Elizabeth Olaskoaga: “Esparru gutxi dagoenez gauza hauetaz hitz egiteko, beti aberastuta ateratzen zara”

UEUren Eibarko Udako ikastaroen barruan “Sexuaren eraikuntza norberarengandik” izeneko ikastaroa izan da atzo eta gaur. Iñaki Dorronsoro Maioz UEUko sexologia sailburuarekin eta Hirusta kolektiboko Elizabeth Olaskoaga Ezeiza UEUkidearekin izan gara.

Sexualitatearen inguruko beharrezko kontzeptu batzuk ulertzea, argitzea da ikastaroaren helburuetako bat. Zein kontzeptuez ari gara?
Iñaki Dorronsoro: Lehenengo eta behin definizioa bera izango da. Zertaz ari garen. Zer da sexua? Zer da sexualitatea? Diferentziatu gauza bakoitza. Hasteko hori behintzat uste dut inportantea dela. Hortik zer gehiago sakontzen hasterako, oinarri oinarri oinarrizkoa zertaz ari garen hitz egitea.

Elizabeth Olaskoaga: Uste dut ez zaiola garrantzia handia eman definizioari. Gaur egun etiketa asko dago, izen asko agertzen dira. Denetarik agertzen da. Etiketa horiek ez gara saiatzen aztertzen zer den bakoitza. Gehiago oinarritzen gara norbere bizipenetan eta zer den bere beharra, zer den gustatuko litzaiokeena lantzea. Zer gertatzen den gure gorputzarekin, gizarte honek transmititu izan digunak balio digun ala ez… Hortik enfokatu dugu gehiago. Eta lan pertsonala. Zer egin nahiko genuke edo zer gustatuko litzaiguke hobetzea.

Norbere eraikuntza aipatze zenuten. Nondik abiatu beharko genuke? Zein da abiapuntua?
E.O: Lehenengo eta behin azterketa. Gizartean gertatzen dena, nola heziak izan garen aztertu dugu baita ere. Eta hortik bakoitza nola ahal duen eraiki berea.

I.D: Gaur bertan juntatu gara pertsona batzuk eta ikusten duzu haien bizipen sexuala, nolabait biografia sexuala erabat anitza dela. Oso-oso desberdinak. Eta bai interesgarria da ikustea nondik etorri garen. Prozesu hori guztia ikusteko nola eraikia izan den, deseraikitzeko eta gero hortik norbera nola sentitzen den, nola sentitu nahi lukeen…

Oraindik ezjakintasuna, desinformazioa, mitoak, beldurrak gailentzen dira?
E.O: Bai, tabu handia dago oraindik. Eta hori bai agertu da. Jaso dugun heziketa tabutik datorrela. Oso informazio gutxi eman digute eta oso gutxitan erakutsi digute. Eta zer den plazera eta zer esperimentatzea? Gure gorputza ezagutzea, onartzea. Aniztasun hori askotan horregatik ez da ikusten gure gizartean. Eta dirudi denok, normalak, berdinak eta sexualitate oso antzeko a eduki behar dugula. Eta hori ez da erreala.

Hezkuntzan, hezkidetza arloan, batzuetan badirudi aurrera ordez atzeraka goazela. Nola dago egoera sexu hezkuntzan?
E.O
: Gaur egun ikusita baita ere genero indarkeria-eta…Aste honetan lau emakume bost egunetan hil dituzte eta esaten duzu, dirudi atzeraka goazela. Ez dut uste hain erreala denik. Uste dut gazte askok baita ere aldaketa bat nahi dutela. Ikusten dute gaur egungo eredu askok ez diela balio. Batzuetan erreferenteen falta daukagu eta horren bila gabiltza. Eta batzuetan kostata. Nola aurkitu, non aurkitu… Hanka sartzen dugu. Berriro atzera, berriro aurrera. Baina nik uste dut gazte asko gaur egun balio handikoak direla eta aldaketaren bila dabiltzala.

Ikastaroa antolatzerakoan orduan zein zen zuen helburua?
I.D:
Lehenengo eta behin, nirea pertsonala, ematea jendeari aukera bat gure dimentsio oso bat den sexu mundu horretan pixka bat sartzeko. Nik badakit neroni kosta zaidala eta ikuspegi horretatik zen. Nola erraztu jendeari nik egin dudan bide hori. Nire lehenengotako helburua hori zen.

E.O: Baita ere nik uste dut helburu bat beti planteatzen dudana da hau hartu eman bat dela. Ni ez naiz irakaslea eta ez nator hona erakusteko. Nik bakarrik ahal dut nirea irakatsi, eta nik asko ikasten dut besteek partekatzen dutenean bidea. Eta nola esparru gutxi dagoen gauza hauetaz hitz egiteko, hemendik ateratzen zara beti aberastuta. Beste esperientziak entzuten dituzulako, tartekatzen direlako, partekatzen dira eta… Hartu-eman bat dela.

Beharbada falta dena gai hauetaz hitz egiteko espazio gehiago da?
E.O
: Bai. Gaur ikastaroan hasieratik gehienek komentatu dute zein formazio gutxi izan duten. Etxean ez dela hitz egiten. Gurasoek ez dugula erakusten. Guri ez digute erakutsi, baina guk askotan errepikatzen dugu eta gure seme-alabekin jarraitzen dugu isilpean. Ez dakigu zer esan, zein puntutara arte esan behar dugun. Errepikatzen dugula hori. Eta behar hori sentitzen da eta sumatzen da.

Zerbait gehiago gaurko ikastarotik?
I.D:
Esan oso-oso interesgarria izan dela. Jendea oso parte-hartzailea izan da. Gu geu asko ikasita atera gara. Oraindik ez da bukatu eta, beraz, oraindik gehiago dago ikasteko. Espero gaur etorri direnek eta bihar etorriko direnek baita ere ikasi izana. Aberastuta atera izana haiek ere. Eta espero dugu horrekin behintzat pixkanaka pixkanaka ikasten joango direla.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude