Noraezean ibiltari

Arazoaren bi aurpegiak, bi arimak

Lehengo batean, oraindik Zimbawen nengoela, Costa Manyengwa izeneko gizon bat eseri zen autobus batean nire alboan. Ikatza baino beltzagoa zen bera. Freedom Fighter bat (askatasunaren aldeko borrokalaria) izan zela esan zidan harro. Gerrako beteranoa izanik gobernutik dirua kobratzen egongo dela suposatzen det eta egoeraren balorazio positibo bat egin zidan, "begira lur hauek, lehen denak zurien esku zeuden eta orain beltzen artean banatuta daude". Lur erreformaren inguruan hitz egiten aritu ginen. "Gaur Zimbawen ezberdintasun ekonomiko batzuk badaude, baina egoera lasai dago -jarraitu zuen- soilik kanpoko inbertsioak falta zaizkigu. Niri proposatu zidan dirua urre meategietan inbertitzea. "Zimbawe oso aberatsa da, urrea dago, ni meatzaria naiz". Bradstar Gold Mine izenekoan egiten omen du lan. Hurrengo aldian etortzean, inbertitzea etortzeko, berak pertsona egokiak ezagutzen zituela eta aurkeztuko zizkidala. Helbideak elkartrukatuz agurtu genuen, ni baino bi geltoki lehenago jaitsi baitzen, "ez harritu abenduan eskutitz bat jasotzen baduzu etxean", esanez agurtu zidan. Ez nion ezer esan baina ni bisitari bezala gustura nabil munduan zehar, ez inon inbertitzeko asmoz. Handik egun gutxira, baina Zimbawetik kanpo, Mozambikeko Chimoio herrian hain zuzen ere, beste zimbawear bat ezagutu det. Arazoaren beste aurpegi eta arima. Esnea bezain zuria da 60 urte inguru dituen gizon bizarzuri eta lodikote hau. Zazpi urte dira Mugaberen lur erreformaren ondorioz bere lurrak okupatu zituztela. Herriko polizi-buruaren ahotik heriotz mehatxuak jaso zituenean ihes egin beharrean aurkitu zen. "Orain backapacker honetan bizi naiz, nagusia nire laguna da eta txoko bat utzi zidan", esan dit ingeles ulergaitz batean, kokakola bat hartzen duen bitartean, ahots eta begirada tristez. "20.000 hektarea, 1000 azienda buru eta 56 langile -beren familiekin 600 pertsona inguruko multzoa osatzen zutena- nituen. Zimbawe lurralde ederra zen bizitzeko, aurrera zihoan, orain Mugabek dena pikutara bidali du, eta urte gutxiren buruan kolapsatu egingo da egoera, jendea goseak dago eta". Hizketan jarraitu du, "beste garai batean lur aberatsak ziren horiek gaur belar eta sasia besterik ez da, ez ditu inork lantzen, ezta zaintzen ere". Etsikor dago gizona. Bizitza bera gogorik gabe bizitzea derrigortuta balego bezala. Orain negozio txiki bat sortu du Mozambiken bertan, bizirauteko. "Okerrena da, martxoan hauteskundeak daudela eta berriro irabaziko duela Mugabek, mota guztietako azpijokoak erabiliz, ez dago oposizio serio eta indartsu bat, ez du merezi bozkatzea ere", amaitu du pentsakor.  2008/01/24 - 00:13:35

Arazoaren bi aurpegiak, bi arimak

Lehengo batean, oraindik Zimbawen nengoela, Costa Manyengwa izeneko gizon bat eseri zen autobus batean nire alboan. Ikatza baino beltzagoa zen bera. Freedom Fighter bat (askatasunaren aldeko borrokalaria) izan zela esan zidan harro. Gerrako beteranoa izanik gobernutik dirua kobratzen egongo dela suposatzen det eta egoeraren balorazio positibo bat egin zidan, "begira lur hauek, lehen denak zurien esku zeuden eta orain beltzen artean banatuta daude". Lur erreformaren inguruan hitz egiten aritu ginen. "Gaur Zimbawen ezberdintasun ekonomiko batzuk badaude, baina egoera lasai dago -jarraitu zuen- soilik kanpoko inbertsioak falta zaizkigu. Niri proposatu zidan dirua urre meategietan inbertitzea. "Zimbawe oso aberatsa da, urrea dago, ni meatzaria naiz". Bradstar Gold Mine izenekoan egiten omen du lan. Hurrengo aldian etortzean, inbertitzea etortzeko, berak pertsona egokiak ezagutzen zituela eta aurkeztuko zizkidala. Helbideak elkartrukatuz agurtu genuen, ni baino bi geltoki lehenago jaitsi baitzen, "ez harritu abenduan eskutitz bat jasotzen baduzu etxean", esanez agurtu zidan. Ez nion ezer esan baina ni bisitari bezala gustura nabil munduan zehar, ez inon inbertitzeko asmoz. Handik egun gutxira, baina Zimbawetik kanpo, Mozambikeko Chimoio herrian hain zuzen ere, beste zimbawear bat ezagutu det. Arazoaren beste aurpegi eta arima. Esnea bezain zuria da 60 urte inguru dituen gizon bizarzuri eta lodikote hau. Zazpi urte dira Mugaberen lur erreformaren ondorioz bere lurrak okupatu zituztela. Herriko polizi-buruaren ahotik heriotz mehatxuak jaso zituenean ihes egin beharrean aurkitu zen. "Orain backapacker honetan bizi naiz, nagusia nire laguna da eta txoko bat utzi zidan", esan dit ingeles ulergaitz batean, kokakola bat hartzen duen bitartean, ahots eta begirada tristez. "20.000 hektarea, 1000 azienda buru eta 56 langile -beren familiekin 600 pertsona inguruko multzoa osatzen zutena- nituen. Zimbawe lurralde ederra zen bizitzeko, aurrera zihoan, orain Mugabek dena pikutara bidali du, eta urte gutxiren buruan kolapsatu egingo da egoera, jendea goseak dago eta". Hizketan jarraitu du, "beste garai batean lur aberatsak ziren horiek gaur belar eta sasia besterik ez da, ez ditu inork lantzen, ezta zaintzen ere". Etsikor dago gizona. Bizitza bera gogorik gabe bizitzea derrigortuta balego bezala. Orain negozio txiki bat sortu du Mozambiken bertan, bizirauteko. "Okerrena da, martxoan hauteskundeak daudela eta berriro irabaziko duela Mugabek, mota guztietako azpijokoak erabiliz, ez dago oposizio serio eta indartsu bat, ez du merezi bozkatzea ere", amaitu du pentsakor.  2007/11/29 - 17:46:14

Etiopiako milurtekoa

Sudan eta Etiopiako muga pasatzea abentura bat izan zen. Gauez, argi izpirik gabe, euri sasoiak agintzen duen zaparradaren azpian blai eginda eta inmigrazioko bi txabolen artean dagoen lokatzetatik aterata lortu nuen nola-hala Metemmara heltzea, Etiopiako aldean dagoen lehen herrixkara. Han pasa behar izan nuen gaua. Orain Gondarren nago eta bertan ikusiko dut milurteko berria nola ospatzen duten etiopiarrek. Herrialde honetan egutegi julianoarekin darraite eta 1999. urtean daude. Urtea 13 hilabetetan banatzen dute, 30 eguneko 12, eta azkena 6 egunekoa. Beraz, gaur, 6-13-1999ean aurkitzen dira. Igsow izeneko ikasle gazte bat ezagutu dut kalean eta hemen nagoen bitartean bere laguntza izango dut, horrela berak milurtekoaren aitzakian dituzten oporrak medio ingleesa praktikatuko du nirekin. Sekulako ospakizunak daude Etiopia guztian 2000.ean sartzen direlako. Herri guztia apainduta dago, banderak alde guztietatik eta banderaren beraren koloreetako argiak: berdea, horia, gorria. Adin guztietako jendea zuriz jantzita doa, herrialdeko jantzi tradizionala omen da, eta banda bat daramate soinean, hori ere hirukoloreduna. Gaueko 12etan Piassan elkartu dira (italiarrek utzi zuten arrastoetako bat da piassa, herri bakoitzak du berea, plaza baten inguruan kokatzen den zonaldeari deitzen diote horrela). Oraintsu arte, arratsalde guztian musika egon da bertan, eta 12etan hasi dira etxaferuak. Jendetza bildu da oholtzaren inguruan, oihuka, alai. Gazte koadrilak jende artetik irteten dira, korri eta jauzi artean, taldeetan. Aurren doanak suziriak botatzen ditu, gainontzekoak atzetik oihuka eta txaloka jarraitzen dioten bitartean. Polizia eta militar ugari dabil badaezpada ere, ez nau harritzen Piassa ondo-ondoan gasolindegi bat baitago. Bihar beste egun bat izango da, urte berri eguna. Hala eta guztiz ere beti pentsatu dut, milurteko berria 2001a dela, edonon izanda ere.  2007/09/24 - 15:39:20

Suk Al Jamal

Goiz jaiki naiz bisitatu nahi dudan merkatua ordu gutxitan itzaltzen delako. Bi lagun ziren nirekin etortzekoak baina ez dira agertu eta bakarrik abiatu naiz. Taxian hurbildu naiz Imbabaraino. Garai batean hemen ospatzen zen gamelu merkatua, baina Kairo hiriak jan egin zuen eta gaur bertako auzo bat da, merkatua 35 kilometrora dagoen Birqasheraino eraman dutelarik. Imbaban nola-hala ulerrarazi diet nora jona nahi dudan eta mikrobus batean sartu naute. Bidean lo hartzen ari nintzela esnatu naute, jaitsiarazi eta keinuen bidez zubi bat eta bolante bat adierazten zidaten. Ez nuen ulertzen esan nahi zidatena, baina mikrobusak alde bezain laster zubi bat ikusi dut eta gurutzatu egin dut. Gazte batek galdetu dit ea merkatura noan. Baiezkoa esan diot eta pick up batera igoarazi nau (orain ulertu dut bolantearena). Pixkanaka Pick up gorria betetzen joan da, eta denak "honek zer arraio egiten du hemen?" aurpegiarekin begiratzen ninduten. Benetako sentsazioa nintzen. Gainezka egin duenean abiatu da eta ordu erdi batean merkatuan zen. Behelaino batek estaltzen zuen dena. Nilo ibaiaren deltan gaude eta ureztapen sistema dela eta beroarekin lurruntze egoera ematen da eta giro lanbrotsu hau omen dute egunero inguru honetan. Argazkiak ateratzeko ideala. Gameluak Sudandik ekartzen dituzte, eta kasu batzutan Somaliatik ere "40 egunetako bidea" eginez. 200-500 euro artean saltzen dira eta gehien-gehientsuenak haragitarako dira. Saiatu dira txantxetan nik ere bat eros nezan. Erosi ahala Bedford kamioi mitikoetan sartu eta etxera. Nik bukatzeko taberna itxura hartu nahi zuen 4 pareta artean sartu naiz shai bat hartzera eta berriketan jardun dut bertako batzuekin. Haiek ere galdetzen zidaten "zer arraio egiten duzu zuk hemen?". Tira nire herrian hainbat azoka eta feria ospatzen dira, baina gameluarena niretzat oso zelebrea da. Kairora bueltatzeko orduan bi flandriarrekin egin dut topo, bertan arabea ikasten ari direnak eta eurekin bueltatu naiz.  2007/09/06 - 14:17:14

Maalula

Damaskotik Maalularako bidea hartu det. Antilibano mendietako bailara batean aurkitzen den herrixka bat da. Bertan, oraindik arameoa da eguneroko hizkuntza herritarren artean. Sirian hiru herri geratzen dira mantentzen dutenak, eta besteren bat Turkia hegoaldean eta Irak iparraldean. Herrixkara iritsita monastegi zaharra bisitatzeko bidea hartu dut, harkaitz artean gora egiten duen bidexka polit bat. Gaur ostirala da, asteko jaieguna, eta hiriburuko kaosetik ihesean etorri da jendea piknika egitera. Bidean nindoala bikote heldu batek gonbidatu nau tea hartu eta eurekin gosaltzera. Gizonezkoa palestinarra da, Islamaren irakasle erretiratua, eta emakumea Syriateleko operadora, eta ingelesa oso ondo hitz egiten du. Eztabaida txiki bat izan dugu, emakumeak ezin baitzuen ulertu nik jainkorik ez izatea. "Gizakiaren gainetik dagoen jainkoa" zioen behin eta berriz. Ez da lehenego kasua, hemen kosta egiten zaie horrelakoak onartzea, eta orain artean bi izan dira saiatu direnak nik islama besarkatu dezadan. Eztabaida politikara zabaldu dugu gero baina horretan ados geunden, AEBen eta Israelen politikaren inguruan aritu baikara. Kritika zorrotza egiten zuten. Eskaini didatenagatik eskerrak eman ohiko "sukran" esanez eta gora jo dut, monastegira. Sarreran neska gazte bat etorri zait monastegia musutruk erakusteko prest, eta, xehetasun osoz baina memoriaz aritzen diren giden antzera, berehala aurkeztu dit monastegi koxkor honetako txoko oro. Gero aulki batean eseriarazi nau, seriotasun handiz zutik nire aurrean jarri da, begiak itxi ditu, aitaren egin du eta Gure Aita errezitatu dit arameoz. Jesusek duela bi mila urte zein hizkuntza hitz egiten zuen imajinatzeko balio izan dit... Ondoren monastegian bertan egiten duten ardoa eman didate dastatzeko. Ardo goxo ederra. Bukatzeko, Damaskora itzuli aurretik, herrixkako etxarte eta aldapetan ibili naiz arameoa entzuten nuen bitartean, behinola Ekialde Hurbileko hizkuntzarik zabalduena zena. Autobusean nentorrela, hainbeste denbora eta gero, bizirauteko borrokan dagoen hizkuntza bakarra ez dela ere etorri zait gogora.  2007/09/04 - 14:08:02