Cultura vasca vs. euskal kultura (II)

Pako Sudupe

Aurreko astean Ibai Iztueta Azurmendik idatzitako “Cultura vasca vs. euskal kultura” (Utriusque Vasconiae, Donostia, 2015),  liburuaren aipamenaren lehen atala argitaratu genuen, gaurkoan gure asmoa da hasitakoari jarraipena ematea lan horren lagin batzuk aurkeztea eta irakurtzea gomendatzea.

Aurrekoan azaldu genuen asertibitate eta betoaren ideiekin batera landu beharra ikusten duela Ibai Iztuetak.

Asertibitatearen diskurtsoak, bi dimentsio ditu; batetik, herri dimentsioa, herri izaeran oinarriturik euskararen erabilerari ematen dio bultzada, eta, bestetik, gizarte mailan, euskararen ezagutza orokorraren, unibertsalizazioaren eskaera normalizatzen du; eta, betoari buruzko diskurtsoak agerian utziko luke euskaraz ez jakiteko eskubidea aldarrikatzea ez dela norbanakoaren eskubide bat aldarrikatzea, baizik eta auzo dugun hiritarrak euskaraz egitearen aurkako betoa ezartzea, hau da, euskaraz egin nahi duen auzoarekiko gutxiespen jarrera mantentzea.

Ibai Iztueta “Cultura vasca vs. euskal kultura” liburuaren egilea. (Argazkia: Deia)
Ibai Iztueta “Cultura vasca vs. euskal kultura” liburuaren egilea. (Argazkia: Deia)

Euskaraz egitearen aurkako betoa

Liburuaren VI. atal giltzarria iruzkintzen jarraitzen dugu. Herria eta gizartearen arteko bereizketa aipatu aurretik, euskaraz egitearen aurkako betoarena aipatu nahi dut, nahiz eta liburuaren ordena aldatzen dudan horrela jokaturik.

Delako betoaren ideia hori adibide konkretu batekin ilustratzeko irakaskuntzako hiru ereduak dakartza hizpidera. Jakinda D eredua dela bakarra hein nabarmen batean euskararen ezagutza bermatzen duena –3tik bi kasutan, hortxe nonbait; ez osorik, halere–: dio arduradun politiko abertzaleen erantzukizuna dela Euskal Herriko alderdi espainolistei eskatzea balio demokratiko eta zibikoen izenean euren soziologiaren artean D ereduaren aldeko mezua zabaltzeko, eta euskalduntzea bermatzen ez duten ereduen aurka azaltzeko: “Bada ordua, beraz, “euskara ez ezagutzeko askatasuna” delako marko inposatzailea haizatzen duten diskurtsoei presio egin eta “hizkuntzaren erabilera bermatzeko askatasuna” sozializatzen hastekoa”.

Garbi utzi nahi du gizarte elebidunean, norbanakoak askatasuna duela erabiliko duen hizkuntza aukeratzeko, baina inondik ere ez gizarteko hizkuntza bat ezagutzeari uko egiteko; azken hori bizikidetzari irain egitea baita, balizko solaskideari hizkuntza hori erabiltzeko askatasuna kentzea.

Hori guztia –deigarria gertatzen zaigu– oin-ohar batean garatzen du –70. oin-oharra, 204-205 orr.–. Niri testuaren gorputz nagusian sartzekoa iruditzen zait, eta horregatik ezarri dut hemen, eta liburuaren ordena testuala aldatu. Eskaera hori oin-oharrera baztertzearen arrazoia zein ote? Debaldetan izango dela uste duelako?, gogorregia iritzi diolako?

Herria eta gizartearen arteko bereizketa

Argitze ideologikoaren atal berarekin jarraitzen dugu. Nola bereiz litezke biak gurean? Testua oso garbi mintzo da:

Kontuan hartu behar da Euskal Herria deritzogun lurraldean bizi den populazioa herri eta gizarte ezberdinetan dagoela banatua. Hala, hitz batean, zenbat administrazio eremu, hainbat gizarte: Bidasoaz alde batera zein bestera bereizirik, espainiar eta frantziar gizarteetan zatitua dago Euskal Herriko populazioa; era berean, eremu administratibo partikular ezberdinen baitako dinamika propioetan garatzen da, hau da, Euskal Autonomi Erkidegoaren, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Pirinio Atlantiarraren Departamentuaren baitan.

Bestalde, herri atxikipen edo sentimendu nazionalak ere hiru grabitate zentruren inguruan banatzen dira, zeinaren arabera, bere burua euskal herritartzat, espainoltzat, frantsestzat dauzkatenak aurkitzen baitira. (…)

Testuinguru honetan Euskal Herria menperatua dagoen herria da bizi deneko gizarteari loturiko ezein erabaki politikoren gaineko azken hitza espainiar eta frantses herriei dagokielako. Honela, estatu arrotzen politikei subordinaturik dagoen heinean, ez da bere hizkuntzan adierazitako kultur bizitza askatasunez erreproduzitzeko gai: minorizazioak, presio asimilatzaileak eta harekiko erresistentziak ezaugarritzen du.

Beste puntu hau beherago hizkuntzei buruz adierazten duenarekin lotu behar da:

Beraz, Euskal Herriko hiritarrak eta euskal herritarrak bereizi behar dira. Euskal Herriko hiritarrak Euskal Herrian bizi diren horiek guztiak ditugu, euren herri atxikipena edo sentimendua zeinahi delarik ere; euskal herritarra, berriz, jatorria nahiz hizkuntza zeinahi duelarik ere, bere burua euskal herritartzat baino jotzen ez duena da, herritartasun hori espainiartasunari eta frantsestasunari subordinatu gabe, ez esplizituki ez inplizituki.

Herri ikuspegiari soilik heldu eta gizartearen parte garela ahazteak, Euskal Herria bezalako lurralde batean nahasten diren ibilbide eta esperientzia pertsonal ugariak kontuan ez hartzera eraman gaitzake, norberarenak ez diren herri atxikipenak ez errekonozitu eta herri ezberdin horiekiko harremana kudeatzeko desafioari ezikusiarena egitera eta, are, arbuioa elikatzera. Gizarte klabeak, hala, munduko hainbat bazterretatik iritsitako etorkinen integrazioaren auziaz eta ezberdinen arteko elkarbizitzak gogoeta egiteko modua ematen digu. Integrazioa, funtsean, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin berdintzen da.

Aitzitik, Euskal Herriko testuinguruan, gizarte ikuspegiari soilik heldu eta herri kontzeptua baztertzeak euskal kultura, praktikan, kultura estatalaren baitako subkultura autonomikoen baitako subkulturatzat tratatzea dakar. Hau da, herri kontzeptuari uko eginez gero, euskarazko adierazpena hiritarraren arazo edo hautu indibidual izatera lerratzen da berez, edota, gehienez ere, gizarteko komunitate baten adierazpen apolitiko eta estetiko partikularra, estatuak promozionaturiko kultur adierazpen publiko zein pribatuen normaltasunarekin edota hegemoniarekin nahastu ezin dena” (183).

Hizkuntzak herrienak izaten dira, eta era berean gizarteetakoak (Honetaz ari nintzen goragoko oharrean):

Hala, adibidez, espainola Bidasoaz mendebalderako Euskal Herriko gizarteko hizkuntza hegemonikoa da. Euskal Herriko gizartekoa da, baina espainolen hizkuntza da, ez “euskaldunena”. Eta beste hainbeste esan liteke frantsesaz Bidasoaz ekialdera. Hizkuntza hauek Euskal Herriko gizarteetakoak dira, baina ez dira “euskaldunen” taldearenak, nahiz eta askok eta askok beste hizkuntzarik ezagutu ez: menderakuntza harremanetan ohikoa denez, menderatuen taldeak berea ez den hizkuntza hartzen du eta berea dena, berriz, utzi.

Euskal Herriaren arazoa izan da espainolaren eta frantsesaren presioz euskarak gizarteko transmisio hizkuntza izateari utzi diola eta, ondorioz, euskal herritarrek eurena ez den hizkuntza –erdara– baliatu behar izan dutela. Erronka, beraz, bikoitza da, euskara gizarteKOA eta herriaRENA bihurtzea. Horretarako “euskaldunek” euren hizkuntza ezagutu eta erabili egin behar dute; espainol edota frantses herritar sentitzen den populazioak, berriz, gutxienez, ezagutu, gizarte mailako erabilera ez eragozteko.” (188-189).

Atala burutan ateratzeko, gogoeta interesgarri hauek paratzen ditu:

“Hizkuntzen gaiari dagokionez, uste dugu beharrezkoa dela abertzaleen arteko elkarrizketaren izaera eta, bestetik, abertzaleen eta nazionalista espainol/frantsesen arteko elkarrizketarena bereiztea, loturarik baduten arren, izaera ezberdinekoak direlako. Gure ikuspegiaren arabera, abertzaleen eta nazionalista espainol/frantsesen arteko elkarrizketa gizarte bizitzaren esparruan garatu behar da. Herri sentsibilitate ezberdinen arteko bizikidetza gogoa izango luke ardatz eta horretarako, noski, ezinbestekoa gertatzen da –bestearen– hizkuntzaren ezagutza.

Abertzaleen arteko elkarrizketa, berriz, herri bizitzaren mailan da ematekoa, eta hemen gogoeta gai izango litzateke herri nortasunaren eta hizkuntzaren erabileraren arteko harremana edo, beste era batera esanda, hizkuntzaren erabileraren eta herri nortasunaren arteko harremana.

Bere burua abertzaletzat dutenek, aukera izanik, euskararik erabiltzen ez badute, itxuragabea iruditzen zaigu abertzale ez direnei euskaraz ikasteko eta, are, euskara erabiltzeko eskatzea. Nola eskatu besteri norberak egiten ez duena? Lehena bete ezean, nekez beteko da bigarrena.(…) abertzaleen euskararen erabilerak ekarri du eta ekarriko du, elkarbizitzaren izenean, bere burua abertzaletzat ez daukan jendearen artean, euskararen ezagutza. Eta horregatik dauka abertzaleen hizkuntza erabileraren demak lehentasuna” (215).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude