Di-da!
Azpeitia di-da batean. Sarean topatutakoak, datuak, bitxikeriak... Albiste izatera iristen ez diren kontu txikiak.
Blog berria uztarria.com-en: Festa Herrikoien Batzordea
Uztarria.com-eko blog komunikatatea handitzen doa. Hala, Festa Herrikoien Batzordeak blog berria egin du eta www.uztarria.com/blogak/festa_herrikoiak da blogaren helbidea. Festak antolatzeko egingo den batzar zabalaz idatzi dute lehenengo artikulua. Uztarriaren asmoa hasieratik herritarren parte-hartzea izan da eta jendearen iritziak jasotzeko gune bihurtu nahi ditu blogak ere. Zuk ere blogari izan nahi? Uztarriara idatzi, deitu edo etorri besterik ez duzu egin behar. Animatu! 2010/06/30 - 13:51:07
Inkestan galdera berria: 'Macacoren kontzertura joango al zara?'
Uztarria.com-ek galdera berria jarri du inkestan: Macacoren kontzertura joango al zara? Horri buruzko orain arteko emaitzak, hemen. Aurreko galdera: Krisia noiz bukatuko dela uste duzu? Emaitzak: Aurten: %4.76. 2011an: %5.71. Hemendik urte batzuetara: %57.14. Oraindik ez behintzat: %32.38. 2010/06/22 - 12:40:03
Udara hasieran, Nuarbeko urtegia %99,96an
Hasi da udara (ekainaren 21ean), eta Ibai-Eder Nuarbeko urtegia bete-beteta dago: %99,96an, hain zuzen —ekainaren 20ko datua da—. Iaz %93an zegoen garai berean. Nuarbeko urtegiak Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio ere herriak hornitzen ditu. Hau da, 68.500 biztanle inguru. Denera 11,3 hektometro kubikoko edukiera dauka. Hona hemen Ibai-Ederren barruei buruz Uztarria herri aldizkariak 2008ko ekainean egindako argazki erreportajea. 2010/06/20 - 20:04:12
Toshack: "Garmendipe da Gipuzkoako zelairik onena"
John Toshack (Galesko futbol hautatzailea): "Garmendipe da Gipuzkoako zelairik onena". Aste honetan Azpeitiko zelaian izan da Realeko entrenatzaile ohia, elkarrizketa baterako, eta horixe esan du. Realarekin eta zuzendu izan dituen beste talde edo selekzioekin etorri izan da entrenatzera. Lehen aldiz, 1985ean, Realarekin. 2010/06/12 - 15:08:06
Ramon Altolagirre: "Jokoa bizioa da"
Ramon Altolagirre (kirol artekari ohia): "Jendeari konfiantza eman izan diot, bestela ez dute dirua jokatzen", "banku bat bezalakoa izan naiz, nahiz eta eskola 11 urterekin utzi nuen", "jokoa bizioa da; ezagutu izan dut jendea beldurra zuena bost duro jokatzeko eta gero ehun mila duro jokatzera iristen zena". 1943an hasi zen artekari lanetan pilotan eta herri kiroletan, eta elkarrizketa egin dio El Diario Vasco egunkariak. 2010/06/10 - 10:57:08
Sanjuandegiko festek bi abesti dituzte
Sanjuandegiko festak hastear daude eta, hori dela eta, Festa Batzordeak bi abesti egin ditu. Bi euskal abesti ezagunen bertsioak egin dituzte, letra aldatuta. Kantak entzuteko egin klik hemen eta hemen. 2010/06/04 - 10:13:22
'Go!azen' telesailaren grabazioek ez dute jarraipenik izango
Iazko udan ' Go!azen' ETB1eko telesaileko hainbat eskena grabatu zituzten Azpeitian, Esklabetan. Aurten, ordea, ez dute Pausokak ekoitzitako telesaila grabatuko. Antza denez, EITB taldeak “aurrekontu arazoak” ditu eta, hala, gehiago ez grabatzea erabaki dute. 2010/06/02 - 11:56:08
Inkestan galdera berria: 'Krisia noiz bukatuko dela uste duzu?'
Uztarria.com-ek galdera berria jarri du inkestan: Krisia noiz bukatuko dela uste duzu? Horri buruzko orain arteko emaitzak, hemen. Aurreko galdera: Uda datorrela eta, elikadura zaintzen ari al zara? Emaitzak: Bai: %35.34. Ez: %33.62. Ez, baina hasiko naiz: %5.17. Ez, eta ez naiz hasiko: %25.86. 2010/05/31 - 11:37:07
Jagoba Beobide: "Oinak lurrean izan behar ditugu"
Jagoba Beobide Real Unioneko azpeitiar jokalariak garbi hitz egin zuen aste honen hasieran. Real Union bolada onean dago eta hona Beobidek bizi duten egoerari buruz esandakoa: "Oinak lurrean izan behar ditugu. Ezin dugu hurrengo partidatik haratago pentsatu. Partidaz partida joan behar dugu". 2010/05/28 - 12:18:09
Uztarriari aipamena 'Kalifornia' saioan
Joan den astean, EITB1eko Kalifornia saioan Luistxo Fernandez elkarrizketatu zuen Luis Mendizabalek. Luistxo Fernandez Codexyntas-eko kidea eta Interneteko aditua da, eta elkarrizketako zati batean Uztarria.com-i buruz hitz egin zuen. Berria.info webgunean, behealdean dagoen 'Klik' atalean ikus daiteke bideoa (Uztarriari buruzkoa, 00:22:49-00:26:00 minutuen artean). Horretarako klikatu hemen . 2010/05/25 - 09:03:04
