Angel Bidaurrazaga: “Nabaria da ikerketa talde askotan euskara laborategietako lan hizkuntza dela, baina arlo klinikoan euskalduntzea hastapenetan dago”

Osasun-zientzietako Ikertzaileen III. Topaketak izango dira datorren urriaren 25ean Eibarren. Angel Bidaurrazaga Vandierdonck UPV/EHUko Medikuntza eta erizaintzako anatomiako irakaslea da Batzorde Antolatzaileko kideetako bat da. Topaketan izena emateko epea amaitzear da.

Hirugarren topaketa da aurtengoa. Hasierako helburu berak mantentzen dira? Zer aldatu da urte hauetan guztietan?
Hasierako helburu nagusiek -osasun arloko ikerketa lerroak ezagutzea eta euskaldunen arteko harreman sare bat lortzea- noski jarraitzen dutela. 2010eko maiatzaren 28tik hona hasierako sare horretatik orain osasun zientzietako aldizkari bat dugu, beste arlo batzuetako topaketak (matematikariak, fisikariak, historialariak,…) ugaritu egin dira eta Ikergazte biltzar bi egin dira. Beraz, euskaraz egiten den zientziaren esparrua zabaldu da, zorionez.

Ikerketa klinikoari ere lekua egin nahi izan diozue. Zein beharrizan ikusten dituzue arlo horretan?
Gure komunikazioetako iturri nagusia oinarrizko zientzietako ikerlariak dira, baina arlo klinikoetan egiten diren ikerkuntzei agertoki bat eman nahi izan diegu. Oraingoz ez da guk nahi izango genukeen guztia, klinikoetan dauden arazo ugariengatik, beste batzuen artean arlo horretako euskalduntzea hastapenetan dagoelako.

Horren harira Osagaiz aldizkariak ere izango du bere protagonismoa. Zer ekarri du Osagaizek? Zein ekarpen egin du?
Bi urteren buruan osasun zientzietako aldizkari bat, Osagaiz, ateratzea sekulako aurre pausu bat da. Ohiko zenbakiaz gain, topaketako laburpenekin beste ale berezi bat argitaratuko du; aurtengo OEE (Osasuna euskalduntzeko erakundea) 29 biltzarrarekin egin duen moduan. Urte osoan zehar erreferentzia berri hau izatea urte askotako azpilanen fruitua da.

Ikertzaileen arteko harremanak bultzatzea helburu izanik, topaketetako metodologiari berari ere garrantzi handia eman diozue
Bai, gure formatuak, hau da hitzaldi laburrak eta hitz egiteko tarte erosoak (kafea eta mokadua) egoteak elkar ezagutzarako eta berriketarako aukera ematen du. Sinergia eta ideia berrietarako gunea lortu nahi dugu eta ikusten denez jendeari gustatu zaio asmoa. Askotan esaten da bakoitza bere zulotxoan ari dela eta auzokoen berri ez dugula, bada hori saihesteko Topaketa hauek ditugu.

Besteak beste, medikuntzako graduazioan urterokoak dira euskaraz ikasi eta lan egiteko aldarrikapenak. Unibertsitate mailan, osasun-zientzietan, nola ikusten duzue euskararen egoera?
Argi dago fakultateko elementu batzuengatik ez dela guztiz burutu euskalduntzea, baina oztopo horiekin bukatzekotan gaude. Beste kontu bat da Osasunean euskara lan hizkuntza bihurtzea.  Topaketetan nabaria da ikerketa talde askotan euskara laborategietako lan hizkuntza dela, 30 urtetan unibertsitatearen euskalduntzean izandako lorpenengatik; bide batez UEUk (eta bere kideek) horretan erantzukizun handia izan dute. Goian aipatu bezala ziklo aurre klinikoan normalizazio bidean gaude, baina arlo klinikoan ez hainbeste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude