Zibergela
Zer gertatzen da ordenagailua piztean?
Ordenagailua pizteko botoia sakatzen denetik erabil daitekeen arte zer gertatzen da? Zer prozesu gertatzen dira? Nork ez dizkio bere buruari horrelako galderak egin. Batzuetan, botoia sakatu, piztu eta erabiltzen hasi arteko minutu horiek «alferrikakoak» direla iruditu arren, badute beren arrazoia. Eragiketa asko egin behar izaten dira. Gaur, eragiketa horiek zein diren azalduko dira. Botoia sakatzean Une horretan hasten da elektrizitatea ordenagailuaren barnean ibiltzen eta lehenengo prozesuak ere orduan hasten dira exekutatzen. Lehenengoa, memoria berezi batean gordeak dituen aginduak irakurri eta prozesadoreari ematea da. Memoria horrek BIOS ROM izena du, eta ordenagailua itzalita egon arren ere informazioa gordeta mantentzen da txip horretan. BIOS ROM txipa, ordenagailuaren fabrikatzaileak programatzen du, eta, bertan, ordenagailuaren hardware edo osagai nagusien informazioa egon ohi da. BIOS ROM txipeko informazioa PUZ (Prozesurako Unitate Zentrala) unitateak, alegia prozesadoreak hartzen du. Informazio exekutatu egiten du, eta ordenagailuaren memoria eta gainerako osagai guztien funtzionamendua zuzena dela ziurtatzen du. Hori da PUZak egiten duen lehen eragiketa, ondoren bera izango da eragiketa guztiak kudeatuko dituen osagaia. Periferikoen azterketa Behin osagai nagusien azterketa egin ondoren, bigarren mailakoen txanda da. Bertan, periferikoak edo fabrikatik ez dakartzan osagaiak aztertzen dira. Aurreko prozesuan bezala, hemen ere haien funtzionamendua zuzena dela ziurtatzen da. Beraz, ordenagailuan osagai berriren bat instalatzen denean, momentu honetan ezagutuko da eta ongi instalatua dagoela ziurtatuko da. Disko gogorretik irakurtzeko prestatzen Behin osagai guztiak aztertu eta zuzen dabiltzala ziurtatu ondoren, disko gogorretik informazioa irakurtzen hasteko garaia da. Disko gogorra, hainbat zatitan egon ohi da banatuta, horiei partizioak deitzen zaie. Partizio bakoitzak informazio desberdina edukitzen du, esate baterako, oso ohikoa da partizio batean sistema eragilea gordetzea eta beste batean datuak. Horrela, sistema eragilea berritu nahi bada, datuak mantentzeko ez dago inolako arazorik. Disko gogorreko informazioa formatu desberdinetan kodetua egon daiteke, kodeketa horri, fitxategi-sistema deitzen zaio eta sistema eragileen araberakoa izaten da. Sistema eragilea PUZak ordenagailuan instalatuta dagoen sistema eragilea martxan jarriko du. Horretarako, disko gogorrean dagoen informazioa irakurri eta RAM memorian kargatu eta exekutatu egingo du. Ordenagailu batean, sistema eragile bat baino gehiago ere instala daitezke. Kasu horretan, erabiltzaileari emango zaio aukeratzeko zein sistema eragile abiarazi nahi duen. Sistema eragilearen karga, desberdina izaten da instalatuta dagoen motaren arabera. Nagusia, esan beharrik ez dago, Microsoft-en Windows da, baina alternatibak ere existitzen dira. Horietako ezagunenak, Apple ordenagailuen MAC OSX eta Linux dira. Karga-prozesu horretan, lehenengo, azkeneko aldian ordenagailua behar bezala itzali zen ziurtatzen da. Behin hori egin ondoren, sistema eragilearen osagai guztiak kargatzen dira RAM memorian, lehenik oinarrizko osagaiak eta ondoren bigarren mailakoak. Erabiltzeko prest Behin sistema eragilea kargatu ondoren, ordenagailua prest dago erabiltzeko. Norbere erabiltzaile izena eta pasahitza sartu, eta mahaigaina kargatu arte itxoitea soilik falta da. Sistema eragile batzuek zuzenean erabiltzaile baten profila kargatzeko aukera ere ematen dute. Hau da, oso gainetik azalduta, ordenagailuaren pizteko botoia sakatu eta erabiltzen hasi arte gertatzen dena: oinarrizko osagaiak eta bigarren mailako osagaiak aztertu, disko gogorretik sistema eragilea irakurri, RAM memorian idatzi eta abian jarri. Hemendik aurrera hasi zukua ateratzen zure ordenagailuari! 2008/05/07 - 13:14:05
Sun Blackbox, datuen zentro mugikorra
Lehenengo begiradan, portuetan egon ohi diren ehunka kontainer horietako bat dirudi, beltzez pintatua eta izena berdez duelarik. Baina barrukoari begiratuz gero, nabari da desberdintasuna, datuak prozesatzeko zentro oso bat kontainer batean sartzea lortu baitu Sun -ek. Ezaugarri garrantzitsuenak bi dira: mugikortasuna eta kontsumo txikia. Blackbox bat abian jartzeko behar den bakarra elektrizitatea eta uraren hargune bat dira, eta ohiko instalazioekin konparatuta, enegia kontsumoaren %40 aurrezten da. Informazioaren gizarte honetan, eskaintzen diren web zerbitzu askok hazkunde ikaragarriak jasaten dituzte denbora gutxian, eta epe horretan datuak prozesatzeko ahalmen handia behar da. Orain arte, horri aurre egiteko, zerbitzari berriak jartzea zen soluzioa, baina horrek espazio eta denbora asko eskatzen du. Sun-ek merkaturatu duen Blackbox datuen zentro mugikorrak behar horiek horiek asetzeko balio du. Dagoeneko, unibertsitate eta ospitale batzuek ezarri dute, eta Japoniako Gobernuak ere badu bat hondamendiren bat gertatzen den kasuetarako. 2008/05/07 - 13:14:05
Wii, sasoian jartzeko kontsola
Ezaguna da Nintendoren Wii kontsola, nagusiki jokoekin jokatzeko era hankaz gora jarri zuelako. Baina kontua ez da hor amaitu, eta orain erabiltzaileak etxetik irten gabe sasoian jartzeko asmoa du. Duela gutxi kaleratu berri du Wii Fit izeneko jokoa, eta Wii Balance Board hankak gainean jarriz dabilen plataforma modukoa. Jokoak aukera anitz eskaintzen ditu, baina lehenengo pertsona bakoitzarentzako konfiguratzea komeni da. Horretarako, erabiltzailearen oinarrizko datuak (pisua eta adina esaterako) eman behar dira eta hasierako test batzuk egin. Hortik abiatuta, jokoak hainbat ariketa proposatzen ditu erabiltzaileak dituen helburuen arabera. Yoga eta oreka lantzeko ariketak eta baita korrika edo step modukoak ere eskaintzen ditu. Kiroldegira joan gabe ariketa batzuk egiteko aukera interesgarria da. Gainera, hau hasi besterik ez da egin; teknologia berriak eta kirola gero eta lotuago daude eta laster ikusiko dira honelako joko gehiago. 2008/05/07 - 13:14:05
AVG antibirusaren 8.0 bertsioa kalean da
Duela egun gutxi kaleratu dute Grisoft etxearen AVG antibirus ezagunaren 8.0 bertsioa . Horretarako, ohi den bezala, AVG-k hiru lizentzia desberdin erabili ditu. Lehenengoa, lizentzia doakoa; bertsio hau oso mugatua da, eta antibirusa eta spywareen aurkakoa da. Bigarrena, ordainpeko bertsioa; doakoa baino ezaugarri gehiago ditu, baina, hala ere, ekintza jakina ez bada egin behar ez du merezi. Eta, hirugarrena, Internet Security izenekoa; aplikazio sorta oso erabilgarria da, bertan ordenagailuaren segurtasuna bermatzeko behar den guztia dator. AVG ezaguna da duen kalitateagatik eta eraginkortasunagatik, gainera, jakina da doako bertsioa oso ongi dabilela eta etxeko oinarrizko segurtasuna bermatzeko inongo arazorik ez duela. 2008/04/30 - 12:36:04
Bubok, sareko argitaletxea
Internetek aurrez diskoetxeak astindu izan baditu, argitaletxeek ere kontuz ibili beharko dute. Izan ere, Bubok bezalako zerbitzuek idazlea eta merkatuaren artean dagoen bitartekaritza osoa jauzi batez pasatzen baitute. Duela gutxi aurkeztu den webgune honek bi zerbitzu nagusi ditu: argitaratzea eta salmenta. Argitaratzea bost pausotan egiten da: obra PDF dokumentu batean igo, liburuaren informazioa bete (izenburua, egilea, sinopsia, eta abar), azaleztatzea aukeratu, izenburu orrialdea aukeratu eta azkenik prezioa jarri (PDF formatuan salduko da e-bookari eta paperezkoari). Pausoak argiak eta sinpleak dira. Dendan , Bubok-en argitaratzen diren liburu guztiak daude salgai. Baina esan behar da, asko PDF moduan doan har daitezkeela. Liburuak argitaratzeko era berritzailea dudarik gabe. 2008/04/30 - 12:36:04
Jarri denda Interneten (II)
Aurreko asteko gaiarekin jarraituz, gaurko artikuluan ere Interneteko dendak izango dira ardatza. Baina aurkeztu diren zerbitzuak desberdinak dira. Joan den astean, web zerbitzarietan instalatu zitezkeen aplikazioak aurkeztu baziren, aste honetan, denda zerbitzu osoa eskaintzen duten webguneak aurkeztuko dira. Zerbitzu hau eskaintzen duten webguneak beste negozio batzuetatik datoz. Batzuek webguneen ostatatzea dute negozio nagusia, eta denda zerbitzua beraien eskaintza zabaltzeko jarri dute. Beste batzuk, aldiz, sareko denda ezagunak dira, eta hauek beren dendarako garatu duten azpiegituraz baliatuz, beste negozio bat ikusi dute. Webgune hauek Interneten denda bat martxan jartzeko behar den azpiegitura osoa eskaintzen dute. Guztia prestatua uzten diote erabiltzaileari, eta horrek egin beharreko gauza bakarra saldu nahi dituen produktuak jartzea da. Hori da erabiltzaileari eskatzen zaion bakarra: zer saldu nahi duen argi izatea. Arsys Webguneen ostatatzean Espainian nagusi den Errioxako enpresa honek duela gutxi aurkeztu du bere denda zerbitzua . Horretarako, orain arte ostatatze lanetan hartu duten esperientzian oinarritu dira, eta erabiltzaileari eskaintza interesgarria egiten diote. Denda sortzeko prozesua, hasierako konfigurazioarekin hasten da. Hemen, dendaren diseinua eta informazioa egituratzeko aukerak ematen dira, baita dendaren izena eta logotipoa sartzeko aukera ere. Behin hori eginda, produktu bakoitzaren informazioa (azalpena, prezioa, eta abar) sartu behar da. Aipatu diren pauso horiekin martxan jar daiteke denda. Gero, baditu beste aukera batzuk ere: txartel bidez ordaintzeko aukera, eskaerak mezulari bidez bidaltzeko aukera edota Ebay, Kelkoo eta Ciao bezalako webguneekin integratzeko aukera. Ohiko denda fisikoa duen batentzat aukera interesgarria izan daiteke, izan ere, ez baita informatika ezagutza handia behar. PixPlace Pixmania , Europako teknologia saltzaile handienetakoa da ekimen honen sortzailea. Aurrez aipatu bezala, bere dendaren azpiegieturaz baliatu da orain denda zerbitzua eskaintzeko. PixPlace zerbitzuak daukan abantaila zera da, plataforma berean sei milioi erabiltzaile dabiltzala beraien erosketak egiten, eta hori sekulako erakusleihoa da. Merkataritza gune erraldoi bat bezalako da; bertan denetik aurki daiteke, baina, hala ere, oraindik teknologia erosten duten erabiltzaileak dira nagusi. PixPlace zerbitzuaren negozioa salmenta bakoitzeko kobratzen duen komisioan dago. Hau da, dendak saltzen badu, dendariak irabazi egiten du eta PixPlace-ek ere bai; denei komeni zaie sartzea. Amazon Interneteko dendarik handienak ere eskaintzen du mota honetako zerbitzua, nola ez. WebStore izeneko zerbitzuak ere azpiegitura osoa prestatua eskaintzen du. Erabiltzaileak konfigurazio batzuk egin eta produktuak sartu ondoren, saltzen has daiteke. Baina badu Amazonek besteek eskaintzen ez duten ezaugarri bat: banaketa zerbitzua bere biltegietatik egiteko aukera ematen du. Web Services izeneko zerbitzuen barnean, dendariak Amazoneko biltegia erabil dezake Fulfillment zerbitzuaren bitartez. Horretarako eman beharreko pausoak hauek dira: produktuak Amazoneko biltegira bidali, biltegiak gorde egingo ditu, eta salmenta egiten denean, Amazonek paketea egin eta erosleari bidaliko dio. Espazio arazoak dituztenentzat aukera polita izan daiteke. Aurkeztu diren aukerez gain, kontuan hartu behar da eBay enkateak egiteko webguneak ere denda jartzeko aukera eskaintzen duela. Beraz, esan daiteke merkataritza elektronikoa sozializatzen ari dela, edonork izan dezake gaur egun denda bat sarean. Hemen aurkeztu diren aukerak interesgarriak izan daitezke ohiko denda fisiko bat dutenentzat, izan ere, ez baita informatika ezagutza handia behar. Interneten denda jartzeko, aski da produktua sarean saltzeko gogoa izatea. 2008/04/30 - 12:36:04
Kerobia taldeak, SGAE utzi eta diskoa atera
Azkenaldian, musikaren munduan aldaketa asko izaten ari dira. Salmentetan dagoen krisiak eraginda, diskoetxeak beste aukera batzuk probatzen ari dira etengabe. Eta musika taldeak ere hasiak dira bide berriak jorratzen. Orain arte Euskal Herritik kanpoko taldeek eman dituzte horrelako albisteak, baina duela egun batzuk Kerobia taldea izan da albiste iturri. Iruñeko taldeak entzuleengana hurbiltzeko estrategian aldaketa nabarmena egin du. Alde batetik, SGAE erakundea utzi egin dute, eta horrekin batera, beren aurreko diskoen etekinei uko egin diete. Bestalde, diskoa Internet bidez banatzeko konpromisoa hartu dute. Erabiltzaileak Kerobiaren webgunetik jaitsi ahal izango du disko berriko material guztia. Ondoren, entzuleak era-bakiko du proiektua laguntzeko diru ekarpen bat egiten duen edo ez. Oso proposamen interesagarria. 2008/04/23 - 11:57:04
Jarri denda Interneten (I)
Merkataritza elektronikoa ez da gauza berria. 2000. urtearen inguruan, Internetek izan zuen lehen boom hartan, ardatzetako bat izan zen. Garai horietatik asko aldatu dira gauzak; orduan ez zegoen edonoren esku Interneten denda zabaltzea. Egin beharreko lan informatikoa handia zen, ostatatzea ere garestia zen eta ordainketak egiteko metodoak ere ez ziren hain gardenak. Gaur egun, zorionez, gauzak asko aldatu dira. Zer saldu izanez gero, denbora gutxian jar daiteke Interneten denda bat martxan. Alegia, saldu nahi den produktua ongi definitua izatea da garrantzitsuena. Azpiegitura informatikoari dagokionez, mota guztietako softwarea eta plataformak aurki daitezke: denda batek behar duen guztia programatua duten aplikazioak, denda giltza eskuan eran eskaintzen dutenak... eta biltegi zerbitzua eskaintzen duten enpresak ere badaude. Plataforma guztiek antzeko ezaugarri batzuk dituzte. Guztiek dute denda kudeatu ahal izateko administrari modulua. Bertatik katalogoa eguneratu, erosketak kudeatu eta beste hainbat kudeaketa lan egin daitezke. Ordainketa egiteko, hainbat aukera ematen dituzte, eta dendan erabiliko den txanpon mota (euroa, dolarra, e.a.) ere hauta daiteke. Merkataritza elektronikoaren munduan, plataforma irekiak oso garrantzitsu bihurtu dira. Normalean, GPL edo antzeko lizentzia baten menpean egon ohi dira, eta komunitate oso bat dute atzetik, etengabeko garapenean. Plataforma horiek martxan jartzeko, web zerbitzari bat eduki behar da, edo, bestela, ostatatze zerbitzu bat kontratatu. Behin hori egin ondoren, aplikazioa jaitsi, instalatu eta katalogoa kargatu behar da. osCommerce Plataforma ezagunena osCommerce da, 2000. urtean sortu zen proiektua eta gaur egun 13.000 denda elektronikotik gora daude erregistratuak. Abantaila nagusia hura instalatzeko erraztasuna da, minutu batzuk nahikoa baitira denda guztiz martxan izateko. Kode irekian garatua dago, doan jaits daiteke eta GNU/GPL lizentziaren menpean banatzen da. Gaur egun, merkataritza elektronikoan gehien zabalduta dagoen plataforma da. PrestaShop Baina osCommerce plataforma- ri atera zaizkio aurkariak, eta ez bakarra, gainera. Horietako bat PrestaShop izenekoa da. Hori ere, instalatzeko, oso erraza da, minutu batzuetan egiteko modukoa. Denda kudeatu ahal izateko, funtzio sorta zabala eskaintzen du: deskontuak egi-teko aukera eta stocka jaisten denean alerta bidaltzea dira horietako batzuk. PrestaShop ere kode irekikoa da eta doan jaits daiteke. Magento Azken hilabeteetan indar handia hartzen ari den beste aukera bat Magento izenekoa da. Haren ezaugarri garrantzitsuena dendaren diseinua norbere gustura moldatzeko eskaintzen duen malgutasuna da. Proiektuak oraindik ez du denbora asko sarean, kode irekian oinarrituta dago eta komunitate interesgarri bat ari da sortzen haren inguruan. Magentok dituen ezaugarriak ere askotarikoak dira, Interneteko denda bat kudeatzeko behar den guztia dauka: marketin modulua, hizkuntza kudeatzeko aukera, bezeroen kontua, e.a. Aplikazio doan jaits daitekeen arren, beren webgunean zerbitzu profesionala ere eskaintzen dituzte. Horrela, neurrira egindako moldaketak, softwarearen instalazioa, trebakuntza eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituzte. Artikulu honetan aurkeztutako aukera guztiek web zerbitzari bat behar dute. Eta, horrez gain, informatikari buruzko oinarrizko ezagutza eskatzen dute. Nahiz eta instalazioa egiteko denbora asko behar izan ez, horrelako lanetan esperientzia apur bat izatea ere gomendagarria da. Hori kontuan hartuta, Interneten denda bat martxan jartzeko behar den guztia eskaintzen dute plataforma hauek. Gainera, aplikazioak kode irekikoak dira eta doan jaitsi eta erabil daitezke. Horrek sarean denda bat jartzeko egin beharreko gastu ekonomikoa asko murrizten du. 2008/04/23 - 11:57:04
Momenturako helbide elektronikoa
Interneten nabigatzen ari garenean, askotan aurkitzen dira erregistratzeko helbide elektronikoa eskatzen duten erregistroak. Ondoren, ez da jakiten benetan zertarako erabiltzen den informazioa. Baina, askotan, informazio komertziala eta zaborra besterik ez da etortzen. Arazo horri aurre egiteko, momentu baterako helbide elektronikoa izatea aukera ona izan daiteke. Zerbitzu hauek minutu batzuetarako helbide elektroniko bat eskaintzen dute, normalean ausaz sortua. Behin erregistroa egin eta posta elektronikoz baieztapena eman ondoren, helbidea ez da gehiago erabili behar. Horrelako zerbitzua eskaintzen du MailCatch webguneak ere, erabili eta uzteko helbide elektronikoa. Beste aukera bat erregistro bat egiterakoan norbere ohiko helbide elektronikoa eman nahi ez denerako. 2008/04/23 - 11:57:04
Bota puntua amaraunean
Horixe esaten diote elkarri bertsolariek, bertsotan hasteko irrikan, baina norberak hasi nahi ez duenean. Bada, amaraunean, besteen puntuaren zain egon beharrik gabe, bertsoa ere ari da bere lekua hartzen. Egia esan, duela gutxi arte, bertsoaren inguruko webguneak ez ziren asko. Zeudenak ere, eduki estatikoa zuten; gutxi eguneratuak eta teknologia berriek dituzten abantailak aprobetxatu gabeak ziren. Esan daiteke Interneteko lehen belaunaldia ez zela oso emankorra izan bertso munduari dagokionez. Baina zorionez, gauzak aldatzen ari dira. Aldaketa horretan, zeresan handia izan dute webguneak kudeatzeko aplikazioek. Izan ere, lehen, webgune bat mantentzeko, ia programatzen jakin behar zen, eta, gaur egun, ez da ezer jakin behar; informazioa kudeatzen jakin behar da. Horrez gain, bideo teknologia berriek Interneten izan duten eztandak ere izan du zeresana. Nork pentsa zezakeen duela urte batzuk bertso saioak Internet bidez, bideoz, ikusiko zirela? Iritsi da puntua amaraunean botatzeko garaia. Bertsoaren inguruan mota askotako webguneak topatu daitezke: txapelketak, emanaldiak eskaintzen dituztenak, bertso eskoletako blogak, bertsolarien blogak, baita gai-jartzaileren baten bloga ere. Bakoitzak dituen baliabideen arabera, baina hazten ari da bertsolaritzaren presentzia sarean. GPuntua Ezin utzi aipatu gabe joan den udazkenean jokatu zen 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Gpuntua izenez ezagunagoa. Webgune txukun eta dinamikoa da, eta txapelketaren garaian bisitari andana izan zuen. Baina antolatzaileak haratago joan ziren, sakelakoetarako teknologia ere erabili zuten; saio bakoitzaren amaieran Bluetooth konexioa zuten sakelakoetara saioko puntuazioak jaits zitzaketen. Horrela esanda zerbait xumea dirudien arren,mugarri bat izan da Gpuntua. Bertsoplaza.tv Dominioaren luzapena (.tv) ikusita asma liteke Bertsozale Elkartearen azken lana nondik nora doan. Erabat murgildu da bideo teknologia berrietan. Interneteko telebista modura ere uler liteke Bertsoplaza.tv . Edukietan protagonista, nola ez, bertsoak eta bertso saioak dira, horiek egindako lanetan banatzen direlarik. Bideo bakoitza baloratzeko aukera ere ematen du. Saioez gain, erreportajeak eta, batez ere, elkarrizketak dira atal mamitsuena. Elkarrizketen atal horretan, bertsolariei saioaren ondoren eginiko elkarrizketak daude. Erabiltzaileak ere badu aukera berak grabatutako saioak igotzeko. Horretarako, izena eman behar du lehenik, eta, horren ondoren, bideoa igotzeko eskaera orria bete. Bertsoa.com Jesus Mari Irazu bertsolariaren ekimena da Bertsoa.com webgunea, eta berezitasunik handiena, zuzeneko emanaldiak dira. Bertso-saioak zuzenean ematen dira webgune horretan. Beraz, esan daiteke, gaur egun posible dela bertso-saio bat zuzenean etxeko ordenagailuan ikustea. Beste berezitasun bat ere badakar webgunean, bertso-eskola digitala hain zuzen ere. Bertan, bideo eta audio materialak oinarri hartuta bertsoaren hainbat atal desberdinak jorratzeko aukera ematen du. Atala erabili ahal izateko izena ematea ezinbestekoa da. Berezitasun horrez gain, baditu bestelako atalak ere; horrela, bertso onenen bilduma eta bertso saio osoak ere ikus eta entzun daitezke. Horretaz gain, enkarguz bertsoak eska daitezke. Bertso eskolak Bertso eskolak ere ari dira sarean beren tokia aurkitzen; askotan, blog plataformak erabili dituzte horretarako. Era horretakoa izan da Alegiako , Legazpiko eta Zumaiako bertso eskolek hartu duten bidea. Baina badira web dominio propio batekin, webgune oso bat martxan daukatenak ere; Zumarraga-Urretxuko eta Algortako bertso eskolak, esate baterako. Beraz, hasieran esan bezala, bertsoak hartu du Interneteko bigarren olatua. Hainbat ekimen daude sarean, eta guztiak kontuan hartuta sare polita osatzen dute. Bota puntua amaraunean! 2008/04/16 - 17:21:08
