Barrutik aberasten gaituen eremu bat

UEUren 40. Urteurrena dela eta, UEUn izan ditugun bizipenen inguruko hausnarketatxo labur bat egitea eskatu digute eta gogotsu baietz erantzun diet, UEUk eman didana oso garrantzitsua izan delako nire bizitzaren ibilbidean, eta hori eskertzeko aukera izatea beti pozgarria baita. Jarraian, nire hausnarketatxoa hiru ataletan banatuko dut.

Lehendabizi, UEUk eremu euskaldun batean bizitzeko aukera ezin hobea eskaini dit. Ni euskaldun berria naiz; nerabean, Franco hil zorian zegoenean, hasi nintzen euskara ikasten Sestaon, gure lagun batzuk martxan jarritako auzolanari esker. Gogo handiz geunden guztiok baina eremu erdaldun batean oso zaila izaten zen kalean mintza praktika egitea. Ondoren, euskara hutsez bizitzeko barnetegi batzuetara joan nintzen, baina unibertsitate euskaldun batera joatea izugarrizko erronka iruditzen zitzaidan garai horretan, ia-ia amets bat. Hortaz, lehenengo aldiz heldu nintzenean Larraona ikastetxera ilusioz eta beldurrez heldu nintzen, baina ateratzerakoan ilusioa gero eta handiagoa izan zen eta beldurra bertan desegin zen. UEUk ausartak izan behar dugula erakutsi zidan eta irabazteko asko genuela.
Bigarren ekarpena edukietan kokatuko nuke. UEUk aukera anitz eskaini baitizkit gure garaiko erronken inguruan hausnarketak eta eztabaidetan parte hartzeko. Bai Euskal Herriko historia ekonomikoan oinarrituta, etorkizunari begira ditugun erronken inguruan, bai nazioarte mailan bizi diren aldaketetatik abiatuta gure hausnarketak egiteko parada eskaini dizkiguten ikastaroak eskaini baitizkigulako. Oso ondo oroitzen naiz Ipar Euskal Herriaz antolatu diren mintegi interesgarriaz edo euskal finantza sistemaz, bi aipatzearren. Eta gainera Irunean egiteaz gain Miarritzera joateko ere aukera eskaini digu eta bertan Euskal Herrian dagoen aniztasuna eta ikuspegi ezberdinaz gozatu izan dugu, lagun berriak eginez.
Eta hirugarren ekarpena, irakaskuntza-metodologian kokatuko nuke, UEUk oso dinamika parte-hartzaileak bultzatu ditu beti, eta hori asko eskertzen da. Dinamika horietan murgilduta, ikasle izatetik irakasle izatera pasa nintzen eta gogoan ditut emakume eta zientziaren inguruko eztabaida interesgarriaz edo kooperatibismoaz antolatu ziren mintegiak, besteak beste. Eskolak oso horizontalak izaten dira, guztiok zerbait elkartrukatzeko baitaukagu, hara heltzen gara gure esperientziekin eta gure gogoarekin gure bizipenaz eta ikasitakoaz eztabaidatzeko, eta horrek ikastaroei izugarrizko bizitza eta indarra ematen die eta aldi berean aukera ezin hobea eskaintzen du lagunak egiteko eta oso ondo igarotzeko ere.
Azkenik, hau idazten ari naizen honetan aurrean dut iaz parte hartu nuen ikastaroaren harira bidali ziguten argazkia. Talde ederra osatzen dugu eta guztiak irribarretsu agertzen gara. Eibarreko Markeskoa egoitzan bildu ginen, auzolanez hitz egiteko, ez soilik teoriaz praktikaz baizik eta niri ikuspegi feministaz hitz egitea egokitu zitzaidan. Bertan ekintzaileak, idazleak, bertsolariak, akademikoak, etabar,..bildu ginen, teoriak eta praktikak txertatu ziren eta nire ustez guztiok asko ikasi genuen. Ikastaro osoan egon ginenak indar berriturik irten ginelakoan nago, hor sortutako dinamikak, ezbaika eta praktika horiekin aberastuta. Hori da niretzako UEU, barrutik aberasten gaituen eremu bat eta euskal komunitatea sendotzen laguntzen duen ekimen eder bat. Animo eta aurrera!!

Yolanda Jubeto (UEUko Ekonomia Saila) / 2001ko Udako Ikastaroak Eibarren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude