Sigi-saga, denok batera, aurrera

EHUko IXA taldearen bitartez ezagutu nuen nik UEU. Lehenagotik ere banuen entzutea nire ahizparen kontakizunetatik, baina barruan egoteko parada ikerkuntza-mundutik etorri zitzaidan. Ia urteroko zita zen; gehienetan Hizkuntzalaritza Sailari lotutako zereginetan murgiltzeko, baina baita oso bestelako zaletasunekin lotutako ezagutzetan ere.

Udako oporren ataria, jendea giro atsegin eta jatorrean biltzeko gogoa, aspaldiko lagunak topatzeko bilgunea… Hori guztia euskaraz eta euskal kulturaz jantzia.

Giro honetan oso prozesu naturala izan zen ikasle-eserlekutik irakasle-eszenatokira pasatzea. Nire hasierako garaietan (1996-97az ari naiz gutxi gorabehera) ikerlari izaki, irakasle-lanek leku gutxi zuten nire jardunean eta UEU izan zen aukera hori eskaini zidana. Batzuetan alde batean eta beste batzuetan bestean, denok lanean gustura aritzeko gertutasunaz.

Alderdi akademikoari begira ere, garai haietan (eta oraindik ere, neurri txikiagoan bada ere) ezezagun samarra zen gure lan-arloa, Hizkuntzalaritza Konputazionala, plazaratzeko gunea ere izan zen, Euskal Filologia lizentziaturan ezer gutxi lantzen baitzen hizkuntzalaritza aplikatuaren atal hau. Masterren eta doktoretzen bitartez zabaldu behar izan den adar honek, honenbestez, bazuen UEUrekin hedakuntzarako eta elkarlana bultzatzeko beste foro bat; ezinbestekoa.

Honek horrela jarri dezan, UEU aurrera! Gu gurean, Hizkutzalaritza Sailean, saiatuko gara behintzat horretan.

Izaskun Aldezabal (UEUko Hizkuntzalaritza Saila) / Argazkia: Jorge García-Dihinx

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude