Egia, Irutxuloko hitza

hitzako albiste zerrenda egia

Euriarekin ere, festa gosez dira Egian

Festak hasi dira Egian. Berez, arratsaldean hasi ziren haurren jaitsierarekin, baina atzoko jarduera nagusia koadrilen igoera izan zen. Eguraldia espero baino hobea izan zen eta, zorionez, koadrilak ez ziren kanpotik gehiegi busti. Euria iritsi zen suziria botatzearekin bat, baina ez zuen gehiegi bota. Tabakalera paretik, Egia kalean gora, abiatu ziren denak txarangaren eta batukadaren doinupean. Azken egunetan mimo handiz prestatutako mozorroak erakusketako ordua zuten. Karrozarik ez zen izan, baina tramankulu xelebrerik, ordea, bai. Supermerkatua, dantzariak, piratak... Xirritarrek, esate baterako, supermerkatu ibiltaria antolatu zuten, lelo eta guzti: Egin krisiari irri. Letxuga, tomatea eta abar bazituen supermerkatu bitxiak. Orgatxoa, ezin aproposagoa. Txantxibirikoek twist-a ekarri zuten Egiara; dantza eta dantza ibili ziren. Xinkuko kideak ileorde laranja buruan abiatu ziren Egia kalean gora eta Periko taldea pirata itsasontzi txikiarekin iritsi zen Egiara. Trebeskako andereñoek eskolako liburuak besapean egin zuten igoera eta Aitortxoko pailazoak irria ezpainetan ibili ziren. Kirolaririk ere izan zen, edo kirolari animatzailerik hobeto esanda. Beharbada igoeran nekatuko ziren beldur, edabe magikoaren botila goraino beteta zeramaten... Gaur haurrek hartuko dute jaietako aginte makila. ...  2009/09/18 - 00:08:03

«Txosnak 01:00etan itxiz gero, jaiak galduko luke»

Koro Amilibiarentzat (Egia 1960) auzoko jaiak ez dira igandean bukatzen, astelehenean baizik. Jai batzordean diruaz arduratzen da Amilibia eta astelehena diru kontaketa egiten pasatzen du. Aurten astelehenetik haratago ere buruari eragin beharko diotela dio Amilibiak, uste baitu diru laguntzarik ez dutela jasoko. «Dirua ez dugu jasoko, ezin baitugu Udalaren baldintzak bete», dio Amilibiak. Zer moduz joan zen Denis Itxasorekin bilera herenegun? Dirua ez dugu jasoko, ezin izango baitugu haien baldintzak bete. Txosnak dirua ateratzeko jartzen ditugu eta, 01:00etan itxiz gero, ezin izango genuke ogitartekorik edo edaririk saldu. Hori horrela, jendeak tabernetara joko luke. Txosnak 01:00etan itxiz gero, jaiak galduko luke. Diru laguntza jaso ezean nola egingo duzue aurrera? Udalak laguntzarik ematen ez badigu, beste diru iturri batzuk bilatu beharko ditugu. Hori argi dago. Festetako aurrekontua 50.000 euro ingurukoa da, eta diru laguntza 12.000 bat euro izaten da. Gainerakoa geronek atera behar izaten dugu. Udalak diru laguntzarik eman ezean, bada haren zatia nondik atera pentsatu beharko dugu. ...  2009/09/16 - 00:00:01

«Diru laguntzarik gabe zailagoa bada ere, aurrera egingo dugu»

Harrituta daudela ez dute ukatzen Porrontxoetako jai batzordeko kideek. «Ez genuen horren debeku pila festak baino hamar egun lehenago jasotzea espero». Udalak haurrentzako antolatu beharreko jarduera batzuk eta kale antzerkia ez dituela egingo jakinarazi zion joan den astearen hasieran jai batzordeari. Horretaz gain, ezarritako ordutegiak ez dituztela betetzen arrazoituta, festak hasi aurreko diru laguntza ez duela emango iragarri dio Udalak jai batzordeari. Diru laguntzen auzia ez da berria, ordea. «Duela urte batzuk epaiketa izan zen eta epaia gure aldekoa izan zen; eman ez ziguten dirua jaso genuen azkenean, eta gainera interesekin», azaldu du jai batzordeak. Porrontxo jaiak 80ko hamarkadan sortu zituzten. «Ordura arte jairik gabeko auzoa zen Egia». Urteen poderioz, koadrilen batzarra sortu zen eta bertan hartzen dira erabaki guztiak. 60 koadrila izatera iritsi gara eta gu gara jaiak aurrera ateratzen ditugunak. Jaiak sortu zirenetik koadrilen jaitsierarekin hasi dira Porrontxoak, baina azken urteetan, zerbait berria egiteko gogoz, igoera egitea erabaki genuen. Igoeran edo jaitsiera girotzeko koadrilok mozorrotzeari gustua hartu diogu». Denis Itxaso zinegotziarekin elkartzekoak ziren atzo jai batzordeko kideak. Azkenean bilera astelehenean egingo dute. ...  2009/09/11 - 00:35:02

Denis Itxaso ez dela haiekin bilduko salatu du Porrontxoetako jai batzordeak

Egiako jai batzordea eta Denis Itxaso Kultura zinegotzia gaur ziren biltzekoak. Joan den astean Udalak jakitera eman zion jai batzordeari urtero bere gain hartu ohi zituen jarduerak aurten ez dituela antolatuko, zenbait arrazoi argudiatuta. Horri buruz hitz egiteko baliatu behar zuten gaurko bilera. «Udalak bertan behera utzi du zita, agenda arazoak argudiatuta, baina beste hitzordurik planteatu gabe». Beste aldetik, Udalak egitarauan jasota zeuden gaztelekuko ekintzak ere ez egiteko agindua eman duela iragarri du jai batzordeak. «Gaztelekuak kultur etxean du txokoa, eta jaietako jarduerak egiteko atea itxi eta Plaza Haundira jaistekoak ziren. Udaleko dei batek, ordea, kultur etxeko lokalean gera daitezela agindu die jaietako ekintzak, bertan behera utziz». Gaztelekuko iturriak azaldu dutenez, bihar izango dute bilera Udaleko Gazteria sailarekin, datorren astean, jaietan, nola jokatu zehazteko. ...  2009/09/09 - 23:31:02

Festen egitaraua bere horretan uzteko eskatuko dio jai batzordeak Udalari

Jai egitaraua bere horretan uzteko eskatuko dio Udalari jai batzordeak bihar izango duten bileran. Jai batzordeak azaldu duenez, Udalak joan den astean jakinarazi zien bere gain hartutako hiru jarduera ez dituela aurrera eramateko asmorik. Zehazki, Egiako parkeko jolasak, pailazoen ikuskizuna Plaza Haundin eta Trapu Zaharra taldearen kale antzerkia. Udalak urtero hiru jarduera hartu ohi ditu bere gain, eta aurten horri uko egiteko hiru arrazoi eman ditu. Alde batetik, Parke eta Lorategi saileko txosten bat hartu du oinarri Egiako parkeko haur jolasak ez egiteko. Txosten horren arabera, haur jolasek toki asko hartzen dute parkean. Bigarrenik, aurrekontu jaitsiera argudiatu du Udalak. Hirugarrenik, joan den urteko festetan bizilagunen kexak jaso zituztela, zarata zela eta. Jai batzordea ez dator bat Udalak emandako arrazoiekin. «Egiako parkean puzgarriekin toki libre gutxi dagoela baldin bada arazoa, bada puzgarri gutxiago eskatuko ditugu. Aurrekontu murrizketari dagokionez, martxoan adostu genituenean Udalak antolatu beharreko jarduerak ez ziguten ezer esan. Eta zarata sortzeagatik ez du zentzurik haur jarduerak bertan behera uztea». ...  2009/09/09 - 00:26:02

Akuarelaren eguna, Egiako parkean

'Loreak asmatzen. Bi naturalista europar Euskal Herrian' erakusketa joan den astetik ikusgai dago Ingurumen Baliabideen etxean. Bildumak Pietro Bubani (Italia) eta Petit de Meurville (Frantzia) naturalisten lanak jasotzen ditu. Bi lagunek XIX. mende erdian gure inguruko landaredia jaso eta marraztu zuten. Haien lana eredutzat hartuz, gaur Akuarelaren eguna egingo dute Egiako parkean. Flora eta ura 'Akuarelaren eguna: Flora eta ura' lelopean, eta Euskal Akuarelarien elkartearen laguntzarekin, 10:00etatik aurrera nahi duen oro parkeko edozein txokotako flora irudikatzera gonbidatuta dago. Artistek egun osoan zehar margotzen egoteko aukera izango dute eta artelanak, bi naturalisten erakusketan jarriko dituzte. Obrak irailaren 10era arte izango dira ikusgai, astelehenetik larunbatera. ...  2009/07/18 - 00:48:04

XIX. mendeko esploratzaileen lana, Egian

XIX. mendean Petit de Meurville eta Pietro Bubani naturzale europarrek Pirinioetako eta Gipuzkoako landareak bildu eta marraztu zituzten. Ez zuten elkar ezagutu, baina Donostian izan ziren biak. Bubani 1841 eta 1879 bitartean izan zen Euskal Herrian, bere herbarioarentzat landareak jasotzeko. Meurville, aldiz, Frantziako kontsula izan zen Donostian. Pintura eta natura maite zituen. Cristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxeak haien lana erakutsiko du bihartik aurrera. Bubanik 4.000 landareri buruzko informazioa jaso zuen eta Meurvillek hainbat argazki, eskuizkribu, mapa eta argitalpen jaso zituen bilduma batean. Erakusketa ez ezik, hainbat jarduera ere prestatu dituzte proiektu honen inguruan. Atzo, esaterako, Andoni Luis Aduriz sukaldariak Lorejana: basolandareak eta gastronomia ikastaroari ekin zion. Bihar, asteazkena, erakustaldi txiki bat egingo du 17:30ean. Hiriko parkeetan dauden lore eta belarrak nola erabili eta prestatu daitezkeen azalduko du. ...  2009/07/14 - 00:31:02

Anbarrak herritarrak harrapatuko ditu

Anbarra bitxigintzan material ezaguna bada, lepo eta esku muturrak apaintzearekin batera, fosilen bitartez izaki bizidunen eboluzioa aztertzen duten paleontologo eta zientzilarientzat ere informazio iturri nagusia da. Anbarrak urtetan gorde dituen sekretuak agerian uztiko dituzte Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, abuztuaren 27ra arte zabalik egongo den erakusketan. Zuhaitzetatik eratorritako sustantzia organiko honek pinuek duten erretxinaren antza du eta animalitxo ugari geratzen dira bertan itsatsita. Horrek izaki bizidun ugariren eboluzioa ezagutzeko aukera eskaintzen du baita lurrak azken urteetan izan dituen aldaketak aztertzeko aukera ere. Azken boladan, hitzetik hortzera dabiltza Kantabriako Soplao inguruko aztarnategiak, bertan topatu baitituzte duela hamar bat milioi urtetako urdin koloreko anbar arrastoak. ...  2009/07/08 - 23:25:03

Martxoan bukatu nahi dute ikastola

Konkorrenean egiten ari dira Aitor Ikastolaren egoitza berria. . Ikastolako iturriek azaldu dutenez, Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariekin elkartu berri dira eta jasotako informazioaren arabera, obrak hasi zituztenean jarritako epea betetzeko moduan daude; hau da, 2010eko martxoan zabalduko dute. Udara ostean lanak bertatik bertara bisitatu ahal izango ditu ikastolako zuzendaritzak. Eraikinaren paretak egiten ari dira.Hori horrela, lanek bide erdia baino gehiago egina dute. 2008ko ekainaren 20an agur esan zioten egoitza zaharrari, hexagonoari alegia. Handik gutxira sartu ziren hondeamakinak orubean eskola zaharra lurrera botatzeko eta berria eraikitzen hasteko. Aldaketa batzuk Ikastolako zuzendaritza pozik dago Hezkuntza sailarekin izandako hartu-emanekin eta jatorrizko proiektuan zenbait aldaketa onartu egin dutela nabarmendu dute. Hala, araudi aldetik horretarako beharrik ez badago ere, Haur Hezkuntzako haurrentzat ingeles, musika eta informatika eskolak emateko gelak jarriko dituzte. Obrak direla-eta, ikastolako haur guztiak Ametzagañako egoitzan daude eta bertan ekingo diote 2009-2010 ikasturteari. Eraikin berriak Haur Hezkuntzako ikasle guztiak eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleak hartuko ditu. ...  2009/07/04 - 00:12:01

Egiako parkean bizikleta sartu ahal izatea proposatu du PPk

Loiolako Erriberatik Egiako parkera sartzeko Mikel Laboa pasabidea igarotzen duenak parketik bizikleta gainean ibiltzea galerazita duela adierazten duen kartela topatuko du parez pare. Bestalde, alokairuzko bizikleten ekimena azaltzeko kaleratutako eskuorria aintzat hartuz, Mikel Laboa pasabidea eta Federico Garcia Lorca pasealekura doan pasabidearen arteko bidea, Egiako parketik barrena doan hiriko bidegorri sarearen partetzat jotzen du. Kartelak sor dezakeen nahasmenarekin bukatzeko, Egiako parketik, txirrindulariak bizikletatik jaitsita sartu ahal izatea proposatu du. Era horretan, txirrindularientzat auzoen artean lotura ez dela apurtzen esan du PPko zinegotzi Jose Luis Arruek. Bizikletak ez ezik, txakurrarekin doazen herritarrak ez ditu PPk Egiako parketik kanpo utzi nahi. Hortaz, uhalarekin lotuta doazen txakurrek ere parkera sartzeko aukera izan dezatela eskatu dute popularrek. ...  2009/07/02 - 23:09:05