Rakel Gamito:“UEU pertsonengan zentratutako unibertsitatea da eta pertsonen garapen integrala sustatzen du”

Urriaren 4tik 6ra bitartean “Teknologia Berriak eta Hezkuntza Joerak Nazioarteko Kongresua” (CINTE 16) izango da UPV-EHUren eskutik. Bertan “UEUren irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoa indartzeko ebaluazio prozesua” aurkeztuko du Rakel Gamitok, UEUko irakaskuntza telematikoaren arduradunak. Gamitorekin batera Abel Camacho eta Pedro Lonbide UEUkideek ere parte hartu dute lan horretan.

rakelgamito2

2013-2014 ikasturtean sortu zen UEUren irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoa. Zer biltzen du eredu horrek?
Irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoaren helburu nagusia on-line eskaintza akademikoan UEUren printzipioak, balioak eta hezkuntza-eredua ziurtatzea da. Horretarako, irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoak on-line ikastaroetako egitura didaktikoa definitu eta aurrera eramateko lan-ildoak zehazten ditu. Hau da, irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoak UEUren ikasgela birtualean aurrera eramaten diren ikastaroen diseinurako eta kudeaketarako irizpide, ezaugarri zein prozedura nagusiak biltzen ditu.

Ibilbide luzea du UEUk on-line prestakuntza alorrean, eta urtetik urtera areagotzen doa.
Bai, UEUk ibilbide luzea du euskarazko on-line prestakuntzaren alorrean eta beti erakutsi du horrekiko konpromiso sendoa. Azken urteetan UEUren on-line eskaintza akademikoa handitu egin da eta era guztietako ikastaroez osatu da: prestakuntza-planak, berezko ikastaroak, graduondokoak…

2015-2016 ikasturtean zehar, adibidez, UEUren ikasgela birtualaren bidez hamar ikastaro labur, barne-formazio ikastaro bat, hiru prestakuntza-plan eta bi graduondoko eskaini eta garatu ziren. 2016-2017 ikasturterako aurkeztuko den on-line eskaintza akademikoan era guztietako ikastaroen kopuruek gora egingo dute.

Zein ezaugarri ditu prestakuntza horrek?
UEU pertsonengan zentratutako unibertsitatea da eta pertsonen garapen integrala sustatzen du. Alegia, ikaslea beti da ikas-prozesuaren protagonista eta interakzioa eta komunikazioa ikaskuntzaren ardatz.

Era berean, UEUren hezkuntza-ereduan ikastea ezagutzak eraikitzearen sinonimotzat ulertzen da. UEUren ikastaroen helburua ikasleak gaitasun instrumentalak lortzea da, gauzak egiten ikasi behar ditu.

Horregatik, UEUk, euskarazko eskaintza akademiko anitz baten bitartez, balioetan oinarritutako ikaskuntza autonomo eta esanguratsua bultzatzen eta indartzen du.

Moodle plataforma erabiltzen du UEUk. Pedagogia sozio-konstruktibista aurrera eramatea ahalbidetzen du horrek.
Moodle plataformaren diseinu eta garapena ikaskuntza-filosofia zehatz batean oinarritzen dira: pedagogia sozio-konstruktibista. Pedagogia sozio-konstruktibistaren arabera ikaskuntza-prozesuaren elementurik garrantzitsuenak ikasketa-ekintza eta lankidetza dira. Ondorioz, Moodlek honakoak bultzatzen eta eskaintzen ditu: ikaslearen izaera aktiboa, gauzak eginez ikastea (learning by doing) eta elkarlana.

Orain artekoa neurtzeko eredu pedagogikoan oinarritutako ebaluazio-matrizea ere sortu duzue.
Bai, UEUren irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoaren dokumentua oinarri izanik, on-line ikastaroen diseinua eta irakaskuntza-prozesuaren kudeaketa deskribatzen eta balioztatzen dituen ebaluazio-matrizea sortu da. Bertan, ikastaro guztiek izan beharreko irizpide, ezaugarri eta prozedurak biltzen dira, bost arlo eta hamazazpi elementutan banatuta. Era berean, elementu bakoitza zenbateraino jaso den aztertzen edo deskribatzen da lau egoera posible azalduz eta 1etik 4ra balioztatuz.

Ebaluazio-matriza bera ebaluazio-tresna gisa aztertzeko, 2014-2015 ikasturtean zehar eskainitako bederatzi on-line ikastarotan aplikatu da. Azterketa UEUko bi teknikarik egin dute, banaka. Ondoren, teknikariek lortutako emaitzak alderatu dira. Horretarako, azterketarako aukeratutako egoera banan-banan alderatu da, ezberdintasun nabarmenenak aztertuz.

Azterketa horren emaitzetan oinarrituta, ebaluazio-matrizan zenbait aldaketa proposatu dira eta, azkenik, azterketaren emaitzetatik eratorritako hobetze-proposamen horiek UEUko aditu-taldearekin eztabaidatu dira.
Hori da. Ebaluazio-tresna lehendabiziko aldiz aplikatzerakoan, ebaluazio-matrizeko elementuak edota ebaluazio-eskalak nahikoak izan arren, egiaztatu da ez zirela erabat egokiak. Zenbait kasutan, gertatutako arazo edo nahasmena kontzeptuala izan da, neurri txikiago batean, elementu eta ebaluazio-eskalen zehaztapen falta izan da ebaluazio-prozesua zaildu duena. Horren aurrean, zenbait elementu eta elementuen ebaluazio-eskala birdefinitu dira UEUko aditu-taldearekin batera.

Behin moldaketak gauzatuta, ebaluazio-matriza 2015-2016 ikasturteko on-line eskaintza akademikoa ebaluatzeko erabili da. Azterketa horretan, ebaluazio-matrizak ez du inolako zalantzarik sortu eta ebaluatzaile bien emaitzak parekoak izan dira. Beraz, ebaluazio-matrizaren sendotasuna agerian geratu da eta, ondorioz, ebaluazio-matriza aurrerantzean irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoaren zein on-line eskaintzaren ebaluazioa eta jarraipena egiteko ebaluazio-tresnatzat balioztatu eta finkatu da.

Zer lortu da ebaluazio-prozesu horrekin?
Bi izan dira lan ebaluazio-prozesu horren helburuak. Alde batetik, irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoan oinarritutako ebaluazio-matriza sortu, praktikan jarri, aztertu eta, jasotako emaitzen arabera, hobetu eta finkatu da.

Bestetik, finkatutako ebaluazio-matrizari esker, egun UEUk duen on-line eskaintza akademikoaren egoera ezagutu da. Alegia, ebaluazio-matrizari esker 2015-2016 ikasturteko on-line eskaintza akademikoaren egoeraren diagnostikoa egin da, emandako ikastaroen indargune eta ahulguneen inguruko ebidentziak lortuz. Emaitzen interpretazioetatik eratorritako hobekuntzarako gakoek UEUri aurrera egiteko, hobetzeko eta hazteko aukera ekarri diote.

Irakasleei zuzendutako gida sortu da aurten. Zein ibilbide egin du?
Irakaslearen gida izan da, ebaluazio-lanaren emaitzak kontuan izanik, irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoa zabaltzeko, hobetzeko eta finkatzeko zehaztutako eta burututako aurrerapausoetako bat.

Irakaskuntza telematikorako eredu pedagogikoaren irakasleentzako gidan UEUko ikastaro orok bete behar dituen irizpide, ezaugarri eta prozedurak jaso dira, besteak beste, UEUren ingurune birtualaren ezaugarriak edota ikastaro bat diseinatzerako eta emateko momentuan kontuan izan beharreko irizpide eta prozedurak. Horri esker, UEUren on-line eskaintza akademikoak ikasleari ikas-prozesu autonomoa, esanguratsua eta lankidetzan oinarritutakoa ziurtatuko dio.

Ikaslearen gida sortzea ere beharrezkoa dela deritzozue.
Bai, ikaslearen gida behar-beharrezkoa da eta UEUren hurrengo urratsa da. Gida horren helburua ikasleak UEUren eredu pedagogikoaren nondik norakoak barneratzea eta hastera berri doan ikas-prozesuan ikasleak izango duen protagonismo eta arduraren garrantzia ulertzea izango da. Bertan, UEUren on-line eskaintzako ikastaro guztiek komunean dituzten irizpide, ezaugarri eta prozedura nagusiak jasoko dira, elementu bakoitzaren helburuarekin batera.

Eta aurrera begira?
UEUren asmoa beti da irakaskuntza-ereduaren balioak eta printzipioak ziurtatzea, euskarazko prestakuntzaren kalitatea bermatzeko. Hori lortzeko, momentuan momentuko eskaintza akademikoaren egoeraren diagnostikoaren berri izatea funtsezkoa da. Beraz, on-line eskaintza akademikoari dagokionez, aurrera begira irakaskuntza telematikoaren eredu pedagogikoaren beharrezko ebaluazio eta jarraipena egingo da.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude