kuleroak burura eta salto mundura
Hasi da akelarrea!
Neskak eta gazteak izanda, nola egongo gara ba gu geldi? Ezin! eta ezta nahi ere! Jakingo duzue gehienok maiatzaren 7, 8 eta 9an Euskal Herriko Emakume Gazteen Topaketak burutuko ditugula Hernanin (eta orain jakin duzuenok, apuntatu azkar agendan!) Egitarau bete-betea prestatzen dihardugu baina horren berri izango duzue poliki-poliki. Dena hasieratik esan baino nahiago dugu eta sorpresak gorde eta egunek aurrera egin hala kontuak kontatzen joatea. Horretarako dago eta gure blog eder hau! Topaketak eta topaketa ez direnen inguruko informazioa egongo da bertan. Topaketetarako behar den materiala, eta norberari interesgarri gerta dakioken beste testu, irudi, bideo eta antzerakoak biltzea ere bada eta gure asmoa eta helburua. Beraz, badakizu neska! animatu, parte hartu zeuk ere blog hau osatzen, eta zabaldu mezua! zabaldu zure inguruan, neska gazteek badugula berriz ere, martxan, guretzako bloga! Patriarkatua sutara, kuleroak burura, gora gu! HASI DA AKELARREA! Besarkada moreak denontzat! Eta ez ahaztu! Martxan hasita, hor dugu MARTXA! larunbatean Iruñan ikusiko gara! 2010/03/16 - 06:17:02
UDAKO KANPAINA
Udako jaietan gure mezua ikus zedin pegata hauek Euskal Herriko herri guztietara hedatzen ahalegindu ginen. Honekin batera herri askotan emakume gazteok ekimen ezberdinak antolatu genituen gure parte hartzea eta presentzia bultzatuz. Mezua argia da, emakume gazteok sutan gaude, ez dugu eraso bat bera ere onartuko eta gure jaietaz zein kaleaz gozatzeko eskubidea bermatuko dugu! 2008/11/17 - 13:36:01
AZAROAK 25 emakumeonganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna
Azaroak 25aren arira emakume gazte bezala eguna indartzearen garrantzia ikusi dugu, beraz, mugimendu feministaren deialdietan parte hartzeaz gain, herri eta auzoetan ekimen ezberdinak egingo dira. Hauetara deia luzatzeko kartel mutu bat diseinatu dugu udako kanpainaren jarraipena dena. Arazo teknikoengatik ezin dugu kartela bertan eskegi, beraz erabili nahi baduzue bidali mezua gaztefeministak@gmail.com helbidera eta bidaliko dizuegu. 2008/11/17 - 13:36:01
AURKEZPENA KUKUTZA GAZTETXEAN
Gaur martxoak 15 esparru ezberdinetako neska gazteak bildu gara "EMAKUME GAZTEOK JAIKI, LOTU FEMINISMORA!" dinamika aurkezteko. Dei egin diegu euskal emakume gazte guztiei beraien borroka eremuetan testuaren gainean hausnartu eta apirilak 11ko asanbladan parte hartzeko. 2008/04/21 - 09:18:02
EMAN IZENA!!! gaztefeministak@gmail.com 2008/04/21 - 09:18:02
EHko EMAKUME GAZTEON ASANBLADAREN ONDORIOAK
Burutu diren Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministen harira kolektibo, eragile, gaztetxe eta neska talde ezberdinetako neska gazteok gazte mailan zeozer egitearen premia ikusi genuen, berdintasun formalaren belaunaldiaren parte izatea garesti ordaindu dugulako, kolektibo zapaldua izanik ere askotan horren kontzientziarik ez baitugu. Hori zela eta neska gazteok jaiki, lotu feminismora! dinamika martxan jarri genuen. Apirilaren 11n burututako asanbladaren helburu nagusia, bizi dugun errealitateari begira azkar bat botatzea zen eta bereziki aurrera begirako bidea zehaztea eta alternatibak eraikitzea. Asanblada burututa argi geratu da neska gazteok eraldaketarako grina daukagula, bertan bildutako emakumeak, 200 neskatik gora, horren erakusle gara. Antolakunde zein eremu ezberdinetan aktibaturik egonda, toki eta borroka guztietan neska gazteok ikuspegi feministatik eragiteko beharrizana dugu. Hori guztia posible izan dadin konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartu ditugu. Eta zehaztutako lehenengo erronka nazio mailako sarea sortzea izango da, eta internet bidez funtzionatuko du. Honekin batera, apirilak 11n bezala, noizean behin asanbladak deituko ditugu borrokaren garapena definitzen joateko eta norabide honekin bat bloga ere baliagarria izango da. Hori guztia garatzeko eta asanblada bera motz geratu zaigula ikusita, EUSKAL HERRIKO EMAKUME GAZTEON III. TOPAKETAK burutzea erabaki dugu. Egia da, lan handia dugu egiteko, baina gogoa eta gaitasuna ez zaigu falta beraz, emakume gazteak jaiki eta lotu feminismora! 2008/04/21 - 09:18:02
