Polietika

Jon Abrilen bloga

Andoaindik bueltan

Andoainen izan gara, Egunkariaren itxieraren 5. urteurrena dela eta egin den ekitaldian. Lagun zaharrak, ezagun franko eta samina gogora ekarria. Egunkariako ohiko kolaboratzailea nintzen sasoi hartan. Txinatik etorri berri-berria nintzen, eta makina bat erreportaia prestatzen ari nintzen bertan argitaratzeko. Etxean gosaltzen ari nintzela jaso nuen albistea. Ezin nuen sinetsi. Malkoei ezin eutsi ibili nintzen. Goiz hura, eta makina bat bider hurrengo egunetan ere. Halako injustiziarik! Entzutegi Nazionaletik pasatua nintzela hilabete guti batzuk ziren, eta oroimenak bata bertzearekin nahastu zitzaizkidan. Hagitz gogoan ditut egun haiek. Lankide zirenekin ekin genion lanari, batzuk herrietako giroa astintzen, Egunero egunkaria prestatzen bertze batzuk, komunikabideekin, familiekin... denentzako izan zen lana. Eta hunkigarria eta berezia egun batzuk geroago Donostian egindako manifestazioa. Horrelako manifestaziorik ez dut gogoan, eta halako sentimendurik ere ez. Gaur norbaitek Andoainen erran bezala, guretik ere itxi zuten zerbait, Egunkariaz gain. Ama-hizkuntzarekiko atxikimendua ebatsi izan baligute bezala. Eta orain, bortz urte geroago, gogorra egiten zait orduan bizitakoa entzutea. Inputatuen kontakizuna euren ahotik aditzea. Oiloipurdia jartzen zait! Erne egon beharko dugu datozen hilabeteetan etor daitekeenarekin. Epaiketa gogorra izanen da, eta eman beharreko erantzuna orain bortz urteko haren parekoa behar luke.  2008/02/28 - 11:59:07

Pristinan egon nahi nuke

Beti gustatu izan zait bidaiatzea. Munduko edozein tokitara eginen nuke bidaia. Zorroa bizkarren hartu, eta bertako jendea eta kultura ezagutzea gustatu izan zait. Aspaldian, baina, ezin dut bidaia luzeegirik egin. Asteburu honetan enbidia izugarria eman didate Pristinako irudiek. Bertan egon nahi nuke, independentzia aldarrikatzen. Eta bidenabar, lezioa ikasten. Europa zaharreko mapa aunitz aldatzen ari da azken urteotan. Hurrengoa Euskal Herria izatea espero dut. Badakit PP eta PSOE erran eta erran ari direla gureak ez duela zerikusirik Kosovorekin. Hori aspaldi bagenekien. Jakina da. Baina Espainiako ultranazionalismoak aitortzen ez duena da Euskal Herrian, Kosovon bezala, moldatu gabeko gatazka politikoa dagoela. Eta Kosovon gatazka gainditzeko bidea hartu dutela, herritarren borondatea betetzetik. Eta hor dagoela benetako diferentzia Kosovorekiko, euskal herritarrek ezin dugula gure etorkizuna erabaki, ezin dugula independentzia defenditu. Espainiak Serbiaren papera jokatzen duelako. Pristinako karriketan bizitakoa bizi nahi dut nire larruan, Euskal Herrian.  2008/02/28 - 11:59:06

Lanerako eskubidea

Lanerako eskubidea ezbaian dago gaur. Greba deituta dago gaurko. Zilegia guztiz greba egitea. Langileen eskubidea. Baina grebarekin bat ez egitea ere eskubidea da. Asteartean agertu genuen gure iritzia grebaren inguruan. Lanera etorri naiz grebarekin bat egin ez dudalako. Egoera latza, lazgarria da. Baina erantzuna ezin da izan alde bakarrekoa, batzuek nahi duten moduan eta baldintzetan egina. Erantzunak anitza behar du, ahalik eta zabalena. Indarrak pilatuz egin behar dira horrelakoak. Bestelakoan, greba beraren zentzua galtzen da, eta sindikalki duen eragina balioetsi. Lanera etorri gara goizean. Inguruko komertzio gehiena itxiarazi dute. Batzuek nahita, gehienek mehatxuen beldur. Donostiako egoitzako pertsiana silikonaz itxi digute, eta ia bi orduz barrura ezin sartuz ibili gara. Bitartean, piketeen irainak eta oihuak entzun behar izan ditugu. Ez da atsegina, eta oraindik egunean zehar pairatu beharko ditugu gehiago. Lanerako dudan eskubidea aitortu diezadaten nahi dut. Eurek grebarako duten bera.  2008/02/28 - 11:59:05

Basakeria

Gaur ez naiz politikaren gauza ederretaz ariko. Baina derrigorrean, hitz egin beharrean nago. Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu zituzten atzo. Lesakarrak biak, ongi ezagutzen ditut. Bereziki Igor, elkarrekin lanean arituak baikinen, gizarte langile bera, ardura politikoetan ni. Torturen ondorioz eraman dute erietxera goizaldean. Eta oilo-larrua gelditu zait jakin dudanean. Ankerkeria. Basakeria. Gisako sinonimoak bata bertzearen gibeletik pilatu zaizkit. Giza eskubideen urraketa latza. Latzegia. Inoiz bukatuko al da torturarekin? Nazioarteko makina bat erakundek salatu izan du tortura ohiko jarduna dela hemen. Eta berriz ere hurbiletik ikusi ahal izan dugu. Erantzunkizunak eskatu, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa zabaldu behar da. Eta berriz gerta ez dadin neurriak hartu. Inkomunikazioarekin bukatu. Protokoloak ezarri. Kameraz grabatu komisaldegietan gertatzen dena. Konfiantzako abokatuarekin deklaratu ahal izatea. Bitartean, ankerkeria, basakeria salatzen jarraitu beharko dugu. EITBren bideoa hemen ikusgai:  2008/02/28 - 11:59:05

Urte bat

Urtea bukatzearekin gibelera begiratzeko parada hartu ohi dugu. Urte berezia izan da niretzat. Politikan lehendik banenbilen arren -herrian zinegotzi lehenbizi, eta Aralarko zuzendaritzan gero-, 2006ko abenduaz geroztik alderdiaren koordinatzaile-orde izateko ardura hartu nuen. Orain urte bat. Balantzea egiteko tenorea, hortaz. Eguberrietan ohikoak diren mezuez haratago, Barajasko atentatuaren balorazioarekin estreinatu behar izan nuen. Patxi -Zabaleta, noski- eta biok atera ginen Iruñan prentsaren aitzinean. Berde, hagitz berde nengoen artean. Ez nuen nire burua goi-mailako politikagintzan ikusten. Herri mugimendutik nator, eta herriarekiko lotura horretatik egin nuen jauzi politikara. Eta bat-batean, kamara eta mikrofonoak zuri begira. Ez diot sekula beldurrik izan kamara aitzineko jardunari. Aitzitik, gustatzen zaidala aitortuko dut. Baina bertzelakoa da iritzia eta balorazio politikoa egitea. Eta horretan ez nuen ikusten nire burua. Eta ondotik etorri zen EB-rekin batera kanpaina. Herriz herri ibiltzea, mitinak prestatu eta eman (ufa!), dinamika zoro hori. Eta gustura ere bai! Negoziazioak, komunikabideen aitzinekoak, kanpainaren diseinua eta antolaketa. Gogorra, bai. Baina aunitz ikasi nuen. Pila bat! Eta tokian tokiko militanteekin harreman, hori bai erakargarria eta goxoa! Eta euren ilusioa konpartitzea, gozatzea! Dudarik gabe, hori da politikaren alderdirik politena, polietikoena , harreman afektiboa, harreman pertsonalak. Etsaien bat edo bertze irabazi izanen dugu, akaso, baina lagunak egin, zenbat! Gau elektoraleko nerbioak ez dira makalak. Hainbertze dago jokoan politikan gabiltzanontzat! Baina zinez gogorrena ondorenekoa egin zait. Hauteskunde egunaren ondotik dena bukatua zela uste nuenean, keba! Negoziazioak, erlojuaren kontra gehienetan. Udalak lehenbizi. Aldundiak gero. Eta gobernuan sartzea. Eta bitartean, Nafarroako egoerak ematen zigun albisteren bat egun bat bai eta bertzea ere bai. Ez ziren egun alaiak izan! Eta bitartean, alderdia barrenetik antolatu beharra, tarteka haserrealdiak, tarteka ilusioak, tarteka frustrazioak. Baina aitortuko dut aunitz ikasi dudala. Ez dudala nire burua hain berde ikusten. Berde bai, baina ez hain berde. Aunitz dut ikasteko. Aunitz! Baina badu politikak erakargarritasunik. Ilusioak gizarteratzeko tresna ere bada. Eta mezua gizartera heltzeko ariketa hori. Beroa dator 2008a ere. Ufa! Hauteskundeak martxoan, kontsulta urrian, hauteskundeak, berriz ere, ondotik... Eta horiek guztiak koordinatu eta antolatu behar dira. Makinaria ttikia dugu guk. Baina aterako gara aitzina. Gogoa eta kemena behar da. Ia babesa badugun. Horrekin konformatzen naiz. Hainbertze ote? Ia 2008ak maiztasun gehiagorekin idazteko fundamentua ekartzen didan! Urte berri on denoi!  2008/02/28 - 11:59:04

Bildu

Herri honek bere buruaz bertze egin aitzin, bere etorkizuna erabakitzeko aukera behar du. Helburua izan daiteke batzuentzat. Niretzat, tresna baino ez da. Erabakitzeko eskubidea herria egiteko, eraikitzeko urratsa da. Ez muga. Baina behin eta berriz ikusten ari gara erabakitzeko eskubidearen aitortza inork ez digula oparituko. Guk lortu beharko dugu. Nahiz, berez, guri dagokigun. Baina hau bere izerdiaz soldata irabazten duen langilearen kontua da. Bere izerdi tantek ez dute 1.000 euro balio. Ugazabarenak, aldiz, bai. Eta horretarako eraginkorrak izan behar dugu. Zertarako gara ezkerrekoak bada? Ezkerrak eraginkortasuna bilatu behar du. Maizegi mezu hutsak saldu ditu, eta praktika ahantzi. Hortaz, herritarrentzat erakargarriak eta eraginkorrak diren planteamenduak egitea dagokigu ezkerrekoei. Eta eraginkortasun hori bilatzeko lanean, indar metatze horretan, ausartak izan behar dugu. Ezkerrekoak eta abertzaleak garenok aniztasun soziala onartu ez ezik, bultzatu egin behar dugu. Aspertuta nago purismoaren izenean, esentzia ez galtzearren bere burua baztertzen duen ezkerraz. Iraultza egitera dedikatzen den ezkerraz, baina gainerakoak ondoan hartu gabe. Ez naiz inozoa. Badakit erraza ez dena. Zailtasunak eta oztopoak aunitz direla. Lehendik ere saiakerak izan direla, eta ez dela beti ongi atera. Baina saiatu gabe ez gara geldituko. Desberdintasunak gainditzeko daude. Tradizio, kultura, ibilbide eta ohitura politiko ezberdinak izanagatik, gibelera baino, aitzinera begiratu behar dugu. Bertze kultura politiko berri bat sortu behar dugu. Berria. Diferentea. XXI. mendera egokitua. Eta horretarako, indarrak metatzea ezinbertzekoa da. Biltzea. Hiru oinarri edo printzipioren gainean bildu behar dugu: 1. Giza eskubide guztien defentsa irmoa, salbuespenik gabea egiten dugunok. 2. Herri hau, Euskal Herria, bere egiten dugunok, badagoela aitortzen dugunok. Eta herri bezala, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula aitortzen dugunok. 3. Gizarte hobe baten alde lanean gabiltzanok. Ezkerreko politikak, politika aurrerakoiak garatzen ditugunok. Edo bildu edo sakabanatuta jarraitu. Erabakitzeko ahalmena lortu, edo bertze 25 urtean gatazkan jarraitu, Espainiarekin gatazkan, gure artean gatazkan. Nik hautua egina dut: bil gaitezen!  2008/02/28 - 11:59:04

Astakeria

Astakeria politikoa eta judiziala. Giza Eskubideen urraketa betea. Biltzeko eskubidea delitutzat hartzea izenik gabeko astakeria da. Batasunak ordezkatzen duen espazio politikoa, ideologia, kartzelarekin isilarazi nahi izatea da delitua. Alderdien Legea bertan behera utzi behar da, berehala. Atxilotuak askatu. Espainiako agintariek, bertze behin, erakutsi dute heldutasun falta. Euskal Herriaren etorkizuna, bake bidea eta normalizazio politikoa indar politiko guztien artean osatu behar da, baita Batasunarekin ere, ezinbertzean. Bide politiko hutsen aldeko apustua inoiz baino beharrezkoagoa da. Eta bide horretarako, atxilotuak berehala askatzea guztiz lagungarri.  2008/02/28 - 11:59:02