Formalismo eta zurruntasun akademikotatik kanpo

Uda-giroa eta ikasketak: oxímoron tanketako esaera irudi dakioke gazte bati. Uda-giroan bero egiten du, aisialdirako denbora dago eta parrandarako aukerak eta gogoak ere bai. Ikasteak ordea nolabaiteko kontzentrazioa eskatzen du, eskolak jaso, hitzalditara joan, solasaldi burutsuak eduki eta abar.

91k-1Neure UEUko lehen gogorapenak laurogei eta hamarreko lehen urteetara naramate eta ildo horretan doaz. Eibarko udaletxean bertara joan ahal izateko diru laguntza eskatu, lortu, eta Eibartik PESAko autobus zahar bat hartu eta Iruñara heltzea gogoratzen dut. Larraonako barnetegi moduko hartara heldu eta ikasle eta irakasleak familia handi batetako partaide gisa elkartzen ginenaren gogorapena daukat. Bertan, formalismo eta zurruntasun akademikotatik kanpo, naturaz eta zientziaz jarduten genuen. Gogoan dut, Arantza Aldazabalen eskutik, Larra-Belagoara egindako irteera batean egindako bertako landarediari buruzko lanaren emaitza Aranzadik sustatutako MUNIBE delako aldizkarian plazaratu genuela. A ze ilusioa! Gogorapen politak dira, non ikastaroak, mendirako irteerak eta solasaldi zientifikoak, gau-bela eta beste aisialdiko jarduerekin modu ezin hobean uztartzen genituen.

Gauzak nola diren, gaur egun UEUk nire jaioterrian dauka egoitza nagusia, Eibarren. Markeskuako jauregi zaharrarendako erabilera ezin hobea iruditzen zait. Bertatik, edo edonondik, urte askotan jarrai dezala UEUk euskeraren erabilera arlo guztietan sustatzen!

Felix Elortza (UEUko Natura Zientziak Saila) / Argazkia: Txarli Ruiz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude