Maider Likona: “Helburu nagusia informatikaren munduan alternatiba errealak daudela erakustea da”

Software librea eta Ubuntu: oinarrizko ikastaroa izango da azaroan Azpeitian, UEUk eta Udalak sinatutako hitzarmenaren barruan. Maider Likona informatikan ingeniaria izango da irakaslea.

maiderlikona

Programa multzo bat baino gehiago da software librea. Gauzak beste modu batean egitea ahalbidetzen duen bizimolde bat dago atzean
Bai, hala da, software librea garatzen dutenak ez dira enpresak soilik, helburu nagusia programek bere lana egitea baita, helburu ekonomikoetatik harago. Software librearen atzean dagoen filosofiak programak modu ezberdinetan garatzea ahalbidetzen du, aukera berdinak eskainiz enpresa baten proiektu bati edo ikasleen artean garatutakoari.

Gaur egun software librea oso hedatua dago, eta mundu mailako webgunerik hedatuenak software librea dira: WordPress, Wikipedia eta abar. Proiektu hauen garapenean edonork har dezake parte, aldaketak proposatuz, hobekuntzak bidaliz eta abar.

Bukatzeko, software librea euskaratu daiteke, eta euskaratzeak denon artean partekatu, guztiok programa euskaldunak erabiltzeko.

Ubunturen lan ingurunea ezagutzeaz gain, hainbat aplikazio ere landuko dituzue
Bai, aplikazio tipikoenak ikusiko ditugu: ofimatikako tresnak, irudigintza pixka bat, bideo edo audioa, adibide praktikoekin: internetetik jaitsitako bideoen formatuak aldatuko ditugu, edo audioa atera eta beste bat jarri…

Horrez gain ikasleek proposamenak egin ditzakete, ikastaroa harik eta erabilgarriena izateko.

Zein da helburua? Zer lortu nahi da ikastaroarekin?
Helburu nagusia informatikaren munduan alternatiba errealak daudela erakustea da, ahalduntze teknologikoaren bidean aukera asko daudela ikustea, eta orokorrean teknologia beste ikuspuntu batetik ikustea.

Norentzako da?
Informatika pixka bat ikasi nahi duen edonorentzat. Ikastaroa erabiltzaileentzat pentsatuta dago, baina hautazko atal bat dago GNU/LInuxaren administrazioan sakondu nahi dutenentzat. Atal horretan terminalaren erabilpena lantzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude