Piarres Xarritton-en ohoretan

Hil da Piarres Xarritton, eta albistea aditu bezain laster UEUkide bakoitza gogoetatzen hasi da: nor zen Xarritton?

xarriton2
Argazkia: Zaldiero

Ez da erraza bi hitzetan laburbiltzea, haren bizitza luzea gertakari eta ekintza aipagarriz bete-betea dagoelako. Orobat, paradoxa hutsa dirudi hura buruz-buru ezagutu ez zutenei azaltzea nola ote den posible adinez oso aurrera zihoan pertsona batek, hitz bakoitzarekin, keinu labur ororekin, etengabe transmititzea gaztetasuna eta suhartasuna. Gehienok oso adindun ezagutu izan baitugu Hazparneko euskaltzaina eta, aldi berean, beti gazte eta bizkor.

Baina gaur hil da Xarritton eta guri, UEUkideei, zilegi bekigu hura bereziki Udako Euskal Unibertsitatearekin izan zuen harremanagatik lerro halabeharrez labur batzuen bidez gogoratzea.

Piarres Xarritton UEUko sortzaileetarikoa izan zen. Izan ere, Iparraldean sortu zen UEU, 1973an, baina hura sortu aurretik Xarritton izan zen, Jean Haritxelharrekin, Manex Goihenetxerekin eta beste euskaltzale batzuekin batera, Baionako Euskal Astea hiru urtez segidan antolatu zuena; eta horietako batean Karlos Santamariak proposatu zuen hurrengo urtean zinezko udako euskal unibertsitate gisa antolatzea. Hortik sortu zen UEU.

Baina bere eginkizuna ez zen sortzaile hutsa izatera mugatu. Etengabe hartu zuen parte bere ekitaldietan eta modu askotara lagundu zion, ahal izan zuen guztietan. Oraindik ere 2012ko uztailaren 5ean, UEUk bere 40. urteurrena ospatu zuenean Baionako Euskal Museoan, hantxe zegoen bera, 90 urteak beteta, osasunez pattal, makulu batez lagunduta, baina artean ere burua tente eta gogoa bizi. Hantxe, orduan ere lehen lerroan.

Triste gaude UEUkideok. Gure doluminik bihozkorrenak bere familia, lagun eta hurbileko guztiei.

Udako Euskal Unibertsitatea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude