Naroa Gorostiaga: “Euskararekin lan egiten duten profesionalek behar dituzte nolabaiteko segurtamenak eskuratu”

UEUren Baionako Udako Ikastaroen barruan bigarrenez antolatu du Euskararen Erakunde Publikoak Euskara gaitasuna lantzeko tailerra. Atzo egin zuten saioa eta amaieran Naroa Gorostiaga Barriola ikastaroaren arduradunarekin izan ginen. Euskararen Erakunde Publikoko hizkuntza kargudunetako bat da bera.

Euskararen Erakunde Publikoa eta UEU bigarrenez elkarlanean. Zer esan nahi du elkarlan horrek?
Joan den urtean abiatu genuen prestakuntza edo formazio ikastaro saio hau eskaera handia genuelako. Iparraldeko euskarazko profesionalek hainbat zalantza zituzten hizkuntzari buruz. Euskararen Erakunde Publikoak berez badu hitzarmena Euskaltzaindiarekin adostua eta bertan elkarrekin hizkuntza jazoari buruzko prestakuntzak profesionalentzako antolatzea ere adostua genuen. Afera zen dena guk egitea pixka bat konplikatua zela eta UEUren aukera hor izanik, joan den urtean erran genuen hau publiko zabalari irekitzen ahal diogu. Berezikiago profesionalei, hizkuntzaren kezka eta hobekuntzaren arrangura dutenei, proposatuko diegu bertaratzea; eta 30 bat pertsonak parte hartu zuten eta biziki pozik. Aurten berriz ere 20 bat etorri dira. Eta uste dut informazio gehiago zabaldu bagenu jende gehiago etorri zela. Izan ere, azken unean ere batzuk etorri dira. Eta oso ongi. Azkenean iazko segida egin dugu goizarekin. Antton Harignordoquyk segitu du nolabait frantsesaren kalkoek eragindako zalantzak argitzeko zerrenda bat lantzen eta bereziki jendeari erreferentziak ematen zalantzak zituzten unean nora jo zezaketen zalantza horiek argitzeko. Puntualki gauza hau hola da edo beste hau gomendatzen da, baina gero zalantza baldin badut non atzeman dezaket jarraipena. Eta iaz Euskaltzaindiatik euskaltzain urgazle zen Miren Urkiak Euskaltzaindiaren hiztegia aurkeztu zigun bezala, aurten gehiago ortotipografiarekin aritu gara. Eta hor Alfontso Mujikak egin digu ortotipografiako saioa arratsaldean. Laburra, baina trinkoa eta oso aberatsa. Oso interesgarria izan da eta jendeak galdera asko ditu eta hor ere gauza bera, berak eman digu erantzun zerrenda bat, baina gero zalantzak argitzeko iturriak non atzeman daitezkeen eta profesionalek gero inguruan ere iturriak eta tresnak non dituzten jakin dezaten.

Zuk aipatu duzu. Harrera ikusita ikusten da beharrizana bazegoela…
Bai, bai. Profesionalek azkenean egunerokoan, euskararekin lan egiten dutenek, behar dituzte nolabaiteko segurtamenak eskuratu. Ez dakigu gaur lortu dituzten. Beharbada galdera gehiagorekin atera dira. Baina behintzat nondik nora jo, hori bai eta, gainera, ikusi dugu arlo desberdinetako jendea bazela. Bai itzultzaileak, irakasleak, ikasmaterialen arloan lan egiten duen jendea ere bai, eta gero beste batzuk ez dakit lanbidez zertan ari diren. Jendeak interesa bazuen. Eta goizean agertu dira galderak batzuk, arratsaldean erantzun dira beste batzuk, eta oso aberatsa izan da interakzioa ere izan delako bi saioen artean. Eta beraz UEUri esker lortzen dugu jendearengana heltzea eta gero jendeak izen ematea, hemen egun gozo bat pasatzea. Ikusiko dugu jarraipena beharko den ala ez. Gaurkoaz pozik, egin dugunarekin.

Nola ikusten duzu berreskuratu izana barnetegia berriro ere eta horrenbeste jende berton biltzea?
Tokia bikaina da, denek hemen bat egitea. Bai bazkaria ere jendearekin hitz egiteko. Ikusteko beste ikastaroetakoak zertan ari diren, eta gero ere erosotasuna ematen du gelen aldetik eta dena bertan izatea. Gero ez dakit ikastaro honetakoak beste egunetan geldituko diren, hemen lo egingo duten. Ez dakit, baina pentsatzen dut denentzat ere askoz erosoagoa dela.

Eta ikastarora bueltatuz. Hirugarren bat beharko da?
Ikusiko dugu. 2018koa egina da eta ikusiko dugu jendeak zer dion, zein mamirekin eman diezaiokegun jarraipena. Ikusiko dugu Euskaltzaindiak heldu den udazkenean aterako du euskararen esku liburua eta beharbada hari horri tiraka ikusiko dugu. Baina goizegi da hortaz mintzatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude