Mediaberri.com

Mediaberri

Gilberto Pagani:«Auzitegi Nazionalak ez du berme juridikorik eskaintzen»

Eskubideak elkartearen eskutik izango da Gilberto Pagani (Milan, 1953) Bilbon, Europako Abokatu Demokratek (AED) 33/01 auziaren gainean onartu duten mozioaren berri emateko. Ezaguna egin zen duela urte gutxi, Europako Foro Sozialaren Genevako (Suitza) bileran izan ziren gertakizun larrietan kalteak eta zauriak jasan zituzten askoren abokatu izan zelako. 18/98 auziko epaiketan begirale aritu zinen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zer deritzozu han ikusitakoari? Ikusitakoagatik, lehenengo urratzea Auzitegi Nazionala bera existitzea da, epaile politiko batek balizko delituak gertatu diren tokian epaitu beharrean, Madrilen egitea. Honen ondorioz, auzipetuak egunero 500 edo mila kilometro egin behar dituenean epaiketara joateko, zeharo mugatzen da defentsarako eskubidea. Euskal presoen aldeko taldeen aurkakoa bide beretik joango dela uste al duzu? Antzekoa izango den beldur naiz, kriminalak ez diren jardueretan oinarritu dutelako auzipetuen aurkako salaketa. Horregatik, 18/98 auziaren bidetik joango dela espero daiteke. Auzipetuetako bat, Julen Arzuaga, AEDko kide duzue. Nolako harremana dauka zuen elkartearekin? AED elkarteek osatutako elkartea da. Eskubideak AEDren baitan dauden elkarteetako bat da, Bilbokoa eta Arzuaga hango kide da. Esango al zenuke, zalantzarik gabe, Espainian eskubide eta berme juridikoak urratzen direla? Bai, baina ez bakarrik Espainian, eskubide juridikoen urratze ak herrialde guztietan egiten dituzte. Europako Batasuneko beste herri ugarietangertatzen den egoera da eta guztietan salatzen ditugu. Epaiketa politikoak herrialde ugarietan egiten ari dira, ekintza terroristarik egin ez dituzten pertsonak auzipetu dituztelako. Lan politikoa eta haien iritziak adierazi besterik ez dute egin. Epaiketa honetan, zehazki, oso larria da abokatuen egoera, abokatuek haien bezeroekin egin ohi duten lanaren gainean eraiki dutelako salaketa. Abokatuek egiten duten lana kriminalizatzen ari dira. Euskal presoen aldeko taldeen aurkako auzia aztertuko duzuela iragarri duzu. Nola egingo duzue? Prozesuaren berri izaten dugu eta defentsako abokatuekin harremana badugu; baina, horrez gain, begiraleak bidaltzen ditu elkarteak. Haien lana da garrantzitsuena. Oihartzunik izaten al dute zuena bezalako elkarte batek eskubideen urratzeari buruz egiten dituen salaketek nazioartean? Argi dago prozesu honetako auzipetuen kontra iritzi ezkorra dagoela, baina egia da, halaber, euskal gatazkari buruzko informazio zehatzik ez dagoela. Terrorismoa zer den eta zer ez den ere nekez desberdintzen da. Gurea elkarte oso handia ez bada ere, abokatuek bakarrik osatzen dutelako, hemen gertatzen denaren eta Espainian egiten dituzten eskubide urratzeen berri ematen dugu, zuzenbidearen eremuan batez ere. Terrorismoa tartean dagoenean, ezikusiarena egiteko erraztasun handiagoa al dute Europako gainerako estatuek? Arazoa ez da, berez, terrorismoa, epaileak baizik. Herrialde ugarietan dituzte terrorismoaren nolabaiteko adierazpenak. Horiek nola epaitzen dituzten, hori da gakoa. Terrorismoa berme guztiekin epaitu behar da, eta kasu hauetan ez dago inolako bermerik. Espainiako Auzitegi Nazionalak berak ez du berme juridikorik eskaintzen, demokratikoa ez delako. Ohikoa da abokatuek tirabirak izatea epaileekin; baina hemen, epaile politikoak beste maila batean daude. Auzitegi Nazionalaren moduko epaitegien joera goraka doala esan duzu. Auzitegi Nazionala jurisdikzio bereziko epaitegia da, pertsona bereziak epaitzeko. Frankismotik dator, baina gaur egungo elementu batekin lotu dute, arerioaren zuzenbide penalarekin. Guantanamon bezala, Auzitegi Nazionala honekin alderatu gabe, jurisdikzio berezia sortzen da pertsona jakin batzuk epaitzeko. Estatu askok etorkinekin antzeko gauzak egiten dituzte, herritarrek dituzten bermeak ez zaizkie aitortzen.  2008/05/12 - 11:47:01

Zikoinek ekarritako jaioberriak

Bost urte igaro dira Urdaibai Fundazioak zikoina zuria Biosferaren Erreserban sartu eta berriz ugaltzeko asmoari ekin zionetik. Uzelai izan zen asmo horrekin Urdaibain askatu zuten lehenetarikoa, eta, ordudanik, urtero bueltatu izan da Forura. Duela urte batzuk, herriko haurrek Daphne bataiatutako bikotekidearekin batera azaldu zen Uzelai habia prestatzen hasteko. Iaz urrats berria egin eta kumeak izan zituzten; lau jaio ziren, baina bi bakarrik atera zituzten aurrera. Aurten, zorioneko albistea berriz izan da, beste lau kume izan dituztelako. Foruko habian jaio berri dira, duela astebete eskas. Ehun urte inguru igaro dira Busturialdean zikoinarik ez zegoela, Uzelai eta Daphne-ren lehenengo kumeak jaio arte behintzat. Urdaibai Fundazioak 35 animalia askatu ditu urteotan espezieak sartu eta ugaltzeko asmoz, eta, emaitzei begira, lortzeko bidean daude. Zailtasunak, baina, asko dira; izan ere, Aitor Galarza fundazioko kidearen esanetan, askatutakoen herenak hilik aurkitu» dituzte. Trenak harrapatuta, elektrokutatuta eta tiroz hil egin dituztenak ere aurkitu dituzte proiektuko arduradunek. Lau kume berriak Urdaibaiko etorkizuneko zikoinak izango dira, iaz jaiotakoak bezala. Iazko uztailean utzi zuten habia, Afrikarako bidean, eta egunen baten jaio ziren lekura bueltatuko diren itxaropena dute Urdaibai Fundaziokoek. Horretarako, baina, bizirik iraun beharko dute orain.  2008/05/10 - 05:35:01

Amezuatarren doinuak gogoan

Danbolinari eskainitako historia zahar bezain ederra itxi zuen Serafin Amezuak (1899-1973) duela 35 urte Gurutzetako ospitalean zendu zen egunean. Urte luzez alaitu zituen Arrazola, Mendata, Bolibar, Ibarruri eta inguruko herriko erromeriak, baina sustrai askoz sakonagoak zituen euskal doinuetan; izan ere, Hipolito Amezua aitarekin hasi zen txistulari nerabezaroan, eta hark, aldi berean, arbasoengandik ikasi zuen. Guztira, bost belaunaldi iraun du Amezuatarren txistu doinuak, eta, familiako lehenengo musikaria, Juan Bautista Amezua, jaio zela 250 urte igaro direla gogoratzeko, omenaldia egingo diete gaur Berrizko Udalak eta Gerediaga elkarteak Amezua danbolitteruei. Amezuatarrek «meritu handia» zutela dio Jon Irazabal Gerediagako kideak; izan ere, «solfeorik ez zuten inoiz ikasi, ez ziren musika partitura bat irakurtzeko gai». Danbolina eta txistuarekin, hartara, «belarriz aritzen ziren, doinua ikasi eta buruan gordetzen zuten». Aitak semeari edo aitonak bilobari irakatsitakoari esker, «Bizkaian egun ezagutzen ditugun euskal dantza batzuek iraun izan dute». Antzeko transmisiorik izan duen beste familiarik ez da: «Abadińon bazegoen aita eta semeek osatutako talde bat, baina ez honen modukoa, Amezuatarrena bakarra da; Bizkaian behintzat, bai». Omenaldia ez ezik, Gerediaga elkarteak liburu bat egin du Berrizko danbolin familiari buruz dagoen informazioa biltzeko: «Ikerketa sakonik ez da egin, baina nortzuk ziren eta txistulari bakoitzari buruz dagoena bildu dugu 24 orriko liburuxka batean». Ale gutxi argitaratuko dituzte, 200 eta 300 artean, Irazabalen arabera. Gaurko omenaldia iluntzeko zortzietan hasiko da, Berrizko Kultur Etxean. Bertan, Udalarekin eta Gerediaga elkartearekin batera, Berrizko Iremińe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko lagunak izango dira. Ekitaldiaren hasieran hitzaldi labur bat eskainiko dute Amezuatarrei buruz eta, ondoren, Serafin Amezuari 1973an egin zioten elkarrizketa eta bertan grabatutako doinuak plazaratuko dituzte. Ondoren, Manuel Intxaustik XX. mendeko 1920ko hamarkadan Euskal Herriko ohitura eta dantzen inguruan eginiko lau minutuko filmazio bat proiektatuko dute, non Amezuatarrak danbolina jotzen zuten. Azkenik, omenaldia erromeria giroan bukatzeko, Durangaldeko herri koplen kantaldia egingo dute. HISTORIA LUZEA. XIX. mendeko agirietan azaltzen da lehenengo aldiz Berrizko Elizateak Amezuatarrei danbor jotzaile lanengatik egindako ordainketa baten berri. Vicente Urkizak Berrizko historiari buruzko liburu batean aipatzen du Juan Bautista Amezua herriko lehen txistulari ofiziala izan zela, eta Udalaren kontu liburuetan 1785. urtean San Pedro eguneko funtzioetarako danbolin jotzaile bat eramaten zutela azaltzen da. 1758an jaio zen bost belaunaldiko familiari hasiera eman zion Amezuatarra. Bost seme izan zituen Magdalena Gallastegirekin, eta, horien artean, Juan Domingo Amezuak jarraitu zuen aitaren ofizioarekin. Juan Domingo 1805ean jaio zen eta hiru seme-alaba izan zituen. Hirugarrena, Francisco Maria Amezua, aitarekin batera aritu zen danbolin jotzaile. Iurretako Euskal Jaietan, 1891n, Anton Abadia eta Sabino Aranaren aurrean jo zuen. Bere zortzi seme-alaben artean, Hipolito Amezuak hartu zuen danbolinaren lekukoa, eta 75 urterekin hartu zuen erretiroa, 1945. urtean Serafin Amezua bere semearen esku uzteko.  2008/05/10 - 00:59:02

Izotzaren arima ikusgai

Inuit herriak hamaika tonu desberdin antzematen ei ditu gainerako gizakiek zuria deritzoten kolorean. Munduak, izan ere, bizkarra eman die mapen muturretan azaltzen diren lurralde izoztu horiei, han gerta daitekeena guztiengan eragina duela ahaztuta. Hego poloa eta Ipar poloak ezagutzeko garrantziaren jakitun eta nazioartean poloen urtea ospatzen den aitzakiarekin, Bidaiatu poloetara izeneko jardunaldiak antolatu ditu Bilboko Alondegiak. Horregatik, maiatzaren 17ra arte, zientzialarien hitzaldiak, esperimentuak, bisitak eta proiekzioak egingo dituzte Bizkaia plazan eraiki duten karpan. Antolatutako ekitaldiak mundu guztiari zabalik dauden arren, gaztetxoentzako egitaraua prestatu dute, erakusketa eta esperimentuei dagokienez batez ere. Horregatik, Bilbo eta inguruko ikastetxeetako DBHko mila ikasletik gora egingo dute poloak ezagutzeko bisita. Bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko zientzietako doktoregaiak izango dituzte gidari. Hiriko erdigunean jarritako karpan erakusketa ikusgarria prestatu dute, Ipar poloa, Hego poloa: Lurra alerta egoeran! izenekoa. Horren helburua da, noski, gazteei ohartaraztea klima aldaketak poloetan duen eraginaz, eta, aldi berean, horren ondorioek mundu osoan sortuko dituzten kalteez. IKUS-ENTZUNEZKOAK. Ozeano Artikoaren inguruan bizi den inuit herriaren berri izango dute erakusketa bisitatzera joaten direnek, esaterako, haiek eginiko kanoa eta arpoia ekarri dituzte Bilbora. Ion Erreak, egunotan begirale lanetan ariko diren doktoregaietako batek azaldu zuenez, inguru hartan egurra oso material eskasa da, «itsasoan aurkitutako enborrak baino ez dituzte», eta, horregatik, «ehizara ateratzen direnean armak haustea saihestu behar dute». Hori lortzeko sistemak garatu dituztela azaldu zuen, arpoiaren punta beste material batekin egiten dute, eta «tona bat pisatzen duen mortsaren kontra egiten dutenean, hori baino ez da apurtzen». Erreak dioenez, ehizarena da bisitan doazen umeek «gehien atsegin duten istorioetako bat». Ikasle batzuek «interes handia» dutela esan zuen begiraleak atzoko bisitetan. Galdera interesgarriak egin zizkioten, «Antartikari buruz eta kontinenteen mugimenduen inguruan, esaterako» eta ikasleekin sortzen den hartu-emana «oso polita» dela gaineratu zuen. Esperimentuekin, bestalde, «primeran» pasatzen dutela azaldu zuen, «nitrogeno likidoa oso ikusgarria baita, lore bat izoztu eta nola desegiten den ikusten dute». Izozmendiak zergatik dauden igerian ere ikasten dute ikasleek bisitan. Erakusketaren beste atal batean, ikertzaileek poloetan erabiltzen dituzten kanpadendak ikus daitezke, iglu motakoak. Horrekin guztiarekin batera, poloei buruzko informazioa eskaintzen dizkieten panelak eta pantailak dituzte karpa osoan zehar. Klima aldaketa zer den eta bere ondorioen berri gazteen artean zabaltzea da erakusketaren helburuetako bat, eta «nerabeak badira ere kontzientzia hartzen» dutela uste du Erreak, «gaur egun askotan azaltzen da gaia komunikabideetan, beraz, klima aldaketa badela badakitela esango nuke». Zientzialaria den aldetik, bestetik, begiraleak oso garrantzitsua deritzo dibulgazioari, «zientzia kalera atera behar dugu». Askotariko euskarriak erabili dituzte poloen bizimodua eta ingurunea Bilbon irudikatzeko; izan ere, erakusketarekin batera, dokumentalak, filmak eta ordenagailu programak eskainiko dituzte egunotan. Horrekin batera, liburuxkak, umeentzako jolasak eta bestelakoak prestatu ditu Alondegiak. Erakundeko kontseilari delegatu Marian Egańak atzoko aurkezpen ekitaldian esan zuenez, «munduko geopolitikan zeresan handiko tokiak» izango dira poloak, eta, hartara, «eztabaidak eta ikerketak bere biziko garrantzia izango du poloetan». Lurralde izoztuetan ikerlanetan edota espedizioetan aritu direnen hitzaldiak egingo dituzte egunotan, Ramon Larramendik, Jose Carlos Tamayok eta Juanjo San Sebastianek, besteak beste. Horrez gain, inuit herriaren kultura ekarriko dute, Tanya Tagaq kantariaren esku, Ugarte anaien txalapartarekin uztartuko baitu bere ahotsa.  2008/05/07 - 23:22:07

Itsasoko erreginaren agurra

Abandoibarrako pasealekura hurbiltzea besterik ez da behar Bizkaiko hiriburuan azken hamarkadan gauzatu den aldaketa ikusteko. Milaka lagun hurbiltzen da egunero Bilbora titanioaren distirak erakarrita eta, horietako asko, gero eta gehiago, bidaia ontzietan etorritakoak dira. Gaur bertan helduko da Abrara Queen Elizabeth II itsasontzi ezaguna eta bihar, berriz, Royal Caribean taldeko Summit izango da Getxo inguruan porturatuko dena. Apirilaren 2an hasi zen itsas bidaien denboraldia Bilboko portuan, Saga Ruby izeneko itsasontziaren bisitarekin, baina, aurten, guztira, 38 itsasontzi helduko dira euskal kostaldera. 40 izan behar ziren, baina horietako bik, egonaldiak bertan behera utzi dituzte. Guztien artean, alabaina, 40.000 bisitari inguru ekartzeko lekua dute. Horietako gehienek, porturatzean, agentziek antolatutako txangoak hautatzen dituzte Bilbo eta inguruak ezagutzeko. Ainhoa Garcia North Incoming Services (NIS) enpresako arduradunaren arabera, «%35ek aukeratzen dute bidaiatzeko modu hau eta, gainerakoak, haien kabuz ibiltzen dira». Haientzat, portutik Bilboko erdigunera joan etorrian ibiltzen den autobusa jartzen dute. Bidaia ontzien ohiko portuetako bat bilakatu da Bilbo azken urteotan. NIS lehenengoa etorri zenetik ari da lanean, «duela hamar urte inguru» eta, ordudanik, gero eta itsasontzi gehiago datozela dio Garciak, «aurten, esaterako, iazko kopurua bikoiztera goaz». Turismoa erakartzen duen hiri bilakatu denetik, Bizkaiko hiriburuak aukera guztiak jorratzen ditu bisitariak bereganatzeko, beste hirietara joaten zirenak ere: «Santanderren (Kantabria, Espainia) porturatzen ziren itsasontzietako askok Bilbo aukeratzen dute orain». Guggenheim ezagutzera datoz itsasontzietan heldutako bidaiari gehienak, bestelako txangoak eskaintzen dizkieten arren. Bilbo pintxoen bidez, Donostia eta Hondarribia, Bizkaiko kostaldea eta Arabar Errioxa dira turistek dituzten beste aukerak, baina, «arrakastatsuena, Bilbo eta museoa ezagutzeko irteera da». Queen Elizabeth II bezalako ontzietan datozenen batez besteko adina 70 urtekoa da NISeko kidearen arabera eta bikoteak dira gehienak. Egonaldiari dagokionez, egun bateko bisitak izaten dira Bilbon porturatzen diren ontziena, «salbuespenak salbuespen, goizeko zortzietan heldu eta arratsaldeko seietan alde egiten dute». ERREGINAREN AGURRA. Gaurkoaz gain, aurten beste hiru aldiz porturatuko dute Queen Elizabeth II Bilbon. Laugarren bisita hori izango da, alabaina, azkena, 2009an hotela bilakatuko baitute munduko bidaia ontzirik ezagunena. Arabiar Emirerri Batuetako Gobernuak 75 milioi euroan erosi dio ontzia Cunard Lines konpainiari, Dubain sortu duten Palm Jumeirah uharte artifizialera eraman eta, bertan, ur gaineko hotela bilakatzeko. Luxuzko gela eta zerbitzuak eskaintzeaz gain, transatlantikoaren historiari buruzko museoa egingo dute ontzian. Urteotan, 800 bidaia inguru egin ditu itsasontziak, 5 milioi itsas milia zeharkatu eta 2 milioi lagun garraiatu ditu. Gainera, ia 25 aldiz eman dio bira munduari. Hurrengo sei hilabeteetan egingo dituen azken bidaietarako txartel guztiak saldu ditu dagoeneko, garestienak ere bai. Queen Elizabeth II ontzian zortzi eguneko bidaia, sasoiaren arabera, 2.200 eurotik aurrera egin daiteke, baina gelarik onenen truke hiru aldiz gehiago ordaindu behar da. Munduari bira egiteko, berriz, 20.000 eurotik aurrera daude gelak eta luxuzko bidaia egiteko, 30.000 euro ere ordaindu izan dira. Berrogei urterekin hartuko du erretiroa ontzi ospetsuak, baina, Dubaira abiatu aurretik, izena eman zion erreginak, Ingalaterrako Elizabeth II.ak alegia, bidaia egingo du Queen Elizabeth IIan, koroatu zutenetik 55. urtemuga ospatzeko, hain zuzen ere.  2008/05/02 - 12:59:07

Festak noiz ospatuko ditugu?

«Zer hobetuko zenuke Etxebarriko jaien antolakuntzan? Zeintzuk jarduerak proposatuko zenizkieke batzordekoei?». Halako itaunak dituen galdetegi bat jaso dute egunotan Etxebarriko (Bizkaia) biztanle guztiek jai batzordearen partez. Helburu nagusia, noski, herriko jaien inguruko iritziak eta proposamenak biltzea da, «ahalik eta pertsona gehien asetzeko prestatu beharreko jaiak» egiteko, hain zuzen ere. Egitasmoak, halaber, festen inguruan izaten diren ika-mikak isildu nahi ditu. Aitor Romeo Udaleko kultur teknikoaren esanetan, «urteotan ohikoa bihurtu da jaien inguruan saltsa eta eztabaidak egotea; batzuek diote ez direla haien gustukoak, eta besteak kexu dira zaratak edo dena delakoagatik». Urtero, herriko elkarte eta bizilagunek osatzen dute jai batzordea, baina, «batzordea edozein dela eta jaiak modu batean zein bestean eginda, kexak izaten dira beti». Festak antolatzeko bilerak aspalditik egiten dituzte Etxebarrin, baina, aurten lehenengo aldiz, sei puntuko galdetegi bat bidali zaie herritar guztiei, «guztien parte-hartzea bermatzeko». Postontzietan ez ezik, etxebarritarrek Udalaren webgunean eskuratu ahal izango dute dokumentua. Erantzuna jai batzordeari helarazteko, era berean, posta elektronikoa eta eraikin publikoak izango dituzte aukeran, CIME informatika zentroa eta San Antonioko liburutegia. Galdera nagusia jaien dataren ingurukoa da; izan ere, hiru proposamen ditu batzordeak. Romeok esandakoaren arabera, askok «inguruko herrietako jaien itzala kontuan hartzekoa dela diote eta beste batzuk uztailaren bukaeran oporretan doazela». Santiago, Santa Ana eta San Inazio; hiru zaindarien egunen arabera mugitu dituzte jaiak egutegian azken urteotan. PARTE-HARTZEA. Maiatzaren 5era arteko epea eman dute proposamenak biltzeko, orduan jakingo dute jai batzordearen ekimenaren bigarren zatia gauzatzen den, «jendearen erantzunak jasotzea». Herritarren parte-hartzea, «hitz polita izateaz gain, gauza zehatzetan gauzatu behar da», kultur teknikariaren ustez, eta Etxabarriko politikariak «joera horrekin sentsibilizatzen» hasiak direla dio. Duela urte batzuk ekin zioten halako gaiak herritarren iritzia eskatuta jorratzeari, aparkalekuekin hain zuzen. Internet horretarako «lanabes aproposa» bilakatu da, Romeoren ustez, eta «erabiltzaile kopurua handitu ahala, eraginkorragoa izango da». Jaiei buruzko proposamenak zenbatek bidaliko dituzten ikusteke dago, «ontzat jo arren, askotan utzikeria nagusi delako». Iritzia emateko aukera, behintzat, badute Etxebarrin.  2008/04/29 - 00:02:06

Paradisutik itsasorako bidaia

Hezeguneak non, paradisua han, naturak eskain dezakeena behintzat. Bizitzaren eta paisaiaren aberastasunak jantzi dituzte padurak, eta Euskal Herrian daudenetatik Urdaibaikoa da garrantzitsuena, Bizkaiko Busturialdean, hogei udalerri ingururen artean zabaltzen dena. Oka ibaiak itsasorantza eginiko bidaiak sortzen du nonbait Urdaibaiko miraria, Gernika-Lumora heldu eta, handik, Mundakako itsasadarretik gora egiten duenean, hareatzak eta basoak atzera utzi eta, Izarorekin topo eginda, Kantauri itsasoan hiltzen denean. Egunero egiten duen ibilbide horretan sortzen du urak duela ia 25 urte Unesco erakundeak Biosferaren Erreserba izendatu zuen ingurunea. Pixkanaka aldatzen omen da natura, gizakiak ikusteko gai ez den moduan, baina Urdaibaiko paisaiak oso bestelakoak dira horretan; izan ere, itsasgora eta itsasbeheraren arabera aldatzen ditu jantziak babesguneak; hondartzak erakutsi edo ezkutatu egiten ditu, eta hezeguneak ureztatu edo azalarazten ditu egunero. Biosferaren erreserbak 230 kilometro koadroko eremu zabala hartzen du, eta, horregatik, aberatsa da oso landare zein animalietan. Guztien artean, alabaina, hegaztiak dira jaun eta jabe. Europako iparraldetik eguraldi epelagoen bila ihesean bidaiatzen duten txori migratzaileen babesgune bilakatzen da Urdaibai. Horietako asko nahiko bitxiak dira, branta, eider edo zerra kasu. Horiekin batera, ohikoagoak diren lertxun hauskarak, ubarroiak eta kurlintak daude. Kostaldean eta itsasoan ere ematen die ostatu hegaztiei Urdaibaik; izan ere, Ogońo lurmuturra eta Izaro uhartea belatz handien eta, batez ere, kaioen erresuma dira. Babesguneak itsasoan duen gotorlekuak, alabaina, bestelako biztanleak izan ditu iraganean. 1422an Izaro uhartean sortu zuen komentua frantziskotarren anaidiak, eta denbora luzez aritu ziren han, 1719ra arte. Fraideen bizimodua errazteko, azkenean, Forura eraman zituzten XVIII. mendean. Arrantzaleen historiaren berri ere ematen du itsasoak, babesguneak Bizkaiko Golkoarekin bat egiten duen tokian, hain zuzen ere. Matxitxako eta Ogońo artean balea arrantzan aritu ziren euskaldunak XVIII. mendera arte. Balea arrantzari aspaldian utzirik, zetazeoak ikusteko talaiak dira orain lurmutur horiek. Kostaldean, halaber, gero eta kirol portu gehiago daude arrantzaleen sareak konpontzen zituzten kai berberetan. Mundakako hondartzetan, bestalde, surflariak azaltzen dira, olaturik ospetsuenak azaltzen direnetan behintzat. Hala ere, turistek portuko kaleak betetzen ez dituztenean, lasaitasuna da nagusi herriko portuan eta Laida zein Laidatxuko hondartzetan. GIZAKIAREN ESKU. Naturak ez ezik, gizakiak ere moldatu ditu Urdaibaiko bazterrak historiaren bilakaeran. Busturialdeko lehenengo gizakien aztarnak dira, seguruenik, eskualde osoko ezagunenak, Santimamińeko leizean ageri direnak, Kortezubin. Duela 13.000 urte baino gehiago egin zituzten margolanak, baina egungo gizakiak XX. mendearen hasieran topatu zituen. Bisitek kalte handia egin diote leizeari, eta, horregatik, Santimamińe ixtea erabaki zuten 2006an. Kalte horiek aztertu ondoren, bisitak egiteko aukera zabaldu berri dute, baina aurrerantzean bisita birtualak bakarrik egin ahal izango dira. Kobazulotik gertu, gizakiak eraldatutako beste toki bat bisita daiteke, Agustin Ibarrola artistak margotutako Omako basoa, hain zuzen ere. Aspaldi egin zuen eztabaida handiak sortu zituen obra. Duela urte gutxi zaharberritu zuten, eta oraindik murgildu daiteke bisitaria zuhaitzek eskainitako giro magikoan. Animaliak nahiago dituztenek basabereen babeslekua topatuko dute Basondoko baserrian. Xabier Maiztegi fundazioak kudeatutako aterpetxean, Bizkaiko basoetan galtzear diren espeziak zaintzen dituzte, basurdea, azeria, basakatua, orkatza eta igaraba, besteak beste. Erdi Aroko altxorrak ere ezkutatzen ditu Urdaibaik, Arteaga gaztelua bezalakoak, Gautegiz-Arteagan. XIII. mendean eraiki zuten bertan lehenengo gotorlekua, egungoa XIX. mendean eraberritu zuten arren.  2008/04/29 - 00:02:06

Doan banatuko du bere hurrengo diskoa Kerobiak

Gustuko dut Kerobiaren musika. Ezer gutxi nekien haiei buruz Matrakarako elkarrizketa egin behar izan nien arte. Atseginez entzun nuen haien bigarren diskoa zen Rose Escargot eta gogoa daukat euren lan berria entzuteko. Guzti honegatik poztu naiz SGAE laga eta proiektu berriari askatasunez ekingo diotela jakinda. Hiru zatitan banatuko dute Materia organikoa eta gainerekoak diskoa eta, haien webgunearen bidez, doan banatuko dute. Nahi duenak diruz lagunduko du taldea eta, noski, kontzertuetatik lortuko dute nola bizi. Nik behintzat, zortea opa diet. Hona hemen kaleratu duten komunikatua:Kaixo guztioi,Hitz hauekin, Kerobia taldeko partaideok murgilduta gauden proiektu honen berri eman nahi dizuegu. Proiektu berritzailea da forma eta edukian eta batez ere, ilusio handiz eta lan handiz burutzen ari den egitasmoa. 2007ko azken egunetan, Rose Escargot diskoko girako kontzertuak jotzeari utzi genionetik iragartzen ari dugu 2008ko Apirilean gure lan berria kaleratuko genuela. Lan honen lehen eta berezitasun nagusia TRILOGIA bat dela da. Hau da, orain kaleratuko den lana, hiru diskoko lehen zatia baino ez da. Disko hauetako bakoitzaren iraupena 20 minutukoa da, lan osoak 60 minutu inguru iraungo duelarik (disko arrunt bat baino luzexeagoa). Trilogia honetako ale bakoitza, denboran espazio batekin kaleratuko da; lehenengoa 2008ko apirilaren 29an, bigarrena 2009ko Otsaila partean eta hirugarrena 2009ko Urriaren inguruan. Beraz, urte eta erdiko epean kaleratuko da trilogia osoa. Hirukote honek, ardatz nagusi bat izango du dena kontextualizatzen, eta hildo nagusi hori kontenedoreak dira. Horrexegatik trilogiaren lehen diska Materia organikoa eta gainerakoak deituko da, hurrengoak paper eta kartoiei eta plastikoei egongo direlarik zuzenduak. Bizitzan zehar gauzak eta momentu ezberdinak erabili, gorde edo ezeztatzen ditugu. Han jasotzen dira jendeak ahaztu edo kontsumitu dituen gauzak, ideiak... Norberaren unibertsoaren fitxategi bat bilakatzen da, apalategi soil bat almazen batean, bizitzaren zatiak dituelarik stock moduan. Horrexegatik aukeratu dugu kontenedorearen ideia, begirada bat bota nahi diogulako horri guztiari. Zer aurkituko dugu, zer ikusiko dugu kontenedore ezberdinetan? Guzti hau isladatuko da lan ezberdinetan. Edukiaz aparte, forman ere aldaketa asko daude. Hasteko lan hau Kerobiaren autoprodukzioa da. Bere zirgilu propioarekin kaleratutako lana. Gainera SGAEtik geure burua bajan eman dugu. Proiektu berri honen filosofiarekin bat ez datorrelako eta beraiek betetzen duten funtzioarekin eta lanarekin bat ez datozelako, gure aurreko diskoen etekinei uko egin diogu eta hemendik aurrera SGAEtik kanpo lan egiteko asmoa daukagu. Era berean, gure musika eta autoprodukzioa izanik, libreki erreproduzitzeko aukera eman nahi diogu entzule guztiei, beraz disko osoa, kalitate onean, audio, irudi eta datu guztiekin libreki jendeak web orrialdetik hartu dezan utziko dugu. Gure lana edonork dohainik jeisteko aukera dagoen arren, bakoitzak gure lana baloratu eta gure proiektu honetan laguntzeko dirua aportatzeko aukera izango du, proiektu hau bere osotasunean burutzeko aukera emateko eta hori aurrera eramateko medio nahikoak ahalbideratzeko. Honekin batera, ohi den bezela, gure lana dendetan ere erosteko aukera izango da GOR disketxeak banaketa egingo duelarik, baina esan bezela internetek hartu duen indarra ikusita, disko berriarekin batera gure web orrialde berria martxan jarriko da. Bertan, abesti eta material guztia jeisteko aukera emateaz gain, kontenedoreen kontzeptua isladatu eta informazio guztia eskeitzen saiatuko gara, jadanik martxan dagoen eta indartzeko asmoa dugun BLOG-aren funtzioarekin batera. Guzti hau azalduta, gure trilogia honen lehen lana Apirilaren 29an aurkeztu dugu prentsaurreko batean. Ordurako dendetan egongo da eta gure web orrialde berria zabalik izango da deskarga eta informazio guztiarekin. Era berean lan berri hau zuzenean ere aurkeztuko dugu, Apirilaren 30ean hasi, eta Iraila amaierarate iraungo duen kontzertu epean. Aurrerapen moduan Asteroideen antzokian artista eraila abesti berriaren bideoklipa ikusgai jarri dugu.  2008/04/25 - 04:22:04

Sozialismoa Euskal Herrian? ikastaroaren jarraipena

Hauxe da Gite-Ipes elkarteko lagunen mezua:Larunbat honetan SOZIALISMOA EUSKAL HERRIAN? saioari ekingo diogu. Larunbat honetan gizartearen oinarri politikoa delako gaiarekin segituko dugu. Mario Zubiagak testu xume bat bidali digu. Interesgarria da galderak eta ardatzak agertzen dira eta.NOIZ 2008ko apirilaren 26an, larunbataNON La Boltsa Auzo Etxean, Bilboko Zazpi KaleetanORDUA goizeko 10:00etanGAIA Gizarte parte hartzailea eta sozialismoa. Gizartea eta politika eraikitzeko ereduakHIZLARIA Mario Zubiaga  2008/04/25 - 01:03:03

Guztien elkarlanarekin ikertzeko

Ia egunero topatzen dituzte erabilera berriak munduko sarerik handienerako; informazioa trukatu, posta bidali, edozein produktu erosi eta unean uneko albisteak irakurtzeko erabiltzen dute milioika lagunek Internet egunero. Horrelakoetan, alabaina, oso jende gutxik erabiltzen du ordenagailuak eskaintzen dion prozesatzeko ahalmen guztia; eta are gutxiago P2P sareetara konektatuta utzi eta ordenagailua egun osoan piztuta edukitzen dutenek. Bitartean, zientzialariek superordenagailu gero eta hobeak behar dituzte ebatzi nahi dituzten arazoetarako. 90eko hamarkadan sortutako Grid konputazioak konponbide bat topatu zuen ikertzaileen beharrizanetarako, eta, aldi berean, Internetara konektatuta dauden eta ezer gutxi egiten duten ordenagailu horien guztien ahalmena ez alferrik galtzeko: ikerketa zientifikorako proiektuetan partekatzea. Duela 35 urte inguru abian jarritako SETI egitasmoak unibertsoa ikertzea du helburu, izaki adimentsuak bilatzea. Programa horretarako erabili zuten lehenengo aldiz konputazio partekatua deritzona. AEBetako David Gedye informatikariak 1999. urtean abiatu zuten Seti @home sistema, mundu osoko erabiltzaileek proiektuaren ikerketan parte har zezaten. Erantzuna denborarekin, izugarria izan da: 485.000 ordenagailuk laguntzen diote espazioan zehar adimena bilatzen duen programari. David Andersonek zuzentzen du egitasmoa gaur egun, BOINC (Berkeley Open Infrastructure for Network Computing) plataformako azpiegituraren gainean. Iazko abenduan segundoko 745 bilioi eragiketako (teraflop) gaitasunarekin prozesatzea lortu zuten: Blue Gene munduko superordenagailurik ahaltsuenak baino gehiago. Euskal Herriko superordenagailurik onena ere gainditzen du BOINC softwareak osatzen duen sareak, EHUk kudeatzen duen Arinak 668 gigaflopeko (mila milioi eragiketa segundoko) ahalmena baitauka. Gaur egun, baina, ikerketa gehiagotan parte hartzeko aukera dute Interneteko erabiltzaileek, Kaliforniako Berkeley unibertsitatean gordetzen duten BOINC proiektuko zerbitzariari esker. Jose Miguel Alonso EHUko Informatika Fakultateko irakaslearen arabera, konputazio partekatuaren dohainak erabili ahal izateko, ezinbesteko baldintza bete behar dute ikerketa zientifikoek: «Proiektuak ebatzi nahi duen arazoak zatigarria izan behar du, sarean haren ahalmena partekatuko duten milaka ordenagailuen artean ariketak banatu ahal izateko». Erabiltzaileek beren ordenagailua partekatzen dutenean, «sarean konektatuta daudela baina ezer egiten ez dutenean», aurretik instalatu behar duten softwarea martxan jartzen da bere kabuz; «ordenagailuak zerbitzariari esaten dio libre dagoela, eta hark eragiketa batzuk helarazten dizkio, eta amaitu ondoren, zerbitzarira bueltan bidaliko ditu». Halako sareak esparru murritzagoetan erabili izan dira orain arte. «Zientzialari taldeek ordenagailuak partekatzen dituzte sare itxietan. Prozesatzeko ahalmen jarioa izango litzateke sistema honen erabilera teorikoa: uraren txorrota nahi dugunean zabaltzen dugun moduan, prozesatzeko ahalmenarekin gauza bera egingo genuke». Konputazio herritarrak, baina, ordenagailu askoz ere gehiago eskain diezazkioke zientziari, eta, horri esker, «egungo superordenagailu ahaltsuenak gainditu». BOINC softwarea edozein ordenagailutan erabil daiteke; «egungo ordenagailu guztiek gainditzen dituzte gutxieneko eskakizunak, eta sistema eragile guztietan erabil daiteke». Programa, gainera, «demokratikoa» dela dio Alonsok; izan ere, «nahiago duzun egitasmorako laga dezakezu zure ordenagailua; softwarea ordenagailura jaitsi ondoren, aski da nahiago duzun ikerketa aukeratzea». Espazioa arakatzeko ez ezik, proteinak aztertzeko eta klima aldaketa ikertzeko proiektuak ere badaude martxan, besteak beste.  2008/04/21 - 16:04:07