Imanol Esnaola: “Arnasguneak gure herriak behar duen osagai garrantzitsu baten eragile bihurtu dira: profesional talentudunak eta konprometituak”

“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera” jardunaldia egingo da Azpeitian urriaren 10ean. Gai hau lantzen duen laugarren aldia izango da, eta oraingoan lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dira. Tartean tokiko garapenaren eta hizkuntzaren gaineko mahai ingurua izango da. Imanol Esnaola Arbiza Gaindegiako koordinatzailea gidari dela.

Tokiko garapena eta hizkuntza aztertuko dituzue mahai inguruan. Zein ikuspuntutatik aztertuko duzue gaia?
Arnasguneek organizazio eta profesional ezagunak eman dituzte. Arnasguneak gure herriak behar duen osagai garrantzitsu baten eragile bihurtu dira: profesional talentudunak eta konprometituak; baina ekarpen hori ez da aitortzen. Gauzak horrela, azalera atera nahi dugu alderdi hori. Izan ere, etorkizunari begira, tokiko garapen egitasmoetan arnasguneek arreta berezia jaso beharko dute, lurralde estrategia sozioekonomikoa eraginkorra izan dadin.

Zer da landuko duzuena? Zein helbururekin?
Ardura profesional handiko hiru pertsona jarriko ditugu elkarrizketan, hirurak ere komunikazio sozialarekin lotutako eginkizuna dutenak. Bakoitzari bere esperientziaren inguruan galdegingo diogu; besteak beste, azalaraziz bere egitekoaren garrantzia eta euskal hiztun kontziente moduan egin izanaren onurak eta zailtasunak. Eginkizun horiek euskal hiztun osoek bete izana balioan jartzeaz gain, arnasguneentzat talentua lantzeak dakarkeen onura (tokiko garapen egitasmoentzat onura) azpimarratuko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude