Hautsezina

30 urtarrila, 2018

Kiskalezina. Ezpal horretakoa dugu Victor
Aneiros. Hamarraldi bat bete du Bluesaren sentimendua Rockaren indarrarekin
maisuki nahasten, artean atera dituen zortzi diskoetan sortzez berea duen
galegoa tartekatuz ingelesarekin eta gaztelaniarekin. Peninsulako zein Europako
jaialdi gehienetan azaldu da, ehunka emanaldi eskaini ditu, koherentziaz
beteriko karrera darama: ez dio menik egiten konpositore eta gitarrajole gisa
duakan birtuosismoari baino. Bere sustraiak eta poeta galiziarrek egindako letren
edertasunak hamabi konpaseko mundura ekarriz, promesa gauzatu bat dugu estatu
mailan. Victor Aneiros aitzindaria da bere generoan. 

 Un extraño entre la multitud (Jendetzaren
erdian arrotz) Victor Gacioren Estudio bajo
cero
-n grabatu du, eta Aneirosek berak eta Segundo Gandiok ekoitzi dute. Darabilen
hizkera lortzeko, bikaina da Aneirosek daukan banda: Fran Rey teklatuetan,
Marcos Sanchez baterian, Victor Gacio baxuan. Gure garaiko Blues Rock alorrean
aurrenekoetan legokeen nazioarteko artista batek behar duen bezalakoa. Horixe
da Aneirosen antzeko artisten jarraitzaileok daukagun abantaila handia, behar
duen unean eta behar duen kokapenean datorrela hotsa. Artifiziorik ez,
amarrurik ez.

 

 Ciudad Olvido etiketarik gabeko rock’n
rollean kolpeka eta Aneirosek ohi duen kale poesiarekin egindako abestia da,
edozein herri izan litekeen bere sorterriaren erretratua, eta albumaren ildoa
markatzen du. Bar de noche eta Cerca del puerto erdilunpean emandako
ohiturazko estanpak ditugu, bandaren trinkotasunean beti nabarmen nagusitzen
den gitarra indartsu batekin. Galegoaren ahots lakarra bestelako arazorik gabe
dabil rockan barrena deklarazio oso bat dugun Bórrate eta betiro musika amerikarraren lurrina daukan Vuelvo a casa kantatzeko, gitarra
akustikoetan eta hammond hotsean oinarritutako denbora erdiko batean. Bluesaren
sotiltasunaren moldean egina da La mala
hora
, Hendrixen galbahetik pasatako Auseron anaien doinu zahar bat, Victor
Aneirosek bere bihurtua. Gitarrak bikoiztu egiten dira Mucho postureo-n. Aneirosek kritikoa bezain sarkastikoa den lelo
bateraino garamatza, eta agian abestirik komertzialena lortu du hala ere.
Refugiados beste denbora erdiko bat dugu, gitarra akustikoz eta hammond
organoaz formulatua. Gainerako abesti gehienetan bezala, konposizio honek autorearen
ardura soziala erakusten du, eta munduaz daukan ikuspegia. Estoy solo da lan honen azken emaitza, kale rockan barrena doan
abiada handiko ibilaldia. 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com