Euskaldunak atzerritarrak?

    Lagun batek esan zidan euskaraz jarduteak arrotz egiten gaituela, erdaldunek atzerritar gisa hartzen gaituztela, alegia. Une hartan ez nion ezer esan. Alde batetik, orain dela 50 urteko eztabaidak gogaitzen nauelako eta, bestetik, begien bistakoa behin eta berriz azaldu behar izatea zaila eta oso nekeza delako. Eztabaida antzuetan baino nahiago denbora eta gogoa idazteari ematea.

    Aurten Txillardegi izan da Euskararen Nazioarteko Egunaren izarra Jaurlaritzaren ospakizunetan.Ondo dago. Kontua da, BERRIA egunkariak 2014ko irailaren 30ean idatzi zuena: Euskara Batua abiatu zuen maluta, urriaren 1, 2, 3 eta 4, Astegunak hasi zireneko urtea, Batasunari putz egin ziotenak, H bonba eta Euskara, eskuara, euskera eta abarrak. Gerora, ez dakigu zeini otu zaion esatea Euskara Batuaren 50. urteurrena zela eta Jaurlaritzak hor izan gintuen, abenduaren 3an Lehendakaritzan, euskara batua gora eta euskara batua behera.

    Lagunaren gogoetaren abiapuntua hauxe da: euskaldunak arrotzak gara erdaldunentzat. Horregatik, esaten zuen, ez badugu nahi atzerritar gisa har gaitzaten espainolez hitz egin behar dugu. Franko politikari euskaldunek pentsatzen du horrela, gehienek esango nuke. Horregatik esaten digute politikari euskaldunok erdaraz, edo erdaraz ere, kasurako berdin dio, egin behar dugula.

    Txillardegik, hil eta hiru urteetara, lortu du bere bizitza osoan izan ez zuen aitorpena. Zalantzan gaude aitorpen zintzoa izan ote den baina, azken buru, aitorpena izan da. Ez pentsa, hizkuntza politikako arduradunek jarrera aldatu dutenik, ezta urrik ere! Betiko jarrera itxiari eusten baitiote. Abenduaren hiruan Txillardegiren irudia erakutsi eta bere aipuak egin zituzten, baina ekitaldi berean Luis Mitxelenaren hitz zaharkituak erabili zituzten Jose Luis Alvarezen ideien aurka jotzeko. Mitxelenaren bost idazlanetatik pasarte aukeratuak nahieran nahastu zituzten euren komenientzien arabera. Ez da bat ere dotorea izan, kortesia maila txikiena urratu dute eta. Elebitasunaren defentsa egiteko Mitxelenaren eta Karlos Santamariaren arteko eztabaidatik atera zuten: diglosiaren purgatoriotik ihesean goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Horrela esan zion Mitxelenak Santamariari Jakin aldizkarian argitaratutakoaren arabera.

Euskara Batuaren bultzagilea

    Urte latzak izan ziren hirurogei hamarraldikoak. Euskararen batasunaren aldeko borroka latza izan zen, hizkuntzaren borroka esker txarrekoa da-eta. Alderdi horretan gauzak ez dira asko aldatu. Oraindik orain, dogmatiko, taliban, maximalista eta antzeko birao edo okerragoak entzun behar ditugu aldi oro. Euskararen batasuna lortzea ez zen erraza izan. Orain euskara estandarra guztiona da, horrela izan behar du gainera. Hori, besteak beste, Txillardegiren lorpena da: Euskara Batua guztiona izatea.

    Lan gogorra egin behar izan dugu euskararen batasuna lortzeko eta euskara batua zabaltzeko. Orain, euskararen normalizazioaren bila urrats berriak egin behar ditugu, batez ere hizkuntzaren erabilera.

    Demagun lagunak esan zidana onartzen dugula, demagun arrazoi daukatela eta politikari euskaldunok erdaraz (ere) egin behar dugula gure mezua erdaldunengana iritsi dadin. Hori horrela, axioma horren ondorioak garbiak, sinpleak eta ukaezinak dira:

  1. Euskaraz dihardugun politikariok tokirik ez dugula oraingo politikagintzan
  2. Politikari erdaldunak balio anitzeko politikariak dira berdin hitz baitiezaieke erdaldunei zein euskaldunei.
  3. Euskaraz jarduteak ez du balio herritar guztiengana iristeko, balio mugatukoa da, beraz.
  4. Euskara, bada, hizkuntza gutxitua dela onartu behar dugu.

    Badakit jakin, erdaraz (ere) egin behar dugula defendatzen duten lagunak haserretu zaizkidala eta suhar eta zintzoki ukatuko dutela haiek horrelakorik pentsatzen dutenik ere. Sinetsi nahi diet, benetan, baina sinesmenak jarduera politikoen zioetan badaude ere, politikagintzaren ondorioak eta politikarien sinesmenak kasu gehienetan ez datoz bat.

    Euskaraz dihardugunok, oro har, managaitzak gara. Mugetatik at edo bazterrean dihardugulako. Kasurik onenean ikurra edo sinboloa izan gaitezke: sinpatikoak batzuentzat, itxiak eta intoleranteak bestetzuentzat. Halere, ez da hori gure xedea. Euskaraz egiten dugu euskararen normalizazioa lortzeko ezinbestekoa delako. Euskal Herria askearen alde jardun nahi dugu erdaraz (ere) egiten duten adiskideen ondoan baina euskaraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude