Arkaitz Zarraga Azumendi: “Ez gara estralurtar batzuk gure hizkuntza gutxitu txiki hori zaindu nahi dugunok”

Munduko jatorrizko hizkuntzen biziberritze prozesuak eta Helduen Euskalduntze Alfabetatzea. Zer dugu jasotzeko eta zer emateko?”. Galdera horri erantzuten ahaleginduko dira UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan. Garabide Elkartearekin eta UPV-EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrarekin elkarlanean antolatu du UEUk ikastaroa Baionan. Bertan izan gara Arkaitz Zarraga Azurmendi Euskal Filologian lizentziadun eta UEUko Glotodidaktika Saileko sailburuarekin. Garabideko kide eta UNESCO katedrako kide ere bada.

Zerk eraman zaituzte ikastaroa antolatzera?
Egia esan badira urte batzuk kooperazio lanetan gabiltzala, hizkuntz kooperazioan, munduko beste hizkuntz gutxiagotu batzuekin. Eta iruditzen zaigu batetik interesgarria dela horren berri zabaltzea eta ikustea zelan guk egin dugun ibilbidea erabilgarria zaien beste herri batzuei. Horrek guri ere harrotasun puntu bat eman beharko liguke. Eta gero bestetik, egia da herri asko ari zaizkigula eskatzen laguntzaileak eta norbait animatu balitz egiten dugun bide honetan laguntzera eta parte hartzera… Helburuetako bat izan daiteke hori.

Izenburuari aipamena eginez. Munduko beste jatorrizko hizkuntzen biziberritze prozesuetatik zer dugu jasotzeko?
Askok egiten diguten galdera da. Emateko badugu eta jasotzeko zer? Alde batetik argi eta garbi bakarrik ez gaudela ikustea. Ez garela estralurtar batzuk gure hizkuntza gutxitu txiki hori zaindu nahi dugunok. Asko garela. Eta harrotasun puntu bat ere bai, guk egin dugun bidea ez delako munduan askotan egin. Hori batetik. Bestetik komunitatearen izaera hori indigenek badutena eta euren erroetara begiratzeko joera hori. Guk pixka bat galduta daukaguna. Badirudi guk egin genuela hasieran izugarrizko bultzada, izugarrizko bide zaila, baina orain pixka bat profesionalizatu denetik edo, ez dakit oso argi dauzkagun beste zenbait gauza jatorrira begira. Eta horretatik ere ikasi behar dela uste dut.

Eta zer emateko?
Guk ematen duguna da alde batetik erakustea posible dela. 60ko hamarkadan debekatuta egonda, herri gogoz sortu zen mugimendu horrek eman ditu fruitu batzuk. Gure hizkuntza eurena bezala baztertuta zegoen leku askotatik. Eta gaur egun ia edozer egin daiteke euskaraz. Eta gero bestetik teknika inportantea dela. Edo ezagutzak asko laguntzen duela. Bai linguistikan, bai pedagogian, bai politika arloan… Ikasketa akademikoak izatea inportantea da, baina baita ere gogoa, indarra eta sinestea. Eta nik uste dut hori dela zabaltzen duguna.

Ikastaro honetara bizipen bat baino gehiago ekarriko dituzue. Zer da zehatz-mehatz landuko duzuena?
Lehenengo UNESCO katedratik Itziar Idiazabalek planteatu du zein den munduko hizkuntzen egoera. Zergatik den garrantzitsua hizkuntza berreskuratzea herri bati benetako indarra emateko edo benetan burujabetza hori eskuratzeko. Eta zein proiektu dauden orain mahai gainean. Bestetik Maialen Sobrinok erakutsi du Garabidek zein proiektu dauzkan eta proiektu nahiko interesgarriak dauzka. Formazioan, bai aholkularitzan, hedatzean… Hori ikusita gero bai zentratuko gara gehiago Nasa herrian (Kolonbiako hego-mendebaldean kokatzen da) egiten ari garen lan horretan. Eta hain zuzen ere Nasa herrian egiten ari garen lanaren artean helduen eskoletan egiten ari garena.

Zein da aipatutako Nasako herriko proiektua?
Eurek daukaten gabezia metodologia arlokoa da. Gogo handia daukate, gero eta ikasle gehiago dauzkate, ilusio handiarekin dabiltza, apur bat guk 60ko hamarkada horretan geneukan indar horrekin dabiltza, baina ematen dituzten klaseak askotan oso metodologia tradizionalarekin ematen dituzte eta ez dute oso emaitza ona jasotzen. Gu ari gara metodologia komunikatibo horren oinarriak erakusten eta horren arabera programatzen. Curriculum bat egiten ari dira eta oraingoz A1ko unitateak garatuta dauzkate; eta besteetan apurka apurka urratsak ematen ari gara.

Zein da ikastaroaren azken helburua?
Helburuetako bat litzateke gurekin dauden kide hauek honen bozgorailu lana egitea, zabaltzea. Eta gero norbait animatuko balitz Yucatanera edo maputxeengana edo kitxuengana edo joaten, ederto.

Ikastaroa ez da izango erakustaldi teoriko hutsa. Saiatuko gara eurek ere ekarpen bat egin diezaieten nasei. Hain zuzen ere A2tik B2rako prozesu horretan zenbait gauza proposatuz. Eta ea hortik ere emaitzatxo bat jasotzen dugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude