Egia esateko modu berriak

17 azaroa, 2015

Ignacio Julià. Egia esateko modu berriak

Substantzia
likatsua, Mississippiko lohietatik lurrazalean sartzen dena lurrazpiko ozeanoak
alderik alde zeharkatzeko eta dei egiten zaion lekuan agertzeko –kasu honetan
Vigon–, bluesa da rock’n’rollaren unibertso barreiatu eta hondogabea biltzen
duen materia iluna. Eta hori ongi asko dakite Dixie Town taldeko kideek, senaz
eta eskarmentuz, eta orain arte kaleratutako diskoek hala erakusten dutelako;
horietan agerikoa da beruna platino bihurtzeko egindako ahalegina. Zuzeneko
taldea da, horixe baita musika horren sukaldea, bizitzatik edan behar du
benetako agertzeko, eta ez kopia baten gisa. Dixie Town taldeak jada 2014an
kaleratu zuen zuzeneko album bat (Burned Alive), eta orain beste jauzi
kualitatibo bat egin du estudioan grabatutako laugarren lan honekin (Same Old
Story). Hendrik Röeverrek ekoitzia da Kantabrian duen Guitar Town recordings
aterpean.

Betiko
istorioa izango da –edo betiko istorioak, bluesean, Testamentu Zaharrean
bezala, ur-aurkitzailearen gida bakunak baizik ez baitira kontakizunak, eta
ezker esku bateko hatzekin zenbatu daitezke–, baina hamalau gai hauek gustu
handiz ematen diote zabalkundea, Mississippi ibaiaren Deltako landa eremuko
blues arrimatutik hasi eta iparraldeko hirietako anaia txiki eta bihurri den
funk-ean amaituz, betiere pasioa jartzen eta sentimenduak urtzen aparta den
abeslari baten ahotsak sendoturik. Bai, lehenengo gaian, “Up”, gaztaroko Mick
Jaggerren oihartzunak jasotzen dituela ematen duen bera. Lagun onak ditu
aldamenean, nabari da. Instrumentista horiek zoruan dauzkate hankak eta
begirada gora jasoa dute, giroko hezetasuna itaxurretan gauzatzen den sabaiari
begira; sekzio erritmiko sendoa, lirika zimikatzen duen edo astun zarrastatzen
duen gitarra jotzailea, Hammond oliotsua.

Bigarren
gaian “Taste It” boogie-a ageri da bere izaera oldarkorrenarekin, baina Same
Old Story da era askotako jatekoak, ongailuak eta edari asegarriak biltzen
dituen jaia. Hirugarren gaian “Maybe” Dixie Town taldeaz jabetzen da gospelaren
espiritua, eta belauniko erortzen dira soilik besoak luzatuta haztatzen ari
diren berezko edertasunaren aurrean. Puntu horretatik aurrera, landa zabalera
irteten da albuma: “Down the Road” gaiak tituluak agintzen duena ematen du,
urruneko zerumugetaranzko trantsitu erabatekoa; “Useless Dog” gaia ukondoa
hamaika aldiz sartu duenaren eta beste aukerarik ez dagoela onartzen duenaren
balada goibela da; “Lighting Hopkins” gaiak omenaldia egiten dio “talking
blues” delakoaren izar handienetako eta aldi berean ahaztuenetako bati,
“Lost Peter’s Blues” gaiak erraz eta egokiro betetzen du Chicagoko
kanona, eta “No Regrets” gaiak paroxismo osasungarri bezain
intoxikatua eragiten du, ezta ZZ Top bizargile batengandik ihesi doala ere.

Bistan da Isaak Camposek
(teklatuak), Lucas Ferrándezek (bateria), Oscar Fontánek (baxua) eta Pepe
Ferrándezek (ahotsa eta gitarrak), Elmore James, Muddy Waters, Albert King,
Captain Beefheart, Rory Gallagher eta Grand Funk izan dituztela iturri nagusi.
Hala eta guztiz ere, bluesa ez da jakintza entziklopedikoa, oker daude
horretara mugatzen dutenak, izan ere, bizitzaren aurreko jarrera da,
adierazteko ahalegina. Eta bi kontu horietatik asko dute galiziar hauek.
Sintoniza itzazu zeure gogoan eta zure gorputza erritmoari jarraituko zaio.
Right on!

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com