Itziar Salegi: “Bakea eta demokrazia, kalean eta egunerokotasunean eraiki behar dugu guztion artean”

Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea jardunaldia urriaren 14 eta 15ean egingo da Azpeitian, eta bakea eraikitzeko prozesuan sakondu nahi du, gizartea eraldatzeko proposamenak lantzeko oinarriak jarriz. Izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da. Itziar Salegi da jardunaldiko koordinatzailea.

p1070308

Egia, justizia eta erreparaziorik gabe, benetako bakerik lortzerik bada?
Jardunaldi hauetan Estatuko indarkeriaren biktimei omenaldia egin nahi diegu. Ahaztuak, isilduak eta umiliatuak izan direlako 80 urte luzeetan. Erreparazioan laguntzeko duintasuna eta errespetua itzuli nahi diegu. Asko hitz egiten dugu bakeari buruz; baina, nolako bakea nahi dugu? Ez dago bakerik demokraziarik gabe, justiziarik gabe. Biktimen errekonozimendua oso garrantzitsua da egiaren bidea sustatzen duelako; baina biktima izatearen onarpenarekin batera justiziak etorri behar du. Bestela ez dago erreparaziorik. Eta oraingoz justizia lortzeko itxaropen bakarra Servini eta justizia argentinarra dira. Zergatik ezin dugu justizia hemen izan? Amnistia legea indargabetu behar da. Inozoak izan ginen demokrata eta antifrankistentzako zela pentsatuz. Golpistak, torturatzaileak, hiltzaileak ez epaitzeko balio izan zuen. Kriminalak justiziaren aurrean blindatuta gelditu ziren.

Gizateriaren aurkako krimenak ez dute preskribatzen, hala ere. Justizia eskatzen dugunean ez da mendekua eskatzen duguna. Krimenen epaiketa urrats bat izango da bakea, giza eskubideak eta demokraziaren garapena lortzeko bide luzean. Milaka biktimen mina bake-prozesuaren lehengaia da. Euskal Herriak sendaketa pertsonala eta kolektiboa behar du, guztiok asko sufritu dugulako. Indarkeriaren esperientziak asko irakatsi digu. Horrenbeste sufrimenduk zerbaitetarako balio dezala nahi dugu. Ezin gaitezke konformatu bakez apaindutako zuhaitxo gaixo eta ahul batekin, eguberriko zuhaitza bezala. Errealitatean ondo sustraitutako zuhaitz bat behar dugu, esperantzaz betetako adar sendoak dituena. Bakearen zuhaitz osasuntsua eta indartsua, gu guztiak babestuko gaituena. Justizia, demokrazia eta giza eskubideen zuhaitza.

Berriro ez errepikatzeko bermea ere beharrezkoa da, ordea
Bai, noski. Baina nola lortuko genuke ez errepikatzeko bermea? Lege baten bidez? Ez, ez dago legerik, bere kabuz, demokrazia eraikiko duenik. Legeak marko bat besterik ez dira. Izan dena berriro izan ez dadin, benetako soluzioa hiritarrengan dago; kultura demokratikoa, hausnarketa kolektiboa sustatuz. Soilik gizarte zibil kontziente, antolatu eta aktibo bat izango da demokraziaren bermatzailea.

Biktimen esperantza sendatzailea hilketak, torturak, krimenak alferrikakoak ez izatea da. Demokrazian sakontzeko balio izatea. Gure seme-alabei horrelakorik gertatuko ez den gizarte hobeago baten lekukoa emateko.

Iraganaren kontakizuna ala kontakizunak. Bake eta adiskidetze prozesuan zein funtzio betetzen ditu kontakizunak?
Biktimen kontakizunak eta hiritarren entzuteak sendaketa pertsonal eta kolektiboaren oinarria dira. Hauen bidez gizarte batek bere egoeraren hausnarketa egiten du eta demokrazia eta bakea eraikitzen ikasten du. Kontakizun ofizialak ez baditu biktima guztien historiak kontatzen ez da justua ezta ere demokratikoa. Biktimak berbiktimizatzen ditu. Umiliatu egiten ditu. Egia ezak edo egia itxuraldatzeak ez du erreparaziorik eskaintzen; beraz, ez da bakerik lortzen. Isiltasuna arma politiko eta suntsitzailea izan da. Kontakizunak gertatutakoa mundu pribatutik ateratzen du; publikoa, politikoa bihurtzen du. Gertatutakoari zentzua ematen dio. Justiziak eta erakundeek ez dietenean biktimei entzuten, herritarren entzuteak sendaketa funtzioa betetzen du. Kontalariari duintasuna eta errespetua itzultzen dio. Entzulea barrutik aberasten du. Indarkeriak mindutako gizartea sendatzen laguntzen du eta demokrazia eta bakearen bidearen konpromisoa hartzera gidatzen du.

Oroimen historikorik gabe egin al daiteke aurrera?
Herri batek ez badu bere historiaren oroimena bizirik mantentzen, nola daki zein den? Eta gertatukoari buruz ez badu hausnarketarik egiten, nola lortuko du berriro ez gertatzea? Oroimen historikoa gauzatzeak biktimei errekonozimendua eta duintasuna itzultzen die. Eta herri bati bere benetako historia, bere herritarren historia. Oso garrantzitsua ari da izaten. Halere, 80 urteko oroimen historikoa aitatzen denean, beldur bat dut; iraganeko gauza dela pentsatzea. Eta ez da horrela. Zoritxarrez biktima asko hil dira errekonozimendurik gabe, baina milaka biktima bizirik gaude oraindik. Euskal Herriko hiri eta herrietan bizi gara. Kalean gurutzatzen gara, denda berdinetan erosten dugu, lantoki berdinetan lan egiten dugu. Iraganean hasi zena orainean bizirik dago. Beste arrisku bat ikusten dut. Oroimen historikoa ezin da liburutegietan edo artxiboetan gelditu. Ez da adituen oroimen. Herri baten oroimenak herrikoia izan behar du; gizarteratu behar da.

Emakumeek jasandako errepresioak ere leku berezia izango du jardunaldian.
Emakumeek jasandako errepresioaren berezitasunak azaldu nahi ditugu. Historiak beti ahaztuta izan dituen emakumeen gainean jarriko ditugu gure begiak; beraien paper transzendentala azpimarratzeko eta bizi izandako injustizia isilduak begi-bistan uzteko. Emakumeen kontakizun psikopolitikoen berezitasunak ere azpimarratuko ditugu, xehetasun emozionalen ekarpena eskainiz. Biktima eta bere ingurukoen egitura psikomentaletan indarkeriak dituen ondorio suntsitzaileak ezagutuko ditugu. Gatazka eta bake-prozesuari buruzko emakumeen begirada berezia aldarrikatu nahi dugu.

Mundura ere begiratuko duzue. Beste gatazka eta bake-prozesuetatik ikasi asmoz.
Irlanda aukeratu dugu Euskal Herrian askotan eredu bezala hartu delako. Beraien bake-prozesua aztertzeak gure prozesuaren hausnarketa egiten lagunduko digu, baina ezin da mitifikatu. Horregatik hitzaldian analisi kritikoa egingo da; zer den ikasi dezakeguna eta zer den baztertu behar duguna garbi izateko. Gainera, herri bakoitzaren gatazka eta bake-prozesuak bere ezaugarri bereziak ditu eta herri horretako pertsonek egin behar dute bere bide zehatza.

“IN DIALOGUE” dokumentalean Irlandako 6 protagonista ikusiko ditugu mahai-inguruan. Oso aberasgarria da. Elkarrizketa gatazkak konpontzeko eta bakea lortzeko tresna demokratiko bezala aldarrikatzen dugu.

Zein izango da metodologia? Zer lortu nahi duzue jardunaldiarekin?
Oso parte hartzailea izatea nahi dugu. Bakea eraikitzea ez da politikoek, akademikoek eta biktimek bakarrik egin behar duten bidea. Bakea eta adiskidetzea ez dira bulegoetako mahaietan lortzen. Akordioak eta legeak bakea gauzatzeko markoa besterik ez dira. Bakea eta demokrazia, kalean eta egunerokotasunean eraiki behar dugu guztion artean. Horregatik jardunaldia BAKEA GUGANDIK ERAIKITZEN deitzen da. Gazteei dei berezia egiten diegu. Hau ez da zaharren eta iraganeko kontu bat. Iraganak orain hau eraiki du eta bizirik dirau. Biktimak bizirik gaude gaur. Minak gaur bizirik jarraitzen du. Bakea ez da iritsi eta demokrazia sakondu beharrean gabiltza. Gazteen begirada aldarrikatzen dugu. Zuen presentzia eskatzen dugu, gazteak ezinbestekoak zaretelako bake prozesuan. Etorkizuna guztiona da eta orain ari gara eraikitzen.

Hiritarren hausnarketa kolektiboa bultzatzeko saio bakoitzaren amaieran galderak egiteko eta iritziak emateko aukera izango da. Eta egunaren amaieran ordubeteko taldekako hausnarketa izango da. Dinamizatzaileek parte hartzaileen hitzak jasoko dituzte. Esandakoa idatzi batean bilduko dute eta parte-hartzaile guztiei zabalduko zaie. Gainera bazkaria eta hiru atsedenaldietako kafe tarteak elkarrekin egingo ditugu. Horrek elkarrekin hitz egiteko aukera ederra eskainiko digu. Giro ezin hobea izango da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude