Kazeta.info

Kazeta.info - Azken Sarrerak.

Agintari politikoek eta enpresa buruek errugbi atorra ezarri dute AHTren aldeko partida irabazteko nahikeria agerian utzi nahian

Akitania eta EAEko Merkataritza eta Industria Ganbaretako ( MIG ) lehendakariak, agintari politiko eta enpresa buru ugari bildu dira Baionako MIGaren egoitzan AHT proiektuaren aldeko foroan. Anartean, karrikan azpiegitura hori karioa izateaz gai beharrezkoa ez dela agerian uzteko 200 bat manifestalari elkartu dira. Beraiekin, etxeko ekoizpenak, kabalak eta 15 bat traktore eraman dituztela. Ekitaldian, Akitaniako Alain Rousset lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Atzerri ekintzetarako idazkari nagusia den Guillermo Etchenique, Inaki Arriola Garraio sailburua, Baionako MIGaren André Garreta lehendakaria, eta Ekitania eskualdeko beste ganberetako arduradunak izan dira. Baita hautetsiak ere: hala nola, Baionako auzapeza Jean Grenet, Miarritzeko auzapeza Didier Borotra, eta Frantxoa Maitia eskualde kontseilaria. Mattin PETRISSANS / BAIONA "Hemen gira mundu ekonomikoari bozaren emaiteko beste batzuek kanpoan manifestatuz progresua errefusatzen duten bitartean. Ezin dugu irudikatu Bordelen gelditzen den Abiadura Handiko Trena" adierazi du mintzaldiaren sartze gisa Akitaniako MIGaren Laurent Courbet lehendakariak. Haren ondotik, agintari politiko, lurralde ezberdinetako ganberetako lehendakariak edo enpresa buruak bata bestearen gibeletik tren azkarraren onurak goraipatu dituzte eta proiektuaren aldeko argumentuak eman dituzte. Azaldu dutenez, tren berriari esker denbora irabaziko da, garapen ekonomikoa azkartuko da eta inguramena errespeatzen duen garraiobidea garatuko da. Akitaniako MIGak azpiegitura hunen aldeko iritziak jasotzen dituen inkesta oinarri gisa erabili dute. 395 enpresari galdezketatuak izan dira. Txostenaren arabera, enpresa buru gehienek AHTak perspektiba positiboak sortuko dituela erran dute. Hortaz gain %83ak AHTk fretaren erabilpena areagotuko duela uste du eta %90ak turisten kopurua emendatuko dela. Azpiegitura eraikitzeko arrazoiak "AHTari esker kamioi guttiago ukanen ditugu errepideetan. A63an adibidez, 10 000 kamioi pasatzen dira egunero eta merkantzien garraioa etengabe emendatuz doa. Treinak bideetako garraioak baino 13 aldiz guttiago CO2 botatzen du. AHTa garraio baliabide ekologikoena dugu" adierazi du André Garreta, Baionako MIGeko lehendakariak. Izan ere, AHTren bizkortasuna goraipatu du gehienbat. Azpiegitura berriari esker, Bordele Bilbotik 2 orenetara izanen da eta Parisetik 3 orenetara Baiona. "Bilboko Guggenheim museoan milioi bat bisitari ditugu urtean. Bisitarien %60a atzerritik dator eta gaur egun baliabide hoberena Loiuko aireportua da. AHTak hurbiltasuna ekarriko duela uste dugu" azaldu du Museoko garapen zuzendariak. Horrez gain garapen ekonomikoaren argudioa ez dute ahantzi. Esplikatu dutenez azpiegituraren eraikuntzaren epean -7 urtekoa- 15 000 enplegu sortuko dira urtero. "Eusko Jaurlaritzak AHTaren aldeko ekimen guziak sostengatzen ditu. AHTa errealitate aterabide ekologikoena dugu, merkantzia eta bidailarien garraioaren emendaketaren errealitateari erantzun hoberena ekatzen dion garraiobidea" erran du EAEko Atzerri ekintzetarako Guillermo Etchenique idazkari nagusiak. "Nere ustez, datu teknikoak emaitearen gehigarriz RFFek esplikatu behar diru arrangurak eta beldurrak uxatzeko. AHTa XXI. mendeko garraio baliabidea dela, inguramena babesten duela, garapen ekonomikoa sustatzeko eta denbora irabazteko balio duela azaldu behar du" laburbildu du Alain Roussetek. Mintzaldiaren ostean, arratsaldearen momentu azkarrenetarikoa heldu da. Foroan hartu duten hainbat buruzagik AHTaren aldeko errugbi atorra jantzi eta Matignon-era igorriko duten tiserta bat izenpetu dute.  2012/02/09 - 22:23:06

Herritarrek abiadura handiko proiektua ez dela behar aldarrikatu dute karrikan

AHT berriaren kontra diren elkarteek elkarretaratzea burutu dute Baionako ganberan iragan den foroaren aitzinean bere ezadostasuna agertzeko. Haien sostenguz, zonbait alderdik eta gizarte eragilek bat egin dute Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren (MIG) aitzinean burutu ekimenarekin. Ehunka lagun eta baita tratoreak eta animaliak jarri dira parkinean. 15.00etan egoitza horretan EAE eta Ipar Euskal Herriko hainbat ordezkarien ondoan Akitaniako ganberetatik etorritako kudeatzaileak bildu dira. Bi ekimen horiei buruz zuzenean informatu du KAZETA.INFOk twiterren bidez. Hemen protestaren kondakizuna eta argazki bilduma . 14.10 Hotza izugarria Baionan. Hala ere, CADEko kideak bertan dira, CCI delakoaren ondoan, egoitzan 15.00etan abiatuko den AHTren aldeko foroan parte hartuko duten agintarien aintzinean protesta egiteko. 14.18 AHTk suntsituko dituen laborantza lurretan ekoizturiko mozkinekin mahaia jarri dute Baionako Ganberaren atarian euskal laborariek. 14.25 Ardiak, zaldiak, behiak, tratoreak... AHTren aurkako manifestariek giroa berotu dute AHTren aldeko bilkura Baionan. 14.30 Jendarmeek Ganberako sartzean eta parkinean gezi azkarra ezarri dute. Manifestariak inguratzera hurbildu direnean jendea txistuka erantzun du. 100 lagun bildu dira janeko bertan. 14.35 Bizi mugimenduak manifestazio-parodia egin du AHT eliteak handik honat mugitzeko dela salatuz. 14.45 AHTren aldeko foroan parte hartzera heldu dira Grenet, Maitia, Berckmans eta hautetsi anitz. 200 manifestari karrikan. Beste goi karguak badira egoitzan: Alain Rousset, Akitaniako eskualdeko lehendakaria eta Inaki Arriola, Eusko jaurlaritzako Garraio sailburua... baina ez dira lanifestarie aitzinetik pasatu. 14.50 AHTren aldeko foroan sartzeko segurtasun neurri handiak. Akreditaziorik gabe ezin da sartu. 14.55 Fermin Muguruzaren kantak Baionako MIG-en atarian hotzaz akatzen diren manifestariak pixkat berotzeko. 15.10 Akitaniako Ganberetako lehendakariak erran duenez "hemen gira mundu ekonomikoaro boza emateko, kanpoan progresoaren kontra diren jendeak manifestatzen diren bitartean". 15.30 AHTren aldeko aurrekontua ez murriztea eskatu dute EAEko ganberetako lehendakariek Baionan. 15.40 Bilera ez da amaitu, baina karrikan hotza handia dago. Pintinka pitinka manifestariak joaten ari dira. Tratoreek ere etxeko bidea hartu dute. 15 bat dira eta desfile polita egin dute Baionako karriketarik. 16.00 Agintari politikoek eta kudeatzaile ekonomikoek AHTren beharra azpimarratu dute. Ingurugiroa babesteko ere inporantea dela aldarrikatu dute. 16.30 ekitaldi ideki bat iragarri dute eta 17.00etan hedabideen aurrean mintzatuko dira foroaren protagonistek. 17.00 Agintariek bilkura bukatu eta prentsa aitzinean familia argazkia egin dute. Foroaren leloa errugbiari lotua zenez -entsegua egiteko, hau da AHTren egitasmoa gauzatzeko agindua emanez- argazkia egiteko tiserta edo atorra jantzi dute traje dotorearen gainean EAE eta Akitaniako agintariek.  2012/02/09 - 12:43:08

Villepinten borrokan diren euskal presoekin sostenguz elkarretaratzea ostiralean Pausun

Ibon Goiesaskoetxea euskal presoa Villefranche s/ Saône-era eramateko erabakia salatzeko eta presoak Euskal Herrira etortzeko lehenagotik presondegi horretan burutu dituzten protestekin lotuz, Ibon eta Villepinten berarekin diren Borja Gutierrez Bakerito eta Joseba Fernandez borrokan sartu ziren joan den larunbatean. Bi lehenak gose greban dira. Elkartasunez, elgarretaratze bat izanen da bihar ostiralean Otsailaren 11n arratseko 7tan Pausuko itzulgunean. Bestalde, larunbatean Maite Aranalde, Saioa Sanchez, Gorka Azpitarte eta Eneko Zarrabeitia egoten diren Poitiers-eko presondegiaren aintzinean elgarretaratze bat izanen dela oroitarazi du Askatasunak. Bertara joan nahi duten herritarrek jakin behar dute hitzordua Donibane Garazin emana dela, goizeko 5etan, merkatu estalian. Elkarte berak bere sostengua adierazi dio Segi gazte mugimenduak antolatu duen torturaren aurkako ekimenari. Otsailean zehar zonbai ekintza egien dituzte praktika larri hori salatzeko. Haien artean : - Bideo-hitzaldia gaualdia Sarako gazteen gelan. 7tan apero, 8tan Tortura Euskal Herrian dokumentalaren proiekzioa. - Otsailaren 13an, Torturaren aurkako Nazioarteko Egunaren kari, elgarretaratzea "Torturarik ez. Ez Euskl Herrian, ez inun" lemapean elkarretaratzea eginen dute Senpereko Intermarche saltokiko itzulgunean arratseko 7tan.  2012/02/09 - 12:43:08

Jalgi Hadi Garaipenera ekimena sortu dute Euskal Herri osoko gazteek

Euskal Herriaren historiaren ezagutzan sakonduz jendarte aske bat lortzeko bideari ekiteko asmoarekin Jaiki Hadi Garaipenara ekimena abiatu dute zazpi herrialdeetako gazteek. Atzo aurkeztu zuten ekimen berria Iruñean, hotz latzari aurre eginez. Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena betetzen den urtean, "asimilazioari aurre egiteko beharraz ohartuta", ekimena martxan jartzea erabaki duela azaldu dute. Ipar Euskal Herriaren kasuan, ekimenaren lehen aurkezpena hilaren 24an eginen dute Sara n. Horiek horrela, gazteen formaziorako ekitaldiak antolatuko dituzte eskualde desberdinetan. "Baina ez dira ohiko mintzaldiak izanen. Eskualdeen arabera, gisa desberdinean prestatuko ditugu", azaldu dute. Euskal Herriaren askatasunaren alde ez ezik, etorkizunera begira pertsona askez osaturiko herriaren alde egingo dutela gaineratu zuten, emakumeen eta gazteen eskubideak bereziki nabarmenduz: "Amaiurreko gazteluan gazteak eta emakumeak ere baziren". Euskal Herrian bizi den une politiko berria ezinbesteko aukeratzat jotzen dute Jalgi Hadi Garaipenera ekimeneko kideek "burujabetzan eta askatasunean aurrerapausoak eman ahal izateko". Dinamikaren antolakuntza aurrera atera ahal izateko, webgune bat jarri dute martxan, Euskal Herriko gazteak talde eragilearekin harremanetan jartzeko tresna gisa: www.jalgihadigaraipena.com da webgune honen helbidea. "Helburu argi batekin bildu ditugu gure indarrak: gure herriaren historian sakondu eta berau azaltzea eta iraultzea. Euskal Herriak bizi duen abagune politikoan, gure arbasoen lekukoa hartu eta iraganeko irakaspenetatik historia idatzi nahi dugulako. Gaur, euskal jendartearen gehiengoak erabakitzeko eskubidearen hautua egiten duen honetan, gazteok gure etorkizuna marrazteko beharrizana ikusten dugu", azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek. "Gazteok lurraldetasunetik haratago, jendarte eredu berria sortzeari begira alternatibak eraiki eta garatzeko espazio propioen sorrera aldarrikatzen dugu. Esparru horrek independentzia du izena", erantsi dute. Ipar Euskal Herriaren kasuan, ekimenaren lehen aurkezpena hilaren 24an eginen dute Saran.  2012/02/09 - 12:43:08

Langileen eskubideak hobeki defendatzeko Ipar Euskal Herria egitura sozioekonomikoa sortzeko beharra aldarrikatuko du LABek

Azken hilabete haietan egoera sozio ekonomikoari buruz eraman duen hausnarketaren ondoren, LAB sindikatak datorren urteetan Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako langileen eskubideen defentsarako finkatu duen estrategiaren ardatz nagusiak finkatu ditu. Egitura sozio-ekonomiko propioa sortzeko aldarrikapenaren baitan Euskal Herrian batzorde paritarioa eratzea galdeginen du sindikatu abertzaleak. Horren bultzatzeko "Bertan erabaki, Décider ici" deitutako mugimendua eintzina eramanen du. Mattin PETRISSANS l BAIONA "Ipar Euskal Herrian 2000an Ipar Euskal Herriko LAB sortu dugunetik fase ezberdinak ezagutu ditugu eta 2008an lurralde honen hirugarren indar sindikala bilakatu ginen. Krisia garaian sindikatuaren mezua argia da: sistema kapitalistaren ondorioa da krisia. Alta, aberatsenei eta enpresa haundiei zergak apaldu dizkie gobernuak" azaldu du LABeko Dominika Daguerrek. "Sinestarazi nahi digute lanaren kostua sobera azkarra dela. Ondorioz, berriki 35 orenak zalantzan ezarriak izan dira malgutasuna inposatuz eta antisoziala den 'TVA soziala' bat plantan ezarririk" gaineratu du. "Gure lurraldeak hainbat ezaugarri ditu. Zerbitzuen sektorea nagusitzen da, industriaren banaketa desorekatua da barnekaldea eta kostaldearen artean, besteak beste, eta laborantxak borrokak azkarrak eramaten ditu ELB edo Laborantza Ganbarari esker bereziki. Politika sozio ekonomikoaren erabakiak Estatu edo Akitaniaren mailan hartuak dira. Ipar Euskal Herria ez da konduan harturik eta estatistiken eskuratzeko ez dugu posibilitaterik. Ezagupen instituzionala eza horren aurre egiteko ofentsiban sartuko gira" azaldu du Amaia Fontang-ek. Hainbat helburu LAB sindikataren idurikotz "2013ko lurralde erreformak perspektiba berriak ideki ditu. Bestalde, Euskal Herrian eta beraz Iparraldean ere, garai politiko berri bat hasi da eta gatazkaren konpontzeko prozesuak eintzina segitu behar du. Sindikatak borrokatzen eta alternatibak proposatzen segitu behar du" azaldu du. Fontangen idurikotz, "indar harreman azkar batek beizik nagusien erasoak oztopatuko ditu eta langileen eskaerei erantzunen du. Sindikatak espero du 2012a erakunde sindikala guzien arteko elkar lanaren urtea izanen dela. Hortaz gain, Sindikatak aktore sozio ekonomiko ezberdinak eta frantses estatua ipar Euskal Herria ezpazio ekonomiko berezi baten bezala aitortzea eragin nahi ditu. Ipar Euskal Herriaren ezagupen beharra Ondoko urteetan, sindikataren aldarrikapen nagusiak egitura sozio ekonomiko propio bat hiru euskal lurraldeendako eta negoziazio kolektiboei zuzendutako gune berezitu baten galdeak izanen dira. Batzorde paritarioa sortzeki beharraren gainean mintzatuko da LAB gainerako sindikatuekin. "Egitura sozio ekonomiko propioak Ipar Euskal Herriko egoera sozio ekonomikoaren diagnostikatzeko tresna bat da eta egoera horri ekarri behar diren erantzunen eztabaidatu eta erabakitzeko instantzia bat liteke ere. Negoziazio kolektiboei zuzendutako gune berezitua aldiz, sindikata bakotxaren indarra susenki neurtzea ahalbidetuko luke" esplikatu du Eñaut Aramendik. "Adibidez, 10 langile baino guttiago dituzten enpresetan ordezkari sindikalen ukaiteko deretsoa izaiten ahalko liteke eta hori inportantada jakinez lurraldeko enpresen %90ak tamaina hori duela" osatu du Aramendik. Aldarrikapen haien eintzina eramaiteko "Bertan erabaki, Décider ici" deitutako mugimendu bat sortuko du 600 bat afiliatu inguru dituen sindikatak. Langile, erakunde politiko eta sindikalei eta aktore sozio ekonomiko guziei zuzenduko dira. "Hortaz gain 2012 bukaera eta 2013 hastapenaren artean diren enpresa ttipietako hautetsi sindikalak erabiliko ditugu ere gure mezuen zabaltzeko" erran du Aramendik. LABek finkatutako hitzordu hurbilenak Lehen hitzordua gaur berean da, sindikatak Baionako Merkataritza eta Industria Ganbararen ( MIG ) aurrean CADEk 14:00tan AHTaren aurka antolatzen duen elkarretaratze deiarekin bat egiten bait du. Ondoren, otsailaren 23an, zerbitzu publikoaren nazioarteko egunarentzat Irunen iraganen den debatearen kari Irunetik Hendaiara joanen den martxa bat antolatuko du. Gero, apirilaren 28an, laneko istripuen nazioarteko egunaren kari deialdi bat eginen dutela jakinarazi dute ere. Azkenik, maiatzaren leheneko, lanaren egunaren manifestaldian, sorpresarik gabe, presente izanen direla baieztatu du.  2012/02/09 - 10:46:08

Etxebizitza sozialen alokairu prezioen gorakada salatu dute Baionan

Berrogei bat lagunek Baionako Suprefeturaren eintzineko bidea epe labur batez blokatuz HLMetako etxebizitza sozialen alokairuen eta karguen prezioaren gorakadaren kontra protesta egin dute. Delegazio batek Laurent Nuñez suprefetarengana zuzendu da etxebizitza sozialak kudeatzen dituen HLM Habitat Sud Atlantic sozietaterekin bultzatu nahi dituzten negoziapenetan bitartekoa izan dadin. Azken hunek mezua Pariseraino helaraziko zuela erantzun die herritarrei. "Breuer eta Caradoc etxebizitzetako alokairuen prezioak azken bi urteetan kasik %20ez emendatu dira berriztapenak izan direlako. Hala nola %4,5ez sei hilabetero. Erran ziguten karguak apalduko zirela bainan haiek ere, %7ez emendatu dira. Adibidez, 800 euroko hilabeteko saria duen presuna batek 400 euroko ( 300 APL diru laguntzekin ) alokairua du. Prezioak sobera azkarrak dira" salatu du Alokatzaileen Defentsarako Komitearen Jacques Siougos boz eramaileak. "Hortaz gain, zerbitzu guttiago baditugu. adibidez, Jean-d'Amou eraikinaren zeintzeaz, garbiketaz edo jendeen arteko harremanetaz astean 15 orenez arduratzen zen langilea atera digute. Bere ordez, astean bi orduz pasatzen den garbiketa sozietate bat badugu bainan ez da aski. Eraikina zikintzen da, garratoinak ikusten hasi gira eta aterbe gabekoek barnean gaua pasatzen dute" gaineratu du Siougosek. HLM Habitat Sud Atlantic-en zuzendaritzak jakinarazi duenez "urte hastapenetik, erainkin parkeko langileen berrantolaketa bat bada. Jean-d'Amou-ko langilearen kentzeari buruzko informazio bilkura bat antolaturik izan zen, azken hunek denbora osozko lanpostu bat aurkitzeko aukera ukan du eta gainera garbiketa sozietatea lau orenez pasatzen da eta ez bi". Prezioen gorakada eta zerbitzuen gaizkiagotzearen salatzeko berrogei bat alokatzailek suprefeturaren eintzinean manifestatu dute. Baita ere, Jacques Siougos barne zen delegazio batek Laurent Nuñez suprefeta ikustekoa zuen, eskatzeko etxebizitza sozialak kudeatzen dituen HLM Habitat Sud Atlantic sozietaterekin bultzatu nahi dituzten negoziapenetan bitartekoa izan dadin. "Hastapenean Baionako Jean Grenet auzapeza ikusi nahi ginuen herriko etxeak baitu HLMen erakunde publikoaren kargua bainan hautetsiak ez gaitu topatu nahi izan. Ondorioz suprefetari zuzendu gira eta azken hunek erran digu Parisera heralaraziko zuela Estatuak baitu halako gaien ardura. Erantzuna aski etsigarria da" esplikatu du Alokatzaileen Defentsarako Komitearen botz eramaileak.  2012/02/09 - 10:46:08

"La Sematna" astekariari eta KAZETA.INFOri prentsa digitalak jasotzen duen diru-laguntza ukatu egin diete

"La Sematna" astekari okzitandarrak agiri baten bidez salatu duenez, bere proiektu digitala garatzeko eskatu zuen diru-laguntza publikoa ukatu egin diote. Astekariak CPPAP-era ( Commission Paritaire de la Presse et des Agences de Presse delakoa) jo zuen sarean jarduten duten informazio orokorreko hedabideek jasotzen duten laguntza eskatzeko. Dirua ez dute jasoko "okzitanieraz soilik jarduten dugulako". Ipar Euskal Herriko kazeta digitalak aurkeztu dozierra baztertua izan da baitaere. Bi aldiz errefusatu du CPPAk hedabide honen aurkeztu eskaera. Euskaraz soilik jarduten duenez, KAZETA.INFO ez dela "informazio politikoa eta gai orokorrak zabaltzen dituen hedabide bat" erran du aldi oro CPPAP batzordeak. Vistedit , Okzitaniako "la Sematna" aldizkaria argitaratzen duen sozietateak diskriminazioa pairatu duela salatu du asteazken huntan plazaratu duen agirian. Bestalde, okzitanieraz soilik idatzitako astekariak, bere aldetik, artikulu luzea prestatu du auzia salatzeko. ( Hemen ostiralean plazaratuko den artikulua ). Elkarte horren asmoa paperezko astekariaren gehigarriz okzitanieraz eginiko webgunea sortzea da. ( Hemen webgune berriari buruz hainbat xehetasun ). Egitasmoa sustatzeko bidean, prentsa digitalaren aldeko diru-laguntzak bideratzen dituen CPPA P batzordearengana jo zuen aipatu sozietateak. Izan ere, "internet bidez bere informazio zerbitzua garatu nahi duen enpresa orori ematen zaion tratamendua" ez dutela jaso salatu du oraingoan Visteditek. Diru-laguntza ukatu diete eta sostengua errefusatuz idatzitako gutunean argudio argia bezain harrigarria eman du aipatu bulegoak. Bere irudikotz, "La Sematna" ez da informazio orokorreko hedabide bat bere berriak "okzitanieraz baizik ez dituelako ematen". Hedabide honek ondorioztatu duenez "hemendik aurrera prentsaren aniztasunaren alde jokatu nahi duen orok jakin dezala frantsesez behar duela bere egitasmoa aurrera eraman diru publikoa eskuratu ahal izateko". "Hizkuntza arrazoia aipatuz, Vistedit sozietateari ez dizkiote gainerako frantses enpresei aitortzen dizkieten eskubideak onartu" nabarmendu du "La Sematna"ko argitaletxeak. Ildo beretik, "CPPAP bulegoak hizkuntza irizpidea baliatu duela berdintasun eskubidearen aurka jotzeko" salatu du aipatu hedabideak. ( Hemen CPPAk iragan abenduan aintzat eman zituen proiektuen bilduma ). "Iduriz, frantses hizkuntzak balio du soilik informazioa plazaratzeko eta herritarren artean iritziak zabaltzeko" deitoratu du astekari okzitandarrak. Aurrekari lanjerosa euskarazko hedabideentzat Bere agiri horretan "la Sematne"k oroitarazi duenez, "eskakizun berdina egin zuen euskal enpresa batek erantzun ezezkorra jaso du baitaere". Hala da, Okzitaniako lagunekin gertatu bezala, CPPAP-ak Ipar Euskal Herriko kazeta elektronikoak aurkeztu dozierra bide bazterrean utzi du. Hastapenetik argudio bera erabili du batzordeak: KAZETA.INFO "informazio politikoa eta gai orokorrak zabaltzen dituen hedabide bat" ez dela, hain zuzen ere. KAZETA.INFOk euskal hizkuntza eta kulturari buruzko berriak emateaz gain aktualitatea bere osotasunean lantzen duela agerian uzteko dokumentazio andana aurkeztu zion batzordeari. Izan ere, bere lehenengo errefusari ekin zion batzordeak. KAZETA.INFOk onargaitzat jo du erabakia. Horregatik, Parisen, Kultura Ministerioko Hizkuntza Frantsesa eta Frantziako Hizkuntzen Ordezkaritza eta SPIL , Interneten bidezko Hedabideetako Sindikata Independentearen aintzinean, bere kexa agertu du Iparla Baigura elkarteak. Bir maneran, Euskal Herrian, Euskararen Erakunde Publikora (EEP) hurbildu da Ipar Euskal Herriko kazeta digitala erabaki hori aurrekari lanjerosa izan daitekeela ohartuz eta, horren ondorioz, CPPAP-eko arduradunen aitzinean "euskarazko hedabideek burutzen duten lan informatiboa" babes dezala eskatzeko. ("La Setmana"k plazaratu agiria okzitanieraz eta frantsesez hemen )  2012/02/09 - 08:49:12

Baionako Merkataritza Auzitegiak Xibiouz jantzi-marka "likidazio judizialpean" ezarri du

Xibiouz diseinu enpresa desegiteko prozedura abian jarri du Baionako Merkataritza Auzitegiak. Erabakia joan den urtarrilaren 23an hartu zuen epaitegiak. Hunkitua den pertsonak batek KAZETA.INFOri azaldu dioenez, sei pertsona lanik gabe gelditu dira "arrazoin ekonomikoak" aipatuz auzitegiak hartu duen erabakiaren ondorioz. Hedabide hau markaren ordezkari batekin harremanetan sartu da eta azken hurak abstraktuki esplikatu duenez, "gutariko bakotxak hartu bide ezberdinen ondorioz" heldu da proiektuaren krisia. Mattin PETRISSANS / Maite UBIRIA Xibiouz marka 2003an sortu zen Donibane Garazin. Pariseko jantzi ekoizle famatu batentzat lan egiten zuen Sylvie Doxaranek bultzatu zuen proiektua Cédric senarrarekin eta Arte Ederretako ikasketak burutu zituen Maia Kurutxet kusiarekin. Sylvie Doxaranek Parisen prêt-a-porter arropa egiten zuen enpresa batean lan egiten zuen, baina herriminari erantzunez sorterrira bueltatu zen eta bere senarrarekin batera euskal arropa marka sortu zuen. Bost komertzial, bost langile eta bi dendariekin abiatu zen Xibiouz Donibane Garazin. Pariseko garaiak baliatuta Sylvie eta bere senarra Cédric azokaz azoka ibili ziren eta hastapenetik munduari begira ezarri zen sorgina bat ikurra zuen marka. Besteak beste, Xibiouzek Pariseko nazioarteko "Who's next" saloinera eraman zituen bere diseinuak "Euskal Herriko modaren tokia geroz eta handiagoa dela erakusteko". Xibiouz aski fite garatu zen. Lehenik Garazin eta ondoren Baionan idekitako denden gehigarriz gaur egun 180 goiti salmenta tokitan banatzen da jantzi moda baxenafarra. Haren lehen urtean 3000 pieza ekoiztu zituen Sylviek sortu markak, eta bi urte beranduago 10 000 merkaratu zituen. Jantzien irudikatzeko sorginak, sorginkeriak eta haren jatsa hartu zituen oinarritzat Xibiouz markak . Web orrialdea garatu ostean web irratia ere sortu zuten, radiosoubiouz.com . Emazteendako arroparekin abiatu zen marka, baina geroztik publikoa zabaltzera jokatu zuen. Gizonentzat arropa egiteaz gain apaingarriak ere saltzen ditu (boltsak, gerrikoak...). Garazi aldetik Biarritzera 2010ean Uharte Garazin zituen bulegoak utzi eta Biarritzen ezarri zuen bere egoitza jantzi-markak. Ondoren, Garaziko denda tokiz aldatu zen. Trinkete plazan zuen denda itxi eta Elizaren karrikan plantatu zen Xibiouz . Hortaz gain, internet bidezko salmenta etengabe indartu du marka garaztarrak. Baionako Merkataritza Auzitegiak harturiko erabakiak harridura sortu du. Joan den azaroan Xibiouz-eko zuzendaritzak hurrengo kolekzioaren aurre aurkezpena egin zuen. Era berean, azaroa aldera, bere betiko publikoari -barnealdeko emazteer- egokitutako salmenta errandoia burutu zuen. Arrakasta handiz gainera ( hemen bideoa ). Berez, bilduma berria heldu den udaran gauzatzeko zen. ( Hemen 2012ko uda bildumaren karietara eginiko prentsa dozierra, pdf-an ). Nehork ez zuen pentsatu orduan egoera zailean zela Baxe Nafarroako diseinu marka. Egitasmoa handitzeko inbestisamendua Hori, bai, marka Biarritzera joan ondoren zabaltze operazio handian sartua zela ezaguna zen. Produktu gehiago egiteko parioa, estilista berriak, barneko egituraketa aldatzeko prozesua... Horiek guztietaz mintzatu zen Sylvie Doxaran orain dela urtebete "Pays Basque Actus"-eko Frank Audonnet -ekin. Proiektu berriak aitzina eramateko 180 000 euro inguruko inbestisamendua behar zutela azaldu egin zuen Xibiouz-eko sortzaileak. Diru hori biltzeko formula azaldu zuen: kapitala idekiera abian jartzea Herrikoa-ren bidez eta kredituak ahal zen eta interes tasa baxuenetan lortzea. "Ezin ditugu laguntza publikoak jaso gure bildumak Portugalen ekoizten ditugulako" aitortu zuen Sylvie Doxaranek. Erakunde publikoen laguntzak eskuratzeko prototipoak bederen estatu frantsesean bertan egin behar dituzte enpresek. Moda sektoreko marka ezagunek horrela jokatzen dute laguntza publikoak ziurtatzeko. Nahiz eta jantziak estatu frantsesetik kanpo -eta sarritan Europako Batasunetik urrun- ekoizten dituzten. Prototipajea egitea, ordea, ezinezkoa izaten da jantzi-enpresa tipientzat oso karioa baita. Mezua facebook-en Hutsetik hasita milioi bat fakturatzera heldu da Xibiouz. Izan ere, "arrazoin ekonomikoak" aipatuz, joan den urtarrilaren 23an, Baionako Merkataritza Auzitegiak Xibiouz taldea likidazio judizialpean ezarri du eta horen ondorioz sei langile karrikan gelditu dira. Erabaki hori hartu eta biharamunean, "Xibiouz-en abentura gelditu egin dela" iragarriz mezu bat agertu zen "Xibiouz la X-team" ean. Alta, orain arte ez da ezagutu sorginaren marka desagertzeko arriskuan zelarik. KAZETA.INFO markaren ordezkari batekin harremanetan sartu da eta azken hurak abstraktuki esplikatu duenez, "Xibiouz-en arduradunok hartutako erabaki pertsonala bat da eta gelditze hau, gutariko bakotxak artu dituen bide ezberdinen ondorio bat da". Ez du, beraz, argitu, dendak itxiko dituzten eta, bereziki, ez du zehaztu geroari begira euskal modan bere tokia hartu zuen sorginaren markak segitzeko asmoa duten.  2012/02/08 - 00:14:14

Perkusioa izanen da aurten bere 16. edizioa ospatuko duen Hartzaro festibalaren lokarria

Hartzaro festibala badira 16 urte jalgi zen plazarat. Ihauteri denboran heltzen zaigun festibala otsailaren 10etik 21 arte ospatuko da aurten. Zazpi egunez hamabi bat ikusgarri eta hogei gora animazio ikusgai dira Uztaritzen. Perkusioa da aurten Errobiko Kaskarotak elkartearen eskutik sortu zen jaialdiaren lokarria. Hartara, heldu den otsailean 18an, desfile ikusgarria izanen da. Hiruburuko txalapartariak, Itureneko joaldunak, Donostiako Haritza Danborrada, Amorenaren Burrunkarrika izeneko sorkuntza berria, Oiartzundik jinako Zo-zongo txarangako musikari eta dantzariak, Aragoitik heldutako Tambores de Teruel taldeko lagunak eta Afrikako perkuzioak txandakatuko dira herriko karrikak girotzeko lanetan. Thierry Truffaut antropologoak azken 30 urtetan ihauteria kari eginiko ikerketaren emaitza aurkeztua da Hartzaroaren festibalaren baitan. (ikus bere liburuari buruzko informazioa: Gara kazetan eta EiTB.com atarian ). Maite UBIRIA | BAIONA Hartzaro hiru xede nagusiekin sortu zen. Hastapenetik belaunaldi gazteei begira jardun dute festibaleko sortzaileek. Urtetik urtera herriko elkarteek - Herri Soinu, Latsa, Ur Begi, ASCA, Deneri Idekia, Burrunka, Uztaritzeko soinulariak...- ematen diote hatsa azken urteotan diru-laguntzen murrizketa pairatzen duen festibalari. Aurten 100 000 buxeta du zazpi egunez egitaraua aberatsa ekainiko duen jaialdiak. Hartzaroaren bigarren helburua sorkuntza artistikoaren garapenari laguntzea izanik, Hartzaro festibalaren 16. edizioa kari lau bat sorkuntza berri aurkeztuak izanen dira. Zanpantzaren bidaia du izena ASCA elkarteak asmaturiko sorkuntza berria eta Buruz behera Arantxa Lannes-en eskutik Izartxo taldeak emazteari egokituriko dantza sorkuntza. Kukai konpainia k, bestalde, Hnuy Illa , Joseba Sarrionandiaren olerki bilduma baten izenburua eman dio bere ikusgarriari. Azkenik, Benat Amorenaren eskutik Burrunka taldea k ikusgarri berezia eramanen du plazarat , Burrunkarrika izena duena . Errobiko Kaskarotak elkarteak, azkenik, Sua dantza aurkeztuko du. Hartzaroren xedeekin segituz, bere hirugarren helburua eta ontsalaz inportanteenetarikoa Lapurdiko ihauteria biziaraztea izan da hastapenetik. Beraz, urtero bezala, Kaskarotak, Zirtzilak, Mindulinak,Epaile, Zanpantzar, Maia, Auzapeza, Basajaun, Laminak eta, nola ez, Hartza jaun eta jabe izanen dira Uztaritzen. Ihauteriaren partehartzaile nagusiak Errobiko Kaskarotak elkartearen kideak dira. "Elkarteak betidanik gazteri lelukotasun bat uzten die haiek ere euskal kultura aberats bat ukan dezaten, baina ez ditu gazteak baizik hunki nahi eta horregatik uztariztarrak eta berrikitan arribatutako auzoak tradizioaren partaide bilakatzea nahi ditugu" azaldu dute Filipe Lesgourgues elkarteko lehendakariak eta Pierre Haira diru-zainak Baionan eginiko aurkezpen ekitaldian. Teruelgo danborra joleak izanen dira aurten Hartzaro festibalaren gonbidatu bereziak. Izan ere, publikoak oso eskaintza musikala anitza atzemanen du festibalean. Otsailean 18an ostiralarekin Kafe-kontzertu gaualdia kari Garikoitz Furundarenak eta Garikoitz Mendizabalek Arnasak izena duen bere azken diska aurkeztuko dute eta ondotik Zeze -ren elektro-folk doinuak entzungai dira Didier ostatuan. Mungiatik heldutako "Itziarren semeak" taldeak ( Ttirritta ostatuan) eta Zuraideko "Momotxorroak" taldeak ( gaztetxean) gaualdia berotuko dute. Lehen asteburuko hitzorduak Hartzaro festibalaren denboran ekintza anitz antolatuak dira Uztaritzen. Batzuk soilik aipatuz, otsailaren 10ean Fred Fort idazleak euskal etxeen gaiari buruz eginiko erakusketa eta liburuaren aurkezpena izanen da frontoiaren Aterpe jatetxean. Otsailaren 6tik 25arte "Ihauteriak Euskal Herrian" margo erakusketa zabalik da eta otsailaren 10etik 21 arte Saint Joseph lizeoko ikasleek Maska Erakusketa antolatu dute.. Otsailaren 11an , berriz, Kiroletan antolaturiko emanaldian 200 haurrek batera euskararen alde sortutako kantu berria abestuko dute eta bukatzean Hartza Iguzki dantza ezaguna eskainiko dute Izartxo taldearen dantzariek. Kantu eta herriko musikari egokitutako gaualdia izanen da 21.00etarik goiti Heraitzeko kaperan. Otsailaren 12an , igandearekin, Kaskarotak Heraitzeko auzoan ibiliko dira goizen eta arratsean Hiribehereko auzoan kokatzen den Latsa gelan Thierry Truffautek mintzaldia eskainiko du ihauteriko musukaren erroak aipatuz. Ihauteri egunean ( astearte gizena otsailaren 21ean ospatuko da ) Truffautek "Joaldun eta Kaskaro" liburua aurkeztuko du. "Lapurdiko auzapez guztiak gomitatu ditugu eta herrialdeko ihauteri ohidurak biltzen dituen liburua nahi diegu eskaini", azaldu dute Hartzaro festibaleko antolatzaileek. Astearte gizena, otsailak 21ean Garaian "Errautsen Asteazkenean" ospatzen zen inauteria Uztaritzen. Sinpleki antolatzen zuten besta: kaskarot talde batek herriko ostatuen itzulia egiten zuen. Musikarien laguntzaz egiten ohi zuten ibilaldia Purguko plazan amaitzen zen eta bertan pasatzen zen Zanpantzarren aurkako herri auzia. Tradizio horretan oinarriturik, Errobiko Kaskarotak elkarteak ihauteria berpiztea lortu zuen 1985ean. Mitologiaren pertsonaiak eta aski galduak ziren tokiko ohidurak lotuz gaur egun milaka partaide eta ikusle biltzen dituen ihauteria berrasmatu zuten Lapurdiko hiruburu historikoan. ( Kontzertu eta emanaldientzat tokiak aintzinetik hartu: 06 26 39 09 99 ) ( Txartelak salgai: Elkar Megadenda Baionan eta Uztaritzeko Herriko Etxean. Sarrerak: Kantua eta Herriko musika gaualdia: 5 eurodenentzat; Arnasak, txist eta eskusoinuaren emanaldia: 5 euro denentzat; Zanpantzarren bidaia-Buruz behera eta Kukai: 13-8-5 euro ).  2012/02/08 - 00:14:14

Pariseko Auzitegi Gorenak arrazoi eman die Hendaiako Altis-Eroskiko 5 langileer

LAB sindikatuaren eskutik, 2007ko azaroan Hendaiako Champion saltokiko bost langilek Altis-Eroskiren kontra hasitak prozedura juridikoa erabat amaitu da. Gutxieneko soldatara (SMIC) heltzeko, hileko ordainsariari pausa denboragatik dagokien zatia gehitu izana ez du bidezkotzat jo Pariseko Auzitegi Gorenak, eta hala, 2005etik 2008ra arteko atzerapenak ordaintzera eta kalte-ordainak eta prozedurak eragindako gastuak ere bere gain hartzera zigortu du enpresa. LABek atzo bertan eman zion gutun bat zuzendaritzari "langile hauei zor diena" lehenbailehen ordain dezala eskatuz. Enpresak, "afera luzatzeko trikimailu guztiak" erabili dituela salatu zuen Eñaut Aramendik: "Jokamolde maltzur horrekin, langileen bizkar dirutza polita patrikaratu dute". Horren aurrean, dei egin die sektoreko gainerako sindikatuei, zor horiek kitatu bitartean urteko hitzarmena izenpetu ez dezaten. Bestalde, bost langile hauen afera bururaino heldu denez, beranduago salaketa jarri zuten beste hamabosten helegiteak bertan behera utz ditzala eskatu dio sindikalistak Altis-Eroskiri. Izan ere, Pariseko epaitegiaren deliberoak jurisprudentzia egin duela uste osoa du LABeko ordezkariak. Beste sindikatu batzuk ere antzeko prozeduretan murgilduta daudenez, ebazpen horri so eginez eskaera bera egitera gomitatu zituen. Duela egun batzuk CFDT sindikatuak 110 langileren izenean arazo beragatik Angeluko Carrefourren kontra jarritako helegitea irabazi zuen Paueko epaitegian. Carrefourrek kasaziora jotzeko asmoa azaldu du.  2012/02/07 - 18:32:05

Nabigatu euskaraz