Durangoko Azoka Bilbora?

Juan Luis Zabalak Berrian idatzitako “Azoka? Ondo, eskerrik asko” artikuluan irakurri dut, #DA50-en balorazio prentsaurrekoan bota zuela Euskal Editoreen Elkarteko Xabier Olarrak, azoka «errutina moduko bat» bihurtu dela eta, aurrera begira jarrita, «erronka anbiziotsuen alde» egin beharko litzatekeela: «Herri anglosaxoietan dagoen ohitura egongo balitz, horrelako ekitaldiak esponsorizatzekoa, enpresa handi irabazi handikoak —BBVA eta Petronor gisakoak— saiatuko balira hurrengo urteetan euskal kulturari %1eko igoera ematen, lortuko genuke %50eko igoerara iritsi eta Durango eta Gerediaga txikiegi gelditzea, azoka Bilbora eraman behar izatea eta Ahotseneko solasaldiak Barakaldoko BECen egin behar izatea. Hurrengo urteetarako erronkak horrek izan beharko luke, eta guztiok inplikatu beharko genuke horretan. Horren alde nago, eta entzun nahi duenak entzun dezala».

Aspaldi ez dut Azokaren antolaketa taldean parte hartu —komunikazio taldean aritu nintzen orain dela urte batzuk—, eta ez dakit Gerediaga elkartean zer nolako eztabaidak eta hausnarketak egiten dituzten, baina ez zait arrotz egin Olarraren planteamendua. Uste dut, gainera, era horretako proposamenak zer nolako Azoka izan beharko genukeen eztabaidari bide emateko direla.

Euskal Herriko bertso txapelketa, publiko ahalik eta gehien batze aldera, BECen jokatzen da urte batzuek dela. Azokak, jakina, leku faltarik ez luke izango BECen egingo balitz. Baina, espazioa ote da ba “arazo” bakarra? Sortzen zaidan lehenengo dudatako bat antolatzaileei dagokie: nork hartuko luke beregain BECazoka antolatzea? Zer irabaziko genuke #durangozaleak BECera eramango bagenitu? Barakaldoko taberna eta jatetxeek lortuko lukete Durangokoek daukaten #solera? Babesle handiek euskal kulturaren aldeko inbertsioa handitzearen kontra ez daukat ezer, baldin eta horrek kontrapartida tranpatirik izango ez badu. Gauza bat da euskal kultura sustatzearen alde egitea, eta beste bat ikuspegi komertzial hutsez jardutea.

Galderak baino ez zaizkit sortzen Olarrarenak irakurrita, baina interesgarria eta pertinentea deritzot eztabaida sustatzeko, baita Durangoko Azokari buruz ere. Durangokoak —dagoeneko merkatalgune handi bat ere badena—, zer gehiago behar du? Leku gehiago, bilbozentrismotik? Ala, urtean zehar ere jarraipena ematen saiatzea urtean behingo giroari, euskal kultura bizitzeari eta kulturaz gozatzeari?

Kategoria: Ispiluari begira, Kultur ikuskizunak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude