Mendekua UEUn

Ez dakit zer ordu izango den, baina pertsiana artetik eguzki-izpiak garbi
samar sartzen direnez, zazpiak ondo jota izango direla pentsatzen dut.
Nekatuta nago, baina nahiago nuke neke guztiak horrelakoak balira. Erdi esna,
erdi lo, horrelaxe nabil azken minutuetan. Taberna eta izerdi usaina dago
gelan; normala, atzo ibili ginen bezala ibili ondoren. Albo batera begiratu dut
eta hor ikusi ditut galtzak mahai gainean, kamiseta aulkitik zintzilik, beste galtza
batzuk lurrean, beste kamiseta bat mahai azpian, eta lurrean nahasturik,
galtzontziloak, kulerotxoak eta sostena. Hauen artean, ia galduta, preserbatibo
bat ageri da, ondo korapilatuta, barruan isurkin bizia duelarik. Txukuntasun
handirik gabeko paisaia da, baina era berean, eta badakit zergatik, ederra
iruditu zait. Nire ondoan, ia nire gainean dagoen neska hori bezain ederra, ia.
Amaia da. Bai, ezta? Ez nago ziur. Lehendik ere ikusia nuen,
hizkuntzalaritzako klasean eskuin aldean esertzen baita, eta herenegun
elkarrengandik oso hurbil egon ginen bazkaltzen. Atzo arratsaldean, uztailaren
2. hamabostaldian Iruñean egin ohi duen bero saparekin, futbito-partidua
jokatzera animatu zen neska bakarra izan zen. Martin kazetaria ibili zen partidua
antolatzen, Tourreko etapa ikusten aldamenean izaten dudana, eta ez nuen
espero neska hau apuntatuko zenik, “euskalkien presentzia euskara batuan”
mahai-ingurua baitzegoen ordu berean hitzaldi-aretoan. Baina han azaldu zen,
galtza motzak jantzita. Eta nola jokatu gainera? Lotsagabe, hanka sartzeko
beldurrik gabe. Horrelakoak gustatzen zaizkit niri, neska kirolzale eta
lotsagabeak. Ikastolan nenbilenean hainbeste gustatzen zitzaidan neska haren
antza hartu nion, hasiera-hasieratik. Baina, ez, hau politagoa iruditu zait.
Afalondoren ere ikusi nuen, poesia emanaldian. Kuriosoa izan zen saioa,
izenburutik bertatik hasita. Nola zen? A bai: “Poesiarik irakurtzen ez
dutenentzako poesia”. Gerardo Markuleta eta Pili Kaltzada aritu ziren
errezitatzen, gitarrista bat, ogibidez pastel pornoak egiten omen dituen tipo
bat, lagun zutela. Zerbeza eskuan hartuta Nikolasen ondoan egon nintzen, eta
inguruan neuzkan UEUko beteranoak: Xabi Rico gasteiztarra, Joxin portero ibili
zen saltseroa, J.R. jo ta ke erretzen ez den Etxeberria nekaezina, Aizpuru gure
zuzendari jauna —Andoniren anaia omen da!—, Bilboko neskazahar
musikazaleak, Nagore donostiarra eta gainerako parranderak, eta betiko
jendilajea. Tarteka Amaia eta beste neska batzuk zeuden lekura begiratzen
nuen, disimuluan, W. H. Audenen olerki hau entzun nuenean:

Forma fin bat ikus dezazunean
harrapa ezazu
eta ahal baduzu, besarka ezazu,
Neskatila dela edo mutikoa bada ere,
Ez zaitez lotsatia izan, izan zaitez ausarta, alaia,
Bizitza laburra da, goza ezazu
zure haragiaren ukiduraz
laket zaizun momentuan.
Ez dago larrua jotzerik hilobian.


“UEUn ere ez modu dotorian” esan nion Nikolasi belarrira, eta honen
algara eskandalosoek jende guztia guri begira jarrarazi zuen. Hau lotsa! Ondo
joan zen, bestela, atzoko gaua. Ekitaldiaren ondoren, atarian elkartu eta Kanpi
“buruzagiaren” atzetik Kaldereria aldera joan ginen, atzetik zebilkigun Erramun
pelmazoarengandik ihesi.
Zurito batzuk edan, futbolinean partidatxo batzuk jokatu, Tola
herrikidearekin bertsotan jardun, eta beti bezala, azkeneko tabernara arte.
Atzo dantzarako gogoa nuen, eta horrelakoetan ojo! Pare bat metro behar
izaten ditut inguruan lasai mugitzeko. Ilargi betea zela uste dut, gainera:
auuuuuuuuuuuuu! Kontuz gero gizon-otsoarekin! Azkeneko zuloko tabernaria
ere animatuta zegoen. Egongo ez zen ba; sanferminak igaro berriak, eta gau
hartan negozioa egitera zihoan gu bezalako parrandero zikin batzuekin.
Kontua da barmana umorean zegoela eta gero eta martxa gehiago jartzen
hasi zela: Negu Gorriak, Barricada, Macka B, Exkixu, Nirvana, Huajoloteak… eta
baita euskal bakailaoa ere, “goazen, goazen, euskaldun guztiok ikurrinaren
atzean” dioen kanta. Ni, normal nagoenean, Tolaren uste berekoa naiz:
“Bakailaoa? Saltsan bakarrik, eta Zubietako sagardoarekin lagunduta bada,
hobeto oraindik”. Baina atzo ilargi betea zen, eta animatuta nengoen.
Amaia eta biok aurrez aurre aplikatu ginenean, zein baino zein zoroago
aritu ginen dantza ero bero batean. Sorgina zirudien, eta berehalaxe sorgindu
ninduen atzo gaueko akelarrean. Baina pixkanaka ordu txikiak handitzen joan
ziren, eta zerbeza-barrika beherantz zihoan, azken kanta ere iritsi zenean: Bob
Marley-en “Woman no cry”. Bata bestearen aurrean geundenez, bere begi-
keinuari erantzunez gerri aldera luzatu nituen eskuak, berak nire lepo aldera.
Hordiaren erdiak izerditan bota genituela iruditzen zait, hain geunden berotuta.
Gero eta hurbilago, bularrek lehendabizikoz elkar ezagutu zuten. Buruek ere
aurreko sorbaldek eskainitako atsedenari ez zioten ezezkorik esan.
Kanta bukatu orduko, ezer esan gabe, baina konplizitate keinu batekin,
taldekoen begietatik ihes egin genuen, ahal zen erarik “disimulatuenean”.
Freskura ederra zegoen kanpoan, ez zen Ziudadelako belarretan jolasean
ibiltzeko girorik egokiena. Berak autoa bazuela aprobetxatuz, ziztu bizian abiatu
ginen Larraona aldera, Pio XII hiribidean aurrera, ez dakit zeri buruz hizketan.
Izenaz gain, debarra dela jakin nuen behintzat, eta euskal filologia ikasten
dabilela. Ni Oier naizela esan nion, Usurbilgoa, eta irakasle nagoela Zarauzko
ikastetxe batean. Eskolako atea itxi baino lehen justu antzean iritsi, atezainari
gabon esan eta giltzak hartu ondoren igogailura sartu ginen. “Dantzan
jarraitzeko gogorik bai?” galdetu zidan, eta “Zurean ala nirean?” esan nion;
“Zurean” erantzun zidan, ondoan ez dakit nor zegoela-eta.
Hortik aurrerakoa hain azkar joan zen! Basatia izan zen, baina era berean
goxoa. Zabaleran 90 cm besterik ez dituen ohe honetan zirku ederra antolatu
genuen; ekilibrista bikainak garela frogatu genuen behintzat. Ez zuen
tabernako dantza saioaren inbidiarik izan; musikarik gabe, baina erritmo
ederrarekin. Batek UH! besteak EH! berriro UH! Gora UEU!! Ederki ospatu
genituen UEUren zilarrezko ezteiak! Hau guztia gogoratzean irribarreak irten dit, eta orduantxe irten du baita ere Amaiak bere lozorrotik.

Xabier Azkue (UEUko Soziolinguistika Saila). Zumaiako Julene Azpeitia ipuin lehiaketako irabazlea 1997. Mendekua UEUn. / Argazkia: Nanagyei

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude