Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Bularretakoak

Bularretakoak

Leire Narbaiza 2013/11/12 19:55
Euskadi irratiko Faktoria saiorako egindako kolaborazioa

Ez da bularretakoaz idazten dudan lehenengo posta. Horregatik badakit, "bularretakoa" jarriz gero izenburuan bisita kopuruak gora egiten duela.  Ez dut bigarrengo hau horregatik idatzi, baina aipatu nahi nuen oso bitxia egiten zaidalako. Erakarmen berezia dute titiek, antza!

 

Bularretakoa ez da betikoa, nahiko berria da modan. 100 urte inguru ditu, eta kortsea eta gerruntzearen ordez hasi zen erabiltzen. Beraz, liberazioa izan zen orduko emakumeendako.

 

Baina bularretakoa, denbora pasa ahala, errepresioaren ikur ere bihurtu zen eta 60 hamarkadan erre zituzten liberazio hau adierazteko

 

Nire ustez bakoitzak ikusi behar du erabiltzen duen ala ez, zertarako, noiz, zenbat orduz,... Ikerketa batzuek txarra dela diote, edo ez duela askorako balio. Baina lagungarri ere bada kirola egiteko (Sopelako lasterketa nudistan emakume batzuek badaramate), dantzan jarduteko eta bular handia izanez gero, eutsita eramateko, ez dilin-dalan, deserosoa ere izan liteke-eta. Horregatik da inportantea bularretakoak ondo eustea. Lagun batek hori jakiteko trikitixa egiten du dantzan probadorean, izan ere, minutu gutxi batzuk baino ez dauzkagu ondo heltzen digun jakiteko...

 

Era berean, zaila da ondo datorkigun bat aurkitzea; izan ere, ez dago neurrira egitea eta dendetan daudenak estandarrak dira, baina bularrak ez! Bular mota asko daude: handiak, txikiak, erretendunak, erreten zabalekoak, etsaituak (titiburuak estrabikoak), zabalak, behera begirakoak,… eta bularretakoa beti molde jakin batekoa. Ez da harritzekoa esatean emakumeen %70ek ez duela dagokion taila erabiltzen. Batzuetan ezinezkoa delako! 

 

Eta hori ahaztu barik, bularra asko aldatzen da denboran zehar: hazi, puztu eta despuztu hilekoekin, haurdunaldietan, titia ematean, obulazioan,… denborak ere asko aldatzen ditu titiak.

Errellenodun bulerretakoak

 

Era berean, zaila da betegarri gabekoa aurkitzea, edo aro bakoak. Ia guztiek daukate, eta gustuko ez baditugu nekez aurkituko dugu nahi dugun hori!

 

 

Baina zapatekin gertatzen den moduan, bularretako ona (gustura daukaguna) aurkituz gero, hura gozatua! Edonoiz eta edonorako janzten dugu eta jakina,  maiztu eta zahartu egiten da gutxien espero dugunean! Zelako pena! Gainera, dendara joan eta modelo hori ez da egiten. Askotan gertatu zait hori!

 

Bularretakoaren euste funtzioaz gain, garrantzitsua da oso ondo sentiaraz gaitzakeelako: eder, ziur, sexi! Arropa bakoitzak ere titizorro modelo desberdina eska lezake, bularra beste modu batean koka dezakeelako.

 

Baina betiko bularretakoen gain, badaude gauean lotarako janzteko "bularretakoak", bular-artekoak esan beharko genuke. Bular artean eta gainean sortzen diren zimurrak saihesteko. Ez dakit erosoa den, baina agian ideia ona litzateke.

 http://www.nightbra.com/imagenes/aloe/modeloaloe.png

Gero badaude beste hainbat modelo, handitzeko zein txikitzeko bularraren tamaina: erreduktoreak, kirola egitekoak,  Push up eta wonderbra ere bai...

 

Baina hauek beste leku batzuetan ere komentatzen dituzte, ezta?


OHARRAK (Post scriptum)

Marijo Deograciasek Desplazatua bere blogean irratsaioa entzun eta musika batzuk gogoratu zituen Irula eta Luta taldeena. Era berean, Ane Urkiolak "Esku-titiak" bideoaz gogoratu da. Behean txertatuko dut. Merezi du! Mila esker, ederrok!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera