Xabier Amatria eta Urtzi Barrenetxea: “Administrazioko hizkera, hizkera komunaren baitan dago, baina hori ahaztu egiten dugu”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Hizkera argia administrazio elektronikoaren garaian” ikastaroa antolatu dugu Iruñean. Xabier Amatria eta Urtzi Barrenetxea IVAPeko teknikariak izango dira irakasleak eta hainbat galdera egin dizkiegu gai honen inguruan. Matrikula zabalik dago.

Komunikazio elektronikoetan jarriko duzue fokua ikastaro honetan. Ze ezaugarri ditu? Testuen irakurketa-patroiak ez dira berak. Labur esanda, pantailan irakurtzea astunagoa da. Hori horrela, ezin dugu testu bera erabili paperean irakurriko bada ala pantailaratuko bada. Testuak sortzeko orduan hori kontuan izateaz eta zenbait teknika aplikatzeaz jardungo dugu.

Zer joera baztertu beharko lirateke administrazio testuetan? Teknolektorako joera. Administrazioko hizkera, azken finean, hizkera komunaren baitan dago, baina hori ahaztu egiten dugu. Ondorioz, herritarren hizkeratik urrundu eta bestelako erregistro bat aurkitzen dugu administrazioko testuetan. Eta ez gabiltza terminologiaz hitz egiten. Azken finean, termino zehatzak ez dira testu baten %5 baino gehiago.

Nola egin ditzakegu gure testuak komunikatiboagoak? Ideia nagusia izango litzateke irakurlea kontuan hartzea. Norentzat idazten dugun irudikatzea eta elkarrizketa antzeko bat osatzen saiatzea. Abiapuntu horretatik, testuak idazteko hainbat idazketa-teknika plantea daitezke.

Zein da erabiliko duzuen metodologia? Gaiari buruz azken urteotan egindako lanaren ondorioen berri eman nahi dugu ikastaroan. Zein neurritan aplika daitezkeen jakiteko gune gisa planteatu nahi dugu, mota horretako testuekin lan egiten dutenentzat baliagarriak diren jakiteko.

Norentzat da ikastaro hau? Euskarazko testu administratiboak idazten dutenengana ailegatu nahiko genuke. Ez gaztelerazko testuen itzultzaile hutsengana. Gure proposamenen berri eman eta elkarrekin hausnartzeko gune baten abiapuntu gisa planteatu gura dugu saioa. Ez gara gramatika auziez edota testuen zuzentasunaz jardungo. Alegia, ez da administrazioan diharduten euskara teknikariei beren beregi zuzendutako ikastaro bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude