Gaindegia - Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia
NOR GAREN Gaindegiak jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, enpresariak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak elkartu gara proiektu hau abian jartzeko. ZERTARAKO SORTU GAREN Gure xede nagusia honela zehaztu dugu: Errealitate sozio ekonomiko nazionala abiapuntu, Euskal Herriko sozio ekonomia esparru zabala bizitzea eta biziberritzea, eraketarako zein garapenerako ildo nagusiak aztertuz eta aurrera urratsak egitea ahalbidetuz. GAINDEGIAREN GOGOETA - Euskal Herriaren sozio ekonomiaren paisaia errotik aldatzen ari da. - Europaren eraketak eta mundializazioak zuzen-zuzenean eragiten dute Euskal Herriaren bilakabidean. - Euskal Herriko gizarte berrian informazioa, formazioa, teknologien transferentzia, ideien etengabeko trukaketa eta eraldatzeko gaitasuna ekonomia eta gizartearen garapenerako funtsezkoak izango dira. - Sozio-ekonomiaren eragileok zer egiten dugun erabakigarria gerta daiteke herri honen geroarentzat. - Aldaketa prozesu horretan Euskal Herria aintzat hartzen dugun eragile sozio-ekonomikook protagonista izan nahi dugu.
Fiskalitatea, gastu soziala, zor subiranoa... Gaindegia Txostena badator
Gai eta eduki berriekin Gaindegia Txostena 2011 argitalpena osatu dugu. Pixkanaka, Gaindegiaren web gunean edukiak zintzilikatuko ditugu. Analisiak (internazionalizazioa, gastu sozialen murrizketa, euroaren etorkizuna, erregio deprimituen azterketa...), eztabaida foroak (zor subiranoa), prentsa dosierra, Euskal Herriko eta bere lurraldeei dagokien estatistika sozio ekonomikoen eguneratzea... 2012/02/04 - 06:58:11
Gaindegia Txostena 2011
Gaindegia Txostena 2011 argitalpena osatzen gabiltza eta urtero legez Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta sozialaren azterketa eta hausnarketan sakondu asmoz hainbat alor eta gai jorratu ditugu. Gaindegia Txostenak ondorengoa erakusten digu: - Euskal Herria eta hau osatzen dituzten lurraldeen egoera - Lurraldeen arteko harremana eta errealitate desberdinak - Errealitate hori, ekonomia eta gizarte alorrean ezaugarritu eta neurtzen dituzten adierazle eta zifrak - Lurraldeen arteko alderaketak eta nazioarteari begira, testuinguru zabalago batean, Euskal Herria munduan kokatzea Horiek guztiak 2012/02/04 - 06:58:11
Eztabaida foroa: zor subiranoa, Ander Aizpurua
Bakar bat izango bagina bezala funtzionatzeak dakartzan onurak Artikulu bat idatzi bat behar nuela esan zidatenean zalantza izpiren bat izan nuen idatzitakoak kaleratzen zenerako baliorik izango ote zuen edo neurri edo egoeraren batek zaharkitua utziko ote zuen. Merkatu oso hegazkorretan bizi gara eta berri eta neurriak ditugu eguneroko janari. 1999an euroa indarrean sartu eta moneta politika bakarraren gerizpean Euro gunea osatzeko ibilbidea hasi genuen. Hazkunde ekonomikoaren laguntzarekin zentzu horretan eman beharreko pausuak eta zehazki, pausu horiek ematearen beharra atzeratzea ekarri zuten. Hala ere, bide horretan, Europako biztanleek eta herrialde ezberdinek gune hori sortzeko zuten kontzientziazio eta sentsibilizazio maila ez zela behar bezainbestekoa ohartarazten zuen egoeraren bat ere izan genuen: Europako konstituzioaren aprobazio eza, adibide. Baina momentuko hazkundeak sistemak zituen eraginkortasun gabeziak bertan jarraitzea ekarri zuten. Ordutik hona egoera zeharo aldatu da. Italiak, Europako 3.garren ekonomiak eta G7ko kideak, Europaren laguntza jaso behar izan du. Portugal, Grezia eta Irlandarekin bat egin eta Euro gunea kolokan dagoela ohartarazi dute. Baina zergatik horrelako egoera bat? Moneta politika bakarrak, ekonomia eta zerga politika bakarra behar dituelako bidaide eta bere garaian Euro guneko kide izateko baldintza bezala jarritako neurriek ez zutelako aurreikusi herrialde batek arazoak dituen momentuan eman beharreko pausuak eta erabakiak zeintzuk diren. Gaur egun euro-bonoak, aurrekontu bakarra... ez ditugu arrotz eguneroko jardunean baina herrialde guztiak ados jarri eta erabakiak hartzeak denbora asko behar du, merkatuek nahi baino gehiago. Eta zer eragin dauka aurretik aipatutakoak zor subiranoan? Zuzena eta erabakigarria! Herrialde batek bere inbertsio eta gastuei aurre egiteko behar adina bilketa ez duenean finantziazio bila joan beharra dauka eta hori bi modutan egin dezake: mailegu edo finantziazio bat eskatuaz entitate finantzarioari edo jaulkipenak eginez. Jaulkipen horiek inbertitzaile mota ezberdinek harpidetzen dituzte: pentsio planek, inbertsio fondoek, entitate finantzarioek, partikularrek... Euroa indarrean sartzeak herrialde ezberdinen zorraren interes tasak maila berdinera hurbiltzea ekarri zuen, hau da, finantziazio kostuak parekatzera. Honek merkatu zabal bat sortu zuen Europan, jatorri ezberdinetako inbertitzaileek herrialde bateko zorra erostea ohiko bihurtuz. Baina lehen aipatutako gabeziek krisi egoera honetan zorraren interes tasen artean diferentzia handitzea ekarri du, arrisku ordaina gehitzea nolabait, aurrekontu, arau eta politika ezberdinak tarteko. Nola jasan liteke Europa bezalako gune batean herrialde batek % 7ko kostua izatea jaulkipen batean eta beste batek % 1,8a? Neurriak hartzea ezinbesteko bihurtu da baina gero eta denbora gutxiago geratzen zaio ondorioak larriagoak ez izateko. Eta askok galdetzen duten bezala zein irtenbide dauka egoera honek? Ekonomialari eta politikari bakoitzak proposamen ezberdinak egingo lituzke nahiz eta politika ekonomiko eta fiskal bakarraren beharra inork ere ezin alboratu. Europak erabaki ahalmen handiagoa behar du, euro-bonoen jaulkipena, aurrekontu bakarra, fiskalitate zentralizatua eta lidergotza argia izanik aurrera eraman gaitzaketen giltzarriak. Herrialdeek beraien soberaniari uko egin eta neurri handi batean bakar bat izango bagina bezala funtzionatzeak dakartzan onurak (finantziazio kostua berdintzea...) Europari etorkizuneko atea zabalduko diolakoan nago. 2012/02/04 - 06:58:11
Fiskalitatea, Xabier Aja
Zergei buruzko eztabaida. Zergak igo ala gutxiago gastatu? Finantza-krisia izan da 2011. urteko gertakari eta albiste nagusia, eta gurean, zehazki, krisi horrek zergen inguruan eragin duen eztabaida nabarmendu da. Jarduera ekonomikoaren beherakadak bi efektu osagarri izan ditu: zergen bidezko diru-sarrerak urritu dira batetik, eta, horrekin batera, gizarte-gastuak handitu dira, langabezia igo delako, batik bat. Horren guztiaren ondorioz, defizit publikoaren egoera ez da oneratzen, eta horrek handitu egiten ditu herritarrek pairatzen dituzten efektu kaltegarria, zaila eta garestia baita hura finantzatzea Europar Batasuneko estatu gehienentzat. Espainiako estatuaren kasuan, arrisku-prima oso handia ordaindu behar izatea da egoera zail horren adierapen nabarmenena. Euskadiko enpresek eta erakunde publikoek interes-tasa handiak ordaindu behar izan dituzte, denbora luzean mantendu ezinezkoak. Egoera hori ikusita, eztabaida piztu da. Batzuek pentsatzen dute kosta ahala kosta murriztu behar direla gastuak, batik bat, herri-lanetan eta gizarte-laguntzetan egiten direnak, eta, ziur asko, baita osasunaren eta hezkuntzaren esparruetakoak ere. Eta, haien aurrean, beste batzuek pentsatzen dute handitu egin behar direla zergen bidezko sarrerak, presio fiskal handiago bat ezarriz. Gizarte-maila ertainei presio fiskal handiago bat ezartzeak lekarkeen arazoa da hori kaltegarria izan daitekeela ekonomiarentzat. Diru gutxiago izango dute eskura eta, ondorioz, krisi ekonomikoa handi daiteke, kontsumoa apalduko delako. Azken hamarkadako datu objektiboek esaten dute presio fiskala arindu egin dela Euskadin eta Espainian. ELA sindikatuak, EAEko datuei erreparatuta, gogorarazten du presio fiskala, 2009. urtean, ez balitz izan 2007. urtekoa baino arinagoa, herri-erakundeek 3.200 milioi euro gehiago bildu izango lituzketela. Sindikatu horren esanetan, Europako batez bestekoa baino 9,6 puntu apalagoa da EAEko presio fiskala. Estatuak BPGarekiko izan zituen diru-sarrera fiskalak ehuneko 5,5 puntu jaitsi ziren 2007 eta 2010 urteen bitartean, %37,2tik %31,7ra; hala, OCDE organizazioko Revenue Statistic azterlanaren arabera, Espainia izan zen, OCDE organizazioko herrialdeen artean, presio fiskala gehien arindu zuena epe horretan. Fiskalitate zuzena da bidezko eta progresiboena, beren errenta-mailaren arabera ordaintzen baitute herritarrek, baina irudi-arazoak dakartza horrek hauteskundeei begira, eta, ondorioz, alderdi politikoek zeharkako fiskalitatearen alde egin ohi dute. Horren adibidea da BEZa, zergapetuentzat agerikoagoa baita PFEZan diru-zenbateko bat atxikitzea, ogi-barra bat erostean haren zati bat zerga moduan ordaintzea baino. Horiek horrela, presio fiskala handitzeko bideari ekin zaio EAEn, Ondarearen gaineko Zerga eta Ondorengotzen gaineko Zerga berrezarri baitira eta banku-gordailuen interesak zergapetzeari ekin baitzaio, besteak beste. Neurri horien arazoa da gizarteko aberatsek nekez betetzen dituztela, SICAV sozietateak eta bestelako figura juridikoak erabiltzen baitituzte zerga gutxi ordaintzeko. Hala, maila ertainak zigortzen dituzte neurri horiek, beren zergak (PFEZ, BEZ, etab.) ordaindu ondoren, zerga-karga handiagoei egin behar baitiete aurre. Ondorengotzen gaineko Zergaren eta Sozietateen Irabazien gaineko Zergaren kasuan, kontuan hartu behar da enpresen lehiakortasuna kalte dezaketela, eta, bereziki, lanpostu gehien sortzen dituzten enpresena, enpresa txiki eta ertainena. Oreka lortzea zaila den arren, ez da ahantzi behar gastuak murriztu behar direla, bai, baina ongizate-estatuaren oinarriak kolokan jarri gabe, hau da, osasuna, hezkuntza eta pentsioak ezbaian jarri gabe. Dena den, horrek ez du esan nahi gehien dutenei gehiago ordainarazteko formulak bilatu behar ez direnik. XABIER AJA , DEIA 2012/02/04 - 06:58:11
Eta, euroa lehertuko balitz zer?
Galdera erraza; erantzunak baditu bere zailtasunak. Ekonomia fikzioa dakar Joseba Barandiaran ekonomialariak bere analisian. Oharra: Analisia GAINDEGIAk urtero kaleratzen duen Gaindegia Txosteneko edukien parte da aztergai diren beste gai batzurekin batera (www.gaindegia.org). 2011/12/21 - 10:18:10
Hauteskunde emaitzak eta sozioekonomia
Hauteskunde emaitzak ustiatu eta, Gaindegiak, datuok uztartu eta alderatzeko ahaleginean, Euskal Herria aintzat hartzen duten partiduen bozken ehunekoa aldagai sozioekonomikoekin alderatu du. Aldagai horiek biztanleriaren dentsitatea, establezimenduen euskal nortasuna, jaiotze tasa, zahartze indizea, 15-29 urte arteko biztanleria eta langabezi erregistratuaren hazkundea dira. Emaitzak udalerri mailan eta herrialde mailan kontsulta daitezke. Hauteskunde emaitzak, Espainiako gorteetarako azaroaren 20koak Hegoalderako eta Frantziako legebiltzarreko 2007 hauteskunde emaitzak hartzen dituzte kontuan Iparralderako. 2011/12/06 - 11:11:01
Euskal Herrian bizi den 4tik 3 euskal lurraldean jaio da
Oraintsu kaleratu berri du Ikuspegi k Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Immigrazioaren 2010eko urteko txostena . Datuen arabera, azken bost urtetan lehenengo aldiz etorkinen kopurua jaitsi egin da. Hegoaldean, etorkinaren perfila emakumezko latinoamerikarra da (behar batzuk osatzera datorrena). Iparraldean, aldiz, etorkinaren perfila desberdina da: sexuaren arabera %51,7 gizonezkoa da eta %48,3 emakumezkoa eta adinaren arabera ez da Hegoaldera etorritakoaren besteko gaztea. Irakurri Xabier Aierdik eginiko analisia Gaindegia Txostenerako Euskal Herriko immigrazioaren inguruan, 41. orrialdetik aurrera. 2011/11/30 - 11:23:04
Euskal Herriko hauteskunde mapa udalerriz udalerri
Udalerriz udalerri azken bozetako emaitzak ikus daitezke, Espainiako Gorteetarakoak Hego Euskal Herriko kasuan eta Frantziako Legebiltzarrerakoak Ipar Euskal Herrikoan www.eh-hauteskunde-emaitzak.net helbidean. Gaindegiak eta Berria egunkariak elkarlanean kaleratutako argitalpena. 2011/11/26 - 11:28:14
Mugaz gaindiko bilakaera ekonomikoa aztertzen trenaren bitartez
Tren garraioaren bilakaera aztertzeko behatokia sortu dute hiru elkargok Akizetik Hendaia bitarteko tren zirkulaziori erreparatu xedez. Zirkulazioaz gain lurralde desberdinen datu ekonomikoak aztertuko dituzte. Irakurri albistea kazeta.info agerkarian. 2011/11/16 - 11:32:07
Euskal lurraldeak eta lankidetza aro berrian
"Ez dugu gogoko horren gordin esatea, baina ez politikan ez ekonomian ez eta jarduera eremu gehienetan ere, ez da jokatzen gure lurraldetasuna bere osotasunean aintzat hartuz." Xabier Isasik eta Imanol Esnaolak sinatutako iritzi artikuluan Euskal Herria subjektuaren inguruan dihardute. Jarraitu irakurtzen. 2011/11/11 - 11:29:04
