Hunkigarria eta berria

2 abendua, 2021

 

Jose Ignazio ANSORENA
& Joserra SENPERENA

Euskal
Danbolinaren Aroak

GH-305

 

Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldiberean soinu esperimentazio
garaikidea, Joserra Senperena eta Piter Ansorenaren “Euskal Danbolinaren Aroak
Beasaingo Igartza Jauregian 2021ko apirilaren 8an Joserra eta Piterrek eginiko
emanaldia jasotzen du. 2006an “Chillida-Lekutik” argitaratu ondoren
eta hari berari tiraka eginez hilabetetako lan sakon eta artatsua borobilduz,
haren emaitza liluragarria arretaz eta dagokion patxadan, ñabardura finenak
antzeman eta dastatzeko aukera paregabea eskaintzen digu.

Danbolina, esku bakarrez jotako txilibitua eta beste eskuaz astindutako
danbortxoa alegia, XII. Mendean Europako txoko ezezagun batetan asmatu eta berehala
inguruko herrialdeetara hedatutako tresna da. Ehundaka urte hauetan arrakasta
eta ospe handienaren gozamena eta era berean, ahanztura eta desprezio artistiko
latzena jasan izan ditu. Ibilbide historiko eruditu eta pizgarri baten bitartez
Piter eta Joserrak, soiltasun handiz, doinuen muinera ailegatzen dira, bere
esentzia puruena eta pianoaren lirismo leun eta goxoaren urruman ia arrotza
zaigun edertasun txundigarriaz azalarazten digute emanaldi honetan. Dialogo emankor
honen 12 lagin moduko doinu hauetan 1827ko dantzarako soinuak, ilustrazio
garaiko pieza sofistikatuak, karlistaden garaiko jaio girorako moldaketak, euskal
tradizio eta moral erlijiosoari lotutako doinu kastoak eta egungo
esperimentazio freskagarriak aurkitu ahal izango ditugu.

             Joserra Senperenak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean,
horietako batzuk Jose Ignazio Ansorena eta Rafael Berrio
musikariekin partekatuta, baita beste diziplinatako artistekin ere:
Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Rafa Egiguren, Jose Luis Zumeta eta Dora
Salazar. Oraingoan, zinema musika konposatzeari eskaintzen dio denbora,
nagusiki. Josu Martinez, Juanba Berasategi, Julio Medem edota Koldo
Almandozen filmen soinubandak konposatu ditu. Udazken honetan egindako
azkena estreinatuko da, Ritxi Lizartzak zuzendutako “Apaiz kartzela”.

 

Jose Ignazio “PIter” Ansorenak, ordea, herri musikari dedikatu dio
nagusiki bere jarduna. Bere ezagutza eta trebetasuna handiak izan arren, musika
alorretik kanpo da agian ezagunagoa bere pailazo eta showman fazetatan. Edozein
erara, bere ibilbide musikala guztiz aparta da ere 1979an Donostian ospatutako
I. Txistulari Bakarreko Txapelketaren garaile bilakatu zenetik gaur arte.  Bertako Txistulari taldeko zuzendari izan da
hainbat urtez eta katedra baten jabe da. Txistuaren afinaketa tekniken
ikerkuntza eta pedagogia inor baino sakonago landu ditu, erreferentziazko gida
liburuak idatziaz eta herri musika eta doinuen ikertzaile nekaezina izan da
urte guzti hauetan. Bakarlari gisa edota Bilboko eta Euskadiko Orkestra
Sinfonikoekin hainbat disko plazaratu ditu, baita Joserra Senperena bera edo
Alvaro Cendoya piano jotzaileekin ere.

Esperientza eta jakituri horren islada da disko honetako aniztasun koloretsua eta historikoki
aberasgarria
. Baina agian garrantzitsuena eta baliagarriena dena, estreinako
aldiz doinu berri bat entzuteko unearen zirraraz eta freskotasunez jarduteko
erakusten duten gaitasuna da. Esperientzia eta jakituria horrek berak
ahalbidetzen duen sentsibilitate delikatu batez josia baitago harreman hori eta
ondorioz, hunkigarria eta harrigarriki
berria eta zirraragarria
zaigu beste behin ere.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com