Ane Ablanedo Larrion: “Gure historia psiko-afektiboa berrikustea beharrezkoa da haurrekin arduraz jokatu nahi badugu”

Haur-psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak izeneko ikastaroa antolatu du UEUk Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Ane Ablanedo Larrion irakasleak eman digu ikastaroaren berri. Doakoa da eta izena emateko epea irekita dago.

AneAblanedo

Nortasuna batez ere 0-7 tarte horretan sortzen dela diote adituek, batez ere 0-3 tarte horretan. Baina ezagutzen al dute guraso zein hezitzaileek haurrak zer behar dituen adin tarte horretan?
Iruditzen zait gurasoek berez eta senez, badakitela benetan haur batek zein behar duen. Gure naturan, gure programazioan, daramagu jakinduria hori. Iruditzen zait badirela interes batzuk pertsonek gure buruarengan dugun konfiantza gal dezagun. Behin hori galduta, beste bati ematen diogu ardura hori eta beste horrek esaten digu nola egin behar dugun. Benetan badakigula uste dut, baina gure haurrek ze behar duten jakiteko jakinduria hori sakon sakonean lurperatuta dugu, heziketa eta teoria askoren azpian. Batzuetan holako ikastaroek horretarako balio dute. Esateko haurrekin zuk sentitzen duzuna horrela dela. Nahiz eta egongo diren beste teoria batzuk kontrakoa esaten dizutenak.

Non dago gure sena?
Nor naiz ni norbaiti esateko nola egin behar duen? Nik hori ez dut behin ere egiten. Iruditzen zait garrantzitsuena dela aitak eta amak, gure kasuan hezitzaileak ere bai, duten intuizio sentimendu hori benetakoa dela adieraztea. Sen hori hor dago. Txakur bati ez diogu esan behar nola egin behar duen kumea hezteko. Giza ugaztunei ere berdin pasatuko litzaigukeela pentsatzen dut baldin eta ez bagenu gure sena oker dabilela dioen horrenbeste teoria. Delikatua da kontua gure izaera gure heziketaren produktua delako. Gure izateko modua eta munduan egoteko modua gure historia psiko-afektiboaren arabera eraiki dugu. Batzuetan horrek baldintzatzen du gurekin garatzen ari den haur horren bizipenak interpretatzeko era. Eta noski, hori ez litzateke sena. Niri adibidez txikitan eragotzi badidate lasai negar egitea, hori txarra zela esan badidate, seguru nik haur bat negarrez entzuten baldin badut negar hori moztera joko dudala. Gure historia psiko-afektiboa nolabait berrikustea beharrezkoa da haurrekin arduraz jokatu nahi badugu. Bestela interferentziak egoten dira.

Hasteko helduon hutsuneak ezagutzea garrantzitsua da, beraz.
Gure historia psiko-afektiboak dituen gabeziak eta hutsuneak zeintzuk diren jakitea oso garrantzitsua da bi zentzutan. Haur baten garapen prozesuan lagun izateak ahalbidetzen du gure hutsuneak topatzea eta norabide horretan osasungarria da. Eta bestalde, hori gugan detektatzeak ere laguntzen digu haurraren prozesuan beste jarrera batekin egoten. Hau oso garrantzitsua da ohartzeko zenbateraino diren hutsuneak eta zenbateraino den gure sena.

Haurren hazkuntza-prozesuaren ardura esku artean duenak erantzukizun soziala duela argi duzu
Bai, ikaragarria. 0-7 urteak kritikoak dira pertsona baten garapenean eta 0-3 urteak kritikoagoak. Eta 0-1 tartea are kritikoagoa. Hor dago gero izango garenaren funtsa, hor ezartzen dira erroak, gerora izango garenaren ahulezia edo sendotasuna. Eta zentzu horretan nolabait hurrengo belaunaldia nolakoa izango den eraikitzen ari gara, zenbateraino izango den heldua, zenbateraino izango den heldugabea… Ez zait gustatzen esatea hor gertatzen dena erabakigarria denik, beti baitago aukera hori aldatzeko, beti izaten dira bigarren aukerak; gauzak osatzeko, gauzak sendatzeko. Hala ere gehiago kostatzen da gerora. Haur bat oso plastikoa da eta hor gertatzen zaiona askoz ere garrantzitsuagoa da gerora gertatuko zaiona baino. Gogorrago egongo delako onerako eta txarrerako. Gauzek ez diote jadanik horrenbeste eragingo heldua denean, baina zailtasun handiagoak izango ditu nahi duen hori aldatzeko. Erantzukizun soziala ikaragarria da eta iruditzen zait haur hezitzaileak ez direla behar beste aintzat hartzen, beraien eginkizuna ez dela baloratua, eta unibertsitate irakasle batek duen ardura baino handiagoa da beraiek dutena. Zer esanik ez amatasun eta aitatasun arduratsuaz. Gizarte heldu batek behar luke hori balioetsi eta duen garrantziaren arabera ordaindu eta zaindu beharko luke funtzio hori. Funtzio terapeutikoa da, prebentiboa da. Haurtzaro osasuntsu bat pasatzen duen pertsonak nekez izango du gerora krisi handi handi bat, nekez hautsiko da gerora. Bizitzak berezkoa du mina, berezkoak ditu arazoak, gatazkak … baina ez du inondik ere eragingo gure gizartean horrenbeste arazo eta horrenbeste diru xahutze ekartzen dituen gaixotasunik.

Gizartea gero eta heldugabeagoa dela diozu eta gero eta zoritxarrekoagoak garela. Zertan ikusten da hori?
Bai. Heldugabeagoa da. Hazi egiten gara, urteak egiten ditugu eta urte mordo bat betetakoan gizarteak pertsona heldutzat gauzka. Nik heldutasuna ulertzen dut naturak gure programazioan txertatuak dituen gaitasunen loratzean. Gure haziera ereduak ez du inondik ere ahalbidetzen naturak guretzat programatutako guzti hori lora dadin. Kontrakoa. Nahiko gizaki txikiak bilakatzen gara orohar. Eta gainera iruditzen zait hori norbaiti komeni zaiola. Heldugabetasuna askatasunean bizitzeko ezintasunean dago, mendekotasun ikaragarri batean; agintari, gidari eta kanpoko erreferentzien behar ikaragarrian. Gure buruaren jabe ez izatean. Ez dugu gure kasa pentsatzeko gaitasunik, ez dugu gure kasa bizitzeko gaitasunik, oso oso eramangarriak gara. Zoritxarrekoak gara indarkeria ikaragarria dagoelako, suizidio tasa ikaragarriak, bizipoz gutxi. Iruditzen zait ez dela ameskeria pentsatzea beste modu batez bizi gintezkeela.

Hala ere, ñabardura bat. Ez dakit gero eta heldugabeagoak edo zoritxarrekoagoak garen. Esan badut ere orain ez nuke hala esango. Historiaren momentu bakoitzak bere gizakiak ematen ditu eta batzuetan idealizatu egiten da garai batekoa. Orduko haurrek agian beste arazo batzuk izango zituzten. Egia dena da -eta ez da emakumeei leporatzeko inondik ere etxetik lanera atera izana- garai batean haurrek bermatua zutela gutxienez hiru edo lau urtera arte etxean egon ahal izatea. Tribu bezala gehiago bizi ginen. Eta horrek bermatzen zuen pixka bat haurrak erreferentzia afektibo handidun pertsonekin egoten ahal zirela lehen urte horietan. Eta horrek beste sendotasun bat ematen du. Idealizatu gabe. Hala ere, Freuden garaian klinikan ikusten zen gaixoaren perfila eta gaur egun ikusten den perfila ez da inondik ere berdina. Oraingoa, klinikoki, heldugabeagoa da. Ditugun gaitzak, dugun estruktura heldugabeagoa da, ahulagoa da, hauskorragoa da garai batean ikusten zena baino.

Nola eman buelta?
Hasteko, kontzientzia hartu dugun egoeraz; eta zenbateraino den egoera dramatikoa, zenbateraino den ez naturala. Alegia, ez gaudela kondenatuak horrela bizitzera. Haurren hazierari eta haurren heziketari behar duen zera politikoa ematea. Nik ez dut ikusten gai politiko bezala hartzen denik. Eta ez dago hori baino gauza politikoagorik.

Zein da ikastaroaren helburua?
Ohartzea haurrekin harremanetan lan egiten dutenen edo gurasoen erantzukizuna zenbateraino den garrantzitsua. Hori da niretzat gakoa. Norbaitek horren kontzientzia hartzen duenean, ardura hartzen du. Ardura horrek ikastea dakar, jakitea, zure burua zalantzan jartzea. Beste helburu bat litzateke jakitea etapa bakoitzean gutxi gorabehera eta era orokor batean haur batek zer eman dezakeen eta zer ez. Iruditzen zait oso garrantzitsua dela jakitea adinaren arabera haur bati zer eska dakiokeen eta zer ez. Eta azken helburua litzateke tresnak ematea. Alegia, bizipenetatik enpatia lortzeko tresnak eskaintzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude