GASTE

Giro Alaia Suspertzeko Talde Eibartarra

sanjuanak.com

Martxan dau sanjuanak.com ! Bertan sanjuanei buruzko informaziñua, berrixak eta argazki eta bidixuak sartzen juango gara. Egitaraua be bertan juango da, bai txosnena, bai GASTE-na eta baita udalekua be. Eibartar guztixendako dau sortuta weba, eta mota guztixetako iradokizunak bidaltzera animatzen zaitxugu. Eta kitto! -kin hitzegin eta gero, bertan igotako argazki batzuk Bixamonan juan ahal izango dia, sanjuanen osteko urteroko aldizkarixan. Zure argazkixak igotzeko, sanjuanak.com-en argazkiak atalian sartu , klik ein argazkixak igotzeko link -an eta handik gutxira jarriko dira. Besterik ez, sanjuanak.com -en 2008ko Eibarko San Juan jaixei buruzko informaziño dana eukiko dozue. Zeoze aportau nahi badozu mesedez idatziguzu, bai blog honetan, sanjuanak.com-en edo bestelakorenbaten. Gora Eibarko Sanjuanak  2008/06/17 - 09:59:03

Goitibeheren jeitsierari buruzko bilera

GASTE elkarteak bilera deitu du datorren ostiral arratsalderako, Aste Haundixaren barruan egingo den goitibehera jeitsiera antolatzeko. Bilerara deitzen ditugu parte hartzeko intentzioa duten koadrila guztiak. Udalarekin batera ibilbide desberdinak aztertzen ari gara momentuotan eta partehartzaileekin iritziak kontrastatu nahi ditugu antolatzaileok. Ibilbide proposamenak aipatuko ditugu eta bertaratutakoek beste proposamen batzuk ere egiteko aukera izango da. Ibilbide bat aukeratzerako orduan, kriterio ezberdinak ezarriko ditugu mahai gainean: distantzia nahikoa izatea, kurbak egotea, frenatzeko-gunea izatea, trafikoa ahalik eta gutxien oztopatzea, hirigunetik gertu egotea, ahalik eta aparkaleku gutxien kentzea, ikuslegoarentzat leku seguruak izatea, besteak beste. Baldintza legalak eta aseguruarenak jakin gabe ere, antolatzaileok baldintza ezinbesteko batzuk jarriko ditugu: goitibeheraren direkzionalitatea (bolantea edo antzerakoa), frenoa, eta gurpil-mota jakin bat. Goitibehera guztiak berdinak izango dira bere oinarrian, estrukturari dagokionez, hiru ezaugarri horiek bete beharko dituzte eta gehienezko tamainu bat ezarriko da, ibilbidea aukeratutakoan, errepide edo kalearen zabalera kontutan izanik. Hala ere, goitibehera desberdinak ikustea ongi legoke, diseinuari dagokionez. Ibilbidea aukeratutakoan ebaluazio zehatza egin beharko da, zenbat barandila, lasto-fardo eta abar behar diren neurtzeko. Adinez nagusientzako ari gara pentsatzen antolatzea jeitsiera, eta 16 eta 18 urte bitartekoek guraso edo tutore legalaren idatzizko baimena beharko dutela aurreikusten dugu. Oraindik ez dago zehaztuta jeitsiera edo lehiaketa izango den, eta lehiaketa izatekotan zeintzuk izango diren ebazpenerako kriterioak (abiadura, diseinua...). Guzti honetaz hitz egin eta partehartzaile posibleen iritziak jasotzeko, bilera irekia antolatu dugu GASTEkook ostiralean, arratsaldeko 8etan, Portalea kultur etxeko Ikastaro gelan (2. solairuan). Parte hartu nahi dutenek edo zalantza duten guztiei bertaratzea eskatzen diegu.  2008/04/14 - 16:24:02

Miss-Mister Baserritarra 2007

1. Parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izango da. 2. Edozein nazionalitateko pertsonek har dezakete parte. 3. Euskal Tradizioko jantzi bat eramango du partehartzaileak. Jantzi egokia eta ondo jarria izatea izango da saria lortzeko lehen irizpidea. 4. Jantziaz gain, beste irizpide batzuk ezarri ahal izango ditu epaimahaiak: umorea, trebetasuna, elegantzia, pertsonalitatea, karisma, inteligentzia, edertasun fisikoa, hizkera, eta abar. 5. Antolatzaileek partehartzaileak onartzeko edo ez onartzeko eskubidea izango dute. Halaber, eskubidea izango dute edizioko hautaketa-irizpideak ezartzeko. 6. Lehiaketan apuntatzeko, hau hasi baino lehenago egin beharko da, egunean bertan. 7. Partehartzaileek onartzen dute galan, aurkezpenetan, prentsaurrekoetan zein lehiaketako bestelako argazki sesioetan ateratako argazkiak interneten, antolatzaileen webguneetan eta bestelako komunikabideetan azaltzea. GASTE ez da arduratuko argazki horiez hirugarren batzuek egin dezaketen erabilera txarraz. 8. Antolakuntzak eskubidea izango du partehartzaile bakoitzari patrozinatzaile bat ezartzeko. 9. Partehartzaileek bere patrozinioak aurkez ditzake, antolatzaileekin adostatutako akordio berezietan onartuz gero. 10. Partehartzaileek eskubidea dute piercing-ak, tatuajeak edo bestelako apaindurak izateko. 11. Operazio kirurjiko estetikoak izan dituztenek ere parte hartzeko eskubidea izango dute. 12. Ez da beharrezkoa modan esperientziarik izatea, parte hartu ahal izateko. 13. Partehartzaileek ezingo dute egun berean beste antzeko lehiaketa batean parte hartu. 14. Erretzea eta alkohola edatea baimenduta egongo dira bai entreguetan, bai galan. Partehartzaile bakoitza da ematen duen irudiaren erantzule. 15. Partehartzaileek honakoekin bete behar dute: prentsaurrekoak, gaueko kalejira, hurrengo edizioko epaimahaia, antolatzaileek eskatzen badute. 16. Partehartzaileek galaren zuzendari artistikoaren aginduak beteko dituzte. 17. Galarako erropa (euskal jantzia) partehartzaile bakoitzak eraman beharko du. Erropak hondaketarik badu, antolakuntza ez da horren erantzule izango. 18. Ileapainketa eta makillajea norberaren esku geratuko dira. 19. Epaimahaia GASTE Elkarteak izendatuko du eta hautagai bakoitzari puntuazio bat ezarriko dio (1etik 10era). Puntuazioak publiko egiteko edo ez egiteko eskubidea izango du antolakuntzak. 20. Antolatzaileek eskubidea izango dute partehartzaileak kanporatzeko aurreko puntuetako bat ez badu betetzen edo beste hautagaiekiko konbibentzia egokirako jarrerarik ez badu. 21. Publikoaren erantzuna (txaloak, txistuak...) puntuatuko da (2 puntu). 22. Dokumentu hau sinatu ostean ez da bajarik onartuko, idatziz justifikatutako pisuzko arrazoiak ez badaude tarteko. 23. Dokumentu hau bere orri guztietan sinatu behar du partehartzaileak. 24. Irabazleak Eibarko Dendarien Elkarteko kide den dendetan gastatzeko 90 euroko txekea lortuko du. 25. Lehiaketa saririk gabe ebatzi ahal izango da, eta sariak aldatzeko eskubidea izango dute antolatzaileek. 26. Partehartzaileek Gabonetarako otarren zozketa batean parte hartuko dute, doan. 27. Parte hartzen dutenei kupelatik sagardoa hartzeko ticket-ak emango zaizkie.  2007/11/27 - 22:34:22

Udalak ez du Sanandresetan kontzerturik antolatuko

GASTEren egitarauari Udalak ez dio jarraipenik emango. Atzo, osteguna, GASTEko kideei jakinarazi zitzaien kotzerturik ez zutela antolatuko, eta ezta txokolatadarik ere. Azken asteotan jende asko etorri zaigu galdezka eta informatu beharrean gaude ezezkoa eman digutela. Aurten San Andres eguna ostirala izanik, eta arratsalderako egitaraua egonik (azken urteotan ez da ezer egon izan) Udalaren aldetik baiezkoa jasotzea posible ikusten genuen, gazte eta tabernari askoren interesa piztu baitugu. GASTEtik hainbat talde euskaldun zerrendatu genituen, hainbat gazterekin kontsultatu ondoren, baina lan hutsala izan da. GASTEren egitarauaren inguruko komunikazioa etenda geneukan informazio hauek konfirmatu bitartean. Laster egingo dugu aurkezpen ofiziala.  2007/11/19 - 04:03:06

Sanandresak 2007

Azaroak 30, ostirala. San Andres eguna. 17.30 Untzagan, taloa txorizoarekin, doan baserritarrez jantzita doazenentzat. Sagardo kupela egongo da. Koadrilen arteko jolasak (euria egin ezkero, Txantxa-Zelaixan, azokaren karpetan). Kalejira San Andres elizara. 19.00 San Andres elizatik, Ustekabe Fanfarrea eta musikari gaztetxoekin poteoa , Gaste-furgo eta koadrilekin batera. Zuloagatarren eta Toribio Etxeberria kaleetatik, Untzagara. 19.30 Untzaga Plazan, Miss eta Mister Baserritarra Lehiaketa. 20.30 Garaipen-itzulia . Miss eta Mister Baserritarra, Pantxika astoa, Ustekabe Fanfarrea , Gaste-furgo eta koadrilekin. 05.00 Txokolatada ren ondoren, kalejira eta Konga Dantza Tas-Tas tabernan, La Moska Gao koadrileran eskutik. Antolatzailea: Gaste Elkartea Irudia PixelManiatiKen argazki batean oinarrituta, Creative Commons 2.0 lizentziapean.  2007/11/17 - 02:55:06

Ehundaka talo, baserritarrez jantzitakoendako

San Andres egunean baserritarrez jantziko gara GASTE Elkarteko kideak. Aurten ostirala izango da San Andres eguna, eta arratsaldeko programan lanean dihardugu. Baserritar jantzita doazen guztientzako taloa eta txorizoa egin nahi dugu (baserritarrez jantzita doazenentzat baino ez). Guztira ehundaka talo banatzea espero dugu, horretarako Eibarko Udalaren laguntza baldin badugu. Bileretan parte hartu dugu eta bai infraestruktura aldetik, bai alde ekonomikotik, laguntza izango dugula uste dugu. Eibartar asko baserritarrez janzten dira Donostiako Santo Tomas edo Zarauzko Euskal Jaian, adibidez, beraz, uste dugu Eibarren ere jendea jantzi beharko dela. Baserritarrez jantzirik joatea ezinbestekoa izango da GASTE Elkarteak antolatutako ekintzetan parte hartu ahal izateko. Egitarau partehartzailea diseinatu dugu baserritarrez jantzirik doan jendearentzat. Gainera, sari politak lortzeko aukerak izango dira. Arratsalderako prestatutako ekintzen ostean, Untzagan Udalak kontzertu bat jartzea ere espero dugu eta horretarako talde-zerrenda bat pasa genion Udaleko kultura sailari.  2007/11/02 - 17:59:29

GASTEk txokolatada eskatu du sanandresetarako

GASTE Elkarteak sanandresetan txokolatada egotea eskatu dio Eibarko Udalari. Udalak deitutako azken bileran, urriaren 23an, sanjuanetan egin ohi den bezala, Udalak txokolatea ematea eskatu zuten GASTEko kideek. Sanjuanetan Udalak goizeko 5etan ematen du txokolatea. Aurten, horrez gain, GASTE elkarteak 500 bizkotxo eta berrogeita hamar ogi barra banatu zituen doan. Gazte Elkarte honek eskaria egin du txokolatea bizkotxoekin egon dadin "eta sanjuanetan baino kantitate handiagoan", izan ere, azaldu dutenez "jendea txokolate barik geratzen da askotan". Txokolatada hau San Andres egunaren osteko gaupasan izango litzateke, izan ere egunerako prestatutako egitarauak jarraipena izango luke Untzagan kontzertua egiten baldin bada eta tabernariei gaupasarako baimena ematen badiete. Kontzertu hori da GASTE elkarteak egindako beste eskarietako bat. Hau aurrera irten ezkero, aurreikusten dute La Moska Gao koadrilak goizeko 5etan laugarren urtez Konga Dantza egingo lukeela, txokolatadaren ondoren. Egindako eskariak loturik doaz GASTE elkarteak berak prestatutako egitarauarekin. Egitarau partehartzailea da eta baserritarrez jantzkoentzat izango da. Beraz, baserritar erropa prestatzen joateko deialdia luzatzen dugu. Eskerrik asko eta agur bero bat.  2007/10/28 - 17:37:07

GASTEren Batzar Orokorrak Sanandresetarako proposamenak onartu ditu

GASTE Elkarteak pasa den astean Batzar Orokorra egin zuen. Bertan San Andres jaietarako Zuzendaritza Batzordeak proposatutako egitaraua aho batez onartu zen. Ordurako hasiak zeuden Udalaren jai batzordearekin harremanak, egitaraua aurrera eramateko. Aurten San Andres eguna (azaroak 30) ostirala izango dela eta, GASTEkook aukera aprobetxatu nahi izan dugu. Izan ere, gazte asko -gure talde barruan ere- kanpoan ikasten ari dira, eta ezin izaten dituzte Sanandresak ospatu, ez baldin badute inguruko asteburuan egiten. Aurten, berriz, parranda nagusia San Andres egunean bertan espero da. Horretarako, GASTEk arratsalderako programa egin du eta prestakuntza lanetan hasi da. Gauez, berriz, kontzertu bat egotea eskatu diogu Udalari. Gantxoa duten zenbait euskal talde proposatu ditugu. Horrez gain, besteak beste, gaupasa ere egun hortan izatea eskatu dugu. GASTE elkartearen programa koadrilei eta oro ar gazteriari zuzenduko zaio. Jaigiroa, jolasa, partehartze aktiboa, gastronomia eta tradizioaren bultzada moderno bat uztartuko dituen programa dugu eskuartean. Ustekabe fanfarreak ere parte hartuko du. Aurki aurkeztuko dugu programa. Hori bai, parte hartzeko ezinbestekoa izango da baserritarrez jantzirik joatea. Beraz, garaiz deialdia egin nahi dugu baserritar erropa ez duenak lor dezala lehen bailehen. GASTEren ekitaldiekin programaren hutsune nabarmenena beteko litzateke. Izan ere goizez badaude zenbait ekitaldi, azokarekin batera, baina arratsaldean ez da ezer egon izan azken urteotan. Jai Batzordean hainbat urtez eskatu izan da zerbait egotea, eta horren aurrean zezena adarretatik heldu eta lanean jarri gara, Sanjuanetan egin genuen moduan. Batzar Orokorrean, horrez gain, elkartearen egoera ekonomikoa aztertu eta kide-kuotak adostu genituen. Kurtso osorako egutegiaz hitz egin genuen, izan ere jai ezberdinetan parte hartzeko intentzioaz jaio zen GASTE (eta ez bakarrik sanjuanetan). Asteartean, urriak 23, Udalak deituta, bilera irekia egongo da Portalea kultur etxean.  2007/10/20 - 16:58:28

Batzar Orokorra

2007ko urriaren 12a, ostirala, arratsaldeko 5etan, GASTEren Ezohiko Batzar Orokorra izango da. Kide guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera. Gai-zerrenda: Diru-mugimenduak Espedienteen onarpena Urteko egutegi orokorra (zirriborroa) Sanandresak 2007: egitaraua eta lan-banaketa Zuzendaritza Batzordearen aukeraketa Eskerrik asko.  2007/10/10 - 10:12:04

Foro pribaua

Gure foro pribatuan sartzeko: http://boards5.melodysoft.com/app?ID=giroalaia Kontraseñia eskatu dakin norbaitxi.  2007/09/28 - 03:09:09

Nabigatu euskaraz