Audrey

literartea 1456440692268 literartea | 2010-03-11 22:16

 

- Tira, zertaz ari ginen lehen hizketan? A, bai! Ea, esaizkidazu orain bertan bertikaltasunari buruz bururatzen zaizkizun eszenak, badakizu, norbait igotzen da zerbaiten gainera eta handik hasten da zerbait esaten edo egiten asmo finko eta zehatz batekin. Ea zerbait bururratzen zaizun, oso ongi etorriko litzaidake-eta nire tesian sartzeko…

 

- Ez dakit, goazen pentsatzera… Jendea leku altuetara igota…, beno, zirkoan igotzen dira soka eta trapezioetara, ezta? Hori egiten dute behean jendea daukatelako begira, jendeak ondo pasa dezan, jendea dibertiarazteko. Gero, langileak daude, langileak aldamioetara igotzen dira, baina kasu honetan lana egiteko izaten da, ez dut uste beheko jendea inporta zaienik...

 

- Segi, segi, ondo ari zara… Zer gehiago bururatzen zaizu?

 

- Bururatu zait orain gu txikitan leku altuetara igotzen ginela ikusteko zer zegoen bestaldean, bai, hesi-hormetara igotzen ginen bestaldean zer zegoen jakiteko, etxeetan, baratzeetan, guretzat mundu ezezagun bat azaltzen zen beti murruaz bestaldetik. Hara, bada pelikula bat, Sabrina deitzen dena, bertsio asko izan ditu, baina niri gehien gustatzen zaidana, Billy Wilderek egin zuena da, Billy Wilder da nire idoloa. Bemo uste dut bertsio horretan zela, ez naiz seguru, baina hala beharko zuen izan Audrey Hepburn azalduko bazen, ez dakit gustatzen zaizun Audrey Hepburn, jendeak dio estilo handiko emakumea zela, nire gusturako, ordea, argal samarra, hamar bat kilo gehiago izango balitu… Beno, kontua da Sabrina, pelikula horretako protagonista, zuhaitz batera igotzen dela eta bertatik auzoko aberatsek lorategian egiten dituzten festak ikusten ditu, berarentzat mundu oso erakargarria suertatzen delako. Pittin bat guk txikitan egiten genuen modura, leku altu batera igo handik beste mundu bat, mundu ezezagun bat aurkitzeko.

 

Joxemari Iturralde, Hyde Park-eko hizlaria. Pamiela, Iruñea, 2006. 235. orr.

 

Filmaren trailerrean, minutua betetzean hortxe-hortxe, Iturraldek deskribatutako eszena ikusi ahal dugu:

 

"