Ibarrangelu, Busturialdeko hitza

Hitzako albiste zerrenda ibarrangelu

Ormaiztegira irteera egingo dute Hirugarren Adinekoen Elkartekoek

Ibarrangeluko Hirugarren Adinekoen Elkartekoek irteera kulturala egingo dute azaroaren 24an. Ormaiztegira (Gipuzkoa) joango dira eta joateko interesa duten guztiek elkarteak BBKn duen kontu korrontean 25 euro sartu beharko dituzte, azaroaren 17a baino lehen. Azaroaren 24an 08:30ean batuko dira, Eleizaldeko aparkalekuan, handik ekiteko bidaiari. 10:30ak aldera Ormaiztegira iritsiko dira eta bertan hamaiketakoa egingo dute. Ostean, 11:30ean, bisita kulturala egingo dute Zumalakarregi museora eta Ormaiztegiko trenzubira. Bisita eta gero, 13:30ak aldera, Zumarragarantz abiatuko dira, bertan dagoen Balestika jatetxean bazkaltzeko. Bazkaria 14:30erako aurreikusi dute. 17:00etan Zumarragatik Bergararantz irtengo dira, han ordu biko bisita askea egiteko. ...  2010/10/27 - 23:21:02

Ludoteka berezia izango da zapatuan Ibarrangelun

Joan den urtean bezala, datorren zapatuan, urriaren 30ean, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoak antolatuta, kultur arteko harremanen ludoteka integratzailea eta kulturala izango da Ibarrangeluko kultur etxean. Horrela, zapatuan ludoteka 18:00etatik aurrera egongo da martxan. Umeek besteenganako errespetua zer den ikasiko dute bertan eta elkarkidetza sustatzeko jolasak ere izango dituzte. Ludoteka berezi hori herriko sei eta hamabi urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Azaroan ere izango da ludoteka Nolanahi ere, kultur arteko harremanen ludoteka integratzaile hori ez dute zapatu honetan bakarrik egingo. Aitzitik, azaroko lehenengo hiru asteburuetan ere egingo dute. ...  2010/10/27 - 23:21:02

Bihar da asteburuan jokatuko den surf txapelketan izena emateko azken eguna

Asteburu honetan jokatuko da Lagako XXI. Surf Txapelketa, hilaren 22an eta 23an, hain zuzen ere. Parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena, eta bihar da azken eguna. Toki-Alai tabernan utzi behar dira datuak. Urtero legez, txapelketa Ogoñope surf taldeak antolatu du. Aurreko urteetan bezala, aurten ere hiru modalitate izango dira txapelketan: Surf, longboard eta bodyboard. Hiru modalitate horien baitan ere mailak egongo dira: hamazortzi urtez gorakoak eta hamazortzi urtetik beherakoak, nesken zein mutilen mailan. Hamazortzi urtez gorakoek 15 euro ordaindu beharko dituzte izena ematerakoan eta hamazortzi urtez beherakoek, aldiz, 12 euro. ...  2010/10/20 - 23:17:01

Oinarrizko Internet ikastaroa emango dute kultur etxean

Ibarrangeluko kultur etxeak Internet erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu du azarorako. Horretan izena emateko epea azaroaren 5ean bukatuko da. Ikastaroa doakoa izango da eta 16 urtez gorako ibarrungelutarrei dago zuzenduta. Azaldu dutenez, ikastaroaren bitartez, ordenagailuarekin lehen kontaktua izango dute parte-hartzaileek, eta Internet erabiltzen ikasiko dute: sarean barrena nabigatzen, posta elektronikoak zertan datzan... Ikastaroa 10 ordukoa izango da eta aste oso batean emango dute, egunero bi orduko klaseak emanez, goizez edo arratsaldez. Ikastaroa abian jartzeko gutxienez hiru pertsonak eman behar dutela izena jakinarazi dute kultur etxetik. ...  2010/10/20 - 00:07:03

Ibarrangeluko bertso afarian izena emateko epea azaroaren 7an bukatuko da

Urtero legez, Ibarrangeluko Udalak, Albano Jauregi elkarteak eta kultur etxeak bertso afaria antolatu dute. Datorren azaroaren 13an izango den afaria, betiko moduan, Arboliz txokoan izango da eta 21:30ean jarri dute hitzordua. Aurten gonbidatu dituzten bertsolariak Sebastian Lizaso eta Jon Maia dira. Lizasoren lehen aldia izango da Ibarrangelun. Aldiz, Maiak errepikatu egingo du, izan ere, iaz ere bertan izan zen. Saio horretara joateko interesa dutenek aurretiaz eman beharko dute izena, kultur etxean. Horretarako epea azaroaren 7an bukatuko da. Izena ematean ez da ezer ordaindu beharko, afaria doakoa baita. Nahi izanez gero, telefonoz ere eman daiteke izena, ondoko zenbaki honetara deituta: 94-627 61 98. ...  2010/10/20 - 00:07:03

Ibarrangeluko San Andres eliza ezagutzeko bisita antolatu dute

Ondareari buruzko Europako jardunaldien baitan, Ibarrangeluko Udalak herriko San Andres eliza hobeto ezagutzeko bisita gidatua antolatu du hilaren 23rako, Urremendi landa garapenerako elkartearen laguntzarekin. San Andres eliza XVI. mendeko eraikina da. 1325. urteaz geroztik Arteagatar eta Zubietatar oinetxeetako jaun-andreak izan ziren eliza horren nagusiak. Hala ere, egun Erdi Aroko eliza horren aztarna gutxi gelditzen dira. Egungo eraikina nabe luze eta zabal bakarra duen eliza da, eta duen berezitasun nagusietako bat dorre gainean kokatuta dagoen Jesusen Bihotz Sakratuaren eskultura da. Halaber, adituek bere generoan eraikina paregabea dela diote. Izan ere, oso eliza gutxitan ikus daitekeen aparteko barne-ganga eta haritz-zurezko teilatu polikromatua ditu. ...  2010/10/13 - 23:16:02

Nork bere burua makillatzen ikasteko eskolak emango dituzte kultur etxean

Ibarrangeluko kultur etxean nork bere burua makillatzen ikasteko eskolak emango dituzte. Ikastaroan izena emateko epea barikura arte egongo da zabalik. Eskariaren arabera antolatuko dituzte taldeak eta ordutegiak, beraz, klaseak goizez edo arratsaldez izan daitezke. Maite Etxeberria estetizistak emango du ikastaroa. Hain zuzen, makillajerako teknikak eta trukuak irakatsiko ditu Etxeberriak.  2010/10/13 - 00:05:05

Ia 200 kayak Urdaibain zehar

Nazioarteko XXII. kayak topaketa egin zuten asteburuan Ibarrangeluko Laga hondartzan. UR Urdaibaik Urkan Kayak-ekin elkarlanean antolatuta zegoen eta, zehaztu dutenez, 190 zaletu inguru batu dira aurtengo hitzorduan. «Batzuek itsas zeharkaldiak egin dituzte, besteek kayak surfa praktikatu dute...». Gainera, «olatu oso onak» izan zituzten. Zapatu goizean Urdaibaiko itsasadarrean barrena egin zuten zeharkaldia 65 lagunek. Arratsaldean Izarori itzulia ematera animatu ziren 50 pertsona, «baina, Lagako olatuak ezin igarota, baten batek bertan behera utzi behar izan zuen zeharkaldia, saiakera asko egin ondoren». Hala, azkenean 40 lagunek eman zioten itzulia irlari. Domeka goizean, bestetik, Lagatik Elantxobera joan ziren 45 zaletu. Zeharkaldiak «espektakulu hutsa» izan direla diote antolatzaileek, eta «Elantxobeko portuan dotore ikusten» zela kayak taldea. ...  2010/10/06 - 23:12:02

Apurka-apurka ari da martxa hartzen haurreskola berria

Ibarrangeluko haurreskola berriak astelehenean zabaldu zituen ateak. Hiru egun hauetan egoera berrira moldatzen ari dira umeak eta beren gurasoak. Bien bitartean, azkenengo prestaketetan ari dira azpigituretan. Izan ere, Joserra Arriaga zentroko hezitzaileak azaldu duenez, «oraindik gauza asko» falta dira hezkuntza zentroan. Aste batzuren buruan «dena prest» izango dela gaineratu du. Herriko gurasoek haurreskola baten beharra zutela iritzita, zentroaren proiektua aurrera eramatea erabaki zuen Udalak otsaila aldera. Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak orduko hartan adierazi zuenez, «herri aktiboak eta biziak sortu nahiari erantzuten dio haurreskolaren proiektu berriak, Ibarrangeluko herritarren beharrak asetuz eta garapen soziala bulzatuz». ...  2010/10/06 - 00:01:02

Lehenengo eskola eguna izan dute

 2010/10/04 - 23:26:04

Nabigatu euskaraz