Kepa Sarasola: “Wikinagusi hauen beharra dago gazteek egiten duten ekarpena biribiltzeko”

Kepa Sarasola

Wikinagusi lantegia, barnetegi digitala ere antolatu du UEUk Baionako Udako Ikastaroen barruan eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin elkarlanean. Kepa Sarasola Gabiola UEUko zuzendaria da arduradunetako bat.

Zer dela eta Wikinagusi lantegi hau?
Udako Euskal Unibertsitateak ikusi du bere ondare handi bat dagoela jende nagusian: erretiratzeko edo erretiratuta dauden irakasle nagusiak. Horiek oso ondo dakite idazten eta pertsona oso egokiak dira wikipedian hobekuntzak egiteko. Hain zuzen ere, orain wikipedian proiektu handi bat dago, hezkuntza proiektua. Unibertsitateko ikasleak ari dira hainbat artikulu idazten, hainbat artikulu osatzen, eta wikinagusi hauen beharra dago gazteek egiten duten ekarpen hori biribiltzeko edo zuzenketatxoak egiteko. Eta ez da erreza jakitea nola egin behar diren zuzenketa horiek. Horixe irakasten dugu eta oso inportantea da guretzat talde ekintza bezala planteatzea. Denon artean eta babes horrekin askoz errazagoa da lan egitea: kezkak partekatu ditzakegu eta proiektu berriak sortzeko gune egokiak izaten dira.

Nola doa orain arte?
Hemen hamar pertsona bildu gara eta uste dugu aurreragoko hazia izango dela. Beste bilera bat egingo dugu Eibarren udazkenean honi jarraipena emateko. Hala ere, bildu garenak oso indartsu etorri dira.

Azken helburua zein izango zen?
Azken helburua gaurko saiorako da bakoitzak jakitea nola egin wikipediako artikulu batean zuzenketa txiki bat, puntuazio marka, hitz bat aldatu, esaldi bat sortu… Hori batetik, eta beste aldetik, hau denak adituak dira biologian, kazetaritzan, fisikan, informatikan… Euskal wikipedian hutsuneak non dauden ikusi nahi dugu; alor horietan gero unibertsitateko irakasle, ikasle horiek hutsune horiek bete ditzaten zirikatzeko.


Jazinto Iturbe Barrenetxea (Wikinagusia tailerreko partehartzailea)

Jazinto Iturbe.

Zerk ekarri zaitu wikinagusi lantegira?
Lagun batzuk daude proiektu horretan lanean eta orduan beraiek konbentzitu egin naute hona etortzeko.

Eta behin hona etorrita zelako esperientzia izaten ari da?
Egiatan oso interesgarria. Guk bagenekien hor wikipedia badagoela, baina bertan parte hartzeko sakontasuna behar genuen eta hori lortzera etorri gara. Benetan lantegi oso interesgarria da.

Lagun baten deia esan duzu, baina lagun horrek ez zaituzte kasualitatez aukeratu...
Etorri garenok batzuk behintzat jadanik erretiroa edo erretreta hartuta daukagu eta pentsatu izan dute guk daukagun esperientzia baliagarria izan daitekeela beste batzuk egiten dutena osatzeko. Lanean jarri gura gaituzte.

Eta gogoa sartzen da?
Bai, bai. Tentazioa oso handia da. Kontua da ea tentazioan jausten garen ala ez garen jausten. Ideia oso polita da eta pentsatzen dut merezi duela horretan lan egiteak.


Marion Lastiri (Wikinagusi tailerreko partehartzailea)

Marion Lastiria.

Zerk ekarri zaitu ikastaro honetara?
Kuriositateak. Hor ari naiz wikinagusi lantegian. Ari gara ikusten nola garatu edo nola horretan sartu Iparraldean, bereziki euskal kulturari dagokionez. Iparraldeko euskal kulturari dagokionez. Beraz, ikasteko, ikusteko zer den… eta gero ikusiko dugu nola antolatuko garen hemen proiektu horretan ibiltzeko.

Eta oraingoz zer nolako esperientzia izaten ari da?
Ontsa. Biziki parte-hartzailea, biziki interesgarria, eta biziki argia. Zeren eta hor ari dira numerikoaz eta zaila izaten ahal da batzuetan. Biziki ontsa pasatzen da. Denak ari dira ekartzen gure ikuspuntua edo nola ari izan garen edo ez. Bai, bai. Biziki interesgarria eta biziki parte-hartzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude