Batako biologoa botekin

UEU zer den zabaltzen laguntzeagatik Tablet zoragarri bat egokitu zait. Ordainean, hortxe nire istoriatxoa.

1997an, Biologiako ikasle ginela, hainbat gelakide egin ginen UEUko Natur Zientziak Saileko bazkide. Orduan internetik ez eta UEUko Bilboko egoitzara joaten ginen ikastaroetarako izena ematera.

 

Gure lehen Udako Ikastaroak Miarritzen izan ziren; basogintza, arrantza… Uztaila, udararen hasiera, beroa, hitzaldi interesgarriak, lagunak, gaueko saio osagarriak, “irteera” Baiona Ttipira… Oroitzapen politak. Hurrengo urtean, aldiz, Iruñan antolatu genuen hainbat lagunek bioteknologiaren erronka berrien inguruko ikastaroa. Gerora, nire lehen hitzaldia ere Larraonan eman nuen. Genetikako laborategiko bekaduna nintzela, Euskal abere arrazen genetikaren inguruko hitzalditxo bat eman nuen. Urduritasunagatik edo ez naiz oroitzen nola egin nuen ere (Txarliri galdetu beharko diot ea bera gogoratzen den).

 

pagoetaUdako ikastaroak bai, baina Natur Zientzak Sailean asteburu eta zubietan egiten genituen irteerak ziren beste ardatzetako bat. Laborategiko bata erantzi, mendiko botak jantzi, kataloxak hartu eta disfrutatzera. Atapuerca, Pagoeta, Urdaibai… Ikastaroetan bezalaxe, ikasle nahiz irakasle batera ibiltzen ginen lagun artean. Gauetako juergatxoak ere gogoan ditut bai; solasaldiak, jolasak,… Ez naiz detaileetan sartuko inor ebidentzian ez uzteko (ni neu barne, noski) baina uste dut ez naizela erratzen patxarana UEUko irteeretan edaten hasi nintzela esaten badut. Eta hurrengo egunean… goizean goiz berriro gora gauza berri gehiago ikastera.

 

Ikasteko eta gozatzeko leku aproposa aurkitu nuen UEUn.

 

Ainhoa Solis (UEUko Natur Zientziak Saila) / Argazkia: txaille

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude