Fausto, aho zabalik geratzeko antzezlana

Korrika kulturalaren aitzakian, Fausto herritar eredugarria ikusten egon gara asteburuan, Gernikako Lizeo antzokian. Ez da jende askorik animatu. Izan daiteke, Kontseiluak deitu zuen manifestazioak ere eragin izana, Donostiatik buelta egiteko ere denboratxoa behar delako. Kontua da, baina, publikoan bazela adin helduko jende dezente eta haiek gogoan izan nituela antzezlan guztian zehar. Are, esango nuke, ohelagunaren amaren begiak behin baino gehiagotan igarri nituela plater zapal bi baino zabalago!

Probokaziotik dena dauka Galder Perezek zuzendutako lanak. Erritmoa eta musika nahasketek ere horretan laguntzen dute. Interpretazioak benetan azpimarratzekoak iruditu zitzaizkidan. Mikel Losadak, Jon Faustorena egiten, kristonak eta bi jasan beharko ditu Lander Otaola eta Diego Perezengandik, biak ere, Mefistofeles maltzurraren aginduetara, Miriam K. Martxante. Miriamek ahotsa ez zuen oso sendo izan, baina deabruaren hots gutural beldurgarriak egiten asmatu zuen, bai horixe! Eta @LanderOtaola-k erakusten duen indarra itzela da. Zela aritzen den batera eta bestera jauzika, sorbalda total konkortuta. Ikaragarria haren garra!

C. Marlowe autorearen interpretazio moderno eta eguneratua erakusten du “Fausto herritar eredugarria” lanak, moda-modan dagoen demokrazioaren gainbehera erakutsiz, diruak bakarrik mugitzen duen mundu geroz eta esklusiboago honetan. Pertsonaiak nazkagarriak izatera heltzen dira, jarrera erasokor eta oldarkor hoiekin eta eszenatako batzuk hain dira bortitzak eta krudelak ze, bati baino gehiagori mugiaraziko dio barrena.

Hala ere, eta ohikoa ez denez horrelako performance erako antzezlanak euskaraz, ba, aukera baduzue, joan “Fausto herritar eredugarria” ikustera; ahal dela, tripa zorroa hutsik duzuela, gerta dakizukeenagatik!

 

Kategoria: Kultur ikuskizunak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude