Ostarrena

Urdina, ia beltza

Orain hamar egun eman genion hasiera Udaberriko zine forum denboraldiari Alfonso Cuarón mexikarraren " Children of men " ikaragarriarekin. Ostegun honetarako gaiaz erabat aldatuko dugu eta giza harremanez hitz egiten duen " AzulOscuroCasiNegro " film espainiarra botako dugu. Espainiako zineaz hitz egiterakoan Almodovar, Garci edo Trueba bezalako izenak etortzen zaizkigu burura, beraien onena orain urte dezente eman zuten zuzendariak, hain zuzen ere. Espainiar zineak berpizte txiki bat izan du, ordea, azken urteetan. Zuzendari eta aktore gazteek dute horren kulpa eta Cesc Gay ( " En la ciudad " ), Roger Gual ( " Smoking room " ) edo Jorge Sánchez Cabezudo ( " La noche de los girasoles " ) bezalako zuzendariak dira berpizte horren arduradunetako batzuk. Bere estreineko pelikulan egin duen lana ikusita, ostegunean emango den pelikulako Daniel Sánchez Arevalo ere talde horretan sartu behar da. " AzulOscuroCasiNegro " zuzendari honen debuteko pelikula da. Laburmetraien munduan esperientzia handia duen zinegilea da, ordea. Bere bost film laburrek hainbat sari jaso dituzte nazioarte mailako zinemaldietan. Baina zer eskutatzen da izen luze horren atzean? " AzulOscuroCasiNegro " tentu bat da, etorkizun ezezaguna, begiratzen den prismaren arabera aldatzen den kolorea. Jorge da pelikulako protagonistetako bat. Bere etorkizuna iristen zaionean ezin du saihestu, ezin du aukeratu. Bere aitak burmuineko infartu bat jasan ostean, honen lanpostua errebotean iritsi zaio eta honekin batera, bere aitaz arduratzearen zama. Bere lana egiten saiatzen da, aita zaintzen eta unibertsitateko karrera aurrera ateratzen, dena batera. Baina ez da berak aukeratutakoa. Modu berean iristen da berarengana Paula, bere anaiaren bitartez ezagutzen duen neska. Bien arteko erlazioa ez da erlazio arrunt bat bezala hasiko eta harreman horretatik sortuko denak etorkizuna aldatzeko aukera emango dio Jorgeri, edo ez. Bizitzako dramari buruzko komedia honen bitartez, behar duguna eta desio duguna bereizteaz hitz egiten digu zuzendari berri honek eta saiakera horretan arrakasta lortu du. Sarietan ere arrakastatsua suertatu da. Goya sarietan, adibidez, hiru irabazi zituen: zuzendari nobel hoberenaren saria, aktore errebelazioarena eta aktore hoberenarena.  2007/04/26 - 07:42:11

"Eutsi!" dela eta

Asteburu honetan eman dute Aita Mari zine aretoan Alberto J. Gorritiberearen lehen pelikula. Nik sorpresa hartu dut, uste baino hobeagoa iruditu baizait. Esan beharra daukat: beldur puntu batekin joan nintzen zinera. Irakurrita nituen Albertori egindako makina bat elkarrizketa (nik neuk egin nion bat Baleike aldizkarirako) eta banekien ETBko telekomedia horietatik ihes egiteko asmoa zuela. Eta Angel Alkain bezalako aktore bat izanda, nahiko zaila iruditzen zitzaidan. Ostiraleko saiora joan nintzen eta lehen sorpresa halako jende pila bat ikustea izan zen. 200 bat lagun izango ginen ostiral gaueko saioa ikusten. Alberto berak egin zuen pelikularen aurkezpena eta nerbioso ikusten zen mutila. Hizketaldia amaitu, argiak itxaldu eta pelikula hasi zen. Lehen sorpresa: Alkain, Hormaza, Nagore Aranburu eta Kandido bezalako aktore histrionikoak " kontrolatuta " azaltzen ziren eta horrek badu bere meritoa nire ustez. Gaiak ere badu mamia: deslokalizazioa eta lan kontuek familia batean sortzen dituzten arazoak agertzen dira, besteak beste, pelikula honetan. Euskal Herrian bizi diren zenbait arazo teleberri eta gaur egunetatik atera eta behingoz fikziozko produktu batean ikus daitezke. Bazen ordua! Bestalde, kamera mugitzen eta zinea egiten ere badakiela erakutsi du Albertok. Hau da, ez da telebistarako egindako errealizazio funtzionala bakarrik. Planoak landu dituela nabari da. Pelikulak ordu eta erdi irauten ditu eta niri, behintzat, ziztu bizian joan zitzaizkidan. Noski, badaude zenbait une pentsatzen duzula : " Uff, hau ez da sinesgarria " , edota, " Hau kenduko balute... " . Baina beno, ez nintzen aspertu eta hori gaur eguneko zinean ez da gutxi. Komedia euskalduna ikustera joan direnek agian ez dute gauza bera pentsatuko. Beno, hori da nik pentsatzen dudana. Zuek zer diozue?  2007/03/22 - 11:37:10

Udaberriko programazioa finkatuta

Zine forumeko neguko programazioaren erdian aurkitzen denean, jada zehaztu ditugu udaberrian zein pelikula emango ditugun Aita Mari zine aretoan. Udaberriko programazioarekin hasteko, Alfonso Cuaron mexikarraren " Hijos de los hombres " aukeratu dugu. Zuzendari honek " Y tu mamá también " egin zuen orain urte batzuk. " Hijos de los hombres " hau etorkizun hurbil batean girotutako zientzia fikziozko pelikula bat da. Aktoreak Clive Owen, Julianne Moore eta Michael Caine dira. Film hau apirilaren 12an emango dugu. Apirilaren 26an Goya sarietan hainbat sari jasotako " AzulOscuroCasiNegro " pelikula espainiarra eskainiko da. Espainiak zine kaxkarrean, sorpresa bat izan da Daniel Sánchez Arevalo gaztearen debuteko pelikula hau. Pelikula freskoa, desberdina eta, gainera, Marta Etura aktore donostiarra tartean dena. Maiatzari hasiera emateko, Werner Herzog zuzendari alemaniar mitikoaren pelikula bat aukeratu dugu, " Grizzly man " dokumentala, hain zuzen ere. Timothy Treadwell naturazalearen bizitza jasotzen du pelikula bitxi honek. Gizon hau hainbat urtetan ibili zen Alaskan bertako hartzak babestu nahian, hauetako batek azkenean jan egin zuen arte. Treadwell berak grabatutako irudiak erabili ditu Herzogek 2006. urteko pelikula onentsuena bezala hartua izan den harri bitxi hau egiteko. Film hau maiatzaren 10ean emango dugu. Maiatzaren 24an, berriz, " Verano en Berlin " pelikula goxoa emango da Aita Mari. Alemaniako hiriburuan girotutako film honek, udako gau beroak balkoi batean hizketan pasatzen dituzten bi emakumeren istorioa kontatzen digu: gizonekin izan dituzten harremanak, beraien desioak, eta abar luze bat. Donostiako zinemaldian aurkeztu zen film hau eta ikusleen gustokoenetakoa izan zen. Ekainaren 7an Aki Kaurismäki finlandiarraren azken lana ikusi ahal izango da. " Luces al atardecer " honekin, " Nubes pasajeras " eta " Un hombre sin pasado " lanekin osatzen den trilogia amaitzen du. Zinegile bitxi honen aurreko lanak bezala, azken hau ere azaletik begiratuta 'lehorra' da; pertsonaiek ez dute beraien sentimenduak agerian uzten. Ezkutuan daramatenak du, ordea, garrantzia. 2006/2007 denboraldiari amaiera emateko, " Syriana " film estatubatuarra aukeratu dugu. Ekialde hurbilean girotutako thriller hau CIAren tejemanejeak, Estatu Batuetako petrolio konpainia erraldoien interesak eta abar luze bat jasotzen dituen puzzle zirraragarri bat da. Aurpegi ezagunak ere baditu: George Clooney (pelikula honengatik Oscarra irabazi zuen), Matt Damon, Chris Cooper... Zuzendari lanetan, " Traffic " pelikularen gidoia idatzi zuen Stephen Gaghan. Film hau ekainaren 21ean emango dugu. Oraintxe bertan, pelikula interesgarri asko ikus daitezke Donostian: Paul Verhoeven-en " La lista negra " , Michel Gondry-ren " La ciencia del sueño " , John Cameron Mitchell-en " Shortbus " , Clint Eastwooden azken biak... Eta datozen asteotan beste hainbat estreinatuko dira: David Lynch-en " Inland empire " , Michael Winterbottom-en " A cock and bull story " , eta abar. Hauetako batzuk udazkenean ikusteko aukera izango da Zumaian.  2007/02/22 - 13:00:07

Ostarrenaren bloga

Ostarrena zine klub taldearen bloga da hau eta zineari buruz hitz egiteko asmoarekin sortu da. Zine forum saioak, asteburuko pelikulak edo telebistan ikusi daitezken pelikulak izango ditugu hemen hizpide. Hori bai, Tom Cruisek pelikula bakoitzeko zenbat kobratzen duen jakiteko edota " gazapoen " berri izateko, Felix Linaresen saioa jarraitzea hobe izango duzue.  2007/02/08 - 12:56:03

Junebug

Zine forum denboraldiaren barruan, ostegun honetan " Junebug " izeneko pelikula eskainiko dugu. Saioa gaueko 10:15ean hasiko da Aita Mari zine aretoan. Pelikula jatorrizko hizkuntzan emango da, azpitituluekin. Phil Morrison zuzendariaren debuteko pelikula hau, Estabu Batuetako hegoaldean kokatutako drama independientea da. Hirian bizi den bikote ezkonberriak, senarraren jaioterrira, hegoaldera, joatea erabakiko du, hango pintore baten koadroak emazteak bere galerian jarri nahi dituelako, bide batez, senarrak bere familiari bisita eginez. Berriro elkartze horrek zauri zaharrak ireki eta ondorio sakonak ekarriko ditu. Gizonezkoaren amak duen mesfidantza bere errainarekiko; anaiak dion inbidia eta gorrotoa hiri handi batean bizi delako; anaia horren heldutasunik eza eta beldurra emaztea haurdun duelako; pinturak lortzera joan den emaztearen harridura, senarra oraindik hain lotua ikustean atzerakoia iruditzen zaion familiari Embeth Davidtz, Alessandro Nivola eta Amy Adams dira, besteak beste, pelikulako aktoreak. Denak ondo badaude ere, goraipatzeakoa da Amy Adams gaztearen lana. Pelikula honengatik, Oscarretarako izendatua izan zen eta Sundanceko zine festibalean kritikaren saria jaso zuen. Hemen duzue pelikularen trailerra (ingelesez)  2007/02/08 - 12:56:03

"El perfume", Aita Marin

Hainbat hilabetetan iragarrita egon ondoren, asteburu honetan emango dute Aita Mari zine aretoan “El perfume” superprodukzio europarra. Pelikula Patrick Süsskind idazle alemaniarraren best-seller batean oinarritzen da eta usaimenaren zentzua garatua duen hiltzaile baten istorioa da. Nonbaiten irakurri dudanez, hainbat zinegile ibili dira liburua pantaila handira eraman nahian, tartean Stanley Kubrick famatua. Azkenean, Tom Tykwer zuzendari alemaniarrak hartu du ardura. Zinegile honek “Corre, Lola, corre” eta “La princesa y el guerrero” bezalako pelikula interesgarriak egin ditu. Ezin esan, ordea, “El perfume” hau bere onenen artean aurkitzen denik. Ez dut esan nahi pelikula txarra denik, irregularra baizik. Paris bezala mozorrotutako Bartzelonan girotutako hasiera oso ona da eta XVIII. mendean bizi zen zikinkeria eta pobreziaren irudia ematen du. Protagonistak Paris uzten duenetik aurrera, ordea, pelikulak behera egiten du. Eta amaierako hogei minutuak beno, hobe ez ezer esan. Aktoreei dagokionez, aurpegi ezagun eta ezezagunek bat egiten dute. Dustin Hoffman eta Alan Rickman aski ezagunak dira eta, ia beti bezala, ederki betetzen dute beraien papera; Rachel Hurd-Wood eta hiltzailearena egiten duen Ben Whishaw, berriz, ez nituen orain arte inon ikusi. Azken honen itxura dela-eta, liburuaren zaletuak ez dira oso gustura agertu. Süsskinden liburua irakurri dutenek diotenez, hiltzailea beldurra ematen duen pertsona itsusia da; ez dut esango Whishaw guapoa denik, baina beldurrik ez du sorrarazten, behintzat. Ba horixe, Europan orain arte egin den pelikula garestiena ikus daitekeela Zumaia. Joatea norberaren esku geratzen da. Hemen duzue trailerra.  2007/02/08 - 12:56:03

Nabigatu euskaraz