk

Buenavistan egin dituzten bi igogailuen inguruan kezka agertu du PPk. Eraikita daudenez, oraindik martxan zergatik ez diren jarri jakin nahi dute. Ibiltzen hasteko egunik aurreikusi duten galdetuko dio PPk Udal Gobernuari. Bi igogailuen artean 22 metro altuera gaindi daiteke. Lehenengo igogailua Lau Teilatu sagardotegia zegoen tokira iritsiko da, beheko aldea Gure Anaiak etxearen inguruarekin lotzen baitu. Berraraino iristeko, ordea, beste igogailu bat eraiki dute. Bigarren honek esfortzurik gabe 13 metro gora joatea ahalbidetuko du. Lan hauek, dena den, hainbat atzerapen izan ditu mendi magalean izan diren lur jausiak eraginda. Hasiera batean, otsailerako aurreikusita zuten bi igogailuak eraikitzeko lanak bukatzea. Luiziak, ordea, lanak atzeratu eta udararako dena prest egotea aurreikusi zuten. ...  2009/07/04 - 00:08:02

Urtebeteko atzerapenarekin jasoko dituzte maizterrek Buenavistako babestutako etxeak

Buenavistako babes ofizialeko etxeko giltzak urtebeteko atzerapenarekin emango dituzte. Udaleko iturriek diotenez, jabetzen dira hainbat maizterri eragozpenak eragin dizkietela, baina nabarmendu dute etxebizitzak bukatuta daudela eta mendi magala sendotzeko obrek eragin dutela atzerapena. Joan den otsaileko euriteek luzia eragin zuten. Mendi magalaren goiko aldea sendotu dute eta hemendik aurrera erditik beherakoari helduko diote. Zozketa, iazko maiatzean Udalak joan den urteko maiatzaren bukaeran zozketatu zituen Buenavistako babestutako 100 etxeak, Igeldo, Lardi Alde eta Lugaritzeko etxebizitza batzuekin batera. Buenavistako etxeetako batzuk eman dituzte dagoeneko ¬eskola zaharra zegoen tokian¬, baina etxe zaharren eta mendiaren artean egindakoak oraindik ez. Maizter batek zozketa egin zutenetik hona izandako gorabehera guztien berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri. Zozketa egin eta egun gutxira etxebizitza hartuko zutela baieztatu behar izan zuten eta Udalak urtea bukatu aurretik giltzak jasoko zituztela esan zieten. Beti ere maizter horren arabera, abenduan telefonoz deitu zuten informazio eske, eta epea ez zutela beteko esan zieten. ...  2009/07/01 - 23:59:02

Patroiari ohore

San Joan sua izaten da leku askotan urteko gaurik bereziena. Altzan, San Martzial bezperak du kutsu hori. Herenegun gauean jende asko elkartu zen alkateordetzaren aurrean, San Martzial ereserkia eta danborrada entzuteko, eta alkateordetzako balkoian bandera jasotze ekitaldia ikusteko. Haurrek gozatu ederra hartu zuten ordu txikiak arte kalean egonik; haientzat opor luzeen hasiera da. Helduek, beren aldetik, tradizioari eutsi nahian, zapi berdea jantzi eta patroiari gorazarre egin zioten. 60 bat danbor eta barril jotzailek osatu zuten danborrada. Altzatarra elkartean Joxe Mari Arrietak prestatutako bakailao tortilla eta saiheskia jan eta gero, kalez kale jo zuten galtza urdinak, alkandora zuria eta zapi berdea jantzita. Maite Isasti duela bost urte hasi zen sanmartzialetako danborradan ateratzen. Parte Zaharrekoa da jaiotzez eta bere ustez, San Sebastian egunean Konstituzio plazan jotzea nola, hala izaten da Altzako bihotzean aritzea ekainaren 29tik 30era arteko gauean. Pedro Gomezek lau urte daramatza jaietako danborradan ateratzen. «Antiguan bizi naiz orain eta bertan kristoren giroa dago; ia etengabe dago festa giroa. Hala ere, oraindik ez naiz bertakotu. Koadrila hemen dut eta haiekin ateratzea atsegin dut». ...  2009/07/01 - 00:54:04

Ainara Vazquez altzatarrak tratu txarrak jasan dituela salatu du

Ainara Vazquez espetxeratzeko agindu du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Atzo goizean deklaratu zuen epailearen aurrean eta Garzonek baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du. ETArekin kolaboratzea egotzi diote eta Soto del Real kartzelara eraman dute, asteartean atxilotu zituzten Patxi Uranga eta Olatz Lasagabasterrekin batera. Hirurek tratu txarrak jasan dituztela salatu dute. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenaren arabera, autoz eraman zituztenean jo eta mehatxatu omen zituzten. Konfinantzazko medikuaren bisita atxilotu eta egun eta erdi ondoren jaso zutela gaineratu dute.  2009/06/27 - 23:45:03

Altzan tren geltokia egiteko azterketa eskatu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Garraio saileko arduradunek, Iñaki Arriola sailburuak eta Ernesto Gasco sailburuordeak, Eusko Trenbideen sarea hiriko metro bilakatzeko nahia agertu dute. Interesaz gain, Herrera eta Pasaia lotuko dituen trenbide berriaren ezaugarriak eta eraikitze kostuak neurtuko dituen azterketa egiteko prozesua martxan dutela zehaztu du Ernesto Gascok. Ondo bidean, hamar hilabeteko epean burutuko lukete azterketa. Hurrengo pausoa, Altzako geltokirako oinarrizko proiektua burutzea litzateke. Geltokia lur azpian eraikiko lukete, 60 bat metrotara. Asmoa geltoki berria Auditz Akularreko auzo berriaren inguruan eraikitzea da, altzatarrei Erdialdera nahiz Irun aldera iristeko 7,5 minutuko maiztasuna duen tren zerbitzua eskaintzeko.  2009/06/16 - 00:00:04

Hori-beltzen historia

Ekainak 6. Larunbata da. Futbol denboraldia bukatzear da. Hala ere, Herrerako futbol zelaian lehian dabiltza, Unai Etxebeste Sportingeko jokalaria zena omentzen ari baitira. Eta girotxoa badago harmailetan. Agustin Paulis klubeko lehen presidentea zelaiaren inguruan dabil, 76 urte dituen arren. Spotingeko jubeniletako taldea beroketa ariketak egiten ari da elastiko hori-beltzekin ¬horiek dira klubaren koloreak bigarren denboralditik, lehenengoan Herrerako aurreko taldearen kamiseta berdeekin aritu baitziren¬ eta jokalari guztiek Paulis agurtu dute haren aurrean igarotzean. Gazte hauek 18 urtetik beherakoak dira,eta beraz, ez dute ikusi Paulisek klubaren alde egindako lana, baina zer edo zer badakite, presidente izandakoa mitoa delako Herreran. Eta presidenteak ere gaztetxoei estimu handia die; haien artean jarri da talde argazkian. ...  2009/06/16 - 00:00:04

Auzoan ere, erosketetara plastikozko poltsarik gabe

Udalak eta Eroskik plastikozko poltsen erabilera gutxitzeko sinatutako hitzarmenaren berri eman zuten atzo. Altzako Auzoa Merkatarien Elkarteak antzeko ekimena jarriko du abian ekainaren 15ean. Telazko 11.000 poltsa banatuko dituzte Auzoa elkarteko dendek , Auzoarekin, zaindu ezazu planeta lelopean. Denera, Altza eta Larratxoko 54 bat dendatan eskuratu ahal izango dira. Ez da plastikoa alboratzeko egiten duten lehen saiakera. Aurretik ere eman izan dituzte telazko poltsak eta, elkarteko kideek diotenez, Altzan barrena ohikoa da ikustea elkartearen poltsak. Orain, baina, beste urrats bat eman dute aurrera. Aldundiaren laguntza ere eskuratu dute hondakin gutxiago sortzeko bidean eta horri esker eman ahal izango dituzte 11.000 poltsa. Gorriak eta beltzak dira, elkartearen irudia dute elebitan; alde batean, gaztelaniaz eta bestean, euskaraz. ...  2009/06/03 - 00:05:01

Nabigatu euskaraz