Hauteskunde biharamunak

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2011-05-25 12:17

Kanpainan zehar ez dut ezer idatzi hemen, baina gaurkoan hauteskundeen emaitzei buruz aritu nahiko nuke. Oraindik alderdiak emaitzen liseriketa egiten ari diren arren, badoaz kontuak pixkanaka argitzen, eta ondorio batzuk atera genitzake honezkero.

Lehen puntu bezala, aipatu daiteke kanpaina inoiz ez bezalako normaltasunez (nik neuk gogoratzen dudala behinik behin) egin ahal izan dutela alderdi politikoek, eta, nahiz eta gaur-gaurkoz Sortu legez kanpokoa izan, joera politiko horretako jendeak beste aukera baten alde egin du kanpaina (Bildu). Bilduren inguruko sasi-epaiketa horiei buruz aurreko idatzietan agertu dut nire iritzia, eta hemen ez dut ezer berririk esango. Beraz, emaitzen ingurukoak aztertzera mugatuko naiz.

Euskal Autonomia Erkidegoari bagagozkio, hauteskundeok garaile argi bi izan dituzte (maila berean izan ez arren): Euzko Alderdi Jeltzalea eta, batez ere, Bildu. Lehenengoak boto kopuru handiena jaso du (333.000 boto baino gehiago), eta alderdi garrantzitsuena izaten jarraitzen du Bizkaian eta Bilbon (azken honetan erabateko gehiengoa lortuta). Dena den, inkesta batzuek Gipuzkoan eta Araban ere alderdi bozkatuena izango zela zioten, baina horrelakorik ez da gertatu; horietan bigarren alderdia izan da, Gipuzkoan, batez ere, lehenengo alderdiarekiko distantzia handiarekin.

Bilduk, bere aldetik, aurreikuspen guztiak gainditzea lortu du. Gipuzkoan alderdi bozkatuena izan zitekeela nabari zen, baina ez dut uste inork pentsatuko zuenik Batzar Nagusietan 8 eserlekuko aldea aterako zionik EAJri. Donostiako Udalean ere Bildu izango da talderik handiena, ustez garaitezina zen Odon Elorzari aurrera hartu ondoren. Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan ere ustegabeko emaitza onak eskuratu ditu, eta zer esanik ez hainbat eta hainbat udaletan.

Bilduren emaitzek euskal abertzaletasunaren sinplifikazioa ekarri dutela dirudi. Zentzu horretan, bi taldetan bereizten da, tradizionalki ezker abertzalea eta nazionalismo historikoa edo instituzionala deiturikoetan. Aralarrek, bi polo horien artean, bere lekua aurkitu nahian parte hartu du hauteskundeetan, baina jokaldia ez zaio uste bezala atera. Emaitza kaxkarrak izan ditu, Gipuzkoan eserleku bakarra lortu eta Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietatik eta udaletxe nagusienetatik kanpo gelditu da. Orain 10 urte hasitako bidea bere helmugara heldu dela dirudi, ezker abertzale zibil eta demokratikoa hor baitago, baina harrigarria iruditzen zait Aralar (horretan bide urratzaile izan dena hamarkada honetan) hor ez izatea. Gatazkak egongo dira Aralarren eta Bilduko kideen artean, harremanak ez dira errazak izango, eta gerturatze lana gogorra izango da oraindik, baina ez dut beste biderik ikusten. Ez Aralar desagertuko delako (2003ko hauteskundeen parera bueltatu da gutxi gorabehera, kontuan izan 2007an Ezker Batuarekin aurkeztu zela), bere helburua bete duelako baizik. Bakarrik hasi zuen bidea, ezker abertzalean birsortze demokratikoa lortu ahal izateko, eta hori aitortu behar zaiola uste dut. Baina etorkizun hurbilean Bildurekin elkarlana ez den beste aukera askorik ez diot ikusten.

Hauteskundeotako galtzaile nabarmena PSE da, inolako zalantzarik gabe. Estatu osoan bezala, EAEn eta Nafarroan ere beherakada nabarmena izan du. Hala, EAEn, boto kopuruari dagokionez, hirugarren alderdia da Batzar Nagusietan, eta hainbat udal galdu ditu edo galtzeko arrisku handia du, Donostia eta Gasteiz tartean. Krisialdi ekonomikoa izan daiteke arrazoietako bat (alderdiak berak adierazi duenez), baina, nire iritziz, emaitzek Patxi Lopezen jaurlaritzaren aurkako jarrera argia ere erakusten dute. Berme demokratiko gabe egin ziren 2009ko hauteskunde haietan PSE-PP itunak sortutako gobernuari abisu serioa eman zaiola iruditzen zait.

Ikusiko dugu nola osatzen diren erakundeak. Gako nagusia Gipuzkoako Aldundian eta Donostiako udalean dago, PPk eta PSEk edozein modutan Bilduk agintzea eragotzi nahi dutelako. Zer egingo ote du EAJk? Bilduren aurkako balizko blokeoak ez ote du sektore horren jarrera erradikalagoa bihurtuko? Ilegalizazio mehatxuaren aurka Bilduri botoa eman diotenak ez ote dira are gehiago ugarituko ukazioa besterik jasotzen ez dutela ikusita?

Beti bezala, hauteskundeek erantzunak baino galdera gehiago utzi dizkigute mahai gainean.


Utzi iruzkina: